Edukira joan

Je t'aime... moi non plus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Je t'aime... moi non plus
Serge Gainsbourgen, Jane Birkinen, Brigitte Bardoten eta Donna Summerren musika-lana
Egilea(k)Serge Gainsbourg, Jane Birkin, Brigitte Bardot eta Donna Summer
Argitaratze-data1967
IzenburuaJe t'aime... moi non plus
Banatze bideabinilizko disko
Ezaugarriak
Genero artistikoapop musika, chansona, psychedelic pop (en) Itzuli, Pop barrokoa eta orchestral pop (en) Itzuli
Hizkuntzafrantsesa
Deskribapena
Honen parte daJane Birkin - Serge Gainsbourg
HitzakSerge Gainsbourg
Bestelako lanak
MusikagileaSerge Gainsbourg

Last fm: Serge Gainsbourg/_/Je t'aime...moi non plus Edit the value on Wikidata
BideoaYouTube

Je t'aime... moi non plus (euskaraz, «Maite zaitut... ezta nik ere»), frantziar pop abesti erotiko oso ezaguna da. Abestiaren musika eta hitzen egilea Serge Gainsbourg izan zen, eta Arthur Greensladek konponketak egin zizkion ondoren. Abeslariak, Serge Gainsbourg bera eta Jane Birkin, orduko bere amorantea, izan ziren.

Abestia etengabeko bikote-joko bat da, Gainsbourg eta Birkinen ahotsak uneoro tartekatzen direlarik, elkarrizketa erotiko esplizitu bati bide emanez. Konposaketa honetan, bikote baten sexu harremanak era ireki eta zuzen batean errepresentatzen dira, eta zentzu honetan, sexu-ekintzari propio lotzen zaizkon hasperen eta bestelako gozamen espresioak gordinki ageri dira, abestiaren garapenean nagusitasuna irabazten dutenak.

Abestiaren letran, etengabe errepikatzen da izenburutzat duen esaldia. Honez gain, plazer adierazpen esplizituen artean, bikotearen elkarrizketa dugu ardatz. Elkarrizketan, metafora batzuk agertzen badira ere, oso ulerterrazak dira, eta oro har, abestiaren hitzak nahiko zuzen eta esplizituak direla onar daiteke. Hona hemen, abestiaren letran nabarmendutako zati batzuk:

  • "Je vais et je viens, entre tes reins" (Banoa eta banator, zure aldaken artean, literalki: Banoa eta banator, zure giltzurrunen artean)
  • "Tu es la vague, moi l'île nue" (Zu olatua zara, eta ni uharte bakartia)
  • "L'amour physique est sans issue" (Maitasun fisikoa irtenbiderik gabeko estrata da)

Serge Gainsbourgek abestia sortu zuenean, lehen grabaketa bat egin zuen bere bikotea zen Brigitte Bardot frantziar aktore ezagunarekin, 1967an. Aitzitik, Bardotek ez zuen abesti hura argitaratzea nahi izan, bere senarraren ezadostasuna aipatuaz, nahiz eta bestelako arrazoiak egon zirela dirudien, aktorearen ordezkaria abestiak ekarriko zukeen polemikaz beldur baitzen. 1986an Bardotek abestiaren bertsio hau argitaratzeko baimena eman zuen, beti etekinak animalien babesean jarduten duten erakundeetara bideratzen baziren.

1968an, ordea, Gainsbourgek Jane Birkin ingeles aktorea ezagutu zuen, eta bikote harreman bati ekin zioten. Testuinguru honetan, Gainsbourgek berriz grabatu zuen abestia, Bardoten ahotsa Birkinenarekin ordezkatuz. Abestiaren bigarren bertsio hau 1969 hasieran argitaratu zen, lehenik single bezala eta ondoren Jane Birkin - Serge Gainsbourg diskoan, eta dezenteko eskandalua eragin zuen orduko jendarteko sektore kontserbadoreetan. Izan ere, ordura arte ez zen sexu harremanak hain era zuzenean eta bere horretan, maitasunik gabe, deskribatzen zituen abesti argitaraturik. Abestia zentsuratua izan zen Italia, Jugoslabia, Polonia, Islandia, Suedia, Erresuma Batua eta Espainiar estatuko irratietan. Hala eta guztiz ere, kantu honek sekulako arrakasta lortu zuen Europa eta AEBtan, zentsuraren gainetik, eta gaur egun ere, erotismoaren erreferente garbi bat da.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]