Maria Gripe
Maria Gripe | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Vaxholm, 1923ko uztailaren 25a |
Herrialdea | Suedia |
Lehen hizkuntza | Suedia |
Heriotza | Rönninge (en) , 2007ko apirilaren 5a (83 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Harald Gripe |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Stockholmgo Unibertsitatea |
Hizkuntzak | suediera |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, haur literaturaren idazlea, gidoilaria eta autorea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Maja Stina Walter (Vaxholm, Suedia, 1923ko uztailaren 25a - Salem (Suedia), Suedia, 2007ko apirilaren 5a), bere ezkon izena den Maria Gripe bezala ezagunagoa, haur eta gazte literaturako idazle suediarra. Bere lanak 25 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira. Ipuinak, misteriozko eleberriak eta kontakizun errealistak landu zituen bere lanetan, baina beti haurren mundu emozionala bere aberastasun guztiekin islatzen saiatzen zen. [1] Hainbat sariren artean Hans Christian Andersen saria eskuratu zuen 1974an.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maja Stina Walter Stockholmetik gertu dagoen Vaxholm herrian jaio zen 1923an. Aita idazlea zuen. Berak filosofia eta erlijioen historia ikasketak egin zituen Stockholmeko Unibertsitatean.
1946an Harald Gripe artistarekin ezkondu zen eta hortik datorkio Maria Gripe ezkon izena. Bere liburu guztiak ilustratu zituen Harald Gripe senarrak. Hain zuzen, haren ilustratzaile ibilbidea emaztearen lehen liburua ( I vår lilla stad, 1954) ilustratzearekin batera hasi zen.
Ondoren beste zazpi liburu ere argitaratu zituen, baina Josefin (1961) liburuarekin egin zen ezagun Maria Gripe, eta haren ostean idatzi zituen Hugo och Josefin (1962) eta Hugo (1966) lan ezagunak. Azken hori, izen berarekin, euskaraz lehen aldiz 1991n argitaratu zen, Xabier Mendiguren Bereziartuk itzulita.
1972an idatzi zuen Elvis Karlsson liburuarekin hasi zuen bost liburuko eleberri-saila (Elvis! Elvis!, 1973; Den «riktiga» Elvis, 1976; Att vara Elvis, 1977; Bara Elvis, 1979) izan zen kritikaren eta irakurleen aldetik harrera beroena izan zuena. Bilduma honetan haurren eskubideen eta sekretuen aldeko bere defentsa eta ikuspegia aldarrikatzen ditu: haurrak izaki pentsalariak dira eta ez nahieran erabil daitezkeen txotxongiloak. [2]
Bere alaba Camilari kontatzen zizkion istorioetatik sortu ziren bere lehen lanak, ukitu tradizionalekoak. Baina berehala hasi zen bere liburuetan haurtzaroari lotutako gai gordinagoak azaleratzen: heriotza, denbora, erlijioa, adiskidetasuna, autoestimua, gauza xeheen balioa... eta oso modu atseginean eta gertukoan idazten zuen.
Bere liburuetako protagonistek ere kezka asko agertzen dituzte eta bizi diren munduari buruzko gogoetak egiten dituzte, inguruan gertatzen denaz ondo ohartzen dira. Haur indartsuak dira, helduak, zentzudunak, barne-mundu oso aberatsa dutenak, haien kabuz pentsatzeko gai direnak eta gertatzen zaizkien gauzei erantzunak bilatzen dizkietenak. [1]
Bere idazkera estiloa intimista eta gogoetatsua da, pertsonaien "barrutik" idatzia, gehienetan helduz inguratutako haur bakartiak (Elvis, Josefin, Julia), baina era berean, haien independentzia zaintzen dutenak, haien buruak ezagutzera iristen direnak.
Errealismo kritikoaren eragina ez ezik, suspensea eta errealismo magikoa ere arrakasta handiz landu zituen, bereziki 80ko hamarkadan idatzi zuen "itzalen zikloa" deiturikoan. [2]
Maria Griperen literatura unibertsala da eta bere istorio eta pertsonaiak desberdintasun kulturalen gainetik daude. Hori dela eta, irakurlea erraz identifikatzen da pertsonaiekin eta haien planteamenduekin.
Gazte literaturan idatzi zituen liburuetan pertsonaien izaeraren bilakaeran zentratu zen idazlea: haien zalantzetan eta haurtzarotik helduarora dagoen tarte horretan bizitzen den desorientazio garai horretan. Heriotza, gurasoen dibortzioa, adiskidetasuna, guraso eta seme-alaben arteko harremanak, nerabezaroko aldaketak, norbere burua ezagutzeko beharra, norbere izaera osatzeko bidea, erabakitzeko askatasuna, eta abar landu zituen. [1]
Suediako idazlerik emankorrenetakoa izan da Maria Gripe; bere idazle ibilbidean 38 liburu idatzi zituen eta 29 hizkuntzatara itzuli dira.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
|
|
Euskarara itzuliak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Elvis, Elvis! (1986)
- Beiraginaren seme-alabak (1987, 1995)
- Txorimaloaren alaba (1988)
- Hugo (1991, 1994)
- Elvis Karlson (1991)
- "Benetako" Elvis (1992)
- Julia-ren etxea (1993)
- Gaueko aitatxo (1993)
- Kakalardoak iluntzean hegaldatzen dira (1996)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Maria Gripe |