Edukira joan

Mikel Dalbret

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mikel Dalbret

Bizitza
JaiotzaSusa1941eko azaroaren 19a (83 urte)
Herrialdea Frantzia
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
Mugimenduasinbolismoa

Mikel Dalbret (Susa, Tunisia, 1941eko azaroaren 19a) euskal herritar margolaria da, eta Ziburun bizi da. Estiloaren aldetik surrealista izana, gaur egun sinbolista da.

Mikel Dalbreten arbasoak Baiona ingurukoak ziren. Aitatxi Labennekoa zuen, eta amatxi Baionako euskal familia batek jasotako umezurtza. 1914ko agorrilaren 7an, Lehen Mundu Gerra zela eta, aitatxi soldadu deitu zuten. Amatxik, hiru urteko haurra besoetan zuela, aitatxi agurtu zuen Baionako tren geltokian. Haur hura Mikelen aita zen. Handik hilabetera aitatxi itzuli zen hilkutxa batean sarturik.

Mikelen aita militarra zen, eta Bigarren Mundu Gerraren garaian Tunisian zegoen bere familiarekin. Mikel han sortu zen 1941eko azaroaren 19an, Susa herrian. Zenbait hilabete geroago, 1942. urtean, Mikelen aita bonbardaketa batean hil zuten. 1945ean, Mikel amatxik Pauen zuen etxera bizitzera joan zen. Amatxi berriz ezkondua zen, biarnes batekin. Amatxiren etxea euskal estilokoa zen, Buisson auzoan zegoen eta Ene Etchea izena zuen. Donibane Lohizuneko arrain-saltzaileak astean behin Pauera joaten zirelarik, Mikel amatxirekin joaten zen erostera. Kamioietan, izotz artean, eramaten zituzten arrain horiek ikusteko irrikatan egoten zen. Amatxik euskaraz egiten zuen arrain-saltzaileekin, eta horiek izan ziren Mikelek euskal mintzairarekin ukan zituen lehen harremanak. Mikelek hamaika urte zituelarik, amatxi hil zitzaion, eta Borgoinara joan zen bizitzera, amaren jatorria zen baserri umil batera. Mikelen anaia, zazpi urte zaharragoa, hogei urte zituela hil zen moto istripu batean.

Etxe hartan ez zen artearekiko eta kulturarekiko lotura handirik. Hala eta guztiz ere, Mikelek gazte-gaztetik artearekiko, eta zehazkiago margolaritzarekiko, zaletasun handia erakutsi zuen. Haatik, ikasketak itsasgintzara bideratu zituen; aukera hori hartu zuen hemezortzi urte zituenean, bidaiak egiteko asmoz batik bat. Horrela merkataritza-ofizial bilakatu zen. Zortzi urtez harat eta honat itsas bidaia luzeak egin zituen. 1968an, itsasoa utzi, eta ikasketa berriak egin ondoren, informatikako ingienari izatera iritsi zen. Lanbide berria zela eta, Parisen zegoen nazioarteko Ericsson fabrikako ingeniaritza arduradun bilakatu zen.

Tarteka eta zaletasunez, Mikelek igandeetan eta astirik zuen guztietan margotzen zuen. Baina azkenean, zaletasuna nagusitu zen, eta Parisen, Vandervinck maisuarekin margo zaharren berrikuntzarako ikasketak egin zituen. Anartean, berezko sorkuntza lantzen eta garatzen segitu zuen. 1977an hasi zen bere lehen erakusketa publikoak egiten, arrakasta politarekin. Handik goiti erabateko margolaria izatea erabaki zuen. Urte berean ingeniaritza lana utzi bazuen ere, 1985. urtera arte margo zaharren berritze-lanetan jarraitu zuen, berritze eta sortze lanak txandatuz.

Dena den, berritze-lanetan aritze horrek ez zuen Mikel gogobetetzen, bere barruan zituen kezkak eta gogoetak plazaratzeko askatasuna behar zuela sumatzen baitzuen, eta azkenean, 1985. urtean bi erabaki handi hartu zituen. Erabaki horiek Mikel Dalbreten bizitza dute guztiz baldintzatu eta bideratu orduz geroztik. Euskal Herrira etorri zen eta Miarritzeko Jules Ferry karrikako seigarren zenbakian, Bortayre familia arno saltzailearen arno-soto izandakoa erosi zuen. Dalbretek erosi zuenean garaje gisa erabiltzen zen. Hortik aitzina hura izan zen bere loft-a edo margolari-habia. 1989an euskara ikasteari ekin zion. Horretarako bi irakasle izan zituen: Maddi Larraburu irisarritarra eta Serge Betelu biarriztarra. Azken hori Betti Beteluren semea da. Betti Beteluk ikaragarri lan handia egin zuen Lapurdiko inauteria eta dantza-jauziak berpizten. Gaur Lapurdin den euskal folklorearen berpiztea berari zor zaio neurri handi batean.

Betti Betelu 1991n hil zen eta ehorzketa bere herrian egin zioten, Arrangoitzen, eta hara joan zen Mikel Dalbret. Ehorzketa hildakoaren neurriko omenaldia izan zen. Neska-mutil gazteek, kaskarotaz jantzirik, hainbat dantza eman zuten eliza barruan. Neska dantzarien janzkerak Mikel txunditu zuen. Zuriz jantziak, loreak ileetan…, Mikelen baitan zirrara handia sortu zuten. Aurreskua dantzatu ondoren txalaparta jo zuten. Elizatik ateratzean, hilkutxa herriko plaza erdian jarri zuten eta bozgorailu bat, Betti zendu berriaren ahotsaz, dantza-jauzietako urratsak ematen hasi zen. Serge hilkutxaren inguruan dantzan hasi zen, eta gero, gainerako senideak eta adiskideak. Bizipen horrek erabaki sendoa sortu zuen Mikel Dalbretengan, egiazko euskalduna izan behar zuen hortik aurrera. Eta horrela izan zen, euskaraz ikasi eta orduz geroztik bere margolanak euskal nortasunean oinarritu baititu.

Mikel Dalbret surrealismoaren semea da eta bere obrak zama sinbolista handia dauka. Bilduma edo multzoak egitea maite du, eta horietan kode ezkutuak erabiltzen ditu. Titulua beti euskaraz, eta ikurrak edota gure historiaren edota folklorearen pertsonaiak edo ezaugarriak agerian izaten dira. Jurgi Oteiza eta Nestor Bazterretxea zizelkariek eragin handia izan dute Dalbreten norabidean. Aita Marzel Etxandik azaldu zion biribilaren garrantzia euskaldunen iruditerian eta aurre-historiatik datorren kontua dela garbi erakutsi. Eta horixe da margolari honen tinduretan ikusten dena, etengabeko biribilak, baina baita forma karratuak ere. Hortxe dago euskal herritar zizelkarien kubismoaren eragina.

Mikelen etengabeko bilakaerak Sarara eraman zuen gero, eta Omordiako auzoan, plazatik hurbil, lokal handi bat alokatu zuen, hainbat urtetan bere etxe eta lantegia izan zena. Saratik Zugarramurdira joan zen gero. Zugarramurdiko mendi aldean, Etxalarko bidean, borda bat erosi eta lantegi berria eraiki zuen. Hango bakardadean, urte luzez, koadroak pintatu zituen. Oparotasun handiko urteak izan ziren. Mikel eritu zelarik, ordea, borda saldu behar izan zuen. Zugarramurditik Ziburura igaro zen, eta 2008tik Ziburuko Maite Zaitut etxean du bere lantegia.

Mikel Dalbreten lana bat-bateko sorkuntza da. Oro har ez du aurreiritzirik edota aurreproiekturik izaten, eta hutsetik hasten da. Ez du aurreko zirriborrorik prestatzen. Dalbretenak oinarrizko kemenari jarraituz egindako lan koloretsu eta ausartak izaten dira. Bere teknika mistoa da. Zurezko xafletan erliebeak lantzen ditu sakontasun irudia bilatuz eta gero eriez, pintzelaz edota arkatzez margotzen ditu. Bere koadroetan sorrerako kaosa antolatzen du, oreka bat bilatuz. Hastapenetan, munduaren sorreran, kaosa zen, gero antolatu zena. Horrelako printzipioari jarraiki, antolatzen eta burutzen ditu Mikelek bere tindurak, edo horretan saiatzen da, bederen. Horixe da gehienetan, sentitzen duen egitasmo artistikoari erantzunez, erabiltzen duen teknika. Horretaz gain, bestelakoak ere erabili izan ditu, eta mihisean ere margotu.

Irudi geometrikoak, biribilak, lerro zuzenak, karratuak, kiribilak… azaltzen dira beti, modu batean edo bestean antolaturik. Ikurrak edo irudiak ere maiz agertzen dira, baita izadiarekin loturiko elementuak ere: eguzkia, lurra, izarrak, ilargia… eta, gero eta gehiagotan, landare edo lore estilizatuak. Herensugeak toki handia hartzen du bere iruditerian, koadro anitzetan agertzen delarik. Sorginek ere zama handia hartzen dute margolari honen produkzioan. Emazte librearen sinbolotzat harturik ditu eta bilduma handia eta bukagabea du horien inguruan. Euskal gaia oso agerian izaten da beti, eta Orreaga eta Errolan, Anbotoko Dama, Zamalzain Beltza, Lurra, Aitor, akelarrea, Aker Beltza, Suge Gorria, zapurrak, joaldunak, bale-ehiztariak eta horrelakoak maiz agertzen dira haren tinduretan.

Euskal Kultur Erakundeak 2013. urtean plazaratu zion liburuxka batean, Pantxoa Etxegoin lehendakariak honela zioen idatzitako sarreran: «Mikel hazten da euskal kulturaren ohakoan, ametsetako hilerrietan, Errolan Orreagan, izpiritua alhan, behatz puntak hegan. Ustekabeko norabideetan gaindi badabil, kaldan. Ezagutzaren iturburutik edanez, goiargi aldakorra bere baitan bilatzen du, koloreen musikan eta irudimenean sorkuntza jorienak biharkoan apaintzen ditu, egundainokoa mugimenduan izaiteko gisan.»

Mikel Dalbret margolaria dugu, zalantzarik gabe, baina horren gainetik artista da, eta argazkigintzan eta zizelkaritzan ere eginak ditu artelanak, baita zenbait erakusketa ere.

1977tik, hau da, bere lehen erakusketa egin zuenez geroztik, erakusketa ugari egin ditu, gehien-gehienak margolanekin, baina argazkiak aurkeztuz ere egin ditu hainbat erakusketa. 1998an bere tindurak Markinan, Ondarroan, Lekeition, Biarritzen eta Beiruten zintzilikatu zituen erakusgai. 1999an Saran. 2000. urtean Biarritzen, Maulen, Baionan, Pasai Donibanen eta Gernikan. 2002an Zugarramurdin, 2004an Urdazubin. 2006an Baionako Aviron Bayonnais kirol elkartean, Izuran eta Getarian. 2010ean Austriako Innsbruck hirian, Biarritzeko mediatekan eta Baionako Kalostrape ostatuan. 2011n Ziburun. 2013an Senpereko Amotzeko Larraldean…

Zenbait liburutan artikuluak eta irudiak plazaratu ditu. 2001. urtean Gatuzain eta Arabera argitaletxeen bitartez liburu bat eman zuen argira, 24 tindura jasota, eta ondoan Jon Maia bertsolari getariarrak egindako bertso bana. Azken tinduraren izena «Aurrera» da, eta Jon Maiaren bertsoak honela dio: «Aurrera beti aurrera doa / aurrera etenik gabe / oinpean ditu historiaren / hainbat irudi zutabe / bere indarrez ingurunea / mugi dezake goi ta behe / biluzik doa ez daki nora / aurrera doa hala ere».

Euskal Kultur Erakundeak 2013an plazaratu dion lehen aipaturiko liburuxkan 24 tindura berri azaltzen dira, kolorez eta mugimenduz beteak, Mikel Dalbreten oraingo margo-bidearen erakusgarri.

Urte berean, Arteaz argitaletxeak eta EKEk batera frantsesez kaleratu zuten Dictionnaire thématique de culture et civilisation basques izeneko euskal kulturari buruzko hiztegian parte hartu zuen arte plastikoei dagokien ekarpena eginez.

2015ean, Elkar argitaletxearen bitartez, Hainbat zorte eleberri autobiografikoa plazaratu zuen. 2019an, Elkar argitaletxearen bitartez,Josef Abeberriren patu tragikoa Saiakera nobelatua. 2021ean Maiatz argitaletxearen bitartez Euskaldun berri baten gorabehera liburu autobiografikoa plazaratu zuen.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Mikel Dalbreten lantegia
  • «Mikel Dalbret», Euskal Kultur Erakundea.
  • (Gaztelaniaz) Gilbert Desport: «Mikel Dalbret», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  • Joseba Aurkenerena: Mikel Dalbret edo usapalaren hegalkada. Elinberri.eus [1]
  • Joseba Aurkenerena: Mikel Dalbret, surrealismotik euskal sinbolismora. Zuzeu.eus [2]
  • Joseba Aurkenerena: Mikel Dalbreten trilogia mintzagai. Kazeta.eus [3]