Edukira joan

Jazinto Rivas

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jazinto Rivas

Bizitza
JaiotzaDonostia1906ko otsailaren 10a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1964ko martxoaren 29a (58 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Irakaslea(k)Antonio Aranaga
Jarduerak
Jarduerakmusikaria
Musika instrumentuatrikitia
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila

Musicbrainz: eb7f1263-41d7-45d0-be91-a3771f921fda Edit the value on Wikidata

Jazinto Rivas Sanz, Intxuzabal edo Elgeta (Donostia, 1906ko otsailaren 10a - ib., 1964ko martxoaren 29a) gipuzkoar trikitilaria izan zen. Umezurtza, Bergarako Intxuzabal baserrian hazi zen. Eibarren hasi zen lanean gero, eta herriko bandako musikariei esker ikasi zuen musikan.[1] Hurrengo belaunaldietako irakasle, baserriz baserri ibili zen maisu moduan (bere ikasleak izan ziren Laja handia, Maltzeta, Sakabi, Auntxa, Epelarre eta Zialtzeta, esaterako) 1950eko hamarkadan ospetsu bilakatu zen.[2]

Musikarako sen apartekoa zuen Elgetak. Trikitilari gehienek aitortzen dute Jazinto Rivasen garrantzia soinu txikiaren jarraipenean eta bilakaeran. Orduko trikitilarien errepertorio urria aberastu izana aitortzen diote adituek. Dantza loturako tresna egin zuen trikitia. Mito eta legenda asko sortu dira gero Elgeta-ren inguruan. Musikatik atera nahi izan zuen bizimodua soinua inon ikasterik ez zegoen garaietan eta lana zenik ere inork uste ez zuen sasoi batean.[3]

1906ko otsailaren 10ean Donostiako Ondarreta kaleko 2. zenbakiko 2. solairuko ezkerreko etxebizitzan Maria Sanz Llorente izeneko emakumeak erditu zuen Jacinto Maria izeneko mutikoa.

Ezer gutxi dakigu Elgetaren amaz: hura jaio zenean 32 urte zituela, Valladolidekoa zela jatorriz eta une hartan, berez zapataria zen baina El Duesoko espetxean (Santoñan) preso zegoen Daniel Rivas Anjita Zamorarraren emaztea zela, besterik ez.

Jaio eta bi astera Donostiako Buen Pastor parrokian abandonatu zuten, eta bertan, 1884az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiak zerabilen praktikari jarraituz, izen-abizenak euskal jatorria zuten beste batzuengatik aldatu zizkioten, horretarako bereziki prestatutako zerrenda batetik aukeratuz.

Hala, jaiotzaz Jacinto Maria Rivas Sanz zena, Baldomero Erlaitz Irazoki bataiatu zuten. 1927an aitortu zioten berriz Jacinto María Rivas Sanz izena, bere egunerokoan erabiltzen zituen izen deiturak zirela argudiatuta.

Jaio eta hiru hilabetera Zumarragako Sabina Urzelai andreak hartu zuen haurra, baina astebetera, arrazoi jakinik gabe, itzuli egin zuen. Astebete geroago Bergarako Intxuzabal baserriko Maria Gabilondok hartu zuen haurra.

Handik urtebete eta 2 hilabete pasatzerako ordea, ama biologikoa zen Maria Sanzek erreklamatu zuen haurra. Epaiketa izan zen orduan eta Maria Gabilondo haurra entregatzera iritsi bazen ere, haurra Intxuzabalera itzuli zen gerora eta han hazi eta hezi zuten bertatik bere kabuz joan zen arte.

Intxuzabal baserria eta trikitiarekin lehen harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intxuzabal baserria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da erreza Intxuzabal baserria non dagoen esatea: lurrez Bergaran dagoen arren, bidez Soraluze da, joeraz Eibar, baina hurbiltasunez Elgeta. Hurbiltasun honegatik “Elgeta” bezala ezagutzen dugu gehienok Jazinto Rivas, nahiz eta Elgeta eta Eibar inguruan “Intxuzabal” bezala ezagutzen zuten.

Trikitixa ikasle

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1918 inguruan Intxuzabaldik gertu, Bergarako Ubera eta Angiozar auzoetan trikititia izan ohi zen igande eta jai egunetan, eta Elgetak han egin zuen bat bere bizitzan erabakigarria izango zuen zaletasunarekin.

Intxuzabalen ba omen zen soinua jotzen zuen morroi bat (Maria Gabilondoren koinatua edo).

1930. urteko Bergarako errolda da Elgetaz Intxuzabalen egiten den azken aipua, Mariaren bi seme-alaba eta koinatuarekin batera. Errolda hartatik urtebete ingurura Eibarrera joan zen eta bertan erosi omen zuen bere lehen soinua 40 durotan.

Intxuzabaldik alde egitearen arrazoia oso garbi ez dagoen arren, zenbaitek dio baserriko idi parerik onena saldu zuela soinu hura erosteko eta horregatik bota zutela. Beste zenbaitek berriz, jokoari zion zaletasuna zela medio, baserria apusturen batean galduko ote zuen beldur zirela.

Kontuak kontu, ordutik aurrera apenas aipatu zuen Elgetak Intxuzabalgo konturik eta hil aurreko egunetan ere “seniderik ez zeukala” erantzun zien Zorroagako Zaharren Egoitzako ohean gaixo zegoela familiako kideren bati abisatzerik nahi zuen galdetu zienean.

Gerra aurreko garaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1931. urte inguruan Errepublikak ekarri zuen haize berri eta iraultzaileak eraman zuen Elgeta Eibarrera, ordura arteko obretako peoi lanak utzi eta musikari profesional bihurtzeko nahiak bultzatuta edo.

Bertan Urki auzoko Altamira baserrian, Kuban ezagun egin zen Miguel Sagastume soinujolearen, "Mago de Urki" bezala ezagunagoa denaren, aitarekin ikasten aritu omen zen: Bitoriano Sagastumerekin alegia.

Baina Eibarko bandako saxofonista batekin hasi omen zen, ordura arte trikitixaren errepertorioan sartzen ez ziren pieza berriak ikasten. Honi esker bilakatu zen trikitixa dantza loturako ere balio zuen tresna.

“Petratxarri” esaten zitzaion burdelean ordu jakinetan soinua jotzeko konpromisoa ere hartua omen zeukan. Hori gauez, eta egunez libre, nahi zuen tokira joateko. Han fox, bals, pasodoble eta bestelakoak jo beharko zituen.

Errepertorio harik eta eguneratuen mantendu nahian Donostia aldera txangoak ere egin zituen, Igeldoko bandako zuzendariarekin pieza berriak ikasteko.

1933an Bergaran egin zen soinujole-txapelketako parte hartzaileen izenen artean ere ageri da Jacinto Rivasen izena. Lehen 3 sailkatuen artean ageri ez bada ere, aurkeztu hutsak bere buruarengan zuen segurtasuna erakusten du.

Gerra aurreko garai hauetan hasi zituen maisu-lanak ere. Hala joan zen Faustino Azpiazu, Sakabi, soinujole ezaguna ere Elgetarengana 1935ean, ordura arte bere maisu izan zen Azkoitiako “Madari Txiki”-k bidalita.

"Munduak behar dau laster
andraren botua
libre izateko da
askatzen lotua"
Elgeta

Abestietako hitz batzuk:[4]

Umezurtz bizizalea Gerran boluntarioa Preso gerraondoan Langilea

Aittamabako nintzan
mundu hontan hasi
protesta kantatzeko
nik zenbat garrasi
ai, ai, ai
nik zenbat garrasi
soinua joz egin neban
bizitza ikasi


Faxistak esan zesten
Agirre es un puerco...
horrekin batu baino
hila edo muerto


Lehen Dueso eta orain
Santamariko Puerto
hamabi urte barru
hezurrak ugerto


Gora Euskadi eta
gora mundu guztian
bere izardixakin
bizi dan jentia

Gerra zibil garaian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adopzioan hartua bazen ere, Maria Gabilondok ondoren izandako seme-alabak baino zaharragoa zenez, soldaduskatik libratu zen Maria alarguna zaintzeagatik. Baina Eibarko giro sozialistak bultzatuta edo, boluntario bezala aritu zen Bilboko Burdin Hesia (Gerrikoa) eraikitzen.

Santoñako kartzelako 1937. urteko presoen zerrendan ageri da Elgeta, “Comisaria de Guerra” zeritzaneko kide (Eusko Gudarostearen aitzindari zena) zela egotzita, 12 urteko kartzela zigorra ezarriz Santoñan lehenengo eta Cádizen ondoren.

Iturri ezberdinek baieztatzen dute Elgeta ez zela zurruteroa, bai ordea joko zalea. Hala, berarekin preso zegoen Zarauzko Txaplasta pilotariari ematen omen zion egunean tokatzen zitzaion ardo errazioa eta zapatak garbitu edota bestelako mandatuak egiten omen zituen karta jokorako dirua bildu asmotan.

Zehatz noiz libratu zuten jakina ez bada ere, ez zuen zigor osoa bete behar izan, 1942ko argazki batean Sakabi eta Auntxarekin batera ageri baita. Geroago ere atxilotu zuten falangista batzuek, “frontean horrenbeste jende hiltzen ari zenean musika jotzea” egotzita. Soinua kendu eta Ondarretako kartzelara eraman omen zuten. Urbasan fusilatua izateko zorian ere egon omen zen, baina txiripaz bera zegoen errenka salbatu omen zen.

Gerra ondorena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakabi, Elgeta eta Auntxa trikitilariak (1942) Gerran boluntario joan zen eta hamabi urte eta egun bateko kartela zigorra jaso zuen. Cadizen amaitu zuen langile batailoi batean. Presoaldia ez zen hain luzea izan; izan ere, soinuarekin agertu zen, Donostiako San Tomas egunean, 1942an.[3]

Gerra amaitu ondoren libratu zuten ziurrenik Elgeta, garai hartako kondena txikiko askorekin egin zuten moduan. Lehenago peoi lanetan aritua zenez, Arruabarrena etxegileak eman omen zion lana Eibarrera berriz itzuli zenean eta gerora berak erosi omen zion soinua.

Behin soinua berreskuratuta ez zuen asko iraun Arruabarrenaren ondoan.

Lehengo ospea berreskuratu zuen orduan eta erromerietan jotzeaz gain, soinua jotzen irakasten ibili zen Elgeta, baserriz baserri, Urola aldean batik bat, baina baita Orio, Aia eta Asteasu inguruan ere.

Izan ere gerra ostean Azpeitia eta Azkoitia inguruko baserrietan erromeria asko egiten omen ziren eta bertara inguratzen ziren trikitixa jotzen ikasi nahi zuten gazte asko ere. Hala joan zen Juan Garate, Maltzeta, soinujolearen etxera ere 1945 urte inguruan.[5]

Beranduago ikasleak urritu zitzaizkion ordea. Tolosako Iurramendiko miserikordian bizi omen zen denboraldi batez eta bertatik mugitzeko hartzen zuen autobuseko kobradoreari etengabe galdetzen omen zion trikitixa ikasi nahi zuen inor ezagutzen al zuen. Hark kasurik egiten ez ziola-eta Sakabiri deitu omen zion behinola eta honek esan omen zion bazela “lata ematen ari zitzaion gazte bat”. Horrela iritsi zen Laja baserrira eta Iñaki Garmendia, Lajari, 3 hilabete t’erdiz irakatsi zion trikitixa jotzen, aurretiaz zerbait ikasia bazen ere, ezer ikasi ez balu hobe zukeela esanez. Joakin Errastiren Epelarre baserrian aritu omen zen azkenengoz irakasten. Ondo moldatu zen Epelarreko mutilarekin, eta bertan bizitzera gelditzekotan ere egon zen, baina gurasoek debekatu egin zioten Joakin mutilari karga handia zela argudiatuz. Hor urrundu zen Elgeta trikitilarien artetik, bere jaioterri Donostiara itzuliz.

Antza denez Mikaela izeneko Zumarragako neska batekin ibilia zen denboraldi batez: dantzari trebea izatez gain, kantuan eta panderoa jotzen ere ba omen zekien. Ezkontzeko hitza ere eman omen zion Elgeta inoiz lanean hasteko baldintzarekin. Honek ordea luzapenak ematen omen zizkion musikariaren bizimodua utzi nahi ez eta. Hala, Mikaela ezkondu zela ohartzean hasi omen zen Elgetaren gainbehera.

Donostiara joan zenean Baserri tabernan jotzen omen zuen eta bertan grabatu zion Pepe Yanzi soinujoleak bere zinta ezaguna.

Soinua bizkarrean hartuta ibiltzen omen zen Donostiako kaleetan, txapela jantzita Parte Zaharrean soinua jo eta erdi eskean ere ikusi zuten.

1962an Sakabiri egindako omenaldian berragertu zen bere ezagunengana. Orduan aipatu zioten berari ere omenaldi bat egin asmotan zebiltzala eta ea hori edo dirua ematea nahiago ote zuen. Baina Elgetak omenaldia baino dirua nahiago zuela erantzun omen zien.

1964an ere beste diru-bilketa bat egin zuten hainbat trikitilarik Elgetari laguntze aldera. Azken hilabetea bertan zeramala eta Valentin Aldalur Zialtzeta Zorroagako Zaharren egoitzara joan zen bildutakoa Elgetari ematera. Bera joan bezperan hil zen ordea, Martxoaren 29 hartan. Bere osasunaz larrituta bertako arduradunek senitartekoren bati abisatzerik nahi zuen galdetzean, honek, “familiarik ez zeukala” esan omen zien, ezta lagunik ere.

Elgetaren ekarpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Elgetaren soinu txikia (Iker Goenagak dauka). Eskuinean 21 botoi bakarrik edukitzen zuen soinu txikiari beste bi botoi gehitu zizkion Elgetak. Guztira 23 eskuinean , eta 12 baxu ezkerrean

Elgetak dantzaldietan doinu asko jotzeko aukera zuen. Garai hartan trikitali gehienek 12 bat kantu egiten zuten errormeria bat, etengabeko errepikatze aspergarrian.Elgetak, baina, sekulako kantutegia zeukan, eta ez zuen abestirik errepikatzen. Horien artean erritmo ugari batzen zituen: fandango, arin-arin, trikitixa, porrusalda, bals, fox, pasodoble... bera baino lehenago erabiltzen ez ziren erritmo asko egokitu zituen soinu txikirako, eta dantzariek asko estimatu zuten berrikuntza horiek.[6]

Baina jolea ez ezik, sortzailea ere izan zen Elgeta, bere kantu propioak sortu zituen. Hori ez zen ohikoa garaiko trikitilarien artean. Soinu txikia tresna mugatua izanik, Elgetak ongi ezagutzen zituen haren zirrikitu eta sekretu gehienak. Zenbaitetan, baina, kanturen bat entzunda huraxe jotzen hasitakoan, ezin zuela egoki jo konturatu zen, nota batzuen faltan zebilen. Hori dela medio soinuaren goialdean bi botoi gehiago jartzeko ideia etorri zitzaion: osatu gabeak zituen bere bi oktabak eranstea. Halaxe egin zuen, Martzelino Larrinaga soinugileak lagunduta. Honenbestez, bi oktabako eskala kromatikoa osatu zuen. Eta hori da, hain zuzen, munduan diren guztien artean euskal soinu txikia berezia izatea egiten duena, 23 botoi izatea eskuinean, eta 12 baxu ezkerrean. Elgetak asmatu ez bazuen ere, berak osatu egin zuen euskal hauspoa.[6]

Salbuespenak dauden arren, oker handirik gabe esan liteke gaurko trikitilari gehienek hiru tonalitate besterik ez dituztela erabiltzen. Tonalitate berri bat behar izanez gero, tresna berri bat hartzen dute, tonalitate hartan findua. Elgetak ordea zazpi eta zortzi tonalitate desberdin atera izan zizkion tresna berari. Dudarik ez dago maisu handia izan behar duela batek soinu txikia horrela erabiltzeko.[6]

« Elgetak aniztasuna ekarri zuen, musikaltasuna, aldaeren grazia eta sortzearen gozoa. Eta maisu handiekin gertatzen den moduan, behin eta berriro entzunda ere beti ikasi egiten da entzuten den aldiro. »

Iker Goenaga[7]


Pepe Andoainek Elgetari egin zion grabazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizia eta erritmo handikoa da Elgetaren jotzeko modua. Nabaria da hori Pepe Andoainek bere etxean egin zion grabazioan. Elgetak utzi duen grabazio bakarra da, 1960ko hamarkada hasieran eta Donostiako Alde zaharreko Bar Baserriren gainean grabatua. [6]

Grabazioko doinuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geroago CD moduan zabaldu den grabazio hartan 14 kantu bildu zituzten trikitixa bat (1,a), porrusalda bat(2.a), lau fandango (3.a, 9.a, 11.a, eta 13.a), lau arin-arin (4.a, 10.a, 12.a eta 14.a) eta lau kalejira (5.a, 6.a, 7.a eta 8.a). Erdia zati instrumentalak dira eta beste erdia kopla-doinuak. Kantu batean bost bider aldatzen du tonalitatez.[7] Horretaz gainera, zortzi koplak desberdinak dira.[6]

Elgetaren trebeziaren erakusgarri

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan, diskoko zazpigarren kantuan bezala, inprobisatu egiten du. Kalejira horren bigarren bueltan desberdin jotzen duela berdina"izan behar lukeen" zatia, Elgetak aldaerak egiten zizkion kantu berari joaldi bakoitzean. Seigarren abestiko kalejiran berriz, lehenengo zati osoa ezkerreko baxuekin jotzen du, honen garrantzia erakutsiz. Hamahirugarren abestian unisonoan jotzera iristen da, hau dada, gauza bera jotzen duela ezkerreko eta eskuineko eskuekin[6]

Ezagutu zutenak bat datoz, oso gizon garbia zela Elgeta. Arropa zaharrekin ibiltzen bazen ere beti zerabilen zapi bat lepoan, izerdiak alkandora zikindu ez ziezaion eta beste bat soinuaren azpitik hauspoaren mugimenduek gastatu ez zezaten. Baita maniatikoa ere: behinola Uztapide eta Lasarte bertsolariekin ostatu berean gaua igarotzen ari zela aitortu omen zien hauei bera ez zela sekula bestek egindako ohean sartzen, maindireak askatu eta berriro bere gustura jarri gabe. Ez omen zuen lana maite. Horregatik utzi zituen peoi lanak eta baserri giroa ere.

Bai joko zalea ordea: goizeko 5ak aldera arte solitarioak egiten aritzen omen zen irakasle bezala hartzen zuten baserrietan eta gero eguerdi aldera arte egiten omen zuen lo.

Eskatzen zuen jornalaren barruan sartzen ziren eguneko 5 duro, bere mantenua eta hiru puru. Hala ageri da argazki gehienetan, purua ahoan duela.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Agirre, Joxean. «Hoy hace cien años que nació Elgeta, un trikitilari de leyenda» Gara.
  2. «Una Pequeña Historia de La Trikitixa Castellano | PDF | Música folk | Entretenimiento (general)» Scribd (Noiz kontsultatua: 2022-11-08).
  3. a b Zeberio Lekuona, Larraitz. (2019-01-25). «Jazinto Rivas 'Elgeta' izango dute gogoan, Ferixa Nagusiko jaietan - Elgeta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-09).
  4. a b c Izagirre, Koldo; Fano, Dani; Agirre "Garluk", Ekaitz. (2021). Sasi artean Elgeta. Euskal Herriko Trikitixa Elkartea eta Ikastolen Elkartea ISBN 978-84-124067-6-4. PMC 1313656094. (Noiz kontsultatua: 2022-11-08).
  5. «Meagasko erromeria; 'Elgeta' soinujolea - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
  6. a b c d e f g Goenaga, Iker; Izagirre, Koldo. (2001-10-06). Elgetaren Musika Iker Goenagaren Belarrian. Sasiaren sustraiak : Jazinto Rivas Sanz, "Intxuzabal", "Elgeta" (1905-1964). Euskal Herriko Trikitixa Elkartea ISBN 84-607-3357-2. PMC 433054617. (Noiz kontsultatua: 2022-11-08).
  7. a b c Izagirre, Koldo. (2001). Sasiaren sustraiak : Jazinto Rivas Sanz, "Intxuzabal", "Elgeta" (1905-1964). Euskal Herriko Trikitixa Elkartea ISBN 84-607-3357-2. PMC 433054617. (Noiz kontsultatua: 2022-11-08).
  8. Junkera, Kepa. (2014). Jacinto Rivas ”Elgeta” - Kepa Junkera & Sorginak, Trikitixaren Historia Txiki Bat (Una Pequeña Historia De La Trikitixa). Jacinto Rivas ”Elgeta” · Kepa Junkera (Noiz kontsultatua: 2022-11-08).
  9. (Ingelesez) «Mikel Laboa - Gernika Zuzenean» www.rootsworld.com (Noiz kontsultatua: 2022-11-09).
  10. Goenaga, Iker. Elgeta. Iker Goenaga - Youtube (Noiz kontsultatua: 2023-01-21).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]