Max Beckmann
Max Beckmann (Leipzig, Saxonia, Alemaniar Inperioa, 1884ko otsailaren 12a - New York, AEB, 1950eko abenduaren 27a) alemaniar margolaria izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leipzigen jaioa, nekazari familia bateko kidea. Bera jaio eta Leipzigen bizitzera joan ziren. Gaztetik marrazketan aritu izan zen eta 1900 urtean Weimarreko Arte Eskolan ikasketak egin zituen.
1903 urtean Minna Tuberekin ezkondu zen eta Parisera joan ziren. Beckmann Florentzian eta Genovan ere izan zen; azkenik 1904 urtean Berlinera bizitzera joan zen. 1912 urtean bere lehen erakusketa antolatu zuen eta bere lehen margolanetan inpresionisten eragina nabarmena da. Bere lana arrakastatsua zela eta, arteari buru-belarri ekinez aritu ahal izan zuen. Lehen Mundu Gerran mediku izan zen baina nerbio krisi batek jota utzi behar izan zuen. Gudan bizitako esperientziek eragin handia izan zuten bere ondorengo lanetan; hala bada, bere margolanek espresionista kutsua hartu zuten.
Beckmannek Frankfurt am Mainen klaseak eman zituen 1915 geroztik baina 1933 urtean Nazien alderdiak lan hori bertan behera uztera behartu zuten. 1930. hamarkada hasieran Parisera margotzera sarri joaten zen eta garai honetan hain zuzen ere, triptikoak erabiltzeari ekin zion, neurri batean Boscoren lanen eraginpean.
Naziek 1937 urtean bere margoak endekatutzat (ikus Arte endekatua) sailkatu zituzten eta Beckmann Amsterdamera bizitzera joan zen.
1947an Amsterdam utzi eta AEBtara jo zuen. Lehenik eta behin Missourin bizi izan zen, geroago, New Yorken. 1950 urtean bihotzekoak jota zendu zen bere erakusketa batean parte hartzeko Metropolitan Museumerako bidean.
Beckmannek hainbat autorretratu margotu zituen, besteak beste Smoking jantzita autorretratua (1927), gaur egun klasikotzat jota. Bere beste lan asko eguneroko bizitzako irudiak dira. Sarritan gorputz elbarri eta barregarriak irudikatu zituen, dirudienez 1920ko eta 1930eko hamarkadetako Alemaniako gobernuari kritika egiteko, baita bere Lehen Mundu Gerran bizitako esperientzien aipamen gisa.
Bere bizitza osoan zehar brontzezko zortzi eskultura besterik ez zituen egin eta hauek gizakien mugimenduak adierazten zituzten, hala nola dantzariak spagat edo pinu zubia egiten. Pieza horiek erakusgai daude Frankfurt am Main-eko Städel institutuan.[1]