Edukira joan

Jose Gonzalo Zulaika

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Jose Gonzalo Zulaika

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJose Gontzalo Zulaika Arregi, José Gonzalo Zulaica Arregui
JaiotzaDonostia1886ko urtarrilaren 10a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia eta Lekaroz1956ko abuztuaren 30a (70 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakapaiz katolikoa, musikagilea, musikologoa, idazlea eta organista
KidetzaEusko Ikaskuntza
Euskaltzaindia
MugimenduaEuskal Pizkundea
Izengoitia(k)aita Donostia eta Aita Donostia
Genero artistikoaopera
Musika instrumentuaorganoa
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaAnaia Txiki Kaputxinoen Ordena

Literaturaren Zubitegia: 586 Musicbrainz: 81f4e622-7db3-4b3c-9154-0c8e0ed6589d Discogs: 1918175 IMSLP: Category:Donostia,_José_Antonio_de Edit the value on Wikidata
Aita Donostia izenak artikulu honetara dakar. Izen horren beste erabiletarako ikus: Aita Donostia (argipena).

Jose Gontzalo Zulaika Arregi, erlijio-izena Aita Donostia (Donostia, Gipuzkoa, 1886ko urtarrilaren 10a - 1956ko abuztuaren 30a). Elizgizon, musikologo, musikagile, folklorista, euskal idazle eta euskaltzain. 1932an Euskaltzaindiako kide izendatu zuten, euskara etxetik kanpo ikasi zuen arren. Aipatzekoa da, besteren artean, euskal musikako bostehundik gora abesti eta melodia bildu zituela, ia galduan zeuden pieza asko jasoz. Haren irudi bat jarri zen Donostiako Santa Katalinako lorategietan, eta plaza bat ere eskaini zitzaion hiri bereko Amara[1] auzoan, 1992ko irailaren 21ean.[2] Jorge Oteizak egindako oroitarria ere badu, Lesakako Agina mendian.

Aita Donostia, Eusko Ikaskuntzaren biltzarrean (1930.)

Donostiako Idiakez kaleko 5. zenbakian jaio zen 1886ko urtarrilaren 10ean.[1] Hamar neba-arrebetatik hirugarrena, 6 urte zituela hasi zen Donostiako Marianisten ikastetxean. Txiki-txikitatik erakutsi zuen musikarako trebetasuna [3]eta, horregatik, gurasoek solfeo eta biolin eskola-saioetan matrikulatu zuten, tresna horrekiko zaletasuna izan baitzuen hasieratik.[2] Toribio Mugica jauna izan zen bere lehen biolin irakaslea Marianistas eskolan; ondoren, Eleuterio Ibarguren biolin-jole itsuarekin jarraitu zuen solfeo ikasten, bai[4] eta Bernardo Gabiolarekin ere.

1896. urtean, hamar urte zituela, musika ikasketak hasi zituen Baztango (Nafarroa) Lekaroz herriko kaputxinoen apaiztegian. Batxilergoa, nobiziotza eta eliza-ikasketak egin zituen han. Biolina jotzen zuen ikasleek eta irakasleek ikastetxean sortutako orkestran, eta 11 urte zituela orkestrarako lehen lana idatzi zuen, Diana izenekoa (1897), goizero ikasleak esnatzeko jotzen zen dianari orkestra musika jarri zion eta.

1908an[5] apaiztu zen fraide kaputxino, batxilergoa amaitu ondoren hamasei urterekin. Aita Jose Antonio de San Sebastian izena hartu zuen (aitaren izena eta jaioterriarena). Izen hori, gero, Aita Donostia bihurtu zen.[6]

1909tik 1918ra arte, Nuestra Señora del Buen Consejo kaputxinoen Ikastetxean izan zen irakasle. Ondoren, komentua utzi eta Madrilera joan zen, musika sakonago eta hobeto lantzeko asmoz.[6]

Bartzelonan sakondu zuen bere musika heziketa.

Artean gazte zela Baztango eta Sarako doinuak bildu eta idatzi zituen, Ikazkina mendian, Euskel-Eresiak, Gure herria, Trois Chants Basques eta Seaska-Euzko-Abestiak bildumak osatzeko. 1912tik 1918ra Preludios vascos lana egiten aritu zen: pianorako moldatutako herri kantuak. Horretaz gainera, pianorako obra ugari idatziak zituen 1915. urterako: Ocho melodías populares vascas, Andante para una Sonata vasca, Suite vasca eta abar.

1916. urtean, Joaquin Larregla nafar kontzertugile eta musikagileak Aita Donostiaren Preludios vascos, Oñazez, Aitonaren ele-zaharrak, Seaska aldean eresiz eta Bordako atalarrian estreinatu zituen Madrilen. Handik urtebetera, orkestra filarmonikoak Urruti-jaya, Irulea eta Aur-dantza ezagutarazi zituen Sociedad Nacional de Música delakoan. Enrique Ghéon frantses poetak Santa Zeziliaren hiru mirariak, San Frantzisko Asiskoren bizitza sakona eta Greccioko Eguberria edo Frantziskoren sermoia haur-askaren aurrean poemei musika jartzeko eskaera egin zion Aita Donostiari, eta arrakasta osoz estreinatu ziren 1921ean, 1926an eta 1936an, hurrenez hurren, Parisen.

Euskara etxetik kanpo ikasi zuen, baina 1932an euskaltzain urgazle izatera ailegatu zen.

1936an, Espainiako Gerra Zibila hastean, Frantziara erbesteratu zen: Tolosa, Paris eta Mendi-Marzana (Landak) izan zituen aldi bateko bizileku, 1943an Euskal Herrira itzuli eta Baionan kokatu arte.

1943an, Lekaroza joan zen berriro, baina urte hartan bertan Musikologiako Espainiako Institutua sortu zuten Bartzelonan, eta han lan egin zuen 1944tik 1953 arte, musikologia atalean lehendabizi, eta folklore atalean geroago. Folklore atalean, lan itzela egin zuen: sei mila fitxa bildu, aztertu eta iruzkindu zituen, batik bat herri kantagintzari buruzkoak. Euskal Herriko folkloreari buruzko hitzaldi ugari eman zituen, erdaraz nahiz euskaraz, eta musikari buruzko artikuluak idatzi eta nazioarteko musika kongresu nagusietan parte hartu zuen. Euskal Herriko musikagile handien mireslea izan zen. Música de tecla en el Pais Vasco, siglo XVIII argitaratu zuen mende hartako euskal musikagileen omenez. 1951. urtean, Música y Músicos en el País Vasco obra plazaratu zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eskutik.

1956ko abuztuaren 30ean hil zen, Donostian.[7]

Jose Gonzalo Zulaika

Euskal musikagile, musikologo eta organo-jole onenetakoa izateaz gain, lan eskerga egin zuen beste arlo batzuetan ere. Aita Donostiaren musika-pertsonalitate aberatsa osatzen duten alderdien artean nabarmentzekoak dira konposizioa eta euskal folklorearen ikerketa, bai eta musikologiari eginiko ekarpena ere; horrez gain, hizlari-jarduera oparo eta entzutetsua gauzatu zuen. Konposizioa eta folklorea nerabezaroa amaituta, mende hasieran, sortu zitzaizkion zaletasun kontzienteak dira. Garai hartan Piezas románticas para cuerda y piano lana idatzi, Azkue eta Gascue folkloristen testuak ezagutu eta Charles Bordesen abestiak deskubritu zituen (Frantziako Heziketa Publikoko Ministerioak eskatuta, Archives de la tradition basque izeneko ikerketa etno-musikologikoa idatzi zuen Bordesek 1897. urtean). Handik urte gutxira bi espezialitate horien garapenarekin konprometituta zegoen, bere bizitza osoan zehar garatuko zuen lan-ildo bakarrean alegia.

Aita Donostiak euskal folklorea orokorrean ikertu bazuen ere, arreta berezia eskaini zion musika-folkloreari; eta, horren baitan, abesti herrikoiari bereziki. Musikari dagokionean instrumentu, dantza, joko eta ohiturekin loturiko gaiak jorratu eta ondokoak bezalako lanak argitaratu zituen: Instrumentos populares vascos, Instrumentos de música popular española (358 instrumentu aipatzen dira), Historia de las danzas de Guipúzcoa, Irri dantzak-Danzas de risa, Canciones de trabajo en el País Vasco eta Elogio musical de la pelota vasca. Abesti herrikoien inguruko ikerketak 1911tik aurrera hasi eta urte askoan garatu zituen. Lehen urtetan bilduriko horiek 1915 urtean sarituak izan ziren, euskal lau aldundiek antolatu zuten lehiaketa batean. Beraien artean eta hurrengo urtetan bilduriko horien artean eginiko hautaketaren ondorioz Euskal eresorta-Cancionero vasco bilduma argitaratu zen 1922n: 393 doinu jaso zituen guztira. Bi mila doinu eta abesti inguru bildu zituen. Aipatuak lau bolumenetan argitaratu ziren egilearen lan guztien argitalpenari amaiera emateko: musika-lanak hartzen zituzten hamabi bolumenen (lan sinfonikoak eta ahotserako lan sinfonikoak alde batera utzita) eta idatziak hartzen zituzten bost bolumenen atzetik etorri ziren aipatu lau horiek. Doinuen inguruko materialak balio handia dauka berez baina doinuekin bat zetorren informazioa halaberekoa zen ere. Ondoko aldizkariak bere iturri nagusienetakoak izan ziren: Gure Herria, Euskalerriaren Alde, Revista Internacional de Estudios Vascos, Yakintza eta Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País. Bildutako material guzti hori euskal musika- eta ahots-folklorearen inguruko artikuluak idatzi eta hitzaldiak emateko, bai eta abesti mota ezberdinen (enumerazio-abestiak, haur-kantak, zortzikoak, eskaera-kantak eta sehaska-kantak, etab.) inguruko ikerketak, Inazio Deunaren ereserkia bezalako abesti zehatzak, euskal abestien edo eliz musika herrikoiaren inguruko ikerketa orokorrak eta abesti herrikoiak biltzeko moduaren inguruko azterketak egiteko oinarria izan ziren. Penintsula osoko folklorearen inguruan, «El modo de Mi en la canción popular española» artikulua idatzi eta CSIC-en mendeko Espainiako Musikologia Institutuak gordetzen dituen abesti herrikoien inguruko sei mila fitxak osatu zituen.

Institutuan lanean emandako urte horietan ere, bere Anuario Musical-arentzat idatzi eta Música de tecla en el País Vasco. Siglo XVIII (1951) lana argitaratu zuen, Penintsulako klabezinaren inguruko ekarpen garrantzitsua (eta Euskal Herrian lehena), Manalten sonatak eta Juan de Antxietaren lanak prestatu zituen.

Nabarmentzekoa da ere Música y músicos del País Vasco (1953) ikerketa sakona: gure herriko musikaren lehen historia izan zen eta datu eta berri garrantzitsu ugari barneratu zituen.

Herrialde ezberdinetako hiztegien prestatzean parte hartu zuen: Labor argitaletxeko gaztelerazkoa (1954), Blumeren Die Musik in Geschichte und Gegenwart (1949) germaniarra, Larousse frantziarra (1957) eta Grove ingelesa, bosgarren edizioan (1954-55). Bere zenbait idatzi musikologia-tratatu hutsak dira: Essai d'une bibliographie musicalepopulaire basque edo Panorama de la música en el País Vasco, aipaturiko Música y músicos en el País Vasco lanaren aitzindari eta urte dezente lehenago idatzia.

Aita Donostiaren lanen argitaratzeko proiektua hastapenetan zegoela, bere lagun eta musikologo frantziar handi Alexis Roland-Manuelek Aita Donostiak folklorista gisa egin zuen lana nabarmentzea aldarrikatu zuen: “Musikagile asko dago; bera bezalako folklorista bikain gutxi dago, ordea”; ondorioz, Aita Donostiaren lana musikagile gisa folklorista gisa egin zuen hori baino ezezagunagoa da, nahiz eta "musika-sentiberatasun oso fina" (Ravel) izan. Konposizioari zegokionean, ia autodidakta izan zen, baina irakasleen oroitzapen bikainak gorde zituen beti.

Telesforo Aranzadi antropologoa, Resurreción María de Azkue eta Aita Donostia

Doce romanzas para violín y piano eta Cuarteto de cuerda en Mi menor 1905eko bere lanetan Etxezarraren espiritu klasiko erromantikoa agerikoa da. Ikasketa lanak baziren ere espresio-nahi, hegaldi melodiko bat eta armonia- eta instrumentazio-tekniken jakitea agertzen dute dagoeneko. Teklarako idatziriko hurrengo lanak musikagilearen nortasuna duten lehen lan garrantzitsuak dira, erromantizismoaren eraginpean badaude ere oraindik: organorako hamar lan eta Preludios vascos para piano laneko hiru koadernoak. Organorako lan gehienak 1907-09 urtetan idatziak izan ziren eta 1908n eta 1910ean argitaratu ziren. 1910eko horiek bost ataleko suite bat osatzen dute. N. Almandoz musikagile eta organo-joleak ondokoa esan zuen beren inguruan: “Ondoren idatziko zituen organorako lanek: Itinerarium mysticum eta hilondoko In festo VII Dolorum B.M.V. ez dute bezainbesteko freskotasun eta edertasunik”. Preludios vascos idazkera erraz eta soltea duen lana da, ez du zailtasun teknikorik erabiltzeko beharrik, "musika-lexiko horrekin nahikoa baitut esan nahi dudana esateko". Doinu herrikoia garbiro erreproduzitzen badute ere, “preludioak euskaldunak dira funtsean, paisaia horien, pertsona eta herri horien euskal arima irudikatu nahi izan baitut”. Deskribatzeko gogo horrek Schumannen eta Griegen lan laburren ezagutza du jatorri: “Bi egile horiek “barnealdeak” eta “kanpoaldeak” irudikatzeko dudan modutik gertu daude”. Lehen Mundu Gerra aurretiko urte horietan lan koral profano eta erlijioso ugari idatzi zituen, doinu herrikoitan oinarrituta gehienak; aipatuetan, Salaberryren kantutegiko hogeita hamar bat lanetako piano-akonpainamenduan eta Pom de cançons bilduman bezalaxe, maisuki banatu zituen eskola klasiko-erromantikoaren armonia- eta kontrapuntu-baliabideak. Garai horretan hamarnaka doinu gregoriano idatzi zituen. Beren organo-akonpainamendua oso soila da, armonia-osagai zehatzetara mugatua.

1910eko hamarkadako bigarren zatiko lanak aldaketa-larritasunak uzten dituzte agerian: pianoarekin idatzitako berrogei bat doinu herrikoietan berritasun estetikoak ageri dira, piano-idazkera irekiagoa da, bai harmonia-agregazio berrien bidez bai izaera horizontaleko ornamentazio-tratamenduen bidez. 1919n idatzitako zenbait abestik agertzen duten tonu-kontrasteen indar espresiboak Les Trois miracles de Sainte Cécile lanean etorriko den aldaketa iragartzen du. Azken lanak orkestra txiki eta ahots zurientzako idatzirako sei atal hartzen ditu eta aipatu atalak 1921eko urtarrilean Parisen estreinaturiko Henri Ghéonen erlijio-dramaren ilustrazio musikalak dira. Egileak orkestra handirako egin zuen moldaketa 1923n estreinatu zen Madrilen, Bocetos de música escénica para el drama religioso Santa Cecilia izenburuarekin. Parisen eginiko lehen egonaldia eta gero idatzitako lan honek Debussy eta Ravelen forma erakargarrienen eragin garbia agertzen du, ezbairik gabe. Honela idatziko zuen Aita Donostiak berak ondoren: «Ravelen musikak (Debussy, Fauré eta besteenak bezalaxe) musika modernoaren lorategiko ateak ireki zizkidan».

Baina ez zen lorategi erakargarri horretan preso geldituko: bere lorpen pertsonalak eta garai hartako korrontetako lorpenak hartu eta bere estilo pertsonala osatu zuen, 1920 eta 1930 bitartean idatziriko berrogei euskal doinu ingurutan ikus daitekeen bezalaxe: idazkera-baliabideen eta piano-prozeduren erakustaldia dirudite. Doinu herrikoietan teknika hain garatu bat aplikatzeko gogo horrek zalantzak -eta kritika latzak ere- sortarazi zituen herriaren musikaren zaleen artean. Folklore-kutsuko abestiak etorriko ziren geroago, Abesti Sefardiak bezalaxe, baliabide berri modura; beren idazkera, halere, soilagoa zen eta lengoaia horizontal irekiagoa erabiltzen zuen. Piano eta ahotserako dira ere 1930etik aurrera Verlaine, Ronsard, Pierfitte eta beste olerkari frantziarren olerkietan oinarrituta idatzi zituen lanak. Doinu orijinalek fantasia handiagoko piano-akonpainamendua dakarte, trebea eta guratsua, armonia zoliekin, kromatismo, modulazio eta politonalitate ugarirekin, nahiz eta herrikoiaren eta gregorianoaren ukitu zehatzek giro aproposa sortzen duten zenbaki batzuetan. Ezaugarri berdinak agertzen dituzte pianorako beste lau lanek, nahiz eta zertxobait soilagoak diren.

Urte horietako lanik esanguratsuenak dira antzerki lanetarako idatzitako horiek: iraupen ezberdineko zazpi lan. La Vie profonde de Saint François d'Assise 1925-26koa da, asmo handienetakoa bere iraupenari (ordubetetik gora), behar duen antzezle-kopuruari eta lorturiko inspirazio eta teknika-mailari erreparatzen badiegu. Beste guztiak 1934-38koak dira. Frantzisko Deunaren bizitzari buruzko koadro-segida horretan orkestra-kolore distiratsua erabiltzen da kanpoaldeko ingurua irudikatzeko; halere, barneko mundu bizi baten indar deskriptiboa gailentzen da, non musikak zenbait unetan tentsio handia hartzen duen armonia- eta kromatismo-talken bidez; beste zenbait une, ordea, goratze mistiko etereo hutsak dira. Lanak arrakasta handia lortu zuen Parisko Eliseoko Zelaietako Antzokian estreinatu zenean. Iraupen eta instrumentu-talde txikiagoa eskatzen duten beste lanen arteko lehena Saint Nicolas da: Nikolas Deunak berpiztuko dituen eraildako hiru mutikoen kondaira azaltzen du. Instrumentu-taldearen oinarria berbera da lan honetan eta Joie, Notre Dame de Sokorri eta Le Noel de Greccio lanetan ere: hariak, arpa, piano eta harmoniuma. Ezberdintasuna egurrezko edo metalezko instrumentu bat edo biren gehikuntzak markatuko du kasu bakoitzean. Azken hiruak batera estreinatu ziren, Parisen, 1936. urtean. J. Hiriarten hitzak dituen Joie lana galduta dago; Notre Dame de Sokorrik Donibane-Lohizunetik gertuko baseliza batera eginiko pelegrinazio bat irudikatzen du eta Le Noel de Greccio lanak gabonetako-frantziskotar eszena bat antzezten du, gabonetako doinu gregorianoak eta euskal doinu herrikoiak erabiliz. Gardentasuna eta fintasuna guztien ezaugarriak dira, bai eta Bétharram hariak, piano eta harmoniumerako jostailu eszenikoarena ere. La Quite héroique de Graal lanak instrumentu-kontzepzio garaikideagoa agertzen du: Martenot uhin-laukoterako idatzia dago eta hogeita hamar musika-ilustrazio hartzen ditu. Eta besteekin alderatuta duen beste berezitasun bat da erabilitako ia doinu guztiak orijinalak direla.

Frantzian behartuta egon zen denbora guzti horretan idatzitako teklarako lanak harmonia-arazketa baten eta osagai melodikoen antolatze bikain baten ondorio dira. Tres cuadernos de piano a cuatro manos, para profesor y alumno lanak sonoritate berriak jartzen ditu ikaslearen esku, talde-interpretazioari buruzko lehen irakaskuntza bat izateaz gain. Organorako hiru koaderno idatzi zituen ere, Itinerarium mysticum izenekoak. Egilearen esanetan, “musika bilakatutako otoitza izan nahi dute”. Kantu gregorianoak paper garrantzitsua jokatu zuen bere bizitzan: doinu plurisekularren harmonizazioek eta horietan oinarrituriko konposizioek ez zuten etenik izan bere bizitzan zehar; organorako aipatu lanak baina, Missa pro defunctis-arekin batera, liturgia-kantu tradizionalari eginiko omenaldi onena dira. Charles Tournemireren lagun eta miresle (L'Orgue mystique laneko bolumen bat eskaini zion), bere zigilu pertsonala gailendu egin zen organorako hogei zenbaki horietan: ezaugarri nagusia hautaturiko materialaren menderatzea eta kontrola da, gregorianoaren parafrasi aske gisa proiektaturiko eta gauzaturiko musikagile frantziarraren lengoaian ez bezala. Missa pro defunctis mezak iruzkin gregorianoa tartekatzen du organoaren eta ahotsaren artean, hileta-musika tradizionaleko doinuak eta testuak nabarmenduz honela, eta distraziorik sortu gabe. Egileak idatziriko hitz hauek ilustrazio hoberena dira: “Gurtzarako idatzi dudan meza… Horrexegatik da hain urria; bere polifoniak ez dio klasikoarena antzeratzen, bere espiritua lan guztian zehar antzeman badaiteke ere; organoak eginkizun zehatza, independentea dauka; egilea liturgia-testuetatik sorturiko konfiantza lasaia uneoro irudikatzen saiatu da".

Musika koralaren idazketak ez zuen izan organoak, pianoak eta orkestrak pairatu zituzten etenen antzekorik bizi izan; bizitza osoan zehar idatziko zituen abesbatzarako lanak, erlijiokoak zein profanoak, beren idazketa azken urtetan areagotu bazen ere. Poema de la Pasión lanik esanguratsuena da; horren arrazioa bere iraupena, interpretazio-baliabideak eta, batez ere, lanaren eraikuntza dira. Asmo handirik gabeko beste zenbait lan, ordea, prezisioko eta armonia-fintasuneko ereduak dira. Gai gregorianoa duten erlijio-musikako lanen artean nabarmentzekoak dira Ave María, Inviolata eta Aingeruen Erregina: gardenak dira eta Kristori (Benedictum sir, Jesu dulcis, O Jesu mi dulcissime) eskainitako lan bikain gehienek normalean duten kromazio-modulazio ehun korapilatsu horietatik aldenduta daude; Mariari eskainitako Dulcis amica, O Domina; Batasunaren eta Bakearen aldeko otoitzak eta Aste Santuko errespontsuak.

Profanoen artean aipatu gabonetako zenbait lan, Kataluniako beste zenbait (Tríptico Franciscano bereziki), Korsikako O Ciucciarella edo Venerabilis barba capuccinorum alaia, Mozarti egozten zaion lan izenkidean inspiraturiko musika-dibertimentoa.

Xavier Montsalvatgek Aita Donostiaren pertsonalitatea bikainki laburtu zuen: “Bere pertzepzio erabat fina, bere musika-sena, bere jaiotzatiko gustu ona eta dotoreziari esker musikaren eta literaturaren gauzak inspirazio, dotorezia eta orijinaltasun bereziekin ebatzi zituen". J. De Riezuk bere musika-idatzi guztiak editatu zituen artikulu, hitzaldi, egunkari eta berri laburretan banatuta.

Aita Donostiaren irudia 1974ko uztailaren 27an inauguratu zen. Lekarozeko Ikasle Ohien Elkarteak Jose Lopetegiri enkargatu zion obra, hasieran, baina hark egindako obra ez zitzaien egokia iruditu, eta zenbait urte geroago, Jose Maria de Verak aldez aurretik egina zuen obra bat hautatu zuten; obra hori Aita Donostiaren artxibategiko jabegokoa zen. Hiriko Udalak oniritzia eman zuen eta hirian leku bat esleitu zion. Lekarozko Ikasle Ohien Elkarteak brontze-hustuketaren gastuak bere kargura hartu zituen eta Foru Aldundiak marmolezko oinazpiko bat eman zuen

Oso luzea eta oparoa izan da Aita Donostiaren lana.

Sakontzeko, irakurri: «Aita Donostiaren musika lanen zerrenda»

Lan ezagun batzuk:

  • Diana.
  • Minueto.
  • Lelengo liliak.
  • Meditación.
  • Rapsodia bascongada.
  • Preludios vascos.

Kantuen bildumak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jasotako kantuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b .
  2. a b Sada, Javier Maria. (2002). Donostiako hiriaren historia : bertako pertsonaien bidez. Alberdania ISBN 9788495589400..
  3. «Aita Donostia - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-25).
  4. Ansorena Miranda, Jose Luis. (1999). Aita Donostia: P. José Antonio de San Sebastián. Kutxa.
  5. (Gaztelaniaz) Enciclopedia general ilustrada del País Vasco. Cuerpo A. Diccionario Enciclopédico Vasco. Auñamendi ISBN 847025166X..
  6. a b Aita Donostia. .
  7. Muxika, Gregorio. (1919). Los titanes de la cultura vasca : entrevistas. Editorial Auñamendi PMC 1076685549. (Noiz kontsultatua: 2023-01-01).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]