Lana eta emakumea
Lana eta emakumearen harremana zehazterakoan, emakumeen, ugalketa lanaren, lan merkatuaren eta generoaren arteko harremanak zehaztu behar dira. Kontzeptu gisa, autore batzuek lana eta enplegua elkartu izan dituzte, eta emakumea eta lana bakarrik proletarioei lotu; beste batzuek, ordea, lana eta langileen birsorkuntza ere aipatu dute lanaren atal gisa, eta emakumeek tradizionalki egindako lan horrek soldatarik ez izateak sortzen dituen arazoak aipatu dituzte[1].
Ugalketa lana eta generoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emakumeek etxeko lan gehiena hartzen dute beren gain, nahiz eta familia batean bikotekide biek enplegua izan. Emakumeek etxeko lan gehiena egiten jarraitzen dutenez, horrek guztiz baldintzatzen du lan merkatuan duten parte hartzeko aukera. Emakumeen lan merkatu bat bereiz daiteke, kalitate apalagokoa (ordainketari, egonkortasunari, lanaldiei eta onarpen sozialari dagokienez) eta sektore edo jarduera batzuetara mugatua.
Enplegu femeninoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enplegu femeninoak okerrago ordainduta daude eta aitorpen sozial txikiagoa dute. Nola azaltzen dira desberdintasunok? Ikuspuntu neoklasikoaren arabera, familia errenta maximizatzeko prozesuaren bitartez betetzen dituzte familiek beren eginbeharrak. Prozesu horren arrazoia lanaren banaketa sozialean datza eta bi faktorek justifikatzen dute. Lehenengo faktorea zera da: ekintza zehatz batzuk egiteko orduan gizonezkoen eta emakumezkoen artean dauden laneko trebetasun ezberdinak. Bigarren faktorea zera da: gizonezkoek emakumeek baino soldata altuagoa izatea.
Langabeziak, prekarietateak, aldi baterako kontratazioek eta soldata txikiagoek emakume izena dute Euskal Herrian. Hori adierazten dute INEMek eta sindikatuek emakume langilearen eguna zela-eta jakinarazitako datuek. Hego Euskal Herrian langabezian dauden 99.257 pertsonetatik, 59.624 emakumeak dira. Kontraturik gabe lan egiten dutenetatik �,7 emakumeak dira. 2002an egindako kontratuen artean, % 7,07 soilik izan ziren mugagabeak, % 92,93 aldi batekoak (eta horietako asko lanaldi partzialeko kontratuak izan ziren, gainera). Gizonezkoek 17 puntutan gainditzen dituzte emakumeak kontratu mugagabeei dagokienez, eta emakumeek jarraitzen dute izaten lanaldi partzialeko kontratuen hartzaile nagusi (% 72). Emakumeek gizonek baino % 32 gutxiago kobratzen dute. Datu horiek guztiek, gaur egun gizonen eta emakumeen artean dagoen desberdintasuna eta diskriminazioa adierazten dute. Egoera horri buelta emateko funtsezko aldaketa bat behar da gizartean eta bereziki botere publikoetan: azpiegituren eta gizarte zerbitzuen eraketan, haur hezkuntzarako zentro publikoen sarearen hobekuntzan, prekarietatearen eta kontratazioan egiten den iruzurraren ezabapenean.
Lanaldi partziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lanaldi partzialeko enplegua. Enplegu bila dabiltzan emakumeek eragozpen gutxiago jartzen dizkiote lanaldi partzialeko jardunaldiak onartzeari, gizonezkoekin alderatuta; horren arrazoia ez da lanaldi mota hori bilatzen dutela berariaz, lana eta familia bateratzeagatik edo beste edozein arrazoigatik (emakumeen % 4k bakarrik bilatzen du lanaldi partzialeko enplegua; gizonezkoen artean are txikiagoa da zenbateko hori, %1), baizik eta gutxiago eskatzen dutela lanaldi osoa (emakumeen % 15ek baino ez du eskatzen lanaldi osoa; gizonezkoen kasuan, ordea, % 25ek). Borondatez aukeratu zein ez, lanaldi partzialeko enplegua emakumeena da: lanaldi partzialean jarduten diren 10 landunetatik 8 emakumeak dira (nahiz eta 10 landunetatik 4,6 diren emakumeak); joera horretan ez da aldaketa nabarmenik antzeman azken urteetan. Ehun gizonetatik bik edo hiruk baino ez dute lan egiten lanaldi partzialean; aldiz, 100 landun emakumeetatik 15 jarduten dira lanaldi mota horretan. Errealitate hori batzuen eta besteen urteko diru-sarreretan islatzen da zuzenean, eta, gainera, gizonek eta emakumeek ordaindu gabeko lanean baldintza beretan parte hartzea eragozten du, emakumeak baitira «merkatuko» lan-ordutegietatik kanpo denbora gehiago dutenak.
Behin-behinekotasun eta kontraturik gabeko egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behin-behinekotasunak, esaterako, emakume landunen % 25,3ari eragiten dio, eta gizon landunen % 19,5ari. Egoera are okerragoan daude lan-kontraturik gabeko emakume landunen % 1,9 (eta gizonezkoen % 0,2). 2011n eginiko kontratuen artean, ordea, apenas dago hamarren batzuen aldea sexuen artean: emakumeen kontratuen % 94,6 eta gizonezkoenen % 94 izan ziren aldi baterakoak. Krisia hasi zenetik, aldiz, enpleguaren suntsiketak kontratu mugagabea zuten soldatapeko gizonei eragin die bereziki: ia 67.000 lanpostu finko edo mugagabe galdu dira (% 10eko beherakada 2008arekin alderatuta, eta % 2koa emakumeen kasuan), 4.300 aldi baterako lanpostu (% 3ko beherakada) eta 7.500 landun gutxiago dago kontraturik gabe (gehienak emakumeak).
Soldata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sexuen arteko soldaten desberdintasuna kontratu mota guztietan ikus daiteke (mugagabea edo aldi baterakoa), prestakuntza maila desberdinetako lanetan, eta adin-tarte eta sektore guztietan. Aldeak, ordea, nabarmenak dira. Tartea txikitu egiten da 35 urtetik beherako landunen artean (% 18), iraupen mugatuko kontratuetan (% 8), industrian (% 17) edo eraikuntzan (% 2), eta prestakuntza handiko lanetan (zuzendaritza-gerentzia postuetan dauden emakumeek, zientzialari-intelektualek eta teknikari laguntzaileek hiru talde horietako gizonek baino % 18 gutxiago irabazten dute).
Gizarte arloan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emakumeek sortutako aurreneko talde feministak. "Emakumearen askapenaren" edo "emakumeen emantzipazio eskubidearen" defentsa eta halako ideiak slogan hutsak baino zerbait gehiago ziren, eta konpromiso maila ezberdinetan, hainbat eta hainbat emakumeren hausnarketa, elkartzea eta ekintza sorrarazi zituzten. Feminismoa, nolanahi ere, edozein giza mugimendu bezala, garai jakin baten adierazgarri den bereizkeria sozial nahiz politikoa gainditu nahi dituen talde agerbide bihurtu zen, eta emakumeek osatzen duten talde handiaren arazoak aztertu, interpretatu eta kolektibo horrekin lan egiteko perspektiba berria eta inflexio-puntua erakutsi zituen.
Ordura arteko moral eta gizarte ohitura hertsiak arindu egin dira nolabait. Halako modernotasun bolada hedatzen da herrian barrena, eta, arau, balio eta abarren aldaketa sakonik gertatzen ez bada ere, gizartea permisiboagoa bilakatzen da indarrez eta kemenez beteriko kontzeptu baten itzalpean, "moda" delakoaren itzalpean.
Aurrekoari loturik hein handi batean, marketinaren eta publizitatearen eragina ere aipatu beharra dago emakumea "arlo publikoa" delakoan integratzearen aldeko prozesuan. Emakume berriaren irudia itxuratzen ari da: gizalegetsua, dinamikoa, aktiboa..., hots, modernoa. Eta horrenbestez, arlo publikoan sartzera ausartzen den emakumea modernoa bada, bere langileen taldean emakumeak onartzen dituen enpresa ere modernoa izango da, noski.
Lekuz aldatzeko ahalmena ere emakumeak lan munduan integratzen lagunduko duen beste faktore garrantzitsu bat da. Urteak joan urteak etorri, lanaren bila, familia osoak doaz estatuko mutur batetik bestera, bai eta kontinente batetik bestera ere; familia osoak baserritik, ingurune txiki, txirotu batetik irten eta ingurune industrial eta modernora heltzen dira. Aldakuntza da nagusi urte horietan, eta ingurunea aldatuz ahalbide berriak eta sarritan beharrizan ezberdinak ere agertzen zaizkie ordura arte etxeko zeregin eta eginkizun jakin batzuetara mugaturik zeuden familiartekoei.
Emakumezkoen merkatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenik eta behin, emakumezkoen eta gizonezkoen merkatuko parte-hartzea ezberdina dela jakin behar dugu.
Gizon helduentzako merkatuko parte-hartzea orokorra da; aldiz, emakumeentzakoa, ez. Emakumeek merkatu kapitalistan duten papera aztertzeko hainbat hipotesi har ditzakegu kontuan: erreserbaren hipotesia, segmentazioaren hipotesia eta ordezkapenaren hipotesia.
- Erreserbaren hipotesiaren arabera, emakumeek soldatapeko enpleguan duten parte-hartzea beti ezegonkorra da. Merkatuan, eskaria handitzen denean sartuko dira emakumeak; eskaria jausterakoan, aldiz, kanporatu egingo dituzte. Egoera hori bi modutan azaldu daiteke:
- a) Enpresaburuek emakumeen egoera marjinaltzat jotzen dutenez, emakumea kontratatzeko eta kaleratzeko gaitasuna errazten edo indartzen da.
- b) Emakumezkoak soldatapeko enpleguetan baztertuta sentitzen dira; beraz, soilik beren familiarentzako diru sarrera gehigarriak behar dituztenean hartzen dituzte halako enpleguak.
- Bigarren hipotesia, segmentazioaren hipotesia da. Emakumezkoek merkatuan duten presentzia iraunkorra da, eta gizonezkoenak ez bezalako lanpostuak dituztelako gertatzen da emakumezkoen menpekotasun soziala.
- Azken hipotesia, ordezkapenaren hipotesia da. Hipotesi honen arabera, emakumeek soldata baxuagoak onartzen dituzte, gizonezkoekin alderatuta.
Hiru hipotesiok ezaugarri komunak dituzte: zehazki, emakumearen menpekotasun soziala, eta lan ugalketarekin duen harremana, batez ere.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Federici, Silvia. Soldataren patriarkatua. Katakrak ISBN 9788416946112..