Kantauriar sugegorri
Kantauriar sugegorri | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Reptilia |
Ordena | Squamata |
Familia | Viperidae |
Generoa | Vipera |
Espeziea | Vipera seoanei Lataste, 1879 |
Banaketa mapa | |
<Kantauriar sugegorria (Vipera seoanei) Kantauriko itsasertzean topatzen den endemismo bat da, Euskal Herria barne.[1] Mendebaldeko Pirinioen zati txiki batean, alde kantauriarrean eta Iberiako ipar-sartaldean zehar hedatzen da. Vipera berus Europar sugegorria eta Vipera aspis Pirinioetako sugegorriaren bitarteko ezaugarriak ditu.
Itxura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]60 cm-rainoko luzera buztana barne. Emeak arrak baino handiagoak izan daitezke. Sugegorri honen gorputza lodia da, bere buruak, ondo zehaztua, hiruki era du. Muturra biribildua izateagatik eta gorantz zuzenduta ez egoteagatik, bereiz daiteke. Begi-niniak zutika ditu eta ez du betazalik. Bere bizkar ezkatak karenatuak ditu. Bizkar hezurrean zigi-zaga egiten duen lerro ilun bat izaten dute.
Margoak asko aldatzen dira sexuaren arabera. Arrak zuri eta urdinabarrak, beltz marka bortitzekin. Emeak berriz, arre kolorezkoak edo gorrixkak izaten dira. Sabela urdinabarra edo beltza izaten da; batzuetan orban zuriekin. Buztana horia, laranja eta azpitik gorria . Badaude oso ilunak, ia beltzak, diren ale batzuk.
Ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere bizilekua zabala da: belar-soro, txilardi, otadi, sastrakadi, baso ireki eta oro har, landaretza ugariko inguruetan. Atsegin dituen beste tokiak , hesiak, baso-ertzak, mendiko bideen ezpondak eta nekazarien eraikuntzetako harresiak izaten dira. Oso ehiztari trebea da harrapakinak harrapatzen. Haien artean ugaztun txiki, sugandila, musker eta txoritxoak daude. Harrapakinak Jacobsonen organoari esker eta mingaina mugituz hautematen ditu. Organo horrek usaimenaren antzeko eginkizuna betetzen du eta mingainaren bidez jasotako estimulu kimikoak aztertzen ditu. Ehizakiak hiltzeko sugegorriak dituen letaginak erabiltzen ditu. Letagin hauek zulatuak eta mugikorrak dira. Ausikitzerakoan pozoia zuzenean harrapakinari sartzen dio. Gero, pozoiak bere lana egin arte, itxaroten du eta ondoren, mingaina erabiliz ehizakiaren arrastoari jarraitzen dio. Aurkitzen duenean, burutik hasita, ehizakia oso-osorik irensten du.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udaberrian ugaltzen dira. Sugegorriak barnerruleak (obobibiparoa) dira. Arrautzak amaren barruan txitatzen dira erditzeko unea iritsi arte. Ernaldia azkarrago eman dadin, bero-bero egoteko, emea eguzkitan jartzen da. 4-8 kumeak uztaila-abuztutik aurrera jaiotzen dira, eta 16-17 cm-ko luzera besterik ez izan arren, pozoia dute eta berehala hasten dira sugandila ehizan. 9 urte inguruko bizitza izan dezakete, baina gutxi dira adin hori lortzen duten aleak.
Pozoia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta indar handiko pozoia den bere hozkada ez da (vipera aspis aspis) ahunamendietako sugegorriarena baino arriskutsuagoa.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Euskal Herrian dauden 11 espezietatik hamar atzeman dituzte Aranzadiren 'Sugebizi' proiektuko 'sugezainek'» Berria 2021-07-16 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.