Edukira joan

Marihuana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kanabis» orritik birbideratua)
Artikulu hau droga psikoaktiboari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kalamu».
Cannabisaren landarea

Marihuana Cannabisaren lore eta hosto ihartuen nahastea da, tabako gisa errez drogatzat erabilia.[1] Senda-erabilerak ere baditu.

Farmakologiari dagokionez, psikoaktibo nagusia tetrahidrokanabinola (THC) da; THC landarearen 483 konposatuetako bat da,[2] baina beste 84 kanabinoide, tartean kanabidiol (CBD), kanabinol (CBN), tetrahidrokanabibarina (THCV),[3][4] eta kanabigerol (CBG) ere baditu.

Euskaraz marihuana zein kalamua erabili izan dira drogari buruz hitz egiteko. Azken urteotan kanabisa hitza ere erabili da. Kalamua hitza euskaraz landareari buruz hitz egiteko terminoa ere bada.

Kanabis hitza Cannabis generoaren izenetik dator. Latinezko cannabis hitzetik dator (kalamua bera izendatzeko hitza) eta hori grezierazko κάνναβις izenetik: haren jatorria eztabaidatua da, baina akadieraz 𒋆𒄣𒌦𒈾𒁍 esaten zen (qunnapu) eta beste hizkuntza batzuetan ere antzeko ordainak ditu, adibidez asirieraz ܩܢܦܐ‎ (qnpʾ), arabieraz قِنَّب‎ (qinnab), aitzingermanieraz *hanapiz eta aitzineslavieraz *konopь: agian hitza hizkuntza horietan guztietan elkarreragin kulturalaren ondorioz garatu zen.

Marihuana hitza Mexikotik dator, eta askotan esaten da María Juana izenaren laburdura dela, baina horrek herri etimologia dirudi: hitza nondik eta nola sortu den ezezaguna da[5]. Laburdura gisa, maria izena ere askotan erabiltzen, maritxu bezala. Azkenik, herri hizkeran, belar eufemismoa ere erabiltzen da, bereziki hizlaria zertaz ari den ezkutatu nahi duenean.

Droga-trafikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanabisa Cannabis sativa landaretik ateratzen den droga da. Haren erretxinarekin, hostoekin, zurtoinekin eta loreekin egiten dira gehien kontsumitzen diren legez kanpoko drogak: haxixa eta marihuana.[6] Azken urteetan, kalamu gehien kontsumitu duten lurraldeak hauek dira: Israel, AEB, Txile, Kanada eta Nigeria, besteak beste. Espainia hamargarren postuan dago, % 9,5ekin.[7] Kalamua munduan gehien erabilitako droga da: UNODCren arabera (Nazio Batuen Droga eta Krimen Bulegoa), 15 eta 64 urte bitarteko munduko biztanleen % 3,8k gutxienez behin kontsumitu zuen kalamua 2017an, hau da, 188 milioi pertsonak.[8] Kalamuaren kontsumoaren urteko prebalentzia handiagoa da Ipar Amerikan (% 13,8), Ozeanian (% 10,9) eta Mendebaldeko eta Erdialdeko Afrikan (% 10,0).[9]

Kalamua munduan gehien ekoizten den droga da. 2010- 2017 artean, eskualde guztietako 159 herrialdek kalamuaren legez kanpoko laborantzaren berri eman zioten, zuzenean edo zeharka, UNODCi. Hau da, munduko biztanleriaren % 97a. 2017an konfiskatutako kalamu belar kantitate handienak Paraguaik, AEBek eta Mexikok izan zituzten. Konfiskatutako kalamu erretxina kopuru handienak, ordea, Espainiak ditu, eta ondoren, Pakistanek eta Marokok.[9]

Kalamu-erretxinaren trafikoa kalamu-belarraren trafikoa baino askoz kontzentratuago dago geografikoki. 2017an, mundu osoan atzemandako kalamu-erretxinaren kantitate osoaren % 34 inguru Ekialde Hurbilean eta Asiako hego-mendebaldean atzeman zen, % 18 Afrika iparraldean eta % 40 Europa mendebaldean eta erdialdean. Hiru azpi-eskualde horiek 2017an mundu osoan atzemandako kalamu-erretxina guztiaren % 92 izan ziren.

Kalamu trafikoa Europan

2013-2017 aldian, kasuen ia laurdenean, Maroko aipatu zen mundu osoan konfiskatutako kalamu-erretxinaren jatorrizko herrialde nagusitzat; ondoren, Afganistan, kasuen bosten batean. Marokon ekoitzitako kalamu-erretxina Afrikako iparraldeko beste merkatu batzuetara bideratuta dago nagusiki (jatorrizko herrialde gisa agertzen zen azpi-eskualdeko herrialdeen txostenen % 83an), bai eta mendebaldeko eta erdiko Europan ere (jatorrizko herrialde gisa agertzen da % 43tan). Mendebaldeko eta Erdialdeko Europako herrialdeek atzemandako kalamu erretxinaren % 14 Afganistanen sortu zen. Europara bidaltzen den Marokon ekoitzitako kalamu-erretxina gehiena Espainiara eramaten da, eta handik kontrabandotik eskualdeko beste merkatu batzuetara. Urteetan, baita 2013-2017 aldian ere, Europako beste herrialde batzuek kalamu-erretxinaren irteera- eta igarotze-herrialde nagusi gisa identifikatu dute Espainia, Herbehereen ondoren.

Badirudi Afganistan kalamu-erretxinaren bigarren iturri garrantzitsuena dela mundu osoan, konfiskatutako kalamu-erretxinaren % 20 bertakoa izanez, eta Libano (% 6) eta Pakistan (% 6) haren atzetik. Herrialde horietako kalamu-erretxina Ekialde Hurbileko, Ekialde Ertaineko eta Asiako hego-mendebaldeko merkatuak hornitzeko erabiltzen da batez ere, baina Afganistango kalamu-erretxina Asian, Ekialdeko, Mendebaldeko eta Erdialdeko Europan ere identifikatu da. Iranek ere Afganistan kalamu-erretxina iturri nagusia dela jakinarazi zuen. Herrialdeko agintarien arabera, 2017an, kalamu erretxinaren % 90 Iranen sartu zen Pakistanen bidez, eta % 10 soilik Afganistanetik etorri zen zuzenean. 2017an, Iranetik kontrabandotik atera zen kalamu-erretxinaren % 55a Arabiar Penintsulako herrialdeetara bideratu zen, % 25 Turkiara eta Kaukasora eta % 20 barne-kontsumora bideratu zen. Libanoko kalamu-erretxina, nagusiki, Ekialde Hurbilean eta Erdialdean dago eta, neurri txikiagoan, mendebaldeko eta erdialdeko Europan.[8]

Zenbait herrialdetan kalamua aisialdiko droga gisa kontsumitzea legezkoa da edo despenalizatuta dago (betiere herrialde bakoitzak bere murrizketekin), besteak beste: Uruguain, Kanadan, AEBetako estatu batzuetan, Hegoafrikan, Portugalen, Espainian, Suitzan, Belgikan, Txekiar Errepublikan, Mexikon, Jamaikan, Holandan, Argentinan, Indiako estatu batzuetan eta Costa Rican. Beste hainbat lurraldetan, haren erabilera medizinala eta zientifikoa onartzen da, hala nola: Australian, Zeelanda Berrian, Kanadan, Txilen, Kolonbian, AEBetako zenbait estatuetan, Israelen, Mexikon, Txekiar Errepublikan, Danimarkan, Kroazian, Erresuma Batuan, Hegoafrikan…[10][11][12]

Literaturan, besteak beste, Marihuanazko bufandak aipa daiteke, Patxi Zubizarreta, Iban Zaldua eta beste hainbat egilek sinatutako ipuin bilduma.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Marihuana. .
  2. Russo, Ethan B. (2013). Cannabis and Cannabinoids: Pharmacology, Toxicology, and Therapeutic Potential. Routledge, 28 or. ISBN 978-1-136-61493-4..
  3. El-Alfy, Abir T, et al.. (2010). «Antidepressant-like effect of delta-9-tetrahydrocannabinol and other cannabinoids isolated from Cannabis sativa L» Pharmacology Biochemistry and Behavior 95 (4): 434–42.  doi:10.1016/j.pbb.2010.03.004. PMID 20332000..
  4. Fusar-Poli P, Crippa JA, Bhattacharyya S, et al.. (2009). «Distinct effects of delta-9-tetrahydrocannabinol and Cannabidiol on Neural Activation during Emotional Processing» Archives of General Psychiatry 66 (1): 95–105.  doi:10.1001/archgenpsychiatry.2008.519. PMID 19124693..
  5. Rojo, Díaz; Antonio, José. (2004). Las denominaciones del cáñamo: un problema terminológico y lexicográfico. ISSN 1134-4539. (Noiz kontsultatua: 2020-09-09).
  6. «Portal Plan Nacional sobre Drogas - Cannabis» pnsd.sanidad.gob.es (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).
  7. (Gaztelaniaz) «El consumo de drogas en el mundo - Mapas de El Orden Mundial - EOM» El Orden Mundial - EOM (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).
  8. a b https://wdr.unodc.org/wdr2019/prelaunch/WDR19_Booklet_5_CANNABIS_HALLUCINOGENS.pdf
  9. a b Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :8 izeneko erreferentziarako
  10. «¿Dónde es legal el cannabis? | Nación Cannabis» nacioncannabis.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).
  11. (Gaztelaniaz) 20minutos. (2018-07-27). «Países en los que es legal consumir marihuana» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).
  12. (Gaztelaniaz) Ruiz, Jesús. (2018-02-21). «Los 10 países en los que se puede fumar marihuana» Carácter Urbano (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]