Edukira joan

Kellseko liburua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Liburuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kells».
Kellseko liburua
Apaindura eta irudiz beteriko San Joanen Ebanjelioko sarreraren testua duen orrialdea (292. orria).
Datuak
Idazlea (K.o. 800. urtea.)
Argitaratze-dataVIII. mendea
GeneroaErlijioa
Jatorrizko izenburuaBook of Kells
Leabhar Cheanannais
HerrialdeaEskozia eta Irlanda.
Dublingo Trinity College unibertsitateko liburutegian gordetzen da.
Orrialdeak340 orr.
FormatuaEskuizkribua
Euskaraz
IzenburuaKellseko liburua

Kellseko liburua (ingelesez Book of Kells, eta irlanderaz Leabhar Cheanannais; batzutan Kolunbaren Liburua ere deitua), San Kolunbaren Ebanjelario Handia bezala ere ezaguna bada, K.o. 800. urtean zeltiar fraideek irudi apaingarrez ilustratu eta idatziriko eskuizkribu bat da. Irlandar kristautasuna eta arte irlandar-saxoiren pieza nagusia da, nahiz eta amaitzeke egon, Erdi Aroari biziraun dion eskuizkribu argiztatu baliotsuenetakoa da. Bere edertasun handia eta bukaeraren teknika bikaina dela eta, aditu askoren ustez erdi aroko arte erlijiosoaren aztarna garrantzitsuenetakoa da. Latineraz idatzirik dago, Kellseko liburuak Testamentu Berriaren lau ebangelioak ditu, baita aurre-oharrak eta azalpen oharrak, edota irudi eta koloredun miniatura ugari ere. Gaur egun eskuizkribu hau MS 58 erreferentziaz Irlandako Errepublikako hiriburua den Dublingo Trinity College unibertsitateko liburutegian ikusgai dago.

29. orriak Liber generationis deituriko San Mateoren Ebanjelioaren incipit delakoa du. Irudi hau Lindisfarneko Ebanjelioetako honako) irudi honekin parekatu liteke (ikus, bereziki Lib monogramaren itxura.
Ionako abadetxea.

Kellseko liburua VI. mendearen amaiera eta IX. mendearen hasiera artean Irlanda, Eskozia eta Ingalaterrako iparraldeko monasterioetan burututako eskuizkribu multzo batetako ordezkari bikainena da. Eskuizkribu multzo hortan VII. mendean idatzitako San Kolonbaren Cathach, Ambrosiana Orosius edota Durrowko Liburua daude. VIII. mendearen hasieran Durhameko Ebanjelikoak, Echternacheko Ebanjelioak, Lindisfarneko Ebanjelioak eta Lichfieldeko Ebanjelioak daude. Ikuspuntu artistikotik begiratu ezkero eskuizkribu guzti hauek euren arteko parekidetasunak dituzte, eta honek multzo berdinean sailkatzea ahalbideratu ditu. Kolorazioetan lortutako estilo bikainak Kellseko liburua multzo honetako idazlan berantiarretan kokatzen du, gutxi gorabehera VII. mendearen amaiera eta IX. mendearen hasiera aldera, hortaz, Armagheko Liburua idatzi zeneko garai berdinean. Idazlanak aitzinako idazki hauetan egon ohi diren ikonografia eta estilizazio arau gehienak aintzat hartzen ditu: adibidez, garai honetan Britainiar Uharteetan osatutako eskuizkribu guztietan agertzen diren lau Ebanjelioetako bakoitzaren hasierako hizkien apaindura mota modu harrigarrian oso erregularrak dira. Honetaz ohartzeko, Lindisfarneko Ebanjelioetako San Mateoren Ebanjelioaren hasierako orrialdeak irakurtzea eta Kellseko liburuan agertzen direnekin parekatzea besterik ez dago.

Kellseko liburuaren izenaren jatorria Irlandako Meatheko konderrian dagoen Kells udalerrian kokatzen den Kellseko abadetxean datza. Eskuizkribua abadetxe honetan Erdi Aroko denboraldi luze batean gordeta egon zen. Abadetxe hau IX. mendean sortua izan zen, hain zuzen ere, bikingoen inbasioen garaian. Eskuizkribua idatzi zuten fraideak berriz, Eskoziako mendebaldeko kostaldean dagoen Hebridak uhartediko Iona uharteko monasteriokoak ziren. Iona uhartea eskualde honetako fraide komunitate baten bizilekua zen, VI. mendean Eskoziako ebanjelari handia izan zen San Kolunbak bere ebanjelio edo misio lanak zabaltzeko egoitza nagusia izendatu baitzuen. Bikingoen erasoaldien areagotzeak Iona uhartea arriskutsuegia bilakatu zuten, ondorioz bertako fraide gehienak Irlandako Kells udalerrira lekualdatu eta leku hau San Kolunak sortutako komunitateen egoitza berria bihurtu zen.

Eskuizkribua idatzi zen leku eta data zehatzaren zehaztapena eztabaida askoren helburua izan da. Usadioaren arabera, liburua San Kolunbaren garaian idatzia izango zen, beharbada santuak berak ere idatzia legoke. Halere, paleografia ikerketak hipotesi hau gezurtatu dute, Kellseko Liburuan agertzen den kaligrafia estiloa Sam Kolunbaren heriotzaren ondoren garatu baitzen.

Eskuizkribuaren geografia jatorriaren inguruko gutxienez bost teoria badaude. Lehenbizikoaren arabera, liburua Ionan idatzi eta larrialdi batean Kellsera lekualdatua legoke, honek inoiz amaitua ez izana azalduko luke. Aldiz, Ionan idatzia hasi eta Kellsen idazten jarraitu aurretik arrazoi jakin batengatik idazketa etena izatea ere baliteke. Beste ikerlari batzuen arabera, eskuizkribua Kellseko scriptoriumean osoki idatzia legoke. Laugarren hipotesiaren arabera, idazlan hau Ingalaterrako iparraldean idatzia legoke, eta gerora Iona eta ondoren Kellsera lekualdatua izango litzateke. Azkenik, bosgarren hipotesiaren arabera, Kellseko Liburua Eskozian zehaztugabeko monasterio batean idatzia legoke. Nahiz eta eztabaida hau ziurrenik inoiz argituko ez den, Kells eta Ionako jatorri bikoitzean oinarritutako teoria hori izan ohi da denetan onartuena. Bestalde, hipotesis zuzena zehaztetik harago, Kellseko Liburua San Kolonbaren komunitateetako fraideek idatzia dagoela irmoki ezarrita dago, gainera fraide hauek Ionako abadetxearekin harreman estuak lituzkete.

Liburu hau idatzia izan zen lekua edozein izanda ere, historialari askorentzat XII. mendean, eta askorentzat baita XI. mendearen hasieran ere, liburu hau jada Kellseko abadetxean legoke. 1006. urte inguruan idatzitako Ulstergo Historiak idazlanak ohartzen duenez, « Columcillen [San Kolonba] Ebanjelio handia, mendebaldeko munduko erlikia nagusia zena, bera gordetzen zuen kutxatila ederra zela eta, gauez Cenannas [Kells] harrizko eliza handitiko sakristiatik oldarki ostuta izan zen ». Eskuizkribuak hilabete batzuk beranduago «lur pila baten azpian» aurkitu zuten. Orokorrean egin ohi denez, eskuizkribu hura Kellseko liburua zela onartzen baldin bada, idazlan hau Kellseko abadetxean finkatu litekeen lehenbiziko data litzateke.

Bera gordetzen zuen kutxatilaren erauzketa bortitza idazlan honetako lehenbiziko eta azkeneko orrialde batzuen galera azalduko luke.

27. orrialdeak ebanjelioaren lau ikurrak dauzka.

XII. mendean Kellseko abadetxearen lur jabetzaren inguruko zenbait agiri Kellseko liburuaren hainbat orrialde zuritan kopiatu ziren, eta horrek liburu hau Kellseko abadetxean izan zela berriz egiaztatzen du. Erdi Aroan zegoen paper eskasia zela eta, Kellseko liburua bezalako idazlan garrantzitsuetan burutu ohi ziren agiriek kopiatzeak oso ohikoak izaten ziren.

XII. mendeko Giraldus Cambrensis (Gerard Galestarra) idazleak, bere Topographia Hibernica idazlaneko pasarte batean dioenez, Kells udalerritik hurbil dagoen Kildare udalerrian ebanjelio liburu handi bat miretsi omen zuen, hau Kellseko liburua zela suposatu ohi da. Dena dela, deskribapenak bat egiten duela dirudi:

« Liburu honek Jeronimok bilatu nahi izan zituen lau ebanjelarien armonia dauka, ia orrialde bakoitzeko hainbat kolorez nabarmentzen diren irudiak dituelarik. Hemen jainkozko eran marraztutako maiestatearen aurpegia ikus dezakezue, hemen ebanjelarien ikur mistikoak, bakoitzak bere hegalak dituelarik, batzuetan sei, bestetan lau edo bi; hemen arranoa, han zezena, han gizasemea eta harago leoia, eta denak itxura ia infinitoan daude. Begirada arrunt batekin gainetik ikus itzazue, eta zirriborro batzuk besterik ez direla pentsatuko duzue, eta ez lan arduratsu bat. Trebetasun dotoreena zeuon inguruan dago, baina hartaz ohartu ez ezina gertatu ahal liteke. Arreta handiagoaz so egin ezazue eta artea beraren bihotzean barneratuko zarete. Hain konplexutasun fin eta sotilak bereizi itzazue, kolore fresko eta biziekin, guzti hau gizonaren lana ez, eta aingeru batena dela irudituko zaizue. »

Gerardek liburu hau Kildare udalerrian ikusi zuela berri ematen duenez, gaur egun galduta dagoen eta kalitatearen aldetik Kellseko liburuaren parekoa den idazlan bat izatea ere baliteke. Halere, ziurrenik, Gerardek Kells eta Kildare udalerriak nahastu izana ere baliteke.

Kellseko abadetxea XII. mendeko Eliza Katolikoaren eraldaketen ondoren desegina izan zen. Abadetxeko eliza udalerriko eliza bilakatu zen, halere luzaroan liburuaren gordelekua izan zen.

1654. urtera arte liburua Kells udalerrian gordeta egon zen. Urte hartan, Oliver Cromwellen zalduneria herriko elizan ezarri zen, eta udalerriko agintariak segurtasun gehiagorako agiria Dublin hiriburura bidali zuen. 1661ean, Henry Jones delako batek, liburua Trinity Collegeko unibertsitarioei aurkeztua zien, gerora Karlos II.a Ingalaterrakoaren erregealdian Jones Meath konderriko artzapezpikua bihurtu zen. Denboraldi baterako erakustaldi batzuk kendurik, Kellseko liburua ez da inoiz Trinity College unibertsitatetik atera izan. XIX. mendea ezkero unibertsitate hartako Liburutegi Zaharrean (Old Library) jendaurreko behin behineko erakustaldian ikusgai dago.

XVI. mendean aldiz, aurretik XIII. mendean Canterburyko Artzapezpikuak zen Stephen Langtonek ofizialki finkatu zituen Ebanjelioen zenbakiak jada ezarrita zegoen erromatar zenbakerari gehitu zitzaizkion. 1622an Meatheko Artzapezpikua zen James Ussherek orrialdeak zenbakitu zituen. 1849an, la Viktoria I.a Erresuma Batukoa erregina eta Alberto Saxonia-Coburgo-Gothakoa printzea liburuan sinatzera gonbidatuak izan ziren: berez, gerora liburuari gehitu zitzaion orrialde batean sinatu zuten, garai hartan orrialde hau benetakoa zela uste zen. Azken orrialde hau 1953ko koadernaketatatik kendua izan zen.

Mendeetan zehar eskuizkribua hainbat alditan berriz koadernatua izan da. Aldi hauetako batean, XVIII. mendean, orrialdeak inongo ardurarik gabe moztuak izan ziren, eta horrek zenbait irudien galera ekarri zuen. 1895an azaleztapen berri bat burutu zen, baina oso azkar hondatu zen. 1920ko hamarkadaren amaiera aldera, hainbat orrialde solte kontserbatzen ziren. Azkenik, 1953an, Roger Powellek idazlana lau bildumetan berrenkuadernatu zuen, halaber aurretik desitxuratuta zeuden hainbat orrialde kontu handiz leundu zituen.

2000. urtean, Markoren Ebanjelioa daukan bilduma Australiako Canberra hirira igorria izan zen, han eskuizkribu argiztatuei buruzko erakustaldi batean erakusgai egoteko. Liburua erakusgai egoteko atzerrira bidaiatu zuen laugarren aldia izan zen. Zoritxarrez, bidaian zehar, bildumak bere pigmentazioan « akats nimiño » batzuk jasan zituen. Dirudienez, hegazkinaren motorren dardaren eraginez sortuak izan ziren.

Erreprodukzioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1990eko erreprodukzioaren 183. orrialdea: Erat autem hora tercia (hirugarren ordua zen).

1951an Urs Graf-Verlag Bern suitzar argitaletxeak Kellseko liburuaren erreprodukzio bat gauzatu zuen. Orrialde gehienak zuri beltzezko argazkien bidez berregin ziren, eta hauetako berrogeita zortzi kolorez inprimatu ziren (orrialde osoan apaindurak zituztenak).

1979ean Éditions Facsimilé Lucerne ([1]) suitzar argitaletxeak dena koloreztatutako erreprodukzio bat burutzeko baimena eskatu zuen. Hasiera batean Trinity College unibertsitateko arduradunek eskaintzeri uko egin zioten, eragiketa honek eskuizkribua kaltetuko zuenaren beldurrez baitziren. 1986an, orrialdeak ukitu gabe orrialdea zintzilikatu eta hauei argazkiak ateratzea ahalbideratzen zuen azpirazio gailu bati esker, azkenik argitaletxeak baiezkoa lortu zuen. Orrialde bakoitzari argazkia egin ondoren, jatorrizkoarekin kontu handiz parekatzeko asmoz kopia bat prestatu zen, honela beharrezko aldaketak egiteko. 1990ean erreprodukzioa bi bildumetan argitaratua izan zen: batetik erreprodukzioa bera eta bestetik adituek idatzitako liburuki bat. Bestalde, antzina monasterioa kokatzen zen Kellseko elizan ere liburu honen erreprodukzio baten gordelekua da. Era berean, orrialde guztiak eskaneatuak nahiz beste hainbat argibide dituen CD-ROM bertsio bat ere badago.

Kellsen liburuak kristautasuna osatzen duten lau Ebanjelioak ditu, eta aurretik hitzaurre, laburpen eta zenbait pasarteen trantsizioak ere baditu.

Dublin hiriko Trinity College unibertsitateko Old Library edo Liburutegi Zaharra, gaur egun Kellseko liburua bertan gordeta dago.

Jatorriz, Kellseko liburuak eliz jarduetarako eta ez heziketarako asmoz burutu zen. Ebanjelario hain handi eta luxuzko bat eliza baten irakur mahai nagusian batean gordeta egon eta soilik mezetan zehar Ebanjelioaren pasarteak irakurtzeko erabili beharko litzateke. Halere, meza emango lukeen apaizak eskuizkribua benetan ez irakurtzea ere gerta liteke, aldiz, buruz aipatuko luke. Honi dagokionez, Ulstego Historiak idazlanak aipatzen duen XI. mendeko lapurreta azpimarragarria da, lapurreta hau sakristian jazo baitzen, leku hau eliz jardueretan erabiltzen ziren edalontzi eta bestelako tresnen gordelekua baitzen, aldiz ez da normalki liburu bat gordeta egongo litzatekeen abadetxeko liburutegia aipatzen. Liburuaren osaketak berak arrazoi honi indar ematen dio, liburua objektu eder baino praktikotasun gutxikoa baita. Bestalde, testuak zuzendu gabeko akats ugari ditu, baita edukiaren zehaztasun eskasaren testigantza ematen duten beste zenbait zantzu ere: maiz tarte libre handietan goitik eta behetik lerro handiegiak elkarren jarraian topatzen dira, eta taula kanonikoak erabiltzeko beharrezkoak diren kapituluen zenbakiak ez dira txertatu. Orokorrean orrialdeen edertasun formala narrastuko lukeen gauzarik ez da egin: arrazoi estetikoa erabilpenaren gainetik ezarri da.

  • Bernard Meehan, Le Livre de Kells, Thames & Hudson, 1995, ISBN 2878110900
  • René Fédou, Lexique historique du Moyen Âge, Armand Collin, 1999, ISBN 220021622X
  • Peter Harbinson, L'art médiéval en Irlande, Zodiaque, 1998, ISBN 2736902440
  • Francoise Henry, L'art irlandais, vol. 2, Zodiaque, 1991, ISBN 2736900707
  • Livre de Kells, Faksimile Verlag Luzern, Lucerna, 1990, ISBN 3856720316
  • Calkins, Robert G. Illuminated Books of the Middle Ages. Ithaca, New York: Cornell University Press, 1983, ISBN 0500233756
  • Henderson, George.From Durrow to Kells : the Insular Gospel-books, 650-800. New York: Thames and Hudson, 1987, ISBN 0500234744
  • Henry, Francoise. The Book of Kells. New York: Alfred A Knopf, 1974, ISBN 050023213X

Beste irakurgaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Alexander, J. G. G. Insular Manuscripts: Sixth to Ninth Century. London: Harvey Miller, 1978
  • Alton, E. H. and P. Meyer Enageliorum quattor Codex Cenannensi. 3 vols. Bern: Urs Graf Verlag, 1959-1951.
  • Brown, T. J. "Northumbria and the Book of Kells". Anglo-Saxon England I (1972): 219-246.
  • Friend, A. M., Jr. "The Canon Tables of the Book of Kells". In Mediæval Studies in Memory of A. Kingsley Porter, ed. W. R. K. Koehler. Vol. 2, pp. 611-641. Cambridge, Mass.: Harvard University Press, 1939.
  • Hopkins-James, Lemur J. The Celtic Gospels, Their Story and Their Texts. London: Oxford University Press, 1934.
  • Lewis, Susanne. "Sacred Calligraphy: The Chi Rho Page in the Book of Kells" Traditio 36 (1980): 139-159.
  • McGurk, P. "Two Notes on the Book of Kells and Its Relation to Other Insular Gospel Books" Scriptorium 9 (1955): 105-107.
  • Mussetter, Sally . "An Animal Miniature on the Monogram Page of the Book of Kells" Mediaevalia 3 (1977): 119-120.
  • Nordenfalk, Carl "Another Look at the Book of Kells" In Festschrift Wolgang Braunfels, pp. 275-279. Tubingen: Wasmuth, 1977.
  • Nordenfalk, Carl, Celtic and Anglo-Saxon Painting: Book Illumination in the British Isles 600-800. New York: George Braziller, 1977.
  • Powell, Roger. "The Book of Kells, the Book of Durrow, Comments on the Vellum and the Make-up and Other Aspects" Scriptorum 10 (1956), 12-21.
  • Sweeney, James J. Irish Illuminated Manuscripts of the Early Christian Period. New York: New American Library, 1965.
  • Werner, Martin "The Madonna and Child Miniatures in the Book of Kells". Art Bulletin 54 (1972): 1-23, 129-139.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]