Edukira joan

Joana I.a Gaztelakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joana Eroa» orritik birbideratua)
Joana I.a Gaztelakoa

Sardiniako errege

1516ko urtarrilaren 23a - 1555eko apirilaren 12a

Gaztelako Koroako Gaztela eta Leon erregea

1504ko azaroaren 26a - 1555eko apirilaren 12a
Elisabet I.a Gaztelakoa - Karlos V.a Habsburgokoa
Bizitza
JaiotzaToledo1479ko azaroaren 6a
Herrialdea Espainia
HeriotzaTordesillas1555eko apirilaren 12a (75 urte)
Hobiratze lekuaRoyal Chapel of Granada (en) Itzuli
Familia
AitaFernando II.a Aragoikoa
AmaElisabet I.a Gaztelakoa
Ezkontidea(k)Filipe I.a Gaztelakoa  (1496ko urriaren 20a, 1496ko abuztuaren 21a (egutegi gregorianoa) -  1506ko irailaren 25a)
Seme-alabak
Haurrideak
Familia
LeinuaTrastamara leinua
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
frantsesa
latina
Jarduerak
Jarduerakmonarka
Musika instrumentuaklabikordioa
gitarra
monochord (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Find a Grave: 11318531 Edit the value on Wikidata

Joana I.a Gaztelakoa, Eroa[1] (Toledo, 1479ko azaroaren 6Tordesillas, 1555eko apirilaren 12) Fernando II.a Aragoikoa eta Elisabet I.a Gaztelakoaren hirugarren alaba izan zen, eta Gaztelako erregina 1504tik 1555era arte.

Txiki-txikitatik oso azkarra izan omen zen eta edukazio zaindua jaso zuen Gaztelako Gortean. Gizonezkoek zaldun izateko egiten zituzten entrenamentuak oso gogoko zituen eta garai hartan Iberiar penintsulako hizkuntzak, frantsesa eta latin ere hitz egiten zituen. Bere tutoreetako batzuk, Andres de Miranda fraidea edo Beatriz Galindo La Latina, Isabelen laguna, izan ziren.

Austriako artxidukesa, Borgoña eta Brabanteko dukesa eta Flandriako kondesa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan garai hartan ohitura zen bezala, Isabel eta Fernandok bere seme-alaben ezkontza guztiak negoziatu zituzten etorkizunerako irteera guztiak ondo lotuta uzteko. Joanaren kasuan, Erromatar Germaniar Inperio Sakratuaren enperadorearen semearekin, Maximiliano I.a Habsburgokoaren semearekin, Filipe Ederrarekin ezkondu nahi izan zuten. Honela, Filipe Errege-erregina Katolikoak zituzten zenbait lurren jabe egingo zen. Joanaren ezkontzaren ondoren, Errege-erregina Katolikoek bere alaba Margarita Austriakoaren eskua eskatu zioten Maximilianori, lehenengoen seme Joanekin ezkon zedin.

1496ko abuztuan, Joana barkuz atera zen Kantabriako Laredotik eta 31n Ingalaterrara iritsi zen. Gaztelako Koroaren indarra erakutsi nahian, beste 131 ontzi ere baziren, nao eta karabela artean eta 15.000 gizonez osatutako tripulazioa ere bai. Ama eta senideak agurtu eta Flandria ezezagun hartara bideratu zen, etorkizunean bere senarra izango zena ezagutzera. Ibilaldiak zenbait arazo gainditu behar izan zituen, abuztuaren 31n Portlanden (Ingalaterra) babestu beharrean izan zelarik. Kostaldera hurbiltzen ari zenean, berriz, 700 gizon zeramatzan ontziak talka egin zuen harri eta hare artean eta hondoratu egin zen, Joanaren jantziak eta gauza asko galduz.

Ditxosozko bidaia bukatu zenean, ez zuen senargaia berehala ezagutzerik lortu, Alemanian baitzegoen. Joanak aurkitu zuen Gorteak ez zuen Gaztelako Gorteekin zer ikusirik. Gaztelako giro erlijioso eta zurrunaren ordez, bukatzen ez zen festa giroan sartu zen.

Gaztelako Joana eta Filipe

Nahiz eta ezkongaiak elkar ez ezagutu, elkar ikusi bezain laster, bata besteaz maintemindu ziren. Baina Filipen interesak ez zuen luze iraun eta Joana zeloen patologian murgildu zen. Seme-alabak hasi ziren etortzen eta egoera okertu egin zen:

Gaztelako erregina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinordekotzan aurretik zituen anai-arreba guztiak hil egin ziren, Joan eta Isabel, baita azken honen seme Miguel ere, eta Joana Gaztelako erregina bihurtu zen. Bere senarra, Filipek 1503an Flandriara bidaiatu zuenean Joanaren eromena larritu omen zen. Alabaren osasunaz erabat kezkatuta zegoen amaren erreguak entzunez, Gaztelara bidaiatu zuen bere gurasoen ondoan egoteko. Haurdun zegoen laugarren aldiz eta Bruselan utzi zituen aurreko hiru seme-alaba zaharrenak. 1503ko martxoaren 10ean, Madrilen zegoenean, bere seme Fernando jaio zen.

Bere ama Elisabet I.a hil zenean (1504ko azaroaren 26an), Gaztelaren oinordekotzaren arazoak suertatzen joan ziren. 1504tik aurrera, Juan Rena izan zuen kapilau. Joanaren aitak, Fernandok, Isabelen azken nahiak betetzearren, Gaztelako erregina izendatu zuen, baina berak ere boterean parte hartzeko asmoz. Filipek, ordea, emaztearen oinordetzaren gaineko eskubideak zituela uste zuen eta Fernandorekin batera, Filipe eta Joanaren gobernua hitzartu zuen, Salamankako itunean (1505).

Joanak bolada baterako Bruselara joatea erabaki zuen eta 1505eko irailaren 15ean bere bosgarren alaba izan zuen: Maria

Senar-emazteak Herbeheretatik itzuli bezain laster, tirabirak izan ziren Filipe eta Fernando aitaginarrebaren artean. Fernandok Aragoira erretiratu behar izan zuen eta Filipe aldarrikatu zuten Gaztelako errege, Filipe I.a izena hartuz.

Gaztelako Joana

Irailaren 25ean, Filipek bat-bateko heriotza izan zuen Cordoneko etxean (Burgosen) eta bere aitaginarrebak, Fernandok, pozoitu zuen zurrumurruak egon ziren. Esaten dutenez, Filipe Burgosen zegoen pilota partidu bat jokatzen eta, bukatzean, izerditan oraindik, ur hotz ugari edan zuen; ondorioz, sukar bortitzeko gaixotasunak harrapatu eta, egun batzuk geroago, hil zen. Gaur egungo ikertzaileek, ordea, izurriak hil zuela uste dute. Dena dela, erregearen heriotzak Joana erreginaren balizko eromena handitu zuen. Joanak Burgosen lurperatuta zegoen senarraren gorpua Granadaraino eramatea erabaki zuen, Filipe berak hil aurretik esan zuen bezala, beti gauez bidaiatuz. Bihotza, berriz, Bruselara bidali behar zen. Joana ez zen hilkutxatik apartatuko eta 8 hilabete luze iraun zuen Gaztelako lurraldeen zehar eginiko bidaia penagarri honek. Dolu honetan erlijioso, noble, erreginaren laguntzaile, soldadu eta zerbitzari ugari zihoazen eta erregina erotu zen zurrumurruak zabaltzen ari ziren.

1507ko urtarrilaren 14an jaio zen bere alaba Katalina.

Alaba zoratuta zegoela-eta, Fernandok hartuko du berriro ere Gaztelako oinordekotza. Egunetik egunera, Joanaren nahastea geroz eta nabariagoa zen. Ez zuen arropaz aldatu nahi, ez zuen garbitu nahi... Egoera honen aurrean, Fernandok Tordesillaseko gazteluan giltzapetzea erabaki zuen 1509ko urtarrilean, ez baitzuen nobleek bere alabaren inguruan talderik egiterik nahi. Aurrerago, bere seme Karlosek ere itxialdi honetan mantenduko du.

1515ean, Aragoiko Fernandok 3 urte azkarrago konkistatu zuen Nafarroako erresuma utzi zuen Gaztelaren esku.

1516an Fernando Katolikoa hil zen eta Joana izan zen Aragoiko koroaren oinordeko, baina hango nobleek ez zuten hori onartzen, foru bereziak baitzituzten.

Bitarte horretan, Joanaren semea zen Karlosek amaren nahastea ondo baino hobeto aprobetxatu zuen eta amaren tituluez jabetu zen. Urte horietan, Joanak eta Karlosek aldi berean agindu zuten Gaztelan eta Aragoin, ez baitzioten sekula ezgaitasunik esleitu dokumentu ofizialetan. Bizi zen bitartean, dokumentuek Joana erreginaren izena eraman behar zuten lehenengo.

Joanaren armarria
Joanaren armarria

Aitak giltzapetu zuenetik hil zen arte, Joana Tordesillasen egon zen; 46 urte derrigorrezko itxituran, beti beltzez jantzita eta alboan, azken alaba bakarrik zuelarik, Katalina (Joan III.a Portugalgoarekin ezkontzera joan zen arte). Zaintzaz arduratzen ziren nobleek ez zituzten ondo tratatu. Joanaren nahastea estatu kontua zen eta horrela ikusi zuen bere aita Fernandok eta baita bere seme Karlosek ere. Joana ondo balego, erregearen aurka zeudenak lapurtzat hartuko zuten eta Joanaren irudia oso preziatua zen Komuneroen mugimenduarentzat.

Ez zioten sekula Tordesillasetik irtetzen utzi; ezta hain gertu zegoen senarraren hilobia bisitatzen ere (Beranduago, Granadara eramango zuten behin betikoz). Tordesillasen izurria sartu zenean ere bertan egon behar izan zuen. Aita Fernando eta, beranduago, Karlos, beti izan ziren herriak erreginarekin bat eginez gero beraien aurka altxatuko zen beldur.

Egia esan behar bada, erreginak ez zuen ezer egin kontu honetan, baina 1520ko altxamendu komuneroak erregina ezagutu zuen Karlos I.aren aurka ari zen borrokan.

Medina del Campoko sutearen ondoren, gobernua kolokan jarri zen. Hiri asko egin ziren komunero eta Tordesillaseko biztanleek jauregia hartu zuten, Joana erreginarekin hitz egin nahi zutela eskatuz. Hortxe jakin zituen Joanak aita hil zela, Gaztelan ematen ari ziren aldaketak... Padillak hitz egin zuen berarekin eta, horrela nahi bazuen behintzat, dena bere agindupean jarriko zutela esan zion. Joanak horrela erantzun omen zuen: «Sí, sí, estad aquí a mi servicio y avisadme de todo y castigad a los malos». Komuneroak oso gustura geratu ziren, erreginak mugimendua legitimatu egin baitzuen.

Hemendik aurrera, komuneroek Joana ez zegoela erotuta nahi izan zuten frogatu; 1506an hasitako konplota izan zela, boterea kentzeko eta horrelaxe esan zuela berak. Tordesillasen zentralizatu zuten komuneroek mugimendua. Badirudi izugarrizko aldaketa eman zuela erreginak, interesa jartzen zuen, paseatzen zuen, hitz egiten zuen eta bere burua zaindu ere bai. «Bere hitzak» zabaldu zituzten eta bazirudien erregina komuneroekin bat zetorrela. Baina sinadurarik ez, ordea.

1520an, armada inperiala Tordesillasen sartu zen eta Joana berriro itxiturara itzuli beharrean izan zen, argirik gabe, alaba Katalinaren hitzetan. Erreginaren egoerak okerrera egin zuen eta depresio bat bestearenatzetik etorri zitzaion.

Joanaren heriotza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaztelako Joana eta Filiperen irudiak Granadan

Azken urteetan, nahaste psikikoaz gain, gaixotasun fisikoa ere lotu zitzaion: ibiltzeko zailtasunak... Erlijio katolikotik aldendu zela esaten zen, agian deabruak hartu zuela... Bere biloba Filipek San Frantzisko Borjakoa izango zenari amona bisitatzeko eskatu zion, egia zein zen deskubritzeko asmoz. Fraideak salaketek ez zutela ez hanka eta ez bururik erabaki zuen; erreginak ez zuela tratamendu egokia jasotzen, agian.

Hurrengo bisitan, Joana hiltzorian zegoen eta, Frantzisko de Borjaren ustez, buruko gaitza sendatuta zegoen, jada.

Tordesillasen (Valladolid) hil zen 1555eko apirilaren 12an, 76 urte zituenean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]