Mackenzie-Papineau Batailoia
Mackenzie-Papineau Batailoia | |
---|---|
Mota | Batailoi |
Deuseztatzea | 1938ko iraila |
Herrialdea | Espainiako Bigarren Errepublika |
Mackenzie-Papineau Batailoia ingelesez: Mackenzie–Papineau Battalion), baita ere Mac-Paps izenarekin ezagunak, Espainiako Bigarren Errepublikaren defentsan faxismoaren aurka, Nazioarteko Brigaden barruan, batez ere Kanadako boluntarioekin sortu zen armada gorputza izan zen. Boluntarioen zifra gerra osoan 1.448 izan ziren; horietatik 721 borrokan hil ziren. Kanada izan zen, Frantzia ondoren, proporzionalki, Nazioarteko Brigadetara boluntario gehiago eman zituen herrialdea.[1]
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Boluntarioek William Lyon Mackenzie eta Louis-Joseph Papineau oroimenez izendatu zuten batailoia. Gizon hauek 1837-1838ko matxinada gidatu zuten Kanadan. XIX. mendean Kanadako politikari garrantzitsuak izan ziren, gobernu garbi eta arduratsuaren alde. Kanadako boluntarioek izen hori aukeratu zuten beren identitate nazionala azpimarratzeko eta Errepublikaren gobernuaren alde zuten konpromisoaren ikur gisa.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasiera batean Espainiara joan ziren boluntarioak Abraham Lincoln Batailoian integratu ziren, estatubatuarrekin batera. 1937ko otsailean 500 ziren eta, ondorioz, berezko batailoia antolatu zen. Boluntario gehienak langileak ziren. Kanadako Alderdi Komunistak borrokalariak erakartzeko kanpaina aurrera eraman zuen baina bataioilan ideologia desberdinetako boluntarioak zeuden: sindikatuen partaideak, politikoki ez antolatutako pertsonak, sozialistak, e.a. Gehienek, nahiz eta kanadiarrak izan, ezaugarri amankomun gisa sustrai europarra izatea zuten, batez ere Finlandian eta Ukrainian.
1937an, Kanadako Gobernuak, Londresko Batzordearen erabakiak jarraituz, hango hiritarrak Espainiako Gerran partehartzea ilegaltzat jo zuen. Ondoren, izen emateak jarraitu zuen baina bakarrik lan zibilak egiteko: medikuak, erizainak, ingeniariak... Hala ere, boluntarioak jarraitu ziren Espainiara ailegatzen, horretarako argumentu faltsuak erabiliz. Orokorrean, Toronto edo Montreal bezalako hiri handietatik Estatu Batuetara joaten ziren, handik Frantziara joateko eta Pirineoetatik muga gainditzeko.
Mackenzie-Papineau Batailoia XV. Nazioarteko Brigadan zegoen integratuta. Lehenengo borrokak Jaraman izan ziren; han izen handia lortu zuen. Bruneteko guduan ibili ondoren, Teruelgo guduan borrokatu zuten eta Aragoiko atzera egitean ere bai. Kataluniako eta Valentziako fronteak defenditu zituzten. Batailoiaren azken borroka Ebroko gudua izan zen; han baxa asko izan zituzten. 1938ko irailaren 21ean, oraindik Ebro aldean zeudenean, Errepublikaren agindua heldu zitzaien atzera egiteko. Batailoia desegin zen eta boluntarioak Kanadara bidali zituzten.[2][3]
Hasiera batean Kanadako Gobernuak brigadisten itzulera ez zuen onartu, azken finean gobernu horren aginduen aurka Espainiara joan baitziren. Azkenik, 1939ko urtarrilean, haien itzulera onartu zuen. Bigarren Mundu Gerraren hasierarekin batailoiaren beterano batzuek faxismo eta nazismoaren aurka lehendabizikoak borroka egin zuten izaera onartzea Gobernuari eskatu zioten. Hala ere, inoiz ez zuten horrelako onarpen ofizial bat izan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez):Mackenzie-Papineau Batailoiaren lagunak.