Maurizio (agintaria)
Flavio Maurizio Tiberio edo Maurizio I.a (Konstantinopla, K. o. 539 – 602ko azaroaren 27a) Bizantziar Inperioko agintaria 582 eta 602 urteen artean. Kudeatzaile aparta izan arren ezin izan zuen Justiniano I.aren inperioaren desegitea aldi batez baino ekidin. Kapadozian jaioa Tiberio II.ak bere oinordeko izendatu zuen hil baino astebete lehenago. Tiberio pozoitua izan zela uste da.
Kanpo politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Persia eta Bizantzioren arteko bakea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tronuratu eta handik gutxira pertsiarren arteko boterea lortzeko oinordekotza gerran parte hartu zuen. 590 urtean estatu kolpe baten bidez Hormisdas Persiako Sha-ari boterea kendu eta erail egin zuten. Hormisdasen seme Kosroesek Bizantziora jo zuen babes bila. Mauriziok Kosroesi Persiako agintea lortzeko laguntza eskaini zion eta handik urte betera Kosroes II.a izenarekin koroatu zuten. Maurizioren laguntzaren truk Kosroesek Armeniako zati bat, ekialdeko Mesopotamia eta Daras eta Martiropolis hiriak eman zizkion. Lurralde kontzesioez gain Persia eta Bizantziok bake akordio bat sinatu zuten Maurizioren agintaldi osoan bi inperioen arteko bakea bermatuko zuena.
Abaro eta eslaviarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Danubio aldeko mugetan ez zen ordea ekialdean bezalako bakerik. Abaroek eta tribu eslaviarrek Balkanak eraso eta inbaditu nahian zebiltzan sarraski ugari gauzatuz. Danubio eta Sabe ibaien arteko gotorlekuak suntsitu zituzten baita eskualde osoan bizantziarren defentsak deuseztu. 584 eta 586. urteetan Tesalonika eraso zuten baita Peloponeso bertaraino iritsi. Persiarrekin bake ituna sinatu ostean Maurizio Balkanetako gatazka argitzearren aritu zen. Ekialdeko mugetako zenbait tropa Balkanetara bideratu zituen eta eskualde hartako armadaren agintea Prisko eta Petri jeneralei eman zien. Prisko eta Pedrok arrakastatsuak izan ziren zenbait kanpaina burutu zituzten Balkanetan eta Danubioko frontea egonkortu eta baretzea lortu zuten abaroak ibaiaren beste hertzera itzultzea lortuz. 595. urtean Priskok Danubioa zeharkatu eta han ere abaroak garaitzea lortu zuen. Balkanetako gerra hauek, hala ere, inperioaren errekurtsoak xahutu zituzten.
Lonbardo eta berebiarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Italia iparraldeko lonbardoak heuren arteko hika mikak alde batera utzi eta Autario erregearen inguruan batu ziren 584. urtean. Mauriziok Pelagio II.a Aita Santuaren laguntzarekin frankoek Lonbardia erasotzea lortu zuen Italia iparraldeko mehatxua ezereztu. Bide batez Italiako eskualde txiki baten kontrola lortu zuen gainera, Ravenako exarkatua hain zuzen ere. Ravenako exarkatuak Erroma eta Ravena arteko via Flaminiaren inguruko eskualdea hartzen zuen baita Venezia, Genova eta Napolesgo hiriak. 585. urtean Esmaragdo exarkak lonbardiarrekin bake akordio bat lortu zuen non lombardiarrek exarkatuko mugak errekonozitzen zituzten. Afrika iparraldean berebiarren matxinada gertatu zen urte haietan Mauriziok deuseztatzea lortu zuena, eskualdeko kudeaketa hobetzeko Kartagoko exarkatua sortu zuen.
Bisigodoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]599. urte inguruan bisigodo eta bizantziarren arteko guda labur bat izan zen iberiar penintsulan. Bisigodoen buruzagia Rekaredo I.a zen eta ziurrenik bere aurrekari Leobigildok Bizantzioren kontra lorturiko arrakastak errepikatu nahian zebilen. Oraingo honetan ordea bisigodoek guda galdu zuten eta horrela Bizantziok Malaga eta Cartagena arteko kostaldea lortu zuten, zenbait iturriren arabera Gibraltarko itsasartearen kontrola lortu zuten ordea. Guda honen ostean bizantziarrek penintsulan zuten hiriburuari, Kartago Spartariari, harresi berria eraiki zioten.
Barne politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mauriziok bizantziar inperioaren desegitea ekiditeko neurri ugari hartu zuen. Administrazioa berrantolatu eta inperioaren boterea sustraitu nahian aritu zen.
Inperioaren berrantolaketaren barnean Mauriziok banaketa administratibo berri bat sortu zuen, exarkatuena. Bizantzioren boterea arriskuan zegoen eskualdeetan exarkatuak sortu zituen, Afrika iparralde eta Italian. Exarkatu hitza grezieratik eratorria da eta kanpoaldeko probintzia esan nahi du. "Kanpoaldeko probintzi" hauek autonomi maila garatua zuten oso bai zibil baita militarki ere. Exarkatuen bidez Mauriziok inperioa deszentralizatu nahi izan zuen boterea probintzia urrunetatik gertuago egon zedin. Exarkatuen zuzendariei exarka zeritzaien eta oso garrantzitsuak izan ziren inperioan. Mauriziok 597 urtean gaixotasun batek jota badaezpada testamentua idatzi zuenean inperioa Teodosio seme nagusiari uzten bazion ere bere beste seme Tiberiori mendebaldeko exarkatuen, Italia eta mendebaldeko irlen buruzagitza eskaintzen zion, azkenean ez zen hil ordea.
Armadari dagokionean aurreko Schola Palatinae-en ordez Optimateak sortu zituen, gudari unitate berri bat. Buzelarioak, jeneralen guardiak zeinak ekipamendu oberena eta soldata altuena zuten, kanpainako armadaren baitan txertatu zituen. Beste aldaketa bat mugak zaintzen zituzten guardei dagokie, hau da limitanei-ei, garai hartan ia guztiz desagertu baitziren.
Tronuaren galera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maurizioren agintean zehar ez zen apenas bake aldirik izan aldioro sortzen baitziren guda berriak han-hemenka. Betebehar militarrek inperioaren ekonomia asko ahuldu zuten eta diru eskasiak tropen matxinadak sortu zituen. 588. urtean ekialdeko eskualdeetan arrazoiak murriztu zituzten, soldaduen soldataren zati bat material eta uniformeengatik aldatu zuten, eta honen ondorioz zenbait matxinada izan zen. 599an abaroek preso zituzten 12.000 gudari bizantziar exekutatu zituzten inperioak hauen truke diru-sari bat pagatzeari uko egin zionean. Azkenik 602 urtean Mauriziok Balkanetako armadak negua Danubioa baino haratuago igaro zezala agindu zuenean gudariak matxinatu eta Konstantinopla setiatzera joan ziren Fokas zenturioiaren agindupean. Mauriziok zenbait senideek saldu egin zutelakoan bere seme Teodosio eta aitaginarreba Germano atxilotu zituen. Teodosio publikoki zigortu zuen, Germanok ordea Santa Sofiako elizara ihes egin zuen babes bila. Aurrekoek hirian erreboltak sortu zituzten eta Mauriziok bere emazte eta zortzi semeekin Marmarako itsasoa gurutzatu zuen Nikomediara babes bila joateko. Teodosio edo Teodosio zela zihoen gizon batek Pertsiara alde egin zuten Kosroes II.aren laguntzarekin tronua lortu nahian eta horrela Kosroes II.ak Bizantzioren kontrako gerrari ekin zion.[1] Fokasen tropak Konstantinoplara sartu zirenean Maurizio atxilotzeko agindua igorri zen eta behin atxilotu zutenean bai bera eta baita bere zortzi semeak exekutatu egin zituzten. Maurizio burua galdu aurretik bere semeen erailketa ikustera behartu zutela esan ohi da. Fokas bihurtu zen orduan agintari bere lehen ekintzetako bat Maurizioren gorpua kristauki lurperatzea izan zelarik. Fokasek indarkeriaz aginduko zuen.
Mauriziok strategikon izeneko hamabi aleetako idazki militar bat idatzi zuen bere esperientzietan oinarrituz. Bigarren mundu gerra aurretik armada mota ezberdinen (itsasokoa eta lurrekoa) taktika konbinatuari buruz idatziriko obra nagusietako bat dugu. Zenbait adituen ustez strategikona ez litzateke Maurizioren lana bere jeneral batena baizik.
Maurizio kristau ortodoxoen saindua da baita ere.
Genealogia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Dodgeon, Michael H.; Greatrex, Geoffrey; Lieu, Samuel N. C.. (2002). The Roman Eastern Frontier and the Persian Wars (Part II, 363-630 AD). Routledge ISBN 0-415-00342-3..
Aurrekoa Tiberio II.a |
Bizantziar agintaria 582 -602 |
Ondorengoa Fokas |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Maurizio (agintaria) |