Julien Gracq
Julien Gracq (jaiotza-izena: Louis Poirier ; Saint-Florent-le-Vieil, Maine eta Loira, 1910eko uztailaren 27a - Angers, Loirerria, 2007ko abenduaren 22a) frantses olerkari, eleberrigile, saiakera-idazle eta antzerkigilea izan zen.
Historia eta geografiako irakaslea izan zen. 1938an, Au château d´Argol (Argolko gazteluan) bere lehen eleberria argitaratu zuen, André Bretónek surrealistatzat harturiko obra. Handik urte batzuetara, Goncourt Saria eman zioten, Le rivage des Syrtes (1951, Syrtes ibai-ertza) eleberriarengatik, baina ez zuen sari hura onartu. Eleberri aipagarriak ditu, orobat, Un beau ténébreux (1945, Edertasun malenkoniatsua), Un balcon en forêt (1958, Balkoia basoan), La Presqu'île (1970, Penintsula) eta Les eaux étroites (1976, Ur estuak). Gracqen idazkera originala, sinbolikoa, metafisikoa da, formalismo orotatik aldendua; oro har, ez du konpromiso ideologikorik erakusten bere garaiarekin, eta etengabe jotzen du Erdi Arora eta erromantizismora. Prosazko bere lanak oso zorrotzak dira, aberatsak, metafora ugariz hornituak. Gracqen saiakera nagusiak: Littérature à l´estomac (1950, Literatura urdailean) literatura-sariekin bilatzen den idazleen komertzialismoa kritikatzen zuen panfletoa; André Breton, Quelques aspects de l´escrivain (1948, André Breton, idazlearen zenbait ezaugarri); Lettrines (1967); Lettrines II (1974); En lisant, en écrivant (1981, Irakurtzen, idazten); Carnets du grand chemin (1992, Bide handiko koadernoak). Harenak dira, halaber, Liberté grande (1947,Askatasun handia) prosazko olerkia, La terre habitable (1951, Bizitzeko lurra) eta Le roi pêcheur (1948,Errege arrantzalea) drama poetikoa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.