Edukira joan

Montpellierko suge

Wikipedia, Entziklopedia askea
Montpellierko suge
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaSquamata
FamiliaLamprophiidae
GeneroaMalpolon
Espeziea Malpolon monspessulanus
Hermann, 1804
Banaketa mapa

Montpellierko sugea (Malpolon monspessulanus) Iberiar penintsula, Frantziako mediterraneoko kostalde, Italia (Liguria eta Trentino), Adriatikoko ekialdeko kostalde, Balkanak eta Greziako zenbait irletan dagoen sugea dugu. Ipar Afrikan, Kaspiar itsasoaren inguruetan eta Asiako hego-mendebaldean ere bizi da. Euskal Herrian ez da zaila isurialde mediterraneoan ikustea.[1]

Izena Frantzia hegoaldeko Montpellier hiritik datorkio.

Helduak 200cm inguruko luzera izan dezake buztana barne. Egundoko suge handia,askotan uniformea, gorputza nahiko zurrun eta liraina. Bere buru estua bereizgarria da: oso begi handiak eta "bekainak" altuak eta irtenak muturrerantz zabalduz bi gandorrak izango balira bezala ditu. Muturra beheko baraiatik ateratzen da. Kopetako ezkata oso estua da. Ezaugarri hauek suge honi itxura sarkorra eta beldurgarria ematen diote. Bizkarraldeko ezkatak leunak edo zimurdunak dira, ez dira karenatuak eta 17 edo 19 ilaratan daude. Oso aldagarria den marrazkia dute; atzeko kolorea grisa, arre gorrixka, oliba, berdexka edo belzkara izaten da. Zenbait alek alboak bizkarraldea baino ilunagoak izaten dituzte. Sabelaldea horixka, pigmentu ilunaz pikardatuta. Suge bizkor hau pozoitsua da, baina bere letaginak ahoaren goiko barailaren atzealdean daude eta erabili ahal izateko lehendabizi ehizakia oso ondo heldu behar dute.

Lehorreko eta eguneko suge hau oso aktiboa da; bere mugimenduak azkarrak eta bizkorrak dira. Bere bizilekua zabala da eta bere hegoaldeko zonaldean 2000m-etaraino aurki daiteke. Landare-estalkia izanez gero, habitat bero eta idorretan egoten da. Zuhaixka-formako lur-eremu ireki, harritsu edo hondartsuak nahiago ditu baina batzuetan baso hezeen edo ibaien bazterretan ere kausitzen dira. Izaera aldatzen da baina, ikaratu edo gogaitzen dugunean, indarrez txistu egiten du gorputza eta lepoa zabalduz; zirikatuak sentitzen diren animaliak hozka egiten saiatzen dira. Oso ehiztari trebea da . Ehizakiak harrapatzeko begiak erabiltzen ditu batik bat. Elikatzeko, sugandila, musker (Lacerta lepida), ugaztun txiki, txori eta beste sugeak ehizatzen ditu; gazteak direnak, berriz ornogabeak heltzen dituzte.

Araldia udaberrian gertatzen da . Uda hasieran 4 cm baino gehiagoko 4-20 arrautza luze erruten ditu. Uda amaieran sugekumeak munduratzen dira.

Ez du gizakiontzat indar handiko pozoia. Bere letaginak ahoaren barrualdean daudenez, pertsona bati pozoia sartzea oso zaila da. Hori bai,harrapatutako ehizakiak hiltzeko oso eraginkorrak dira. Ehizakia heldu eta irensten hasi orduko, ahoaren atzealdeko letagin hauekin pozoia sartzen dio. Pozoi honek ehizakia irensten eta liseriketa egiten laguntzen dio.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]