Meidum
Meidum (arabieraz ميدوم) Kairotik ehun kilometro inguru hegoaldean eta Nilo ibaitik bost kilometro mendebaldera dagoen Egiptoko herri txiki bat da.
Bertatik gertu, basamortuan, aztarnategi arkeologiko garrantzitsu bat dago, Huni eta Snefru faraoiei eman zaien piramide monumental baten hondar eta Egiptoko Antzinako Inperioaren garaiko adobezko zenbait mastabekin.
Piramideak, bere oinarrian, 147 metroko luzera du alde bakoitzean, eta 93 metroko garaiera. Egiptologo gehienek, Egipton eraikitako lehen piramide klasikoa izan zitekeela uste dute, gaur egun oso bestelako itxura duen arren.
Antzinako Inperioko Nefermaat eta bere emazte Iteten mastabak nabarmendu behar dira, non Meidumeko antzarren margo ospetsua aurkitu zen. Baita Rahotep printzea eta honen emazte Nofretena ere.
Tokian, Antzinako Inperioan datatuak dauden hipogeoak dituzten nekropoliak daude, baita beranduagoko garaietako zenbait hilobi ere, XXII. dinastiakoak.
Aztarnategi arkeologikoa Auguste Mariettek (1871-1872) eta G. Masperok (1881-1882) industu zuten, eta Flinders Petriek (1891 eta 1909-1910) eta A. Rowek (1929-1930) aztertu zuten, beranduago, Mohsen Mahmud Jalil eta Ali el-Joulik ere kanpainak egin zituztelarik.