Edukira joan

Kudeaketaren historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kudeaketa-teoria eta metodo anitz historiako gerra eta guda-buruzagitzatik hartu ...

... eta ingurune lehiakor batean enpresak kudeatzeko baliatu dira.

Kudeaketaren historiak gizakiak gizartean bizi denetik helburuak lortu eta jarduera kolektiboak burutzeko garatu dituen prozedura eta metodoak biltzen ditu. Helburu baterako informazioa bildu, taldeak antolatu eta baliabideak eraginkortasunez eskuratu eta baliatu behar diren ekitaldi guztiak biltzen ditu, hala nola gerrak, gobernua eta jarduera ekonomikoak. XIX. mendetik batez ere enpresa eta bestelako erakundeen jarduetarako taxutu da, nazioarteko management terminoa erabiliz.

Hain zuzen ere, kudeaketaren historiak management edo kudeaketari buruzko pentsamendu eta teorien historia ere bada, bereziki XIX. mendean hasita, Industria Iraultzaren ondoren jarduera ekonomikoak modu egokian planifikatu eta burutzeko beharra sortu zenean. Kudeaketari buruzko pentsamendua askoz ere lehenago sortu zela esan daiteke, Sun Tzuren Gerraren Antzea edo Makiaveloren Printzea lanekin esaterako, baina bereziki XX. mendearen hasieratik, kudeaketa proposamen, teoria eta eskola anitz izan dituen jakintza-arloa izan da. Horrela, Harold Koontz kudeaketa adituak "kudeaketa teorien sasidi" esamoldea asmatu zuen, historian zehar eta batzuetan une berean indarrean izan diren kudeaketa teorien multzoa izendatzeko. Lehenengo kudeaketa korronte nagusia Frederick Winslow Taylorek garatu zuen Kudeaketa Zientifikoa izan zen, XIX. eta XX. mendeen bitartean. Henri Fayolek kudeaketaren teoria klasikoa garatu eta Max Weberek Burokraziaren Teoria proposatu zuen. 1920ko hamarkadatik aurrera, Giza Harremanen Eskola garatu zen, langilearen motibazioa eta parte-hartzea nabarmentzen zituena. Geroztik, kudeaketa teoria matematika, sistema-teoria, estrukturalismo eta beste hainbat korrontera zabaldu eta erakundeen aniztasunera eta egungo ingurune aldakorrera egokitu da, kudeaketa estrategikoa garatuz esaterako. Teoria horiek guztiek, gainera, adierazpen retoriko nabarmena izan dute, kudeaketa-literatura ugari batez baliatuz, kudeaketa-ideia berriak enpresako kudeatzaileen artean zabaltzeko. Kudeaketak berrikuntzarako duen joera hau nabarmena kritikatua izanda, beste zientzietan onartuko ez liratekeen joan etorriak egin eta moda-dinamika jarraitzen duela adieraziz[1][2].

Aldaketak aldaketa, teoria eta korronte horiek enpresaburuaren helburuei jarraitzea izan dute konstante moduan, errentagarritasun ekonomikoa zehatzago. Kudeaketa-proposamen eta metodoen aniztasunak teorien funtsezko oinarriekin baino kapitalismoak denboran zehar bizi izan dituen aldaketa sozioekonomiko eta politikoetara egokitu beharrarekin du zerikusia eta horrela, marxismoaren ikuspuntutik, superestrukturaren atal bat da. Ildo horretatik bi aro nagusi bereizi dira kudeaketaren historian: bata kapitalismo sendoarekin loturik, non kate-ekoizpenak, burokratizazioak eta masazko kontsumoak kudeaketa zientifikoa ekarri zuten; bigarren aroan, kapitalismoak bere baitan sortutako krisi gogor eta etengabeko aldaketei irtenbidea emateko, malgutasuna eta indibidualizazioa inposatzen ditu kudeaketaren diskurtsoan (langilearen konpromezua edo esprit de corps enpresaren helburuak lortzeko, besteak beste), egun ere gertatzen den moduan.

Enpresa-kudeaketaren hastapenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean abiarazitako Industria Iraultzak ekoizpen-teknologia berriak ekarri eta lanaren zatiketa indartu zuen lantegietan. Ekoizpen-kopuru handia ekoiztu beharra kontrolaren beharra ekarri zuen lantegietara. Hain zuzen ere, Jeremy Benthamek, utilitarismoaren filosofoa, panoptiko izeneko egitura diseinatu zuen XVIII. mendearen bukaeran gartzela, eskola eta lantegietan erabateko bijilantzia egiteko; proiektua oso kritikatua izan bezen ere, hamarkada zenbait geroago nagusi izango zen. Samuel Bentham bere anaiak metodo horien aplikazio zuzena egin zuen Portsmoutheko portuan: lanaren zatiketa zorrotz eta xehea egiteaz gainera, kontrol eta diziplinarako sistema zorrotza eratu zuen, bat bateko zigorraz haraindi. Horrela, hasieratik enpresa-kudeaketa Michael Foucaultek izendatzen zuen boterearen mikrofisika bilakatu zen: sailkapena eta kontrola gizabanakoaren eskala guztietara zabaltzea, administrazio edo management izeneko jakintza-arloa sortuz.

Kudeaketa-aitzindariak lantegietan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kudeaketaren printzipio orokorrak garatu eta zabaldu egin behar ziren lantegietan. Printzipio hauen aplikazio zuzenak, gainera, gizarte-arazoak sortu zituen, hala nola langileen gehiegizko esplotazioa eta lantegien inguruetako bizi-baldintza gogorrak. Arazo horietaz kezkaturik bili zen erreformatzaile bat Robert Owen izan zen, gaztetatik New Lanarck enpresako kudeatzaile arrakastatsua izan zena. Kudeaketari buruzko Giza Harremanen Eskolako aitzindari bat izan zela esan daiteke, enpresaren onerako langilearen ongizatea eta interesak zaindu behar zirela irizten baitzuen. Ildo horretatik, komunitate kooperatiboak diseinatu eta martxan jarri ere egin zituen Estatu Batuetan, porrot egingo zutenak azkenean; gehiegizko lanaren zatiketaren aurka ere agertu zen.

Nabarmendu behar da kudeaketa garai hartan diziplina guztiz praktikoa zela, teoria eta literatura eskasa sortzen zuena. Enpresaburuak eta bereziki ingeniariak izan ziren jakintza-arloari ekarpenak egin eta zabaldu egiten zutenak. James Watt eta Richard Arkwright asmatzaileak makinen erabilera efizienteari, lanaren zatiketari eta langileen trebakuntza eta zereginei buruzko oharpenak egiten zizkieten beraiek asmatutako makinak eskuratzen zituztenei[3]. Watten semea, James Watt Jr, Matthew Robinson Boultonek kudeatutako Soho Engineering Foundry galdategian ekoizpenaren kudeaketarako metodoak baliatu zituzten eta horretaz gain lantegiaren kokapena, merkatu-ikerketa, produktuen estandarizazioa eta kostuen kontabilitatea ere aztertu eta garatu zituzten[4]. Charles Babbage matematikari eta ingeniaria lantegiko prozesu konkretuak ikertu eta On the Economy of Machinery and Manufacturers liburua idatzi zuen, lanaren zatiketa bultzatuz, geroago garatuko zen Kudeaketa Zientifikoaren ildotik. Kudeaketa, beraz, arlo guztiz praktiko eta aplikatua zen: 1819tik eta urte askotarako École Spéciale de Commerce et d’Industrie de Paris izeneko ikastetxea izan zen mundu osoan kudeaketa irakasten zuen bakarra eta XIX. mendearen bukaerara arte Andrew Ure ingelesa eta Charles Dupin frantsesa soilik izan ziren kudeaketaren irakaskuntza eta zabalkuntzari ekin ziotenak.

Scientific management mugimenduaren garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1873ko Izuak eragindako krisi ekonomikoak langileen mugimendua piztu zuen Estatu Batuetan zein Europan. Langileen grebak eta matxinadak ohiko bilakatu ziren lantegietan. Aldi berean, teknologia berriek lantegi handiagoak eta ekoizpen-prozesu konplexuagoak ekarri zituzten. Ingurune horretan, industrialismoak antolaketa eta kudeaketa metodo zorrotzak behar zituen. 1880tik ASME American Society of Mechanical Engineers (ingelesez) izeneko erakundeak euren arloaren aurrerapenerako hobekuntza teknikoez gainera, hobekuntza ekonomikoak ere behar zirela. Bertako kide zen Henry R. Towneren hitzetan:

« Badaude mekanika-ingeniari fin asko - baita negozio-gizon fin asko ere - baina biak pertsona bakar batean gutxitan biltzen dira. »


Frederick Winslow Taylor estatubatuar ingeniaria izango zen efizientzia ekonomikoa eta produktibitatea gehitzeko proposamenak bildu eta teoria edo ideologia batean bildu zituena[5]. Lan-prozesu, langileen saritze eta zuzendari eta langileen arteko harremanen azterketa zorrotza eta hobekuntzarako proposamenak egin zituen, langilegoan soldiering (ingelesez) edo utzikeria eta bestelako inefizientziak behatu ondoren. Zehatzago, Taylorek proposatu zituenak hauek ziren, besteak beste:

  • lana egitea bera eta lanaren plangintza eta zuzendaritza guztiz bereiztea;
  • lan bat osatzen duten zereginen denbora eta mugimendu-azterketak egitea;
  • lanen burutzapenaren ikuskapen eta kontrol zorrotza;
  • langileak motibatzeko, diru-pizgarriak banatzea;
  • zeregin bakoitzean langile egokiena aukeratzea.

Oro har, Taylorek kudeaketan zientzia-metodoak erabiltzea proposatzen zuen, lan eta prozesu guztietan the one best way (ingelesez) edo era egokien bakarra dagoela aldeztuz. Ideia hauek guztiak The Principles of Scientific Management liburuan bildu zituen 1911 urtean. Bere metodoak XX. mende lehenengo bi hamarkadetan izan zuten arrakasta gehien, oihartzun handia lortuz; bere printzipioak oro har onartu eta aplikatu baziren ere, bere metodoa osotasunean garatu zuten enpresak, ordea, gutxi izan ziren[6]. Bere inguruan jarraitzaile anitz bildu zituen, berriz, metodo hauei buruzko ekarpenak egin eta bere sistemari zientifikotasuna eman ziotenak: Henry Ganttek tresna grafikoak garatu zituen kudeaketa-kontrolerako, Frank Gilbreth eta Lillian Gilbreth senar-emazteek lanpostuko mikromugimenduen azterketa zientifikoa egin zuten, Hugo Munsterbergek psikologia industriala abiarazi zuen eta Morris Cooke eskola eta administrazio publikora zabaldu zituen taylorismoaren printzipioak. Hortik aurrera bere metodoak lantegietan zabaldu eta arrakasta handia izan zuten, taylorismo, scientific management (ingelesez) edo kudeaketa zientifiko izeneko korrontea sortuz, egungo enpresa-kudeaketan ere arrasto nabarmenak utzi dituena. Hala ere, 1920ko hamarkadarako langileak eta beriaen lana ikuspuntu ekonomikoaz haraindi, gizarte-motibazioen aldetik ere aztertuko zituen beste mugimendu bat sortuko zen: Giza Harremanen Eskola izenekoa. Dena den, taylorismoak ekarpen iraunkorrak izan ditu kudeaketan: lanaren prozesuaren plangintza eta jarraipena, muntaketa-katea eta ekoizpenaren fluxu jarraitua bereziki, ikuskapen sistematikoa, la eta agindu-txartelak, kostuen kontabilitatea, inbentarioen kudeaketa eta lidergo funtzionala. Zorionez, garai hartan kronometroari begiratuz lanaren kontrolerako metodoak desagertu dira[7].

Kudeaketa zientifikoaren aplikazioak langileen aurkako erreakzioa piztu zuen hainbatetan; esaterako, taylorismoaren aintzindaria izan zen Daniel McCallum estatubatuar trenbide-ingeniariak inposatu nahi izan zituen diziplina eta kontrol-neurrien aurka 6 hileko greba izan zen, McCallumek amore eman behar izan zuenera arte. 1912 urtean, berriz, Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak ikerketa bat burutu zuen sindikatuek Tayloren metodoen bitartez langileen esplotaziaren aurkako salaketa bat dela eta, azkenean salaketa atzera boto bazuten ere[8]. Langilea destrebatu eta alienatu egiten duela ere aipatu da, lan-prozesuaren gehiegizko zatiketaz eta plangintza eta kontrola zuzendarien esku utziz. Aipatu behar da, taylorismoaren metodoak printzipioz Sobietar Batasunean ere modu intentsiboan erabili zirela[9]. Izan ere, kapitalismoaz haraindi, kudeaketa zientifikoa Ilustrazioaren proiektuaren gizarte-zabalkuntzaren emaitza da finean, zeinak zientziaren aplikazioak, baita gizakiaren eta gizartaren jarduera eta arlo guztietara ere aplikaturik, mundua hobetzen duela aldezten duen[10]. Gizarte-darwinismoaren aplikazioa dela ere aipatu da. Ezin uka, ordea, kapitalismoarentzat oinarrizko metodologia izan zela taylorismoa: 1930eko hamarkadara arte, produktibitate gehikuntza itzelak ekarri zituen, baina aldi berean Depresio Handia eragin zuen gainprodukzio-krisiaren eragileetako bat izan zen. Horri aurre egiteko irtenbidea soldatak igotzea izan zen Munduko Bigarren Gerra amaitutakoan, kontsumoa gehitzeko. 1940-1960 urte bitartean garatu zen fordismo izeneko sistema sozioekonomiko eta garapen-eredua, masazko ekoizpena eta masazko kontsumoa bateratzen dituena, taylorismotik proposamen asko jaso zituen, baina beste batzuk baztertu ere egin zituen: adibidez, taylorismoak langilearen trebakuntza sustatzen zuen bitartean, fordismoak baztertu egiten zuen, lan-prozesua trebetasun eskasa eskatzen zuten eragiketetan zatituz eta horiek prestakuntzari gabeko langileei esleituz.

Administrazioaren Teoria Klasikoa: Henri Fayol

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen hasieran taylorismoaren ideiak ingeles-hizkuntzako herrialdeetan nagusi ziren garaian, Henri Fayolek kudeaketari buruzko Administration Industrielle et Generale tratadua plazaratu zuen 1916 urtean. Ordura arte Fayol meategi-ingeniari eta konpainia zenbaitetan zuzendari moduan nabarmendu zen. Bere bizitza profesionalean zehar arretaz egindako behaketak modu sistematikoan bilduz osatu zuen tratadua, administrazioa erakunde orotan beharrezkoa zela nabarmenduz. Horrela, enpresaren jarduera sei arlo hauetan sailkatu zituen: arlo teknikoa, merkataritza, finantzak, segurtasuna, kontabilitatea eta administrazioa edo kudeaketa. Aldi berean, kudeaketaren funtzioak zehaztu zituen: planifikatzea, antolatzea, koordinatzea, buruzagitza eta kontrola, egun kudeaketa-paradigma nagusietan dirauena. Kudeaketa egoki baterako hamalau printzipioak ere ezarri zituen.

Max Weber eta burokrazia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burokrazia terminoak egun zentzu txarra hartu badu ere, jatorrian kudeaketa formala osatzen zuten erregelak biltzen ditu, hierarkia eta aginte-lerro zuzen, zehatz eta jakinekin. Kudeaketaren historiografiak Max Weberek erakundeak burokraziaz gobernatu behar zirela ezarri zuen jakintsutzat hartzen du, burokraziaren printzipioak taylorismoaz eta fayolismoaz nagusitzen ari ziren garaietatik. Izan ere, bere idazkietan burokrazia ideal moduan aipatzen da, aginte arrazionalaren garaipen moduan, aginte karismatiko eta tradizionalaren aldean. Ideal terminoa, ordea, eredu moduan hartu behat da eta hobezin moduan, kuderaketa burokratikoaren aldezleek egin ohi duten moduan. Weberek berak burokrazia arriskuak ere aurreikusi zituen, despertsonalizazioa ekar lezakeela: burokrazia teknikoki eta arrazionalki kudeaketa modu gorena bada ere, gizatasunaren aurka jo zezakeela ohartarazi zuen. Weberen teoria gaizki ulertzearen errua kudekaeta-adituei egotzi behar zaie, bereziki 1950eko hamarkadan kudeaketa diziplina zientifiko eta akademiko moduan eratu nahian [2].

Giza Harremanen Eskola

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kudeaketa zientifikoak eta Henri Fayolen administrazio-teoriak kudeaketaren eskola klasikoa osatzen dute. Eskola klasikoaren gehiegizko arrazionaltasunak nabarmentzen zituen erregela, hierarkia eta ekonomia-pizgarrien alternatiba moduan, langileen gizatasuna eta gizarte-beharrak kontuan hartzen zituen Giza Harremanen Eskola garatu zen Estatu Batuetan 1920ko hamarkadan. Kudeaketa zientifikoak langilearen helburua bere ordainsaria maximotzea dela sinplikatzen zuen bitartean, Giza Harremanan Eskolak langileak talde batean elkartasunez lan egin eta batera helburuak lortzea bilatzen duela baieztatzen zuen. Giza Harremanen Eskola 1924 urtean hasitako Hawthorneko ikerketetatik abiarazten dela baieztatzen da. Ikerketa hauek 1933 urtera arte jarraitu zuten. Hawthorne Works Chicagoko periferian kokatzen zen Western Electric enpresako lantegi bat zen. Enpresa langileen ongizateaz bereziki arduratzen zen eta pentsioak, etekinen banaketa eta aisiako ekitaldiak eskaintzen zizkien langileei, garaiko enpresa gehienak ez bezala, paternalismo honi langileek kudeaketa zientifikoaren metodoen aurka zuten jarrera ikusirik eta beraien antolakuntza sindikalaren beldurrez ekin ziola baieztatu bada ere. Hawthorne lantegiak urteetan kudeaketa zientifikoaren metodoak jarraitu zituela ere aipatu behar da. Horren haritik, langileen lan-egoera eta motibazioa eragiten zituzten faktoreak aztertzeko Hawthorneko ikerketak agindu zituen. Ikerketa hauetan langileak zuzendaritzatik edo egitura formaletik ezarritako helburuei muzin egin eta langilearen taldean, erakunde informal batean alegia, ezartzen ziren jokabideei jarraitzen ziela frogatu zen. Lanaren kanpo kontrola eta kudeaketa areagotu zirenean, berriz, produktibitatea jeitsi egiten zela frogatu zen. Aldi berean, lanpostuko kondizio fisikoak (adibidez, argitasuna eta atseden-denborak) hain garrantzitsuak ez zirela hauteman zen. Ondorio moduan, ekoizpen-helburu bat lortzeko langilea modu kooperatibo batez bereziki lan egitea lortu behar zela ezarri zen, kudeaketa garden batez eta helburu partekatuak ezarriz[11]. Langilearekiko kezka eta sentsibilitate berri horiek, ordea, langileek Depresio Handiaren garaian egin zituzten greba eta protestek enpresa handiei eragindako galerak ekiditeko zabaldu zirela aipatu da[12]. Gerora, ordea, Gizarte Harremanen Eskolak enpresak eta erakundeak funtzio-multzo batez izateaz haraindi, sistema sozial bat osatzen dutelako ideia zabaldu eta finkatzeko balio izan du.

Eskola honetako ordezkaririk ezagunena Elton Mayo izan zen. Aurretik psikologo moduan karrera akademikoa egina bazuen ere, ospea Harvard Business School negozio-eskolara 1926 urtera sartu zenetik lortu zuen, Wallace B. Donham bertako zuzendari baten sostenguz, giza-harremanak aztertuko zituen irakasgai berri baterako irakasle moduan. 1927 urtean Hawthorne esperimentuetan parte hartzen hasi zen. Horien ondorioz, giza-harremanen hipotesia frogatutzat eman zuen, besteak beste. Laster, ondorio hauek Harvardeko ikastaroetan plazaratzen hasi zen. Hain zuzen, Harvardeko Unibertsitatea bilakatu zen Giza Harremanen Eskola egoitza nagusia hurrengo urteetan, Donhamen bultzadaz eta George F. F. Lombard eta Thomas North Whitehead irakasleekin besteak beste. 1933 urtean, Mayok The Human Problems of an Industrial Civilization (euskaraz, Zibilizazio Industrial bateko Giza Arazoak) argitaratu zuen. Bertan gizarte modernoak gizakiari bere gizarte-funtzioa eta taldearekiko elkartasuna bazterrean utziarazi diola gaitzesten zuen, besteak beste. Bere ondoan, kudeaketa-ikuspuntu beretik lan egin zuten, Fritz J. Roethlisberger psikologoak, 1974 urtera arte Harvarden lan egin zuena irakasle moduan, eta Hawthorneko William Dickson eta Harold Wright ikuskatzaileek, 1939 urtean Management and the Worker (euskaraz, Kukeaketa eta Langilea) izenburuko liburu ospetsua plazaratu zutenak. Hawthorneko beste ikertzaile bat Lawrence Joseph Henderson izan zen, nekea aztertzeko laborategia osatu zuena.

Kudeaketarako behaviorismo-teoriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza Harremanen Eskolak erakunde bat modu egokian kudeatzeko bereziki bertako kideen arteko harremanei behatu eta eragin behar zitzaiela baieztatzen zuen bitartean, urte batzuk geroago sortutako behaviorismoari buruzko kudeaketa-teoriek gizakia bere banakotasunean nabarmentzen dute: bere beharrizan eta motibazioak, erabaki-irizpideak eta orohar bere portaera (ingelesez, behavior). Dena den, Giza Harremanen Eskolaren luzapen gisa ere har daiteke. Teoria hauek 1940ko hamarkadan garatu ziren, Chester Barnard, Abraham Maslow, Douglas McGregor, Frederick Herzberg, Kurt Lewin, George Homas eta Warren Bennisen eskutik, psikologiaren eta soziologiaren kontzeptu eta teoriak bereganatuz. Hain zuzen, behaviorismo-teorien helburua izan zen kudeaketa zientzia formal bilakatzea. Lehenago, teoria hauen aintzindaria psikologia industrialaren sortzailetzat hartzen den Hugo Münsterberg izan zela baiezta daiteke, kudeaketa zientifikoaren baitan, gizakiaren faktore psikologikoak nabarmendu baitzituen. Mary Parker Follett ere teoria hauen aitzindaritzat jotzen da.

Behaviorismo-teorietan, langilearen poztasuna eta betetasuna jotzen dira langilearen produktibitatearen faktore nagusitzat. Horrela, langilea enpresan eta lantegian pozik egon dadin neurriak hartu dira behar dira, beharrizan ekonomikoak aseta, lanaren gaineko kontrola langileari emanez eta enpresako buruen arteko harreman egokiak sortuz.

Kudeaketa-korronte honi oinarri teoriko eta zientifikoa eman ziotenen artean Kurt Lewin eta Abraham Maslow izan ziren. Lewin alemaniar psikologoak talde-dinamika aztertu zuen; Maslow, bere aldetik, psikologiaren ikuspuntu berria baliatu zuen, Psikologia Humanistikoa deitu izan dena, pertsonaren hazkunde positiboa nabarmentzen zuena[13]. Behaviorismoan oinarritutako kudeaketaren bilakaeran garrantzi handia izan zuen Maslow piramideak, pertsonak euren oinarrizko beharrak asetu ondoren, bestelako beharrizanak (autoerrealizazioa, kasu) bilatzen dituztela adierazten duena. Ekarpen teoriko guztiak bateratu eta kudeaketa-ikuspuntu bat garatu zuena Douglas McGregor izan zen. Ezaguna da bereziki plzaratu zituen X eta Y teoriak, langileen portaerari egokituz zuzendariek eskura dituzten bi kudeaketa-metodo: bata autoritarioa, X teoria osatzen duena, eta parte hartzailea bestea, Y teoria alegia. 1950 eta 1960ko hamarkadetan, negozio-eskolak eta kudeaketa-aholkularie giza eta gizarteko faktoreak behar bezlaa kudeatzeko teknikak haratu zituzten korronte horren baitan. Beste kudeaketa-adituek behaviorismoaren bidea jorratzen jarraitu dute: Paul Herseyk eta Ken Blanchardek lidergo situazionalaren teoria plazaratu zuten, kudekaeta estilo hoberenik ez dagoela baieztatu eta une eta tokiko egoerara moldatu beharra nabarmentzen duena. William Ouchik Z teoria eratu zuen 1982 urtean McGregoren teorien haritik. Egun ere, enpresek zuzendarien eta langileen prestakuntzan osatzen dituzten programa gehienak McGregorek proposatutako Y teorian oinarritzen dira[13].

Erabaki-teoriaren ekarpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabaki-teoria Bigarren Mundu Gerraren ondoren garatu zen batik bat, John von Neumann eta Oskar Morgenstersn matematikariek sistematikoki garatututako joko-teorian oinarriturik, zeina gatazka-egoeretan hartu beharreko erabakiak aztertzen dituen, eta arrisku eta ziurgabetasunezko egoeretan erabakiak aztertu zituen Leonard Jimmie Savageren eskutik, besteak beste minimax irizpidea finkatuz. Aurretik, Frank Plumpton Ramsey matematikariak baliagarritasun kontzeptua, Jeremy Benthamek bi mende lehenago sortu zuena, eta probabilitate subjektiboa aztertu zituen portaera ekonomikoa azaldu nahian, mozkinen maximotzeaz haraindi. Erabaki-teoria bi ikuspuntutatik aztertu izan da: ikuspuntu deskribatzaile batetik, erabakiak praktikan nola hartzen diren aztertzen du; baina ikuspuntu normatibo edo arautzaile batetik ere aztertzen ditu, erabakiak arrazionaltasunez nola hartu beharko liratekeen aztertuz. Ildo horretatik, 1950eko hamarkadan erabaki-teoria kudeaketara zabaldu zuen Herbert Simon ekonomialari eta psikologoak kudeatzaileek arrazionaltasun mugatuaz jokatzen zutela baieztatu zuen, eredu matematikoen erabateko arrazionaltasunaren hipotesia kolokan jarriz. Aldi berean, mozkinak maximotu ordez, ezarritako helburuak asetu soilik egiten duten erabaki-ereduak eta, helburu bakar batez gainera, helburu anitz kontuan hartzen dituen tresnak ere garatu dira[14]. XX. mendeko azken hamarkadetan erabaki-teoria matematikoak izan dituen aurrerapenak informatikarekin garapenari esker aplikatu ahal izan dira, erabakietarako tresnak eratuz, decision support systems direlakoak hain zuzen, kasu bakoitzean eskura dagoen informazioa bilduz erabaki hobezina ematen dutenak. Edonola ere, erabaki-teoriak kudeaketa-korronte bat sortu baino, kudeaketarako euskarri matematiko moduan baliatu da geroztik garatu diren kudeaketa-tresnetan, hala nola SWOT analisia eta Harry Markowitzen kartera-analisia[15].

Erabaki-teoriarekin batera garatu zen ikerketa operatiboa ere, erabakiak hartzeko modelizazioa eta optimizazio-problemak ebatzen dituena. Horren baitan, ilara-teoria, PERT, CPM, inbentarioen kudeaketa eta kalitate-kontrola kokatzen dira besteak beste, erabakiak hartzeko lagungarri direnak.

Korronte neoklasikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950eko hamarkadan, Gerra Hotzaren garaian, kudeaketa aplikazio zabaleko diziplina eta jakintza-arlo akademiko moduan indartu ahala, horren emaitza praktikoei begiratu beharra zegoen, kapitalismoa sistema gorena zela frogatzearren. Giro horretan, efizientzia helburu nagusitzat hartu eta helburuen araberako kudeaketa zabaltzen hasi zen, bereziki Peter Drucker kudeaketa adituaren eskutik. Henry Fayolek proposaturiko printzipioak ere berreskuratu ziren, egun ere kudeaketan hain zabaldurik dagoen planifikazio-antolakuntza-zuzendaritza-kontrola zikloa zabalduz. Baina kudeaketaren eskola klasikoak, taylorismoak eta fayolismoak alegia, lan fisikoa eta lan kognitiboa nabarmen bereizten zituen bitartean, langilea makinatzat hartuz[16], korronte neoklasikoak erakundeko kideen ezaguerak erakundearen mesedetara jarri behar direla aldeztu eta kutsu demokratiko eta parte hartzailea sustatuko zituen erakundeetan. Helburu globalak ezartzeaz gainera, saileko helburuen finkapena, saileko helburuen arteko koordinazioa, staff lerroen indartzea eta neurketa eta kontrola zorroztea izango ziren kudeaketaren korronte neoklasikoaren ardatz nagusiak. Korronte honen baitan, Harold Koontz, Cyril J. O'Donnell eta Agustín Reyes Ponce kudeaketa-adituak ere barneratzen dira korronte neoklasikoan, egun ere negozio-eskoletan irakasten den kudeaketaren paradigmaren osagai nagusienetakoa dena.

Sistemen teoria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Korronte neoklasikoak Giza Harremanen Eskolak eta behaviorismoak eginiko ekarpenak printzipio klasikoetara (lanaren efizientzia, egitura, kontrola) egokitzen dituen bitartean, Chester Barnardek zabaldu zuen sistema ikuspuntutik erakundea modu integratuan aztertzen zen. Barnardek 1938 urtean idatziriko The Functions of the Executive liburuan, erakundeetan kooperazioak duen garrantzia nabarmendu zuen. Gatazkaren existentzia aitortu eta agintearen, lidergoaren eta komunikazioaren garrantzia ere baieztatu zituen.

Erakundeak bertakoa kideen ekarpen eta beharrizanen asetasunaren orekaz funtzionatzen zuela baieztatu zuen. Aldi berean, langileek onartzen duten aginteaz soilik baliatu behar dela adierazi zuen, goitik inposatutako agintea baztertuz. Talde informalen garrantzia nabarmendu zuen komunikazioa bideratu eta kohesioa sortzeko. Horrela, kudeatzaileen funtzioak bereziki helburuak erakundeko kideen motibazioaren alde planteatu, komunikazio egokia sustatu eta kideen asetasuna ziurtatzea direla adierazi zuen[17].

Kontingentzia-teoriak: kudeaketa estrategikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950eko hamarkadara arte nagusitu ziren kudeaketa-korronteak ekoizpenarekin eta, ondoren marketinarekin lotuak izan ziren. Gerora, teknologia-aldaketa azkarrek ingurunearen garrantzia nabaritu eta aurreikuspena eta aldaketara egokitu beharra nabarmentzen zituzten ikuspuntuak garatu ziren, kontigentzia-teoriak deitu izan direnak. Ildo horretatik, kudeaketa estrategiko kontzeptua sortu zen, inguruneaz gainera erakundeko kide eta zuzendarien portaera, ezagutza eta beste alderdiak ere integratzen dituena. Ikuspuntu hauen ordezkari nagusi bat Igor Ansoff da[18]. Bereziki goi-zuzendaritzari dagokion zeregina izaten da, enpresaren erabaki nagusiekin loturik eta ez du ezartzen kudeaketa-eredu jakinik, zuzendariei baitagokie helburu eta ingurune bakoitzeko zein dira hartu beharreko erabaki zuzenak. Era berean, beste kudekaeta-korronteetatik ere ekarpenak hartzen ditu: adibidez, teoria situazionala behaviorismoaren baitan sortu bazen ere ere, kontingentziaren korrontean ere bil daiteke.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Parker, Lee D.; Ritson, Philip. (2005). «Fads, stereotypes and management gurus: Fayol and Follett today» Management Decision.[Betiko hautsitako esteka].
  2. a b (Ingelesez) Cummings, Stephen; Bridgman, Todd. (2011). The Relevant Past: Why the History of Management Should Be Critical for Our Future. ..
  3. (Ingelesez) Godelier, Eric. (2009). «History, a Useful “Science” for Management? From Polemics to Controversies» Enterprise & Society.[Betiko hautsitako esteka].
  4. (Ingelesez) Pindur, Wolfgang; Rogers, Sandra E.; Suk Kim, Pan. (1995). «The history of management: a global perspective» Journal of Management History.[Betiko hautsitako esteka].
  5. (Ingelesez) Guillén, Mauro F.. (1994). Models of management: work, authority, and organization in a comparative perspective. , 40-45 or..
  6. (Ingelesez) Guillén, Mauro F.. (1994). op. cit.. , 49 or..
  7. (Ingelesez) Aitken, H.G.J.. (1985). Scientific Management in Action: Taylorism at Watertown Arsenal, 1908-1915. 29 or..
  8. (Ingelesez) «Pioneers of management» Encyclopedia of Management (www.enotes.com webgunea)..
  9. (Ingelesez) Beissinger, Mark R.. (1988). Scientific management, socialist discipline, and Soviet power. ..
  10. (Ingelesez) Barker, Chris. (2008). Cultural studies: theory and practice. , 189 or...
  11. (Ingelesez) Ghuman, Karminder. (2010). Management: Concepts, Practice & Cases. , 143 or..
  12. (Ingelesez) Sahni, Pardeep. (2010). Administrative Theory. , 296 or..
  13. a b (Ingelesez) Lerner, Arthur. (2006). «McGregor's legacy: thoughts on what he left, what transpired, and what remains to pursue» Journal of Management History.[Betiko hautsitako esteka].
  14. (Ingelesez) Simon, Herbert A.. (1959). Theories of Decision-Making in Economics and Behavioral Science. ..
  15. (Ingelesez) Buchanan, Leigh; O’Connell, Andrew. (2006). A Brief History of Decision Making. ..
  16. Darceles, Maite. (2009). Eraldaketarako gidalerroak. , 29 or..[Betiko hautsitako esteka]
  17. (Ingelesez) Ghuman, Karminder. (2010). Management: Concepts, Practice & Cases. , 150-152 or..
  18. (Ingelesez) Moussetis, Robert. (2011). «Ansoff revisited: How Ansoff interfaces with both the planning and learning schools of thought in strategy» Journal of Management History Volume.[Betiko hautsitako esteka].