Edukira joan

Jon Zabaleta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jon Zabaleta
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJon Zabaleta Larburu
JaiotzaHernani, 1950 (73/74 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakilustratzailea

Jon Zabaleta Larburu (Hernani, Gipuzkoa, 1950) marrazkilaria eta ilustratzailea da. Debako Arte Eskolako partaidea izan zen eta, bereziki, grafiko lanak egin zituen han. Umorezko marrazkigintza landu egin du hedabide desberdinetan: Euskadi Sioux, Berriak, Egin, Euskaldunon Egunkarian, Hitz, Zeruko Argia, Anaitasuna... Haurrentzako liburuetako marrazkigile izan da, bestetik, eta 75en bat liburuen marrazkietan lagundu du; alor berean, Ipurbeltz komikiaren lankide izan zen. Pintura profesionalean erakusketak egin ditu Iruñean, Donostian eta Hondarribian.[1]

Jon Zabaleta Hernanin jaio zen 1950ean. Lehenengo eskolan hasi zen marrazten. Mutikotan festa egunetarako pankartak kartelak eta irudiak egiten zituen. Gaztetan, muralak, karteladak eskuz egindakoak, txiste grafikoak aldizkarietarako. Garai hartako gazte-elkarteetan, euskararen aldeko ekimenetan, irudiak eskaintzen zituen berak. 1968an, delineatzaile ikasketak burutu gabe utzi eta inprimategi batean lanean hasi zen. 1971an Debako Arte Eskolan sartu zen. Jorge Oteizak bultzatutako Eskola Esperimental hura arte aplikatuetan berrikuntza eta herrigintza txertatzeko ahalegin bat izan zen han sortzen ari ziren gau eskola, kultur aste, ikastola eta kultur elkarteen unibertso txikian eragin handia izan zuena. Zabaletak, bere iruditeria propioaren oinarriak Deban jarri zituen: pospoloak eta barraskiloak, elefanteak eta ilargiak.

Debako eskola 1974an utzi zuen, eta berehala sortu zitzaizkion lehenengo enkarguak. Harrigarriak gertatu ziren euskal edizioaren testuinguruan bere irudien freskotasuna eta baliabide material eskasei ateratzen zien etekin plastikoa. Jon Zabaletaren hastapenak estuki lotuak daude euskarazko kultur industrien lehen urratsekin, garaiko euskal prentsa apurraren ahaleginekin. Euskal kulturaren sareak zabaltzearekin batera ondu zen, eta euskal komiki berriaren aitzindarietako bat bihurtu zen. Posta-irudiak, euskararen aldeko mugimenduen edo presoen laguntza komiteen diru beharri erantzuteaz gain, Olentzeroren irudia sustatzen lagundu zuen.

1970eko hamarkadaren erdialdean Zeruko Argia eta Komikia gehigarrian agertu ziren bere lanak, batez ere komikiak. Garai hartan Berriak-en “Xua, Taka eta Klok” izeneko tirak publikatu zituen. 1976an Aberri Egunaren Ipuia koadernoa publikatu zuen Baionako Hitz aldizkariaren gehigarrian. Harrezkero leku askotan kolaboratu zuen, tartean Eginen, Euskaldunon Egunkarian, Garaian, HABEn, Euskadi Siouxen eta Ipurbeltzen. Urte haiek bizi-biziak izan ziren diseinu grafikoan eta irudizko komunikazioan. Bere garaiko irudigile euskaldunak beste herrialdetako joerak ere jarraitzen zituzten, eremu anglofonokoak batzuk (Zulueta, Juan Carlos Egillor, Zabala...), eremu frankofonokoak beste batzuk (Zabaleta, Antton Olariaga...). Aurkikuntza horien artean kaleratu zen Juan Zabalo "Txiki": marrazkilari eta umoredun izeneko liburua.“Txiki” Zabaloren marrazkera sintetikoa zen, marra itxi ondo zehaztua zeukan eta kolore basikoen erabilpenarekin emaitza zoragarria lortzen zituen. Gerra aurreko marrazkilari handi honekin lotzen du euskal marrazkigintzaren tradizioa, besteak beste, Jon Zabaletak. Modu berean, Jonek  lerroak marrazten zituen emaitza adierazgarriak lortuz. Gai sozio-politikoa, ia oharkabean, aitzaki bezala edo konpromiso bezala erabiltzen zuen, gertatzen zena eta gertatzen zitzaiona, kronista modura, kontatzeko. Jonek gaitasun aparta du  bere inguruan eta berean bere baitan gertatzen dena doitasunez kontatzeko.

80ko urteetan, demokraziaren erakundetzearekin, Jon Lesakako baserri batera erretiratu zen, bere lana haur liburuen ilustrazioetara mugatuz. Anjel Lertxundi, Asun Balzola, Bernardo Atxaga, Mariasun Landa, eta beste hainbat autore inportanteren ipuinenirudigilea izan da. Urrundik bizi izan zuen ordea euskarazko haur literaturaren lehen boom industrial hura. Ipurbeltz izan liteke, komikigintzan, egonkortasunaren apustua egin zuen aro heldu berriaren ikurra. Luzaro kolaboratu izan zuen Jon Zabaletak Ipurbeltzen, orri gogoangarriak eskaini izan zituen bertan, baina bolada hura bazter batetik bizi izan zuen.[2]

Jon Zabaletaren lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jon Zabaletaren lanaren ibilbidea oparo eta askotarikoa izan da, besteak beste, diskoen portadak, kartelak eta pegatinak diseinatu ditu. Horrez gain, ume eta gaztetxoentzako 100 bat liburu ilustratu ditu. Umeentzako eginak diruditen arren, bere marrazkietan politika, sexua edo ekologia bezalako gaiak landu izan ditu. Horrez gainera, umore grafikoa, komikia eta bestelako marrazkiak ere argitaratu ditu hamar bat aldizkarietan eta bi egunkarietan. Zabaletak hogei bat erakusketatan parte hartu du azken urteetan. Gaur egun marrazten eta maisu lanetan dihardu, gure historiaren lekuko den artista aparta hau.

euskarri digitalean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]