Konkordia Samoilova
Konkordia Samoilova | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Конкордия Николаевна Громова |
Jaiotza | Irkutsk, 1876 |
Herrialdea | Errusiar Inperioa |
Heriotza | Astrakhan, 1921eko ekainaren 2a (44/45 urte) |
Hobiratze lekua | Astrakhan |
Heriotza modua | berezko heriotza: kolera |
Hezkuntza | |
Heziketa | Bestuzhev Courses (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | kazetaria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista |
Konkordia Nikolaievna Samoilova[1] (errusieraz: Конко́рдия Никола́евна Само́йлова; neskazahar izena, Gromova, Грóмова; Irkutsk, 1876 – Astrakhan, 1921eko ekainaren 2a) errusiar militante boltxebikea izan zen[2].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen aldiz, 1901ean atxilotu zuten, eta hiru urtetako kartzela-zigorrarekin zigortu zuten. 1902an, Parisera egin zuen ihes, erbesteko zirkulu marxistekin bat eginez. 1903an, boltxebikeekin lerratu eta Errusiara itzuli zen, Tver eskualdera eta hango komite boltxebikea eratu zuen. Ordutik, 1917 urtera arte beste lau aldiz atxilotu zuten eta berak bere bizilekua askotan aldatu behar izan zuen[2].
1907an, Langileen Alderdi Sozialdemokrataren V. Biltzar Nagusirako ordezkari aukeratu zuten, eta 1909an, alderdiaren Petrogradeko Komiteko kide izan zen. Petrogradeko sindikalgintzan, batez ere, ehungintza langileen artean nabarmendu zen, hizlari bikaina izatearen ospea baitzuen. 1912an, boltxebikeen Pravda egunkariaren sortzaileetako bat izan zen[2].
1913ko otsailaren 23an, Errusian lehen aldiz Emakumeen Nazioarteko Eguna publikoki ospatzeko mitina berak antolatu zuen (orduko errusiar egutegia 13 egun atzerago zebilen, beraz, beste herrialdeetan martxoaren 8a zena, Errusian otsailaren 23a zen); ospakizun hori emakume langileei zuzendutako mitin bat izan zen eta mitinak arrakasta handia izan zuen[2].
1914tik aurrera, Rabotnitsa (“Emakume Langilea”) egunkaria ateratzen lagundu zuenetako bat izan zen. Aldizkari hori 1914ko otsailaren 23an, – atera zen, baina ekainean Gobernuak itxi egin zuen. 1917an berriz atera zen, eta Samoilova ere aldizkariaren edizio-taldean egon zen[2].
Urriko Iraultzaren ostean, Alderdi Boltxebikeak hezkuntza politikorako departamendura bidali zuen Samoilova. 1917an, Petrogradeko Emakume Langileen Lehen Biltzar Nagusia antolatu zuen. Kommunistka (“Emakume Komunista”) eta Krasnaia Zvezda (“Izar Gorria”) aldizkarientzat lan egin zuen. 1918an, Errusia Osoko Emakume Langileen Lehen Biltzar Nagusiaren antolatzaileetako bat izan zen. 1919an, Zhetnotdel erakundearen (boltxebikeen genero-askapenerako erakundea) Ukrainarako buru izan zen. 1921an hil zen, kolera-gaixotasunak jota[2].
Bitxikariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hain boltxebike sutsua zen, ezen bere ezizentzat “Nataxa Bolxevikova” hartu baitzuen[2].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 156. arauaː Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema (errusiera, bielorrusiera, ukrainera eta bulgariera). .
- ↑ a b c d e f g Samoilova, Konkordija, K17 2017-07-28. CC0 Domeinu Publikoa