Joseph Wirth
Karl Joseph Wirth (Freiburg im Breisgau, 1879ko irailaren 6a - ibidem, 1956ko urtarrilaren 3a) alemaniar politikaria izan zen. Alemaniako kantzilerra izan zen 1921etik 1922ra.
Matematika, natur zientziak eta ekonomia ikasi zituen Freiburgeko Unibertsitatean eta irakasle aritu zen.
Zentrum alderdi katolikoko kidea izan zen eta 1914an Reichstageko kide hautatu zuten. Lehen Mundu Gerran Gurutze Gorriko erizaina izan zen.
Azaroko Iraultzan Baden estatuko Finantza ministroa izan zen eta Finantza ministroa ere izan zen Hermann Müller kantzilerraren gobernuan 1920an. 1921eko maiatzean kantziler bihurtu zen demokraten (DDP) eta sozialisten (SPD) babesarekin. Bere gobernuak aliatuei konponketa ordainketak egiten jarraitu zuen.
Urrian dimisioa eman zuen Silesia Garaiko erreferendumaren aurka protesta egiteko, baina Friedrich Ebert presidenteak berriro agindu zion gobernua osatzeko. 1922ko apirilean, Rapalloko Ituna sinatu zuen Ebert-ekin. Azaroan lehen ministro kargua utzi zuen.
1929an Lurralde Okupatuetako ministro izendatu zuten eta 1931n Barne ministro.
1933an naziak boterera iristearen aurka agertu zen eta erbestera joan zen. 1949an Alemaniara itzuli zen eta Alemaniako Aliantza neutralistaren sortzaileetako bat izan zen.