Edukira joan

Mississippi (ibaia)

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 47°14′23″N 95°12′27″W / 47.2397°N 95.2075°W / 47.2397; -95.2075
Wikipedia, Entziklopedia askea

Mississippi
Mississippi (en)
Datu orokorrak
MotaIbai nagusi
Luzera3.766 km
Geografia
Map
Koordenatuak47°14′23″N 95°12′27″W / 47.2397°N 95.2075°W / 47.2397; -95.2075
UTC orduaErdialdeko Ordu Estandarra
Estatu burujabe Ameriketako Estatu Batuak
Hidrografia
Ibaiadarrak
Arroaren azalera2.981.000 km²
Arro hidrografikoaMississippi River drainage basin (en) Itzuli
Ur-emaria12.743 m³/s
LakuakLake Itasca (en) Itzuli, Lake Bemidji (en) Itzuli, Cass aintzira (Minnesota), Winnibigoshish aintzira, Pepin aintzira, Lake Onalaska (en) Itzuli eta Lake Winneshiek (en) Itzuli
IturburuaLake Itasca (en) Itzuli
(1.475 m)
Bokalea
()
Mexikoko golkoa

Mississippi[1] (algonkineraz: misi-ziibi, "Ibai Handia") Estatu Batuetako erdialdeko ibai luze bat da, hamar estatutatik hegoalderantz igarotzen dena —Minnesota, Wisconsin, Iowa, Missouri, Illinois, Kentucky, Tennessee, Arkansas, Mississippi eta LouisianaMexikoko Golkoan (Ozeano Atlantiko) itsasoratu arte, New Orleansetik hurbil. Ipar Amerikako ibairik luzeenen artean, bigarrena da 3734 km-ko luzerarekin, baina Missouri sistema kontuan hartuz gero 6275 km-ra iristen da, munduko laugarren ibai-sistemarik handiena osatuz Amazonas, Nilo eta Yangzi ibaien atzetik. Iparraldetik hegoaldera zeharkatzen ditu Estatu Batuak. Oso ibai bihurgunetsua da, eta meandro ugari ditu. Mississippi estatuari izena ematen dio, haren mendebaldeko mugan baita. XIX. mendean muga kontzeptuala ezartzen zuen, handik mendebalderantz zegoen lurralde handiari Mendebalde Urruna esaten ziotelarik.

3.238.000 km²-ko arroa drainatzen du, munduko laugarren handiena, Amazonas (6.145.000 km²), Kongo (3.700.000 km²) eta Nilo (3.255.000 km²) ibaien atzetik.

Kolonaurreko garaian, nabigazio-bide garrantzitsua zen, eta amerindiarrek «Meschacebé»[2] («uren aita») deritzoten. Gaur egun, AEBko ekonomiaren eta kulturaren funtsezko elementua da.

1997ko irailaren 11n, Bill Clinton presidenteak Mississippi ibaiaren bi atal izendatu zituen, Goi eta Behe Mississippi, Ameriketako Estatu Batuetako ondarearen ibai-sistema osatzen duten hamalau ibaietako bat gisa.

Iturburua Itasca aintziraren[3] iparraldeko muturrean dago (Minnesota iparraldean), itsas-mailaren gaineko metrotik (imgm) 450 m-ra. ibaia San Antonioko ur-jauziak igaro eta berehala 210 metrora iristen da, Minneapolisetik gertu, eta Illinois eta Missouri ibaiak elkartzen zaizkio Saint Louisen (Missouri) eta Ohio ibaia Cairon (Illinois).

«Ferra» aintzira (oxbow), Mississippiren antzinako meandro batez eratua.

Ibaiaren ibilbidea bi zatitan bana daiteke: Goi Mississippi, jaiotzen denetik Ohiorekin bat egiten duen tokiraino, eta Behe Mississippi, Ohiotik bokaleraino. Ibaiak meandro ugari ditu, bereziki Memphis (Tennessee) eta delta artean. Gehienak alubioi-lautadako meandroak dira (meandro aske edo helbururik gabeak ere deritze)[4], hots, ibilbidearen dinamikan bertan dute jatorria[5];​ meandro oso mugikorrak dira, eta sektore hezeei edo utzitakoei dagozkie; adibidez, hegoaldeko «bayou»ak[6].​ Hainbat tokitan, meandro batzuk moztu, eta «oxbow» edo «ferra-formako aintzira» izeneko beso hilak utzi zituzten[7].

Behealdea konplexua da: bayouak, aintzirak, adarkatzeak, ibaiadarrak...

Itasca aintziran sortu, eta Mexikoko golkoan (New Orleans) itsasoratzen da, eta delta handi bat (32.000 km²) osatzen du. Ibaiadar garrantzitsuak jasotzen ditu: Ohio, Arkansas, Red eta Missouri. Guztien artean, azkena da garrantzitsuena. Mississippi-Missouri sistemaren arroak 3.238.000 km²-ko azalera du[8].

Iturritik bokalera, AEBko estatu hauek zeharkatzen ditu: Minnesota, Wisconsin, Iowa, Illinois, Missouri, Tennessee, Arkansas, Mississippi eta Louisiana. Ibaiertzeko hiri handienak dira: Minneapolis eta Saint Paul (MN), Saint Louis (MO), Memphis (TN) eta New Orleans (LA).

Mississippi ibaiaren emaria 19 urtez (1965-1983) neurtua izan da[9] Vicksburgen, itsasoratu baino 332 km lehenago. Ibaiak 2.957.806 km²-ko eremua drainatzen du gune horretan, arro osoaren % 91. Urteko batez besteko emaria 17.600 m³/s da. Emari handiena apirilean du (28.160 m³/s) eta txikiena irailean (9.578 m³/s)

Mississippi ibaiaren batez besteko emariak (/s) Vicksburgen(Mississippi) neurtuak
Datuak: 1965 eta 1983 artean

Arro hidrologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere arro hidrografikoa Ipar Amerikako handiena da, eta munduko laugarrena, Amazonas, Kongo eta Niloren atzetik. Guztira, 3.238.000 km²-ko azalera du[8], hau da, Estatu Batuetako lurraldearen heren bat. Mississippiren arroak 31 estatuko ura drainatzen du, eta AEBko azaleko ur publikoen horniduraren % 23ren iturria da[10]. Sei azpi-arroetan banatuta dago; azpi-arro horiek Behe eta Goi ibilbideei eta ibaiadar nagusiei dagozkie: Missouri (4370 km), Arkansas, Ohio, etab. Azkenik, ibai-sistemaren lautada urperagarriak 90.000 km² inguru hartzen ditu[8]. 72 milioi pertsona baino gehiago bizi dira bere arroan[11], hau da, Estatu Batuetako lau herritarretik bat.

Mendi Harritsuen eta Appalacheen arteko eremu gehiena drainatzen du, Aintzira Handietatik hurbil dagoena izan ezik. Hamar estatu zeharkatzen edo inguratzen ditu (Minnesota, Wisconsin, Iowa, Illinois, Missouri, Kentucky, Arkansas, Tennessee, Mississippi eta Louisiana) Mexikoko golkora iritsi aurretik, New Orleansetik 160 km ibaian behera. Itasca aintziran eroritako euri tanta batek 90 egun inguru behar ditu Mexikoko golkora iristeko.

ibilbidearen deskribapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mississippiren sorrera Itasca aintziran.

Minneapolisetik gora dagoen eremua, Minnesotan, ibaiaren sorburutik gertu dago[12]. Ibaia Itasca aintziraren iparraldean sortzen da, itsas-mailaren gaineko metrotik (imgm) 450 m inguruko altitudean. Eskualde honetako klima, izan ere, kontinental motakoa da, eta, neguan, aire-polar masek eragiten dute; horren ondorioz, askotan, izoztuta egoten da urteko sasoi horretan. Bere sorburuan, ur garbiko ibai txiki bat besterik ez da; baina, aurrera egin ahala, ibaia hazi, alubioi eta partikula organikoz kargatu, eta arre-gorrizta bihurtzen da, eta, pixkanaka, bere izaera natural eta basatia galtzen du.

Ibaiaren lehen zati honek bere ibilbideko desnibel handiena jaisten du. Arrain-, hegazti- eta ugaztun-espezie ugariz beteta dauden zingira-eremuak, aintzirak eta ur-lasterrak zeharkatzen ditu. Sektore horretako landaretzak barne hartzen ditu pinuak, haltzak, basa arroza eta lezka koloniak. Minnesotako Aitkin eta Brainerd hirien artean, ibaiak muinoz, basoz estalitako erliebe morrenikoz, glaziar-jatorriko lautadaz eta duna- eta zingira-sektorez osatutako eskualdea zeharkatzen du. Gizakiak ustiatu aurretik, koniferoen basoek estaltzen zuten eskualdea.

Goi ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mississippiren ibaiadar nagusiak
Missouri ibaia, Mississippiren ibaiadar nagusia
Izena Luzera (km)
Missouri ibaia 4.370
Arkansas 2.334
Red 2.190
Ohio-Allegheny sistema 2.108
White 1.162
Des Moines 845
Wisconsin 692
Saint Francis 684
Illinois-Des Plaines sistema 680
Minnesota 534
Kaskaskia 515
Iowa 482
Rock 459
Wapsipinicon 362
Yazoo 302
San Antonioko ur-jauziak (Saint Anthony Falls)

Goi ibilbidea (Upper Mississippi River) San Antonio ur-jauzietatik (Minneapolis) Ohio ibaiaren bokaleraino doa, Illinois estatuko Cairo hiritik gertu. 1462 km egiten ditu hego-ekialde norabideko ibilbide bati jarraituz. Ibaia euri-erauntsi erregimenenekoa da: udaberrian ur-goraldiak izaten ditu, eta udan, berriz, ekaitz-euriteak[13]. Ubidea nabarmen zabaltzen da Minnesotak bat egin ondoren. Ibaiak haran sakon bat zeharkatzen du, Wisconsineko glaziarrek kaltetu ez duten eskualde batean sedimentu-oheetan zulatua. Pepin aintzira duela 9500 urte sortu zen, eta 35 km inguru luze da, bost metro batez besteko sakonerarekin. Goiko aldetik datorren sedimentuen eta kutsaduraren zati bat atxikitzeko gaitasuna du.

Behe ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zingira eta zingira-nekosta basoa, Louisiana hegoaldean.
Mississippiren behealdeko ibilbidearen mapa.

Behe-ibilgua (Lower Mississippi River) Missouri ibaiaren elkargunetik hegoalderago doa. Mississippik hego-ekialderantz jarraitzen du, eta, gero, hegoalderantz, Arkansasekin bat egin ondoren. Mississippiren lautada alubialak lokatzez betetako meandro ugari ditu, eta horiek hiru aldiz handitzen dute ibilbidearen luzera[8]. Sektore nahiko zabala da, Mexikoko golkorantz malda leuna duena, eta alubioi-terraza ez oso altuak dira nagusi. Altitudeak ez dira oso handiak, oro har, itsasoaren batez besteko maila baino dozenaka metro goragokoak. Sasiz garbitutako sektoreez gain, zingira eta baso eremu handiek irauten dute. Ferra-aintzira eta meandro zabal ugari ere aurki ditzakegu. Cairo hegoaldean, lautada alubiala zabaldu egiten da, eta ez da hain sakona «bluff»[8] izeneko ohantze tertziarioen higaduragatik.​ Behe Mississippin, ibaiarekiko paraleloan, ibaiadar asko doaz distantzia handi samar batean ibairatu aurretik. Hegoaldean, klima tropikalaren mende dago, udaren amaieran eta udazkenaren hasieran zikloiek markatua. Neguko izotzak eskualde hori saihesten du normalean. Paisaiak gune heze eta zingiratsuak ditu ezaugarri, sarritan osasungaitzak Mississippiren deltan eta bayoun: ibaiak utzitako beso eta meandroak dira, ur geldoko bide luzeak osatzen dituztenak eta milaka kilometroko sare nabigagarria osatzen dutenak.

Mississippiren ibaiaren delta, espaziotik ikusita (kolore faltsuak).

Mississippiren deltak 75.000 km²-ko azalera hartzen du (400 km baino gehiagoko zabalera —ekialdetik mendebaldera— eta 200 km ???luzeran —iparraldetik hegoaldera—; 2,2 milioi biztanle inguru bizi dira bertan, gehienak New Orleans hirian[14].​ Hala ere, beste delta batzuekin alderatuta, eskualdeko populazio dentsitatea nahiko eskasa da.

Bokalea askotan mugitu da historian zehar. 5000 urtean, ibaiak bederatzi aldiz aldatu du bokalea, eta gaur egungoa X. mendekoa da soilik. XIX. mendearen hasieran, ubide bat eraiki zenean, ibaiak Atchafalaya ibaiaren ibilgua eta bokalea biltzea bilatu zuen, New Orleansetik 95 km-ra.

Deltak, urtean, 100 m inguru egiten du aurrera elikatzen duen 730 milioi tona alubioiei esker, urtean 6 tona ibilguaren hondoan, eta, beraz, etengabe dragatu[15] behar da nabigazioa ziurtatzeko. Metaketa horiek alubioi-abaniko ikaragarria osatzen dute, zeinak Mexikoko golkoko uretan lekua irabazten duten uren sakontasun txikiaren eta itsasaldien zabaltasun eskasaren ondorioz[8].​ Basak eta lokatzak ibaiari sigi-saga egiteko aukera galarazten diote[16].

Delta-lautadak Louisianako kostaldeko padurak barne hartzen ditu, eta 28.568 km² betetzen ditu[17]. Baton Rouge baino beheragoko ibai-beso eta altxamendu naturalen sare konplexu bat da.

Ibaian zehar dauden komunitateak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mississippi ibaia ibai-bide garrantzitsua da, eta, historikoki, AEBko kokaleku ugari eta garrantzitsuak izan dira bertan, hala nola Memphis (TN) (646.889 bizt.), Minneapolis (MN) (382.578 bizt.), New Orleans (LA) (343.829 bizt.), Saint Louis (MO) (319.294 bizt.), Saint Paul (MN) (285.068 bizt.) eta Baton Rouge (LA) (229.553 bizt.).

Inguruko metropoli-eremu nagusiak hauek dira:

Metropolialdea Biztanleria
Minneapolis-Saint Paul metropoli-eremua 3.615.901
Saint Louis Handia 2.900.605
Memphis metropoli-eremua 1.316.100
New Orleans metropoli-eremua 1.214.932
Baton Rouge metropoli-eremua 802.484
Quad Cities 382.630
St. Cloud metropoli-eremua 189.148
La Crosse metropoli-eremua 133.365
Cape Girardeau-Jackson metropoli-eremua 96.275
Dubuque, Iowa 93.653

Flora eta fauna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mississippi ibaiak eta alubioi-lautadak fauna eta flora oso aberatsak dituzte, eta Ipar Amerikako kontinenteko paduren sistema jarraitu handiena osatzen dute. Ibaian bizi diren 260 arrain-espezieek, gutxienez, Ipar Amerikako arrain-espezie guztien laurdena osatzen dute[18]. Ibaia hegazti askoren migraziorako igarobidea da: Ipar Amerikako hegaztien % 60k (326 espezie) Mississippiren arroa erabiltzen dute migrazioetan[18]. Behe-ibilguan, 60 muskuilu espezie ezberdin zenbatu ditzakegu. Goi-ibilguan, 50 ugaztun-espezie eta 145 anfibio- eta narrasti-espezie baino gehiago daude (aligatore ezaguna barne. Aligatore horren espezieak berriro egingo du aurrera, XX. mendearen erdialdean desagertzeko arriskuan egon ondoren). Mississippiren bailara osoan ugaztunak daude, hala nola kastorea, mapatxe boreala, ibai-igaraba, bisoi amerikarra, azeri gorria, arratoi musketaduna edo mofeta arrunta. Beste animalia batzuk arruntak dira Ipar Amerikan: koiotea, orein buztanzuria, urtxintxa grisa, urtxintxa marraduna, hegoaldeko urtxintxa hegalaria edo katamotza.

Mississippiko haranean dauden ugaztun batzuk:

Ingurune naturalaren zaintza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiaren zati asko erreserba naturalei esker kontserbatzen dira, eta eremu asko, oraindik, zuhaitzez eta urez beteta daude[19]. Goi-ibilguaren ekosistema «Upper Mississippi River National Wildlife and Fish Refuge»k babesten du eta Wabasha-tik (Minesota) Rock Island-era (Illinois) hedatzen da, 500 km inguruko ibilbidearekin. Natura-erreserba horrek lau estatutan dauden 80.000 hektarea inguru hartzen ditu, eta askotariko baliabideak babesteaz arduratzen da (padurak, hezeguneak, aintzira, lautada alubialeko basoak, harea-hondartzak eta isurialdeak).

Hala eta guztiz ere, gizakiek ibaiaren ingurumena eraldatu egin dute beren nabigazio-beharretara eta garapen ekonomikora egokitzeko: alubioi-lautadaren zati handi batek nekazaritza intentsiboaren gehiegikeriak jasaten ditu, eta ibaiadarrek alubioi, ongarri eta pestizida kantitate handiak isurtzen dituzte bertara. Hiri-aglomerazioak eta ibaiertzeko industrialdeak ere kutsadura-iturri dira. Hala ere, Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak egindako ikerketa baten arabera, hondakin-uren isuriek behera egin zuten ibaiaren Goi-ibilguan (Saint Louis aurretik), 1972an «Clean Water Act» onartu zenetik[20].​ Egoera okerragoa da Saint Louisen, non koliformeen kontzentrazioak handiak diren. Pestizida eta herbiziden kontzentrazioak nekazalgoaren jardueratik datoz: Missuri ibaiaren konfluentzia baino beherago hazten dira, azken honek Ordoki Handietako zereal-eskualdea drainatzen baitu. Papergintzan, argazkigintzan edo nekazaritzako elikagaien industrian erabiltzen den azido etilendiaminotetraazetikoa (EDTA) ez da Europako ibai handietan bezain presente egoten Mississippin.​ Bifenilo polikloratuek (PCB) sedimentuetan jarraitzen dute debekatuta egon arren[20]. Behe-korrontean dauden nitrogeno eta fosforoaren zati bat Ohio ibaitik dator, zeinak industria eta nekazaritza eskualdeak drainatzen dituen.

Ibaiaren moldatzea eta bere ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mississippi ibaiaren eta haren ibaiadarren moldatze lan handiek helburu hirukin bat dute: uholdeak mugatzea, nabigazioa erraztea eta ertzen higaduraren aurka borrokatzea.

Uholdeen aurkako borroka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mississippi, Missouri eta Illinois ibaia Saint Louis inguruan, 1993ko uholdeetan.
Leku bera 2002ko irailean, Landsat-en irudi batean.

Aspaldikoak eta ugariak dira gainezkatzeen ondorioak apaltzeko egin diren egitasmoak. XIX. mendearen hasieran, nagusia zen ibaia bideratzeko ideia: 1775ean sortua, Estatu Batuetako Armadako Ingeniarien Kidegoak (United States Army Corps of Enginneers) hainbat ikerketa abiatu zituen, eta obra handiak hasi zituen 1812 eta 1815 artean. 1860ko hamarkadara arte itxaron behar da ibaiaren ibilbidea bideratu nahi dutenen (James Buchanan Eads, adibidez) eta ez dutenen (Andrew Humphrey) arteko eztabaida sortzen ikusteko; azkenean, lehen aukera gailentzen da. 1875 eta 1880 artean, lan handiak hasi ziren deltaren eskualdean. Gaur egun, Estatu Batuetako Armadako Ingeniarien Kidegoak mantentzen ditu dike horiek ibaiaren ohiko ibilbidea mantentzeko. Hala ere, dikeek ez dira eraginkorrak ibaiaren mailak gora egiten duenean.

1927ko ur-goraldiak agerian utzi zuen arazoa. Orduan, Mississippiren uren zati bat Atchafalaya ibaira (Project Flood) lekualdatzea erabaki zen. Lanak ere deltako aintziretan ur asko isurtzera bideratzen dira. Estazio sistema batek ere ibaiaren maila zaintzea eta arazoren bat izanez gero alerta ematea ahalbidetzen du.

Goi-ibaibidea 37 presa eta esklusekin egokitu dute (gehienak 1930eko hamarkadan eraikiak), ibai-trafikorako hiru metroko sakonerako ubidea mantentze asmoz. Aintzira artifizialak ere eraiki dira, arrantzan eta aisialdi nautikoko beste jarduera batzuetan erabiltzeko. Presek, ordea, ez dute ibaiaren ibilbidea erregulatzeko funtziorik. Ur-goraldietan, irekita egoten dira, eta ez dute funtzionatzen. Saint Louisetik behera, ibaiaren ibilgua ez dago hain bideratuta, nahiz eta sarritan dikeak dauden alboetan.

Beste aldaketa batzuk lurrikarei erantzunez egin ziren, Memphis (Tennessee) eta Saint Louisetik gertu dagoen New Madrid failan zehar. 1811n eta 1812an, «New Madrideko lurrikarak» izenarekin ezagutzen diren lurrikarek 8ko magnitudea hartu zuten, eta, une batez, ibaiaren korrontearen norabidea alderantzikatu zutela ziurtatzen da. Kataklismo horiek Reelfoot aintzira ere sortu zuten, Tennesseen. Davenport izan ezik, ibaia inguratzen duten hiri gehienak kai gainkargatuek edo dikeek babesten dituzte.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .
  2. (Ingelesez) A Map of Carolana and of the River Meschacebe. University of Virginia Library.
  3. Aintziraren koordenatuak: 47°13′05″N 95°12′26″W / 47.21806°N 95.20722°W / 47.21806; -95.20722
  4. Max Derruau, Les formes du relief terrestre. Notions de géomorphologie, París, Armand Colin, 1969, 2001, 8.ª edición, ISBN 2200210140, p. 19.
  5. Jean-Paul Amat, Lucien Dorize, Charles Le Cœur, Emmanuelle Gautier, Éléments de géographie physique.
  6. Roger Brunet (dir.), Géographie universelle: États-Unis, Canada, artículo «méandre», p. 323.
  7. Roger Coque, Géomorphologie, París, Armand Colin, 1977, 1998, ISBN 2200217390, p.159.
  8. a b c d e f P. Carrière, artículo «Mississippi et Missouri», en la Encyclopædia Universalis
  9. Mississippi Basin. Station: Vicksburg, Miss, grdc.sr.unh.edu
  10. (Ingelesez) National Research Program. USGS.
  11. (Ingelesez) «Mississippi River Basin NASQAN Program» Monitoring the Water Quality of the Nation's Large Rivers (USGS) 7 de junio de 1999.
  12. Mapa topográfico del nacimiento del Misisipi en topozone.com
  13. J. Bethemont, Les grands fleuves, p. 31
  14. R. De Koninck, Le delta du Mississippi, 2006, p. 40.
  15. Quid 2006.
  16. W. J. Autin, S. F. Burns, B. J. Miller, R. T. Saucier y J. I. Snead. 1991. «Quaternary geology of the Lower Mississippi valley», in R. B. Morrison, editor. Geology of North America. Volume K-2. Quaternary nonglacial geology: conterminous U.S. Geological Society of America, Boulder, Colorado.
  17. Coleman, J. M. 1988. Dynamic changes and processes in the Mississippi River delta. Bulletin of the Geological Society of America.
  18. a b (Ingelesez) «General Information about the Mississippi River» Mississippi National River and Recreation Area (National Park Service).
  19. J. Bethemont, Les grands fleuves, 2000, p. 226.
  20. a b (Ingelesez) Robert H. Meade. Contaminants in the Mississippi River, 1987-92: U.S. Geological Survey Circular 1133. USGS.
  • (Frantsesez) Joseph Macé-Scaron, Le Mississippi : Du Golfe du Mexique à la Nouvelle-Orléans, le voyage de Joseph Macé-Scaron, éditions Belem, 2005, ISBN 291557717X .
  • (Frantsesez) Collectif, Le Mississippi, Time-Life, 1998, colección «Les Grands Fleuves», ISBN 2734407493 .
  • (Frantsesez) Bernard Pierre, Sylvaine de La Porte, Alain de La Porte, Mississippi, éditions Alain Barthélémy, 1993, colección «Espaces», ISBN 2879230179 .
  • (Frantsesez) Nina Morgan, Denis-Paul Mawet, Laurence Fordyce (fotografías), Le Mississippi, éditions Gamma, 1994, colección «Les grands fleuves», ISBN 2713016118 .
  • (Frantsesez) Kadir van Lohuizen, Les grands fleuves du monde, París, Actes Sud, 2003, ISBN 2-7427-4515-7, «le Mississippi, charnière de l'histoire des États-Unis».
  • (Frantsesez) Eve Sivadjian (dir.), Fleuves du Monde, París, SOLAR, 2004, ISBN 2-263-03697-0, «Les fleuves de légende : le Mississippi»
  • (Ingelesez) Mark Twain, Life on the Mississippi, James R. Osgood and Company, Boston, 1883 ; en francés y en edición de bolsillo: Mark Twain, Michel le Bris (prefacio), Bernard Blanc (traducción), La Vie sur le Mississipi, París, Payot, 2003, dos tomos, ISBN 2228894427 .
  • (Ingelesez) S.E. Ambrose et D.G. Brinkley, The Mississippi and the Making of a Nation. From the Louisiana Purchase to Today, National Geographic Society, Washington DC, 2002.
  • (Ingelesez) T. Guess, The Mississippi, University Press of Kentucky, Lexington, 1989.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]