Edukira joan

Lisabö

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lisabö
Datuak
JatorriaIrun (Gipuzkoa)
Musika motaemocore
noise
Urteak1998 -
Produkzioa
Diskoetxea(k)Esan Ozenki, Acuarela, Metak
Taldekideak
Karlos Osinaga
Iban
Eneko Aranzasti
Aida
Ionyu
Lehengo taldekideak
Imanol
Javi Manterola
Informazio gehigarria
bidehuts.net…
Badok: lisabo Musicbrainz: f6532022-b76e-4eee-9b55-21c784f09596 Songkick: 2447361 Discogs: 323033 Musikasten: lisabo Edit the value on Wikidata

Lisabö Irungo (Gipuzkoa) musika talde bat da. 1998an sortu zenean ez zuten diskoak grabatzeko asmoa eta denborapasa bezala jotzen zuten. Dut taldeko Galder Izaguirreren laguntzarekin kontzertuak ematen hasi ziren eta 1999 urtearen hasieran demo bat grabatu zuten. Esan Ozenkirekin sinatu ondoren Ezarian arrakastatsua argitaratu zuten. Beste 2 LP eta EP bat argitaratu dute.

Lisabö 1998an sortu zen, Irunen (Gipuzkoa). Tentsio eta energia eztandak, emozioa eta erraietatik ateratzen den ahotsa dira, bi bateriaren erabilerarekin batera, taldearen soinuaren ezaugarri nagusiak. Dut taldeak hasi zuena beste dimentsio batera eraman du, eta post-hardcore estiloa publiko euskaldunaren artean normalizatu du. Halere, taldeak taula gainean lortzen du besteetatik nabarmentzea, abestiak sentsazio bereziz zipriztinduz.

1998. urtearen hasieran sortu zen Lisabö, eta urte bereko uztailean eman zuen lehen kontzertua, Kataluniako Aina taldearekin. Hasiera hartan, Karlos Osinaga (baxua eta ahotsa; Zorrotz eta Kashbad taldeetan aritutakoa), Imanol Oiarzabal (gitarra eta ahotsa; Zorrotz eta Illusions taldeetako kide ohia), Javi Manterola (gitarra eta ahotsa) eta Ivan Zabalegi (bateria; Donut taldean ibilitakoa) ziren taldeko kideak. Hurrengo urtean beren lehen maketa grabatu zuten, eta taldea bera arduratu zen grabazioaz, diseinuaz eta banaketaz. Handik gutxira, Imanol Oiarzabalek taldea utzi zuen, eta hirukote moduan jarraitu zuten. 1999ko urrian, Fugazi taldeak Bergarako (Gipuzkoa) Jam aretoan eskaini zuen kontzertua hasteko aukera izan zuten, eta taldekideentzat une hunkigarrienetako bat izan zen hura. Aurrerago, Portobello Bones eta Sleepers taldeekin ere aritu ziren zuzenean, baina taldea ez zen erabat finkatu Aida Torres bateria jotzailearekin laukotea osatu arte. Bi bateriarekin jotzeko ideia modu naturalean sortu zen, entsegu lokalean bi bateria zeudela aprobetxatuz probatzen hasi baitziren.

Fermin Muguruzaren bitartez, Esan Ozenki diskoetxeak lehen diskoa grabatzea proposatu zien. Ezarian (Esan Ozenki, 2000) Fugazi, Shellac eta Slint taldeen eraginpean osaturiko lana izan zen, diseinu erakargarriz aurkeztua. Taldearen ezaugarri garrantzitsuenetakoa agerian gelditzen da disko horretan: tentsio eta intentsitatez gainezka dauden kantuak sortzeko gaitasuna, Karlos Osinagak erraietatik abesteko duen erak areagotua. Bi bateriek soinu berezia eta zuzenekoetan presentzia izugarria ematen diote taldeari, talde gisa konpenetrazioa handituz. Diskoak oso harrera ona izan zuen zenbait musika aldizkaritan (Mondosonoro, Rockdelux), urte hartan Espainiako Estatuan kaleratutako onenen artean aukeratu baitzuten. Halaber, Anari, Lisabö eta Dut taldeek egindako bira urteko onena izan zen, azken aldizkari horren arabera

Bi urte geroago, Egun bat nonahi (Acuarela, 2002) kaleratu zuten, hiru abestiz osaturiko EPa. Taldea Aida Torresek, Karlos Osinagak, Maite Arroitajauregik (biolontxeloa), Ivan Zabalegik, Martxel Mariskalek (Beti Mugan taldean aritutakoa, eta hitzen egilea) eta Javi Manterolak osatu zuten. Donostiako Plaza jaialdiaren enkarguz prestatutako ikuskizun baterako sortutako musikaren zati bat jaso zuen taldeak lan horretan. Handik gutxira, Javi Manterolak taldea utzi zuen, eta Amodio izeneko proiektua sortu zuen, Aurelien Rotoreau belgikarrarekin batera. Gitarrak eta sanplerrak erabiliz, ia guztiz instrumentala zen disko bat grabatu zuten, Amodio Vol. 1 (Metak-Pil Pil Sessions, 2004).

Bitartean, Lisabö isilaldi luze batean murgildu zen. Azken emanaldia Kashbad taldearen agurreko biran eman zuen. Manterolak taldea utzi eta gero, Lisabören etorkizuna ez zegoen garbi. Hala ere, bi taldekide berri zituela, Ion Yugueros (baxua) eta Eneko Aranzasti (gitarra), 2005. urtean itzuli zen, beste lan batekin: Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak (Metak-Pil Pil Sessions). Desioaren gaineko disko kontzeptual horretan -hitz gehienak Martxel Mariskalek egin zituen-, gustuko zituen hainbat talde eta abeslarirekin lan egin zuen Irungo boskoteak: Experience, Akauzazte, Manta Ray, Anari, Xabi Erkizia, Kahrlo Desastre... Baina zuzenekora eramateko zailtasunak zirela medio, taldeak ez zuen diskoa aurkezteko emanaldirik eskaini. Tarte horretan, berriz, Mikel Laboaren Xoriak 17 diskoan (Elkar, 2005) parte hartu zuen, Orduan kantuan hain zuzen.

Lau urtez kontzerturik eman gabe igaro ostean, 2006ko abenduan itzuli ziren zuzenekoetara, Durangoko Plateruena kafe antzokian, berriz ere Javi Manterola taldean zelarik. Haatik, Aida Torresek taldea utzi behar izan zuen, osasun arazoak zirela medio. Orduan, Eneko Aranzasti jarri zen baterian. Bi hilabete geroago, Ezlekuak (Bidehuts, 2007) kaleratu zuten, orain arteko haien azken lana. Metak diskoetxea itxi ostean Lisabök berak, Anari, Hotel eta Inoren Ero Ni taldeekin sortutako BideHuts plataformaren lehenengo ekoizpena izan zen Ezlekuak. Creative Commons lizentziapean argitaratu zuten, CD eta binilo formatuetan. Aurrekoetan bezala, Karlos Osinaga arduratu zen grabazioaren arlo teknikoaz, eta kantuen hitz guztiak Martxel Mariskalek egin zituen. Berriz ere oso kritika onak jaso zituen Lisabören lan berriak: Entzun! aldizkariko erredaktoreek 2007ko diskorik onena aukeratu zuten Ezlekuak; Bartzelonako Rockdelux aldizkariak Espainiako Estatuan kaleratutako urteko diskorik onenetan bigarrena zela iritzi zion, eta haien zuzenekoa urteko onena.

Bartzelonako Primavera Sound jaialdian, Madrilen eta Sevillan aurkeztu dute diskoa, Euskal Herriko hainbat lekutan ez ezik. 2008ko abenduan agurtu zuten Ezlekuak diskoko bira, Irungo Tunk aretoan. Aldi berean, Inoren Ero Ni taldearekin partekaturiko single bat kaleratu zuen, "Denboraren artaziak" kantuarekin. Hilabete batzuk geroago, Ion Yuguerosek taldea utzi zuen eta une honetan, berriz ere, laukotea da Lisabö.

Lisabötik kanpo, Karlos Osinagak soinu teknikari eta ekoizpen lanak egin ditu beste talde askoren diskoetan: Askatu korapiloa (Dut), Zebra, Irla izan (Anari), Jaio.Musika.Hil (Berri Txarrak), Begura (Miztura), Doppler (12Twelve), More Light (Nisei)....

  • Karlos Osinaga: gitarra, ahotsa.
  • Javi Manterola: gitarra, ahotsa.
  • Iban: bateria (gitarra Ezlekuak diskoa baino lehen).
  • Eneko Aranzasti: bateria.
  • Ionyu: baxua.
  • Aida: bateria (2007 arte, Ezlekuak diskoa grabatu aurretik utzi zuen).

EPak eta Singleak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolaborazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Gaztetxeak martxan!! (Gasteizko Gaztetxea, 2001)
  • Oztopo guztien gainetik Bonberenea (Bonberenea Ekintzak, 2002)
  • Irun Lion Zion Dub Vol.1 (Talka, 2007)
  • Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak (Bidehuts, 2010)
  • The Best of Acuarela Songs (Acuarela, 2014)
  • Mirailak (Bidehuts, 2017)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]