Edukira joan

Leireko monasterioa

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: 42°38′07″N 1°10′18″W / 42.63528°N 1.17167°W / 42.63528; -1.17167
Wikipedia, Entziklopedia askea
Leire» orritik birbideratua)

Leireko monasterioa
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Kultura ondasuna
Aragoiko bidea Aragoiko bidea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaEsa
Koordenatuak42°38′07″N 1°10′18″W / 42.63528°N 1.17167°W / 42.63528; -1.17167
Map
Historia eta erabilera
IrekieraIX. mendea
JabeaNafarroako Gobernua
IzenaJesusen Antzaldatzea
Arkitektura
Estiloaarkitektura erromanikoa
Gizateriaren ondarea
Erreferentzia669-407
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-emateabilkura)
BICRI-51-0000007
407
Webgune ofiziala
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Leireko San Salbatore monasterioa edo, besterik gabe, Leireko monasterioa[1], Leireko mendilerroaren magalean kokatutako monasterioa da, gain batean, Esako udalerriaren barruan, Nafarroa Garaiko erdi-ekialdean. Monasterioak oso balio handia du, hainbat zati erromaniko goiztiarrekoak direlako. Adibidez, kriptari buruzko lehenengo berriak IX. mendekoak dira. Hasieran beneditarren monasterioa izan zen, baina XII. mendetik aurrera zistertarrak sartu ziren, eta obra handiak egin zituzten. Eliza eta monasterioa guztiz eraberritu zituzten XIV. eta XVI. mendeetan.

Monasterioa Iruñeko erresumaren sorrerari lotua dago, tradizioaren arabera bertan baitaude lurperatuta Iruñeko eta Nafarroako hainbat errege. Musulmanek Iruñea arpilatu zuten garaitik Iruñeko apezpikuak ere bertan izan ziren. Botere politiko handi horren erakusle da hainbat herri eta monasterioren gaineko ahalmena izan zuela, tartean Donostiarena.

Nafarroako erromanikoko monumentu garrantzitsuenetako bat da, monumentu historiko izendatuta dago, eta Donejakue bidearen parte ere bada. Gaur egun, Nafarroako Foru Erkidegoarena da, eta San Benediktoren Ordenari utzita dago.

Leire euskal izen bat izanik, bere jatorria ez da argia. Etimologia klasiko baten arabera, izena latinezko legionarius hitzetik letorke, baina eboluzio fonetikoak ez du aukera hori babesten. Litekeena, antzinako aipamen guztiak ikusita eta gaztelaniaz zein latinez erabiltzen den legerense modua ikusita, hitza frantsesezko Leger hitzetik etorriko litzateke. Hauxe Leodegario, Autungo apezpikua eta burgundiar martiriaren antzinako frantsesezko izena da, *le/j/erius moldetik abiatuta. Honela, izenak karolingiar fundazio bat proposatuko luke.[2]

Leireko mendilerroa.

Monasterioa egungo Esako lurretan dago, Iruñetik 52 km-ra eta Jakatik 70 km-ra, Aragoi ibaia jarraituz, Jakatik, Aragoiko Done Jakue Bidetik, igarotzen den Done Jakue bidearen adarraren gainean. Multzo hau Leireko mendilerroaren hegoaldeko hegaleko balkoi natural batean dago, lehenago Errandoko mendilerroa deitua[3]. Bere tontorren artean, 1356 metroko garaiera duen Arangoitiko tontorra nabarmentzen da.

Mendilerro hau, Berdungo kanalaren gainean zabaltzen den Pirinioaurreko lehen mendilerroa da. Balkoi jarraitu hori Aragoi ibaiaren haranaren gainean dago, puntu horretan Esako urtegian bilduta. Monasterioaren kokapenetik espazio handi bat hartzen da. Ekialdean, Jakako mendiak eta Berdungo kanala daude lehenik, eta, harantzago, aldameneko beste monasterio handia dagoen mendiak, San Juan de la Peña. Mendebaldean mendi kate bat ikusten da eta, euren artean, Uxue herriaren punta ikusten da.

Tarragona eta Donostia lotzen dituen  N-240  errepidetik sar daiteke multzo monastikora[4]. Iruñetik Esara iritsi baino lehentxeago,  NA-2113  errepide txikia hartu behar da, 4 km egin ondoren, bere ateetara iristen dena.

Inguru naturala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zorua, itsas jatorriko Mesozoiko eta Zenozoikoko deposituez osatuta dago, non kareharri eta dolomitak ugariak diren, batzuetan oso hareatsuak[5]. Eozenoko marga eta flyschak tolestuta agertzen dira, hegoalderantz okertuak[6]. Landaredian, pagoz eta pinu gorriz osatutako basoak nabarmentzen dira, erkamezti, haritz, eta artadiekin batera. Hegaztien fauna da nagusi, eta bertan ugatza da alerik bereizgarriena eta nabarmenena.

Leireko monasterioaren fundazioaren data eta zirkunstantziak ez dira ezagutzen. Bere existentziaren lehen erreferentzia Eulogio Kordobakoa presbitero mozarabiarrari zor zaio, 851ko gutun batean, Iruñeko gotzainari zuzendua (Epistula ad Wiliesindum). Bertan, monasterioan hiru urte lehenago, 848an, egin zuen egonaldia gogoratzen du, derrigorrez eten behar izan zuen germaniar lurretarako bidaia batean zehar[7]. Eulogio Kordobakoa, beranduago, Kordoban martirizatu eta santutua izan zen, San Eulogio bezala ezaguna; sortzen ari zen Iruñeko Erresumari buruzko lehen datu idatziak eman zituen bidaiaria izan zen, eta Leirerekin harrituta zegoela ematen du[8].

Bere bidaiaren kronika bat idatzi zuen, eta bertan, jada desagertuta zeuden Pirinioetako beste monasterio batzuen artean, Leire izendatzen zuen. Gutunean, orduko abadearen izena adierazten du, Fortun delako bat. Erreferentzia hauek, Eulogioren lagun Alvaro Kordobakoa santuari buruz idatzitako lan apologetikoak berresten ditu (Vita vel passio Sancti Eulogii), baita Eulogioren beste testu batek ere.

« Ni Iruñean nengoela eta Leireko monasterioan bizi nintzela, jakin nahiak han gordetako liburu guztiak erregistratzea eragin zidan. Bat-batean, autore izenik gabeko opuskulu baten orrialdeetan erori zitzaizkidan begiak, profeta negargarriari buruzko istorio hau zuena: Mahoma heresiarka jaio zen.... »


Leireko eliza mozarabiarraren balizko eraikuntza faseen planoa[8].

Erreferentzia hauek 844. urterako monasterioak nolabaiteko garrantzia zuela eta liburutegi on bat zuela aditzera ematen dute, honek bere fundazioa lehenagokoa izan zela adierazten duelarik. Mahomaren biografia bat edukitzeaz gain[9], Adelhelmo apaiz nordikoaren testuak ere bazituzten liburutegian[10]. Monasterioaren existentziaren beste erreferentzia garrantzitsu bat, IX. mendearen erdialdean, Nunilo eta Alodia santuen gorpuak Leirera eramateko errege-agindua dira, ziurrenik Oneka Beraskoitz Iruñekoa emaztearen eskariz[10].

Tradizioaren arabera, Emeterio eta Zeledonio Calahorrako martirien erlikiak ere Leirera mugitu ziren garai horretan[11]. Jakina da Eulogiok Nafarroan zehar bidaiatu zuen garaian musulmanen eta nafarren arteko harremana ona zela, penintsulako lurraldetik mugitzeko oztopo handirik izan gabe. Hala ere, Iruñeko Erresumaren egoera politikoa aldatu egin zen urte horietan. Tradizionalki, Iruñeko erregeek eta Banukasitarrek harreman onak izan zituzten[oh 1].

1943an egin zen indusketan, hala ere, erromatar garaiko epigrafe bat aurkitu zen, aquilegus edo zahori bati eskainia; hipotesi baten arabera, monasteriotik gertu dagoen Birjinen iturrian Antzinako Erromako tenpluren bat egongo litzateke, eta aquilegus horri eskainitako harria bertatik letorke. Denborarekin, uraren kultu hori Birjinen iturri bilakatuko litzateke, eta Alodia eta Nuniloren tradizioekin sinkretismoa garatu[6]. Edonola ere, gaur egugno elizaren aurretik beste eraikuntza bat egon zela argi dago. Lehen eliza horren forma zehaztea zaila da, ordea, baina egindako ikerketa arkeologikoek eliza mozarabiar bat zela ondorioztatu dute, gaur egun elizaren zati gotikoa dagoenaren azpian, baina orientazioa gradu batzuk aldatuta[8]. Gutxi gora behera 15 metroko aldea zuen karratu bat zen eliza hau.

Iruñeko Erresumaren babeslekua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Iruñeko erresuma 1035. urtearen inguruan.

Eneko Arista hil zenean, bere seme Gartzia Enekoitz bere ahaide musulmanengandik aldendu zen, asturiarrekin harremanetan jarriz. Aliantza aldaketa honen emaitza, Clavijoko gudua izan zen (858), non nafar eta asturiarren aliantzak, azken hauek, Ordoño I.aren agindupean, Banu Qasitarren tropak garaitu zituen. Hala ere, Nafarroako erregeek Banu Qasitarren aurka egindako erasoek Abd ar-Rahman III.a kalifa kordobatarraren esku-hartzea eragin zuten. Kalifaren kanpainak 924an iritsi ziren Zangozara, kalifak kristauak Ledean eta Irunberriko arroilan garaitu zituenean. Iruñea arpilatua izan zen[7] eta bere katedrala suntsitua.

Nafarroan musulmanak sartu zirenean, Iruñeko apezpikuak eta kleroak Leirera joan behar izan zuten bizitzera, eta bertan izan zuten gotzainen egoitza 1023ra arte. Botere politikoak ere babesa bilatu zuen monasterioan. Iruñeko gotzaina monasterioan bizi zenez, Leireko abadea eta Iruñeko apezpikua pertsona bera izan ziren mende oso batez[10]. Orti I.a Gartzeitz erregea, Aristarren azkena, Kordoban bizi izan zena eta Abd al-Rahman III.aren aitona zena, monasteriora erretiratu zen X. mendearen lehen erdian ohiturak hartuz (928an bertan bizi zela frogatuta dago) bere zaldizain Aznarrekin batera.

Leire zen, finean, Iruñeko Erresumaren garai horretako gune zentrala[12]. Antso Handiak bertan ikasi zuen, abadeari "nire maisu" deitzen zion eta, monasterioari, "nire erresumaren zentro eta bihotza"[6]. Garai horretan baskoien eta bisigodoen arteko gatazkak ohikoak baziren ere, Leire eta bere inguruak gune erromantzatuak ziren, oraindik ere gertu dagoen Erromantzatua udalerriak adierazten duen bezala; gatazka horietatik kanpo zegoen eremua[12]. Era berean, lehen aipatutako Adelhemoren liburuak adierazten du mugaren beste aldeko karolingiarren eraginen bat bazegoela, frankoen ikuspegi espantsionistaren ondorioz[12].

Iruñea erdi suntsitua, Iruñeko erregeek Aragoiko iparraldeko hainbat gune elkartuta, Leire euren erresumaren erdialdean dago. Ondoren, Errioxa konkistatzerakoan, bertako monasterioek hartu zuten garrantzia, baina 1076an Errioxa Gaztelaren esku geratu zenean, Nafarroako agintariek berriro ere begiratu zioten Leireri[12]. Errioxan ere sortu zen, 923an Nunilo eta Alodia santuak gurtzeko monasterio bat. Bertara joan ziren mojak, emakumezkoak, Leiretik atera zirela uste da; izan ere, garai horretan, gaur egungo monasteriotik oso gertu, emakumezkoen beste monasterio bat zegoela interpretatu da, San Kristobali eskainia[13].

Tenplu erromanikoaren eraikuntza eta sagarapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leireko eliza mozarabiarraren eta lehen eliza erromanikoaren arteko harremana, 1057 aldera[8].

X. mendearen amaieran, Antso III.a Gartzeitzen erregealdian, eliza berri bat eraikitzeko lanak hasi ziren. Tradizioaren arabera, obra honen helburua musulmanek suntsitutakoaren tokia hartzea zen, baina egindako indusketek erakutsi dute ez dagoela suntsipen horren arrastorik[8]. Ez dakigu oso ondo nolakoa izango zen aurretik zegoen eliza prerromanikoa, eraikin berriak aurrekoaren arrasto gehienak suntsitu baitzituen[10]. 1057an amaitutako obra sagaratu zen.

Uste denez, Antso Nagusia monasterioan hezia izan zen, abadeari domino et magistro meo deitzen zaion dokumentu bat baitago, errege honek Leireri zion estimu handia azalduko lukeena. Sagarapenean izan ziren Joan batea, Iruñeko apezpikua ere bazena; Antso IV.a Gartzeitz eta Ramiro I.a Aragoikoa erregeak, Gomesano Naiarakoa, Bigila Arabakoa eta Gartzia Aragoikoa apezpikuak eta San Juan de la Peñako Berasko abadea[10]. XI. mendeko eliza oraingoa baino txikiagoa zen. Kripta eta burualdea kontserbatzen dira bertatik, nabeak XII. mendeko handitzerako eraitsiak izan baitziren. Monasterioa, garai horretan, San Benediktoren Ordenaren esku zegoen[10]. Jatorrizko eliza mozarabiarra leku lau batean jarrita bazegoen, egindako hedapen erromanikoak altuera aldaketa handiak kudeatu behar izan zituen, eta horregatik azpian kripta irregular bat eraiki zen[8].

Elizaren obrek jarraitu zuten, Fulcherio izeneko norbaitek zuzendaritzapean[12], eta 1098ko urriaren 24an, tenpluaren beste sagaratze bat egin zen, ospakizun handiz, kontserbatutako dokumentuen arabera. Petri I.a Santxitz erregearekin batera, bertan izan ziren Petri Rodezkoa apezpikua eta Pedro Oskakoa zein Compostelako Diego Peláez. Inguruko beste eliza eta monasterio askotako abadeak ere izan ziren[10]. Garai horretarako, Leireren egoera aldatzen hasia zen Nafarroako eliz panoraman. XII. menderako herri ugari zeuden Leireko monasterioaren mende, Nafarroakoak eta Zaragoza nahiz Huescakoak ere.

Aragoiko Erresumaren mende

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leireko kriptako aldarea, erditik zatituta zutabe batekin.

Iruñeko Antso IV.a Gartzeitzen heriotza 1076an, Peñalengoa, oso sentitua izan zen Leire eta Iratxeko monasterioetan, hauen onuradun handia izan baitzen. Peñalengoaren aurretik Leireko monasterioak eliza eta monasterio agregatu ugari zituen, 19 errege dohaintzan, Antso IV.ak beste 36 handitu zuen ondasuna. Leireko monasterio boteretsuaren ondasunen artean zegoen, adibidez, Donostiako Antiguan zegoen San Sebastiani eskainitako monasterioa. Donostian zeuden monje hauek Leireraino bidaltzen zituzten bildutakoak, baita egun batez elikatzeko izokina ere[14][15]. Arabako Domaikia, Gopegi eta Ondategiko elizak garai horretan babes-gaztelu zein tenplu moduan funtzionatu zuten ere[16]. Bere garairik onenean boterea zuen 78 elizaren eta 58 herriren gainean[17].

Peñalengoaren heriotzaren ondoren, garai hartan errege panteoia zen Naiarako monasterioan lurperatua izatea ezinezkoa zenez, litekeena da Leiren lurperatua izatea. Alfontso VI.a Gaztelakoa eta Antso Ramiritz Aragoikoa erregeak gerran sartu ziren nafar erresumaren jabe egiteko. Aragoikoak lortu zuen helburua, eta Nafarroa, orduan oraindik Iruñeko erresuma zena, Aragoirekin lotuta geratzen da 1134 arte. Garai honetan, San Juan de la Peña monasterioarekin lehian hasi zen, Aragoiko erregeek euren errege panteoia ezarri zuten tokian, eta monasterioa zein gotzaindegiren menpe zegoen argitzeko auzia hasi zen.

Auzi honek ehun urte inguru iraungo luke. 1100eko maiatzaren 4an Paskoal II.a aita santuak bere iritzia eman zuen, elizbarrutiko eliza guztiak Iruñearen menpe jarriz, Iratxe eta Leire espresuki izendatuz. Vatikanoaren erabaki honen ondoren, hogeita hamar urteko auzi ireki bat egon zen, non Leirek bere ustezko salbuespen kanonikoa galdu zuen, bere existentziaren oinarrizko arrazoia zena.

Monasterioa XIII. mendean gatazka horien ondorioz krisi sakonean sartu zen. Domingo Mendabiakoa abade zela, komunitate aldaketaren inguruko lehen saiakerak hasi ziren. Nafarroak ere errege-etxez aldatu zen: Tibalt I.a Nafarroakoa Xanpaina leinuaren lehen ordezkaria izan zen, zistertarren ordenan eragina zuena. Clunyko abadiaren eredua jarraitzen zuten beneditarren gainbehera nabarmena zen, eta Leirek erabaki zuen ordenaz aldatzea eta zistertarrei atxikitzea. Domingo Mendaviakoak berak aita-santuari eskatu zion erregentzia aldaketa hau, bere kongregazioaren diziplina falta argudiatuta. Tibalt erregeak, bestetik, urrezko mila marabedi ordaintzea agindu zuen zistertarrak komentuan sartuz gero. 1239an beneditarren ordena alboratu eta zistertarrena sartzea agindu zen. Beneditarrek, hala ere, ez zuten agindu hori bete, eta 70 urteko borrokaldia hasi zuten Leireren jabetzaren inguruan, monje zurien eta beltzen arteko gatazka[18], tarte batez armatua ere izan zena[17]. Gatazka honetan Gaztelak, Nafarroak eta Frantziak parte hartu zuten, bakoitzak bere interesekin[17].

Leireko monasterioaren ikuspegia.

Monasterioaren garrantzia asko mindu zen arren, zistertarren agindupean garrantzia galtzen jarraitu zuen. 1269an Zisterreko Kapitulu Orokorrak Leire Zarrakazteluko Olibako monasterioaren filiala izatea erabaki zuten, abade beraren agindupean. Egoera hau ez zen asko luzatu, Leirek, laster, bere abadea berreskuratu baitzuen, zuzenean Eskaladieuko abadiaren bidetik[19]. Krisia hain zen nabarmena, 1300 urtearen inguruan lapur batzuk monasteriora sartu, monje guztiak bahitu eta, zazpi hilabetez, bertan izan zituztela preso, euren janari guztia erabiltzen[20]. 1307an, azkenik, zistertarren esku geratu zen monasterioa, gatazka luzeari amaiera emanez[18].

Zisterraren agindupean, eliza eraberritzen hasi ziren. Bertan, bi isurkiko egurrezko teilatuaren ordez, gaur egun ikus daitekeen ganga gotiko bat dago. Obra hori egiteko, kontrahormak jarri behar izan zitzaizkion nabeko hormei, eta arbotante bat eraiki behar izan zen, altuera igo behar izan zelako. Monasterio berria eraikitzeko lanak 1562an hasi ziren, eta 1640an amaitu. Eraikin berri horrek monasterio zaharra ordezkatu zuen, oso egoera txarrean baitzegoen. Kokapen berriak, elizaren eta bailararen artekoak, askoz erosoagoa egiten du. 1569an hamar fraide eta segail batzuk bizi ziren Leiren eta monasterioak 3000 dukat zituen urtean. Garai horretan, pobrezia intelektuala nabarmentzen da, eta txosten batean

« Ez da jakin, ezta ere, monasterio hauetan monje letradurik egon denik, ezta horietako bakar batean ere jardun denik. »


Nafarroako Gorteek 1583an monjeak unibertsitateren batera ikastera bidaltzeko eskatu zuten. 1610eko apirilaren 18an Nafarroako monasterio guztiak Aragoiko Koroaren Kongregazio zistertarrean sartzea erabaki zen, bertako kideen prestakuntza eskasaren arazoa zuzentzeko.

Nafarroako monasterioak Aragoiko Kongregazioan sartzeko neurriak emaitza positiboak eman zituen. Leirek urtero hiru monje bidal zitzakeen Kongregazioko Goi Mailako Ikasketen Elkargoetara. Bizitza espirituala berriro sortu zen, eta Leireko monasterioak beste garai bateko distiraren zati bat berreskuratu zuen. Leireko bost abade Kongregazioko bikario nagusi izan ziren. Liburutegia berpiztu egin zen, eta bertan liburuak gordetzen zirela ezagutzen da, hala nola, Arauaren Liburua eta obituarioa, monastikoen brebiarioak eta Leireko San Salbatoreren kronika latindar garrantzitsu bat; horietako batzuk oraindik Nafarroako Artxiboan gordetzen dira[18].

Nafarroako erregeen panteoia, Leiren.
Nafarroako erregeen errautsak, Esatik Leirera eraman zituzteneko aldizkari erreportajea.

XIX. mendea garai historiko desastrea izan zen ordena erlijiosoentzat eta elizarentzat. Leireko monasterioa hiru aldiz utzi zuten bertan zeudenek. 1809 eta 1820an monjeak itzuli ahal izan ziren, baina 1836an, Mendizabalen desamortizazioaren ondorioz, multzo monastikoa abandonatua izan zen XX. mendearen erdialdera arte[18].

1820an artxiboak eta liburutegia konfiskatu zituzten. Monasterioko santuen erlikiak sakabanatu egiten dira, San Birilarenak Tiermasen uzten dira eta Nunilo eta Alodiarenak Zangozan. Mendizabalen desamortizazioaren ondorioz, 1836ko otsailaren 16an monasterioa itxi zen. Orduan, Leirek, hamaika apaizez, bi ikaslez eta bost seglarrez osatutako komunitate bat zuen. Talde monastikoa salgai jarri zuten, baina inork ez zuen erosi. Artzainen babesleku bezala erabiltzen zen, eta bertan behera uzteak eta arpilatzeak artzainaren erabateko hondamendia ekarri zuen. Nafarroako erregeen hezurrak ere lurrera bota zituzten, errege panteoia profanatu zutenean.

1844an, Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiak Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordea sortu zuen, eta, 1845ean, Leireko monumentu-ondarearen zati bat salbatzeko lanean hasi zen, bereziki errege-panteoia. 1863ko maiatzaren 17an, nafar erregeen hilobiak profanatuak izan zirela jakin ondoren, errege hondakinak Esako elizara eraman ziren. 1867an Leireko eliza Monumentu Nazional izendatua izan zen, eta 1875ean Leireko eliza gurtzarako berrireki zen. Monasterioa itxita zegoen, hala ere. Erregeen hondakinak euren tokira eramaten dira, non 1888an tenplua hobetzeko lanak hasi ziren arte iraungo zuten. 1915eko maiatzaren 8an, lanak amaituta, Nafarroako lehen erregeen hondakinak Leireko elizara eraman ziren.

Monasterioaren biziberritzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1935ean indusketa arkeologikoak hasi ziren kriptan eta elizan, antzinako tenpluaren oinarriak aurkituz. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, monasterioa zaharberritzeko ideia gorpuzten hasi zen. Nafarroako Foru Aldundiak, monasterioaren jabeak, honako hau azaldu zuen:

« Leire Nafarroako erlikia nagusia da. Agian ez zen Nafarroa existituko Leire existituko ez balitz. Bere harri zaharretan, Pirinioetako Erresumaren arrazoia dago, hain zuzen ere, mendilerro hauetan eta lurralde hauetan jaio zena. »
Monasterioaren egoera, 1916an.

Orduko diputazioko presidenteak, Rodeznoko kondeak, eta ondoren Iruñeko gotzain izan zen Marcelino Olaetxeak bultzatuta, Leireko gurtza berreraikitzeko eta zaharberritzeko proiektu bat sustatu zen. Proiektu hori Vianako Printzea Erakundeak aurkeztu eta Jose Yarnoz arkitektoak diseinatu zuen, eta Nafarroako Diputazioak onartu zuen 1945eko azaroaren 2an. Bederatzi urte geroago, 1954ko azaroaren 10ean, bizitza monastikoa berrezarri zen. Beneditar komunitatea itzuli zen monasterioaz arduratzera. Leiren finkatu ziren monjeak Solesmesko San Pedro kongregaziotik zetozen, Santo Domingo de Silos abadetxetik.

1965eko azaroaren 6an, Leireko monasterioak abadia duintasuna berreskuratu zuen. Hurrengo urtean,uztailaren 1ean, Aldundiak beneditarrei eman zien monasterioa. 1979an Leiren hogeita hamar bat monje mantentzen zituen aro berri honetako lehen abadea aukeratu zuten. Urte horretan bertan inauguratu zen ostatu berria.

Artea eta arkitektura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leireko ikuspegi orokorra:
 1  Dorrea eta abside erromanikoak
 2  Kriptako sarrera
 3  San Birilaren tunela
 4  Monasterio zaharreko patioa
 5  Porta Speciosa
 6  Nafarroako erregeen panteoia
 7  Elizaren barnealdea
 8  San Birilaren iturriaren bidea
 9  Hotela eta jatetxea
 10  Monasterio berria

Bi dira monasterioaren elementurik garrantzitsuenak: alde batetik, bere kokapen pribilegiatua; bestetik, monasterioa osatzen duten eraikuntzak, horietako batzuk Nafarroako erromaniko alerik zaharrenak baitira. Hala, elizan, burualdean eta kriptan bereziki, erromaniko primitiboa antzematen da. Eraikin horien kontserbazio-egoera oso ona da, nahiz eta altzariak denboran zehar galdu diren.

Leiren, monasterioaren inguruan, mendilerroaren erdian, zeuden harrobi propioetatik zetorren harriaren kalitatea nabarmentzen da. Harria urre-kolorekoa da, beta gorrixkekin, burdinazko eta kuartzozko inkrustazioak baititu.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leireko monasterioko eliza

Leireko San Salbador eliza da monasterioaren elementu arkitektoniko nagusia. XI. mendetik XII. mendera bitarteko eraikuntza erromanikoaren zati batzuk mantentzen ditu, hala nola kripta, absideak, dorrea, habearte nagusia eta ataria, Porta Speciosa bezala ezagutzen dena[17]. Horien gainean, ondoren eraikitako elementuak gainjartzen dira, hala nola ganga gotikoa, Iruñeko erregeen panteoia eta XIV eta XV. mendeetako kapera gotiko txiki bat. Iruditeriaren artean, Leireko Andra Mariaren irudia dago, 1970ean bertan jarri zena[21], XIV. mendeko gurutzean hildako Kristo baten tailu bat eta XVII. mendeko Nunilo eta Alodia santuaren erretaula nabarmentzen dira.

Elizaren aurrealdea kriptaren gainean eraikia dago eta 1057an sagaratua izan zen. Gaur egun gordetzen den Nafarroako eraikin erromanikorik zaharrena da. Oinplano erdizirkularra eta kanoi-gangaz estalitako habearte altuak dituzten hiru absideek babesa ematen diote aldareari, plater-harlanduzko koruari eta Leireko Ama Birjinaren irudiari, Jose Lopez Furiok egina.

Hiru habearteetatik erdikoa alboetakoak baino zabalagoa da. Multzoak ez du simetriarik, desberdinak baitira, ezkerra eskuina baino estuagoa delarik. Bestalde, bere arkuak, ferra aldera begira, beheratuta daude. Pilareek gurutze formako oinplanoa dute, zutabe atxikiekin, oinarririk gabe, eta ez dira paraleloak, erdiko absideko eserlekuan elkartzen baitira. Kapitelak oso forma soilez apainduta daude, erraboilez, bolutez eta ildaskaz. Zimazioak motibo geometrikoekin apaintzen dira, marra, zirkulu edo puntuekin. Erdiko absidearen gainean, deszentratuta, leiho biribil txiki bat irekitzen da.

Erdiko habeartea erromanikoa da, eta XII. mendean egin zen handitze handiaren emaitza da. Bertan, portada ere eraiki zen. Aurrealdea baino gorago proiektatu zen eta bi isurkiko egurrezko teilatu batez estali zen. Lanak 1098an gauzatu ziren, lehen aipatu zen bigarren sagaratze handiarekin. XVI. mendean beste eraberritze bat egin zen, non habeartea ganga gotiko batez estali zen. Ganga horrek arku bakar batean estaltzen du habeartearen zabalera, 14 m, eta lau ataletan egituratuta dago. Giltzarrietan dauden medailoi heraldikoekin apainduta dago. Ganga eraikitzeak kanpoko hormak sendotzea ekarri zuen, kontrahorma eta ostiko-arku baten bidez.

Iparraldeko horman, XIV. mendeko burdinazko hesi batez itxitako zulo batean, Iruñeko Erresumako erregeen mausoleoa dago. Nafarroako lehen dinastiako hamabost kide baino gehiagoren gorpuzkiak burdineria neogotikodun haritz-egurrezko kutxa batean bildu dira. Bere ondoan, Kristo hil bat XVII. mendeko gurutzean. Hegoaldeko horman, atxikitako zutabeak eta kapitel apainduak dituzten bi leihate irekitzen dira. Horma horretatik sartzen da kaperara. XV. mendeko ganga gotikoa du, eta bertan XVII. mendeko erretaula errenazentista bat dago, Alodia eta Nunilo santuei eskainia. Kapera horretara XII. mendeko portada erromaniko batetik sartzen da. Portada horretan, tinpanoan, gailur jakobeo bat nabarmentzen da.

Bitxikeri gisa, nabe nagusiko kapitel bat egin zuenetako batek, Hirutasunaren irudi eskematiko baten azpian, arabieraz idatzi zuen "ez dago Allah baino jainko gehiagorik". Garai honetan jende gehiena analfabetoa zen, eta ilustrazio sinonimoa zen arabieraz jakitea[22].

Leireko kapitel bat, hiru dimentsiotan. Koloretako bertsioa.

Leireko kripta ez da ohiko kripta bat. Ez da lurpekoa, eta ez dago inoiz lurperatzeko leku izatera bideratu izanaren ebidentziarik. Bere tamaina eta altueragatik nabarmentzen da, baita zutabe txikien gainean altxatzen diren kapitel handiengatik ere. Ikerleek ez dakit zehazki ea elizarekin batera eraiki zen, edo lehenago[17].

Eliza altxatuko zen lurra berdintzeko eraiki zen, eta elizaren zimendu gisa erabili. Karratua da, elizaren burualdeari jarraituz, eta, beraz, hiru abside zirkular eta kanoi-gangez estalitako lau habearte berdin ditu. Horietako bat gainerakoak baino berriagoa da, eliza kriptarekin lotzen zuen eskailera leku horretan baitago. Kuartzoz eta burdinaz egindako kareharriz eraiki zen, eta, horri esker, kontserbazio-egoera onean egon da.

Kripta hiru naberekin sortu zen. Hala ere, erdiko habeartea, azkenean, bi zatitan banatu zen erdiko arku axialaren bidez, orain ikus daitezkeen lau habearteetan lortuz. Aldaketa honek abside zentralaren diseinuan eragina izan zuen.

Kripta eraiki zuenak eskarmentu handia izango zuen eraikuntzan, baina lehen aldia zen horrelako obra bat egin behar zuena. Baliteke, hasiera batean, kripta hau inoiz ez erabiltzeko diseinatzea, zimentazio altuera anitzek erakusten duten bezala. Lur irregularraren gainean, harria aurkitu bezain pronto, zutabeak eta hormak eraikitzen hasi ziren; baina, laster, erabaki zuten erabiltzea eta zutabe lodi zirenek traba egiten zuten. Zutabe eta kapitelak birziklatuak ziren, akaso gertu dauden Ledeako eta Tiermasko erromatarren garaikoak, eta horregatik ez datoz bat ez altueran, ez dekorazio mailan, ez eta kokapenaren logikan ere[10].

Leihoak ere, behar baino baxuago jarri zituzten, gaineko bobedak traba egin ez zezan: ondorioz, biak dira desberdin, eta bataren kokapena ez da egokiena. Inprobisatutako kriptarekin amaitzeko, erdiko nabeak zuen tamaina handiagoaren eraginez, kriptan erditik banatu zuten erdiko nabea, aldarearen aurrean zutabe bat jarrita. Zutabeek kokapen guztiz irregular honek, bobedak ia ezinezko egin zituen, soluzio oso zaileko ariketa. Iparraldeko aldetik hasi ziren, eta hegoaldean pixka bat hobeto egin zuten ariketa, aurrekoaren akatsetatik ikasita. Amaitzeko, bide bat eraiki zuten kriptara sartu ahal izateko, inongo simetriarik ez duten hiru arkurekin[10].

Porta Speciosa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leireko monasterioa

Porta Speciosa (ate ederra) XII. mendeko jatorrizko elizaren lehen handitzean eraiki zen elizpea da. Bertan, kapiteletako baten gaia dela eta, non bi hegazti lepoak hanketan gurutzatuta agertzen diren, Eztebe maisuak, Santiagoko katedraleko Platerietako atearen egileak, lan egin zuela jasota dago. Arkupe honen eraikuntzan, beste toki batzuetatik zetozen elementuak berrerabili ziren eta garaiko hainbat maisuk lan egin zuten, eta, ondorioz, oso zaila izan da multzoari esanahi bat ematea. Atea bisera batez babestuta dago eta, bere gainean, trantsizioko leihate bat eta eraikuntza gotikoko matakan bat daude.

Ateen gainean dagoen tinpanoak sei irudi ditu. Erdikoa eta garrantzitsuena "Salbatzailea" da, monasterioa izena hartzen duena. Bere eskuinean, Maria, Petri eta beste irudi bat ikusten dira. Ezkerrean, Joan eta identifikatu ez diren eta beste ebanjelari batzuk irudikatzen dituztela uste den beste bi irudi. Tinpanoari, zezen eta lehoi formako mentsula bana eusten diote. Multzoa, palmetazko koroa batez inguratuta dago.

Tinpanoaren gainean dauden lau arkiboltak izaki erreal eta fantastikoen irudikapenez apainduak daude, erromanikoaren ohiko harmonia duten landare eta animalia motiboekin. Zutabeak, alde bakoitzetik hiru, gai ezberdinez apaindutako kapitelez koroatuta daude. Ezkerretik eskuinera, kapitelek lehoiak irudikatzen dituzte, beren kumeak babesten, Jakan ohiko pertsonaiak kokoriko jarrita, lepoak gurutzatuta eta hanketan mokoka ari diren hegaztiak, edo buru bat, zurtoinez eta akanto hostoz lotuta. Atea marmolezko mainel batetik zatituta dago. Alboetan, lehoien gainean jarrita dauden santuen irudiak daude.

Leire Monasterioko Porta Speciosako arkibolten argazki-garapena.

Arkibolten gainetik frisoa dago. Bertan, Bibliako eszenak eta pertsonaiak irudikatzen dira. Ezkerretik eskuinera, lerro garaienean, Mikel goiaingerua, Jakue Zebedeorena, Salbatzailea, Petri, Joan, Nunilo eta Alodia santuen martirioko eszenak, munstro apokaliptiko bat, arima bat harrapatzen ari den deabrua, heriotzaren dantza eta Jonas balearekin irudikatuta daude. Beheko lerroan, Ikustaldia, Deikundea, gotzain edo santu bat eta aingeru tronpetari bat irudi estilizatuen bidez irudikatzen dira, eta, ezkerrean, beste gotzain bat, bakulu eta ebanjelioarekin, beste aingeru tronpetari bat eta gizon baten burua[17].

Absidea eta dorrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dorreak lau angeluko forma du, ia karratua, eta albo guztietan arkuteria hirukoitzeko leihoak ditu. Arkutxo hauek zutabe sinpleek eusten dituzte, kapitel eta apaindurarik gabe. Abside zirkularrek leihate estuak dituzte, eta erlaitz bat, hainbat modiloiz, giza buruez, animaliez, begiztez, bolez, atributuez eta abarrez apaindutako bloke alakatuz osatua. Hormak garbi daude, apaingarririk edo elementurik gabe. Eraikuntza mota hau Europan ohikoa izan zen garai horretan, IX. mendearen lehen erdian, eta, ondoren, Iberiar penintsulan.

Absideak eta dorreak, monasterio berri eta zaharren fatxaden ondoan, tokiaren bereizgarri den multzo harmoniatsu bat osatzen dute, monasterioko txokorik tipikoenak direlarik.

Ostatuko patioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizaren iparraldean ostatuaren patioa dago. Toki honetan, antzinako monasterioko klaustro erromanikoa altxatzen zen. Klaustro hau, XIX. eta XX. mendeetan monumentu multzoak jasan zuen 118 urteko utzikerian desagertu zen[10]; indusketa batzuetan aurkitutako kapitel bakarra kontserbatzen da.

Espazio honetan, arbotante gotiko handia eta elizara sartzeko atea nabarmentzen dira. Burualdeko iparraldeko horman dagoen atea erromanikoa da. Kriptakoa baino pixka bat landuagoa, hiru arku mailakatuez osatuta dago, horietako bi kapitel eta zutabeetan bermatuta daudelarik.

Monasterioa, gaur egun.

Leireko monasterioan bi eraikin egin ziren funtzio horri begira. Horietako bat, monasterio zaharra, IX. mendekoa da, baina horma-atal batzuk eta dorre bat baino ez dira geratzen. Iparraldeko horma originala da, eta oso anarkikoa den harlanduz egina dago. Bertan, portada zahar eta xumea ikus daiteke, baita leiho estuak ere, batzuk ferra-arkuz bukatuak. Ipar-ekialdean, oinplano karratuko dorre bat dago. Monasterio honek klaustro erromaniko bat izan zuen, 1836 eta 1954 artean Mendizabalen desamortizazioaren ondoren instalazioak abandonatuta egon ziren garaian desagertu zena. Garai hartan, monasterio zaharraren hondakinen artean, estiloa eta materialak errespetatuz, ostalaritza hartzeko eraikin bat eraiki zen. Eraikin berri horrek, elizarekin batera, klaustro zaharra zegoen ostatuaren patioa osatzen du.

XVI. mendearen erdialdean monasterio berri bat eraikitzea erabaki zen, zaharra oso egoera txarrean baitzegoen. Monasterio zaharra elizaren iparraldean geratzen zen, hau eta mendilerroaren artean; berria hegoaldean altxatzen da, elizaren eta bailararen artean. 53 metroko luzera eta 43 metroko zabalera duen eraikuntza da, lau solairu dituena, elizaren hegoaldeko hormari itsatsia, Aragoiko estiloan egina. Beheko solairua eta lehen hiru solairuak Leireko harrobietako harriz egindako harlanduz eginak daude, azkena adreilu zurbilez. Azken solairu horrek arkuteria batzuk ditu, itsuak eta irekiak tartekatzen direnak. Teilatuak hegal handi bat du, Irunberriko Tomas de Gazteluk zizelkatua. Lanak 1562an hasi eta 1640an amaitu ziren[23].

Leireko kutxatila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Leireko kutxatila»
Leireko kutxatila, gaur egun Nafarroako Museoan.

Leireko kutxatila elefantezko boliz egindako kutxa txikia da. Omeiatar Kaliferriaren garaian egina, Penintsula osoko islamiar artearen maisulan nagusienetariko bat da. Leireko kutxatila deitzen zaio, monasterioan izan baitzuten Nunilo eta Alodia santuen erlikiontzi gisa.[24] Gaur egun, hala ere, Nafarroako Museoan dago gordeta, eta ez monasterioan.

Nafarroako errege-erreginen panteoia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leireko monasterioak Nafarroako errege-erreginen panteoi funtzioa izan du historiako hainbat unetan[25]. Leireko monasterioaren irudia Iruñeko Erresumako erregeen panteoi bezala eztabaidatua izan da batzuetan. Jose Goñi Gaztanbideren Los Obispos de Pamplona lana argitaratu aurretik, ziurtzat jotzen zen Nafarroako lehen erregeak eta haien senideak Leiren lurperatu zituztela. Hipotesi horren arabera, musulmanek Iberiar penintsula menderatu zuten garaian, agintari zibil eta erlijioso iruindarrak Leiren babestu ziren 860tik 1023ra, eta Kordobako San Eulogioren oharretan ere hala esaten da:

« Leire denbora luzez monasterio, apezpikuaren egoitza, errege jauregi eta errege-erreginen panteoia izan zen. »
Leireko eliza, 1916an. Marmolezko sarkofagoan zeuden orain panteoian gordetzen diren giza-arrastoak.
Gaur egungo Errege panteoia.

Leire garrantzitsua zen, eta erregeentzat gune zentrala zen, eta horregatik pentsatzen da logikoa izango litzatekeela bertan lurperatzea erregeak. Hala ere, ez dira aurkitu hilobiak, kripta ez zen inoiz erabili eta, garai horretan ohitura zen bezala, lurperatzeak elizaren kanpoaldean egiten ziren[26]. Tradizio nafarraren arabera, Eneko Arista bertan dago lurperatuta. Antso I.a Gartzeitz, 925an hildakoa eta bere semea Gartzia II.a Santxitz (h. 970) Sancti Stefani porticon lurperatuta daudela dio dokumentazioak, ziurrenik Deioko gaztelua. Naiara konkistatu zutenean, errelebantzia irabazi zuen Leirek. 991an Ramiro Gartzeitz Viguerakoa eta Teresa Leongoa Leiren lurperatu zituztela dokumentatu da.

Andregoto Garindoitz, Gartzia II.a Santxitzen beste emaztea Irunberrira bizitzera joan zen, eta horrek ere sinesgarritasuna ematen dio Leireko lurperatzeei. Gartzia IV.a Santxitzek Naiarako Santa Maria monasterioa sortu zuen 1053an, eta bertan ezarri zuen errege panteoia, baina mantendu zen Leiren hilobiratutako erregeen inguruko mitoa. Aragoitarren dominazio garaian San Juan de la Peñan lurperatu zituzten erregeak eta, Nafarroako Erresuma behin sortuta, Iruñeko katedralean; Joanes III.a Nafarroakoa eta Katalina Foixkoa Leskarren daude lurperatuta.

Tradizioak, hala ere, pisu handia zuen. 1613ko abuztuaren 13an Juan Etxaide abadeak hegoaldeko horman erreformak egin zituen eta Iruñeko apezpikua deitu zuen bertan hezurrak agertuko zirelakoan. Bertan ziren ere Prudencio Sandoval fraide eta historialaria, eta Juan Garro, Xabierko gazteluaren jauna. Honek lau kutxa eraman zituen[27], bertan hezurrak jartzeko, jasoko zituzten erregeen izenekin; izan ere, hezur horiekin urrezko eta zetazko elementuak zeudela jaso zuten eta, beraz, erregeei egotzi zizkieten hezurrak[17]. Kutxak sakristiaren hormaren ondoan jarri ziren, eta erregeen izenak XI. eta XII. mendeko kodize batetik kopiatu ziren.

Liburu horretan dauden izenak, agian, aldatu ziren idatzi eta gero, panteoiaren izaera aldarrikatzen jarraitu ahal izateko. 1864an hezur horiek Esara eraman ziren, hilobia profanatu zutela entzun eta gero. 1865an saiatu ziren hezurrak Iruñeko katedralera eramaten, baina bi urte beranduago ez zuten lortu eta bertan behera utzi zen ekimena[27]. 1888an kutxa berri bat egin zen, estilo neogotikokoa. 1982ko urriaren 21ean gaur egun dagoen lekuan jarri ziren ustezko erregeen gorpuak, Nafarroako errege-erreginen panteoia izena eman zaion lekuan.

Santuak eta adbokazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monasterioa, bere horretan, Salbatzaileari (hau da, Jesusi) eskainia dago, baina badaude guztiz lotuta agertzen diren beste santu batzuk: Oskako Nunilo eta Alodia eta Birila kasu. Leireko Ama Birjina ere gehitu da azken urteotan, bereziki Leire izena orokortu denetik.

Sakontzeko, irakurri: «Birila»

Birila tradiziozko santu lokal bat da, ez da benetako santu kanonikoa. Birila (Tiermas, c. 870 - Leireko monasterioa, c. 950) aragoiar monjea izan zen, X. mendean Leireko abadea izandakoa. Dokumentuetan jasotzen da 928an Birila izeneko abade bat egon zela bertan. Kondaira lokalaren arabera, Donejakue bidean leku askotan adierazten duten kondaira baten protagonista izan zen Birila. Tradizioaren arabera, ez zuen zeruko betikotasuna eta zoriontasuna oso ondo ulertzen.

Behin, urretxindor baten txioak erakarrita basora joan eta 300 urtez egon zen txoriari begira; bera unetxo bat baino pasatu ez zelakoan zegoen, baina monasteriora itzuli zenean ez zuen inor ezagutzen eta ez zuen inork ezagutu. Ondoren, Jaungoikoa agertu omen zitzaion, zoriona txoriaren kantua baino handiagoa zela esanez. Horren ondorioz monasterioko fraideek Birila santutzat hartu zuten.[28]. Kondairaren aldaera baten arabera, garaiko abadeek pentsatu zuten bere eguneko paseoan pizti batzuk jan zutela[29]. Jada Antso Nagusiaren garaian gurtua, zistertarrek bere santuen zerrendan sailkatzen dute.

Alodia eta Nunilo

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Alodia eta Nunilo»

Alodia eta Nunilo aragoiar[30] edo andaluziar[31] martiri kristauak izan ziren. Alodia eta Nunilo neskato bikiek aita musulman eta ama kristaua zituzten. Aita laster hil eta amak kristautasunean heziak, hau hiltzean senide batek, ondasunak bereganatzeko asmotan, neskatoak salatu zituen. Islamiar zuzenbidearen arabera, aita musulman baten seme-alabak musulmanak izan behar dira. Baina fede kristaua aitortu zutenez, burua moztu zieten.

Translatio sanctarum Nunilonis et Alodiae eskuizkribuaren arabera, Oneka Beraskoitz erreginak 860an Leirera eraman zituzten bere aztarnak.[32] 1835eko desamortizazioan, erlikiak ustezko Adahuesca jaioterrira itzuli ziren, mendeetako saiakeraren ondotik; izan ere, Klemente X.a aita-santuak bulda bat egin behar izan zuen gai honi buruz[33]. Monasterioan eurei eskainitako margolan bat dago, Juan Berroetak egina[34].

Leireko Ama Birjinaren jaia abuztuaren 15ean ospatzen da, Andre Mariaren Jasokundearen egunean. Hala ere, azken urteotan hedatu da uztailaren 9an beste jai bat egitea, Bakearen Erreginaren Andrearen egunean.

Monasterioa gaur egun

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leireko ostatua, gaur egun.

Monasterioa gaur egun Nafarroako gune turistiko garrantzitsua da, eta monumentu historikoa[35]. Era berean, Donejakue bidearen Aragoiko bidearen baitan dago, Jakatik Zangozara doan zatian[36]. Monasterioak bere funtzioa mantentzen du, bertan bizi den komunitate batekin, baina era berean ostatu izaera ere badu: alde batetik hotel eta jatetxe bat du; bestetik, gizonezkoek aukera dute monje gisa bizitzeko egun batzuetan, eurekin batera jardueratan parte hartuta.

Leireko gunea bisitagarria da turistentzat. Bisita gidatuak ere eskaintzen dira, edo librean bisita daiteke[37]. Elizkizunak eskaintzen dira, kantu gregorianoarekin, matutiak, laudeak, meza, bezperak eta konpletak entzun daitezke.

Arlo politikoan, Nafarroako Gobernuak urtero Nafarroako errege-erreginei omenaldia egiten die bertan. 1973an hasi zen ohitura hau, meza batekin, baina gaur egun jarrera laikoagoa ere badu, Nafarroako kulturako hainbat adierazpiderekin[38].

Leireko monasterioa gogoratzen duten kaleak daude hainbat hiritan:


  1. Banukasitarrak (arabieraz: بنو قسي‎‎, Banu Qasi, «Cassiusen seme-alabak») IX. eta X. mendeetan Ebroko harana —zenbait unetan, Mediterraneoraino— gobernatu zuen euskal muladien leinua izan zen. Jarrera aringarria izan zuten Iruñeko erregeekin aliatutako Kordobako agintarien aurrean, hauei familia bidez lotuta zeudelako.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindiaren izendegiak
  2. Cereceda, Iker Basterrika. (2015). «Leire: formas, usos y etimología de un topónimo» Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo: International journal of basque linguistics and philology 49 (1-2): 1–116.  doi:10.1387/asju.18812. ISSN 0582-6152. (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  3. Poza, José María Mutiloa. (1981). «Constitución, consolidación y disolución del patrimonio de la Iglesia en Navarra (El monasterio de Leyre)» Príncipe de Viana 42 (162): 53–166. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
  4. (Gaztelaniaz) banpeta. Arangoiti desde el Monasterio de Leire | Testeadores de ocio | #planbe. (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  5. (Ingelesez) Mata Perelló, Josep Maria; Sanz Balagué, Joaquim. (2013-12). «Recorrido geológico desde Liédana a Lumbier, Biguezal, Castilnuevo, Salvatierra de Esca, Sigüés, Yesa y al Monasterio de Leyre, a través del patrimonio geológico y minero de las comarcas del nordeste de Navarra y de la Jacetánia» Algeps: revista de geologia (657)  doi:10.5821/algeps..3234. ISSN 2013-5114. (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
  6. a b c Mezquíriz, María Ángeles. (2004). «Presencia de un "aquilegus" en Leire. Posible sustrato romano» Trabajos de arqueología Navarra (17): 161–170. ISSN 0211-5174. (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
  7. a b Lacarra, Jose Maria. (1972). Historia política del Reino de Navarra. Aranzadi.
  8. a b c d e f Eiroa, Francisco Javier Ocaña. (2006). «Planimetría de la iglesia mozárabe del monasterio de San Salvador de Leire» Príncipe de Viana 67 (239): 743–774. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  9. Viguera Molins, María Jesús. (1988). Aragón musulmán. Zaragoza: Mira editores, 87-88 or. ISBN 84-86778-06-9..
  10. a b c d e f g h i j Almech, Francisco Iñiguez. (1966). «El monasterio de San Salvador de Leyre» Príncipe de Viana 27 (104): 189–220. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  11. Moral, Tomás. (1967). «El monasterio de Leyre y las reliquias de los Santos mártires de Calahorra» Príncipe de Viana 28 (106): 127–153. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  12. a b c d e Miguel, José María Lacarra y de; Gudiol, José. (1944). «El primer románico en Navarra, estudio histórico arqueológico» Príncipe de Viana 5 (16): 221–272. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  13. Moral, Tomás. (1975). «El monasterio riojano de las santas mártires Nunilo y Alodia» Príncipe de Viana 36 (140): 435–446. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-14).
  14. «4 Edad Media. - Geografia e historia de San Sebastián» www.ingeba.org (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
  15. Zufiría, Serapio Múgica. (1935). «Donación a Leire: orígenes de San Sebastián. Iglesias de Santa María, San Sebastián y San Vicente» Revista internacional de los estudios vascos = Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria = Revue internationale des ètudes basques = International journal on Basque studies, RIEV 26 (3): 393–422. ISSN 0212-7016. (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
  16. (Gaztelaniaz) Rutas de Patrimonio abierto. (Noiz kontsultatua: 2021-07-20).
  17. a b c d e f g Tyrrel, Ethel. (1958). «Historia de la arquitectura románica del Monasterio de San Salvador de Leyre» Príncipe de Viana 19 (72): 305–336. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-14).
  18. a b c d Moral, Tomás. (1970). «El monasterio de Leyre en el último período de vida cisterciense ( 1800-1836 )» Príncipe de Viana 31 (118): 77–100. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  19. (Gaztelaniaz) «Monasterio de la oliva,el - TodoLibros» www.todolibros.es (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  20. Sáez, Emilio. (1945). «Un robo al Monasterio de Leyre a principios del siglo XIV» Príncipe de Viana 6 (21): 559–564. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  21. (Gaztelaniaz) Santa María de Leyre se celebra este 9 de julio – Iglesia Navarra. (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
  22. «LEYRE- ROMANICO EN NAVARRA-A.Garcia Omedes» www.arquivoltas.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  23. Oyaga, Julio R. de. (1953). «Maestros constructores del monasterio nuevo de San Salvador de Leyre» Príncipe de Viana 14 (52): 329–341. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
  24. Nafarroako Gobernua. Leireko kutxatila hispaniar-musulmana. .
  25. «Panteón Real | Monasterio de Leyre (monasteriodeleyre.com)» www.monasteriodeleyre.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
  26. (Gaztelaniaz) Cervantes, Biblioteca Virtual Miguel de. «La primitiva basílica de Santa María del rey Casto de Oviedo y su real panteón / Fortunato de Selgas» Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
  27. a b Azanza-López, J. J. (José Javier). (2011). El traslado de los reyes navarros a la catedral de Pamplona (1865-1866): arte y artistas para una ceremonia frustrada. ISSN 1130-5517. (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
  28. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Birila, San. .
  29. (Gaztelaniaz) «Leyendas del Camino de Santiago en Navarra - Descubre Navarra» turismo.navarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  30. Catlos, Brian A.. (2004). The Victors and the Vanquished: Christians and Muslims of Catalonia and Aragon, 1050–1300. Cambridge: Cambridge University Press ISBN 0-521-82234-3..
  31. Morena, José Antonio. UNA HISTORIA CONTROVERTIDA: ¿DÓNDE SUCEDIÓ LA HISTORIA DE LAS SANTAS NUNILO Y ALODIA EN EL AÑO 851?. (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
  32. Collins, Roger. (1990). The Basques. Londres: Blackwell Publishing ISBN 0-631-13478-6..
  33. Moral, Tomás. (1979). «Una bula de Clemente X al monasterio de Leyre» Príncipe de Viana 40 (156): 497–506. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-14).
  34. Mendiola, Juan Cruz Labeaga. (1988). «Los retablos legerenses de las Santas Nunilo y Alodia y de San Bernardo, obra de Juan de Berroeta» Príncipe de Viana. Anejo (11): 265–278. ISSN 1137-7054. (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
  35. heritage.toolforge.org (Noiz kontsultatua: 2021-07-14).
  36. (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Routes of Santiago de Compostela: Camino Francés and Routes of Northern Spain» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2021-07-14).
  37. «Bisita gidatuak | Monasterio de Leyre (monasteriodeleyre.com)» www.monasteriodeleyre.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-14).
  38. (Gaztelaniaz) Navarra, Diario de. (2017-06-25). «Homenaje a los Reyes de Navarra en Leyre» diariodenavarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-07-14).
  39. (Gaztelaniaz) «Calle del Monasterio de Leyre - Callejero de Madrid - Callejero.net» madrid.callejero.net (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
  40. (Gaztelaniaz) «Calle Monasterio de Leyre - Callejero de Zaragoza - Callejero.net» zaragoza.callejero.net (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa