Edukira joan

Lehen Triunbiratua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezkerraldetik eskuinaldera: Zesar, Kraso eta Ponpeio

Lehen Triunbiratua[1] da historialariek Zesar, Ponpeio eta Krasok osatu zuen itun politikoari emandako izena. Lehen Triunbiratuak ez zeukan inolako estatus ofizialik; legea baino, osatzaileen botere ekonomikoa zein politikoa zen itun honek zuen oinarria.

K.a. 70ean Kraso eta Ponpeio kontsul izendatu zituztenez geroztik, elkarri gorroto zioten, biek uste baitzuten bestea kideren kontutik saiatu zela ospea handitzen. Zesarrek elkartu zituen hiruron ahalmenak batzeko asmotan. Zesarrek entzute handia zeukan erromatar arruntengan; Kraso arras aberatsa zen; eta Ponpeiok ospea bere ahalmen militarrari zor zion.

Kraso eta Zesar lagun zaharrak ziren. Bestalde, Ponpeio Zesarren alaba bakarrarekin ezkondu zen ituna indartzearren. Hasiera batean akordio sekretua izan arren, Senatuak Zesarren laborantza-legea gelditu zuenean, Zesarrek Ponpeio eta Kraso alboan zituela eman zuen erantzuna, ituna erakutsiz.

Triunbiratuen indarrari esker, Zesar bost urterako Galiako prokontsul izendatu zuten. Ponpeiok eta Krasok kontsulatua partekatu zuten berriro K.a. 55ean. Orduan, Zesarri beste bost urterako luzatu zioten agintaldia.

Itunak, halere, ezin izan zuen betiko iraun, triunbiroen nortasuna eta handinahia kontuan hartuta. Ponpeioren jelosia Zesarrek Galian arrakasta lortu ahala hazten zihoan. Ponpeiok eta Krasok elkar mespretxatzen zuten. Bi hilotzek betiko suntsitu zuten aliantza. Lehenengoa Julia Zesaris, Ponpeioren emaztea eta Zesarren alabaren heriotza izan zen. Bigarrenik, Kraso hil zen, partiarren kontra borrokatzen ari zelarik jasandako porrot lotsagarri baten ondoren.

Pixkanaka, Ponpeio Zesarrengandik urrundu zen. Zezilio Metelo senatari atzerakoiaren alabarekin ezkondu zen. Kontsul bakarra izendatu zuten K.a. 52an. Horretaz gain, Hispaniako probintziak gobernatzen zituen laguntzaileen bitartez.

K.a. 49an, Senatuak Erromara itzultzeko agindu zion Zesarri. Honen ezezkoak eta Rubikon ibaiko zeharkaldiak gerra zibila piztu zuten.[2] Lehen borroken ostean, Farsaliako guduan, Zesar atera zen garaile. Ondorengo Ponpeioren hilketak Zesar utzi zuen Erromako dictator perpetuo (betiereko diktadore).[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Triunbiratu agertzen da Elhuyar eta 3000 hiztegietan. Triumviratu agertzen da Euskaltermen.
  2. Kohn, G.C.. (1986). Dictionary of Wars. 374 or..
  3. Hornblower, S., Spawforth, A., ed. The Oxford Companion to Classical Civilization. , 219–24 or..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]