Edukira joan

Lurpeko ezkutuan idatziak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lurpeko oharrak
Datuak
IdazleaFiodor Dostoievski (1864)
Argitaratze-data1864
GeneroaEleberri filosofikoa
Jatorrizko izenburuaЗаписки из подполья(Zapiski iz podpol'ya)
HizkuntzaErrusiera
HerrialdeaErrusia
OCLC31124008
Euskaraz
IzenburuaLurpeko ezkutuan idatziak
ItzultzaileaJosu Zabaleta
Argitaratze-data2024
Orrialdeak224
ISBN978-84-12684-97-1

Lurpeko ezkutuan idatziak (errusieraz: Записки из подполья, Zapiski iz podpol'ya) Fedor Dostoievski errusiar idazleak idatzitako eleberri labur bat da. 1864. urtean argitaratu zuen. Askok lehenbiziko eleberri existentzialistatzat jo ohi dute, eta Errusierazko literaturan berebiziko garrantzia duen eleberria da.

Idazleak bere bizitzako bolada oso txarra bizi zuen unean idatzi zuen: Maria Dmitrievna Isayeva emaztearengandik (1864ko apirilaren 15ean hila) alargundu berria zen, eta handik gutxira bere anaia Mijail hil zen, idazleak asko maite zuena. Arazo pertsonal horiei agintariek idazlearen aldizkariak itxi izana eta haren jokozalekeria gehitu zitzaizkien, azken adikzio honek diru zor eta estutasun ekonomiko handiak ekarri zizkiolarik.

Lurpeko gizona

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberriaren protagonista Lurpeko gizona da, gizon gaixoa eta baztertua. Ez da zoriontsua, alegiazko irainen helburua sentitzen da eta momentuero bere mendekuak pentsatzen ematen du bere denbora. Horren ondorioz bere tragedian sakontzen da. Hori guztia aitzakia da gai desberdinen inguruko bere pentsamenduak azaltzeko: lege naturala, arrazionalismoa eta erabakimen askea.

Literatura modernoko lan gutxi irakurtzen dira Dostoievskiren Lurpeko ezkutuan idatziak adina. Gure garaiko sentiberatasunaren sakoneko ezkutuak azaleratzen dituen funtsezko testu gisa aurkeztua izan da. «Lurpeko gizona» terminoa guztiz finkatuta dago kultura garaikidearen hiztegian, eta testu honetako pertsonaiak literaturako arketipo kategoria hartu du, Hamlet, On Kixote, Don Juan edo Faustok bezala. XX. mendeko kulturasaio handi gehienek –Friedrich Nietzscheren eta Sigmund Freuden eskolek, espresionismoak, surrealismoak, krisiaren teologiak, existentzialismoak– berentzat aldarrikatu dute Lurpeko gizona edo harekin lotu dituzte mugimenduon aztertzaile askok; eta Lurpeko gizon hori aldez aurretiko iragarpentzat hartu ez denean, abisu latz eta gordintzat hartu izan da.[1]

Errusian funtzionarioa izan zen gizon bat da protagonista eta bere lurpeko apartamentutik egiten dituen hausnarketak dira eleberriaren muina. Errusiarraren erbestealdi eta espetxealdiaren ostean idatziriko lehen liburua da, barrura begirako lan handia egiten duena eta itzultzailearen arabera eleberrien narratiba aldaketa ere ekarri zuena, ez baitago deskripziorik, guztia protagonistaren psikologiarekin lotutako pentsamenduen kontakizuna da. [2]

Inazio Mujika editoreak azaldu du zertan datzan eleberriak: «Bere burua antiheroitzat daukan gizon bat, funtzionarioa izan dena Errusian eta erretiratuta dagoena, hori da protagonista. Bakarrik bizi da eta bakarrik dago, saminduta eta frustratuta gizartearekin eta bere buruarekin; lur azpiko apartamentu batean dago eta hango ilunetik ari zaigu bere pentsamendu zinikoa esaten, bere segurtasunik eza gurekin partekatzen, esentzialismoaren sorreratzat jotzen da».[2]

Bost ezaugarritan laburbildu du Mujikak liburua: introspektiboa da, esistentzialista, pesimista, kritikoa gizarte modernoarekin eta psikologikoarekin. Lurpeko apartamentua bere bururaren metafora ez ote den ere iradoki du aurkezpenean.[2]

Eleberriak bi atal ditu:

  • Lehenengoan protagonistak bere barne gatazkak azaltzen dizkio irakurleari
  • Bigarren zatian, bere bizitzako pasarte batzuk gogoratzen ditu; lantokiko lankideekin egindako enkontru bat eta Lisa izeneko neska gazte batekin duen harreman gorabeheratsua aipatzen ditu bereziki.

Euskarazko bertsioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Josu Zabaleta idazleak argitaratu zuen 2024an, Igela argitaletxearen eskutik. Lurpeko ezkutuan idatziak ez dela liburu erraza aitortu zuen itzultzaileak. Zabaletaren hitzetan liburua ulertzeko idazlea eta bere garaia ere ezagutu behar direla, eta ez direla protagonista eta idazlea nahastu behar. «Oso liburu ironikoa da, baina hasieran ohartxo bat du, klabea dena, eta esaten du protagonista eta idatziak asmatuak direla, baina gizartean halakoek derrigor egon behar dutela jakinda gizartea zer egoeratatik datorren. Hor dago klabea. Beste liburu batzuk badakizu kritika sozial bat direla, baina ironikoa. Baina hemen ez dago deskripzio bat bera ere, dena buruan, barruan pasatzen da. Eta hain da ironikoa, askotan sinisten duzu Dostoievski ari dela hizketan». Pertsonaiaren kontraesanak ere, idazlearen testuingurua ezagutu gabe, zail dira ulertzen; Zabaletaren ustez, Nikolai Txernixevski buruzagi sozialistak Zer egin? eleberrian agertzen dituen zenbait ideiari egiten die kritika Dostoievskik.[3]

  • Fedor Dostoievski: Lurpeko ezkutuan idatziak. Josu Zabaleta euskaratuta. Igela argitaletxea, 2024, 224 or. ISBN: 978-84-12684-97-1

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]