Edukira joan

Joakin Iturbe

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joakin Iturbe
Bizitza
JaiotzaElgeta, 1758
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia, 1799 (40/41 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraklapurra eta militarra
Izengoitia(k)Santua
Zerbitzu militarra
Adar militarraRegimiento de caballería ligero acorazado «Farnesio» 12 (en) Itzuli

Joakin Iturbe, Santua ezizenaz ezaguna (Elgeta, Gipuzkoa, 1758Donostia, Gipuzkoa, 1799?) bidelapurra izan zen.[1][2]

Harakin aritu zen hainbat urtez, Ermuan. Artean gazte zela, Lapurdiko itsasontzi kortsario batean ibili zen, harik eta ingelesek Lisboan espetxeratu zuten arte.[3] Gero, bederatzi urtez soldadu izan zen Espainiako Armadako Farnesio erregimentuan, baina bidelapur jardunetan egin zen ospetsu.

Gordetako dokumentuek 1796 eta 1799 bitartean elgetarrak egindako okerkeriak biltzen dituzte. Aramozko mendilerroan eta Mendaro eta Mutriku aldean egiten zuen lapurreta. Urte horietan hainbatetan atxilotu eta espetxeratu zuten Santua, baina elgetarra iheslari trebea zen: Tolosako eta Mutrikuko espetxeetatik alde egitea lortu zuen (Mutrikukotik, birritan). Azkenean, Donostiako Mota gazteluan espetxeratu zuten; fiskalak Iturberentzat eskatutako heriotza zigorra ez zioten ezarri, baina kartzela hartan hilko zen.

Robin Hooden kondairen antzekoak dira Santuarenak. Asko zeukatenei lapurtu eta behartsuei ematen zien. Famatua da Santuak Mendaroko Emezabal baserrian egindakoa aipatzen duen kondaira:

Mendaroko Emezabal baserria
« Baserrian bizi ziren laborariek errenta ordaindu behar zioten hilero lurjabeari. Guardia taldea baserrira joan zen errentaren bila, eta bertakoek afari ederra prestatu zieten ardo eta guzti. Gabean bueltatzerakoan, Goikola aldean zain zituzten Santua eta bere bidelapurrak. Guardiei dirua kendu eta Emezabal baserrira bueltatu zuten. Emezabalkoek diruaren parte bat Santuari eman zioten egindakoa eskertzeko. »

1799ko irailaren 23an Pedro Urkiaren etxean atxilotu zuten, Mallabiako Areitio auzoan, eta itsasoz Donostiara eraman zuten, Mota gaztelura; hantxe hil zen, dirudienez.[4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Nagore IRAZUSTABARRENA: «Harakina, lapurra eta “santua”», Argia, 2223. zenbakia, 2010-03-21.
  2. Santiago AIZARNA ECHAVEGUREN: Crimenes truculentos del Pais Vasco, Txertoa, 2010.
  3. Iñaki EGAÑA: Quén es quién en la historia del país de los vascos, Txalaparta, 2005. Ikus 268. orrialdea.
  4. Javier María SADA ANGUERA: Historia de la ciudad de San Sebastián a través de sus personajes, Alberdania, 2002. Ikus 221. orrialdea.