Lucia meategia
Lucia meategia | |
---|---|
Mota | meatze |
Geografia | |
Koordenatuak | 42°43′41″N 2°25′44″W / 42.72799147°N 2.42895743°W |
Honen parte da | Q122837686 |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Arabako eskualdea | Arabako Mendialdea |
Udalerria | Arraia-Maeztu |
Arabako kontzeju | Atauri |
Lucia meategia asfalto natural meategi bat da, Atauriko kontzejuan dagoena, Arraia-Maeztu udalerrian, Arabako Mendialdeko kuadrillan.
Kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izkiko parke naturalean dago, arrokek asfalto-maila handia duten eremu geologiko batean[1]. Asfalto-maila handiaren ondorioz, asfalto mea egoera likido solidotuan ikus daiteke.[2][3]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1872tik 1920ko hamarkada amaierara arte egon zen martxan, gutxi gorabehera. San Ildefonsoko, Durruma Kanpezuko eta Arabako Mendialdeko beste meategi batzuekin batera, estatuko asfalto natural meategi emankorrenak izan ziren garai hartan. Espainian, Asfaltos de Maestu konpainia zen asfalto-arroka erauzi eta birrintzen zuen bakarra.[4][5]
1915ean utzi egin zioten asfalto blokeak eta lauza trinkotuak ez ziren beste gauzak ekoizteari, potentzia handiko petrolio-findegi berriek egiten zieten lehiagatik eta petrolioaren deribatuen zabalkundearen eta nazioarteko komertzializazioaren ondorioz. Gerraosteko garaian izan zuen enpresak bultzada berri bat, estatuko merkatuaren berrantolaketari esker.
1927ko irailaren 27az geroztik, Anglo-Vasco-Navarro trenbidearen Gasteiz-Lizarra lineak asko erraztu zuen asfalto naturalarekin egindako produktuak garraiatzea, bagoiak erabiliz.[7] Izan ere, meategien ondotik igarotzen zen, eta hortxe eraiki zuten Atauriko geltokia. Trenbidearen ondoan hain kokapen ona izateari esker izan zuen handik hainbat urtera beste berrindartze bat; petrolioaren deribatuak lantzen hasi ziren, asfalto eta mundrun industriala ekoizteko.
Asfaltos de Maestu konpainia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gustaldapako fabrikak, “Asfaltos de Maestu” izenekoak, zortzi eraikin eta hainbat patio edo pasaleku zituen, beste hainbat lursailez gain. Lehenbiziko eraikina asfalto bloke eta lauzak egiteko erabiltzen zuten; bigarrenaren barnean lurrun-makina eragileak, galdara, sutegia, tornuak, errota eta arroka-xehamakinak zeuden; hirugarrenean ukuiluak, zurgindegi bat eta lan-tresnen biltegia; laugarrena lastategi eta biltegia zen; bosgarrenean langileak bizi ziren; seigarrenean bulegoak eta zuzendariaren etxebizitza zeuden; zazpigarrena ez zuten erabiltzen; zortzigarrena, azkenik, bolborategi moduan erabiltzen zuten. Ur-andela eta asfaltozko bloke eta lauzak eta su-egurra gordetzeko erabiltzen zuten biltegia patio edo pasalekuetan zeuden. Inguruko lursailetan barazkiak eta zerealak landatzen zituzten.[8]
Guztira, hiru hektarea zabal zen fabrika-gune oso hau. “San Ildefonso” fabrika bigarren mailan geratu zen konpainiak Atauriko fabrika berria eraikitzea erabaki ostean. Izan ere, jarduera mugatua izan zuen aurreko mendeko berrogeiko hamarkadaz geroztik, fabrika berrira zihoazen hondar-erauzketak eta erauzketa osagarriak besterik ez baitzituzten egiten.
Berreskurapena eta balioespena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]100 urte baino gehiago egon zen lozorroan, bere barneko asfalto ekoizpen naturalak bere horretan jarraitzen zuen bitartean. Meategi-gunearen (meategiak, fabrika eta Atauriko geltokia) egoera "negargarriaren" ondorioz, 2015ean Atauriko administrazio-batzarrak paisaiaren ekintza aurreproiektu bat osatu zuen, baina ez zuen izan batzarrak espero zuen ibilbidea.[9]
2018an, Arabako Foru Aldundiak berreskurapen plan bat jarri zuen abian Arraia-Maeztuko meategietan. Prozesu hau Atauriko administrazio-batzarra aintzat hartu gabe egin zutenez, haiek Atauriko meategien historia- eta ingurumen-ondarearen berreskurapen jasangarria gauzatzeko plataforma herrikoi bat eratu zuten.
2019an POCTEFA planaren dirulaguntza bat eskuratu zuten, berreskurapen aurreproiektu bat osatzeko. Orduan, Arabako Batzar Nagusiek Atauriko asfalto-meategia berreskuratu eta balioesteko beharrari buruzko mozio bat onartu zuten, Atauriko administrazio-batzarra, Arraia-Maeztuko Udala eta mozioak eragindako gainontzeko administrazio-batzar guztiak subjektu aktibo bezala aitortuz.[10]
2020an lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak meategi zaharraren zati bat egokitzeko, bisitariek haren barruan 300 metro barneratzeko aukera izan dezaten.[1][11] Orduan hasi ziren meategia erabilera publiko eta ekoturistikorako egokitzeko, sendotzeko eta segurua izateko lanak.
Lucia meategia 2023ko martxoan zabaldu zuten bisitarientzat, lehenbizi Arabako Mendialdeko herritarrentzat eta ondoren bisitari guztientzat. Meategiaren berreskurapenari esker, egoera txarrean zeuden inguruak leheneratu dira, bai dibulgazio eta zabalkunde didaktikorako bai industria- eta aisialdi-turismorako. Bertan, asfalto natural jarioak ikus daitezke.[12]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Ingurumen-agiria. 2020.
- ↑ «Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 884.057,60 euro inbertitu dute Lucia meategiko asfalto naturalen meatze paisaiak berreskuratzeko» prentsa.araba.eus 2023-07-10.
- ↑ «Geologia - Izki Parkea - web.araba.eus» izkiparkea.eus 2023-08-27.
- ↑ (Gaztelaniaz) García, Eustaquio. (1990). Asfalto fundido, un material perenne infrautilizado a pesar de sus ventajas : única mina de roca asfáltica en Atauri (Álava) / Eustaquio García.. (Noiz kontsultatua: 2023-07-13).
- ↑ Herreras Moratinos, Beatriz. (2020-06-16). «Arabako mendialdeko asfalto naturalak» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Sistema de información del Patrimonio Cultural Vasco» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Sistema de información del Patrimonio Cultural Vasco» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-12).
- ↑ Arraia-Maeztu Udala. (2019). Bertako ondarearen berreskurapena. San Ildefonso. Korres (Arraia-Maeztu). .
- ↑ Ramirez de Okariz Kortabarria, Amaia. «Asfalto-meategiak gogora» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-07-10).
- ↑ «29/2019 Mozioa, martxoaren 28koa, Atauriko asfaltoen meategia berreskuratzeari eta balioesteari buruzkoa.» ALHAO, 46, 2019 (Noiz kontsultatua: 27-09-2023).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Comienza el trabajo de campo de recuperación de la memoria de las minas de Mendialdea» EITB 2021-05-19 (Noiz kontsultatua: 2023-07-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) Tobías, Delia. (2022-05-09). «Mina Lucía: la única en Europa donde se puede ver emanar asfalto natural» cadena SER (Noiz kontsultatua: 2023-07-12).