Edukira joan

Iturgintza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iturgintzako tresna batzuk:
1: zulatzeko makina
2: irabiagailu matrizea
3: hodi ebakigailua.

Iturgintza eraikinean aplikatutako ingeniaritza mekanikoaren espezialitate bat da, isurkariak (likidoa edo gasa) tutu, hodi, balbula, txorrota, maskor eta ponpen bidez zirkularazteko erabiltzen diren teknika guztiak biltzen dituena.

Euskaraz, terminoa iturri hitzari erantsitako -gintza atzizkiaren bitartez eratzen da.[1] Hizkuntza batzuetan, ordea, ―hala nola frantsesez plomberie edo ingelesez plumbing― hitzaren jatorria berunarekin lotuta dago (latinez plumbum), aurreko mendeetan iturgintzako instalazioak egiteko metal xaflakor hori erabiltzen baitzen.

Langintza honen teknikak asko hobetu dira denborarekin, jakintza zientifikoen bilakaerari eta aplikazioari esker. Iturgintzaren lehenengo aplikazio sistematikoak izan ziren grabitatea erabiltzea eta lehen ponpak martxan jartzea nekazaritzan, malden eta zangen bidez ureztatzeko.

Historia eta helburua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturgintzaren hastapenak Antzinako Erroman garatu ziren, erromatarrek harrizko akueduktuak eraiki baitzituzten, ura garraiatzeko bainuetara eta handikien jauregietara. Era berean, lur azpiko estolderia sistema aski konplexu bat eraiki zuten hirietan, ur zikinak kudeatzeko; horren adibide gorena da Cloaca Maxima izenekoa,[2]

Aro Modernoan, iturgintza XIX. mendean hasi zen hedatzen, ura garraiatzeko burdinurtuz egindako hodiak erabiltzen hasi zirenean. Hodi zatiak berunez soldatzen ziren, metal horren ezaugarriak oso baliagarriak baitira: alde batetik, aise urtzen da (fusio puntu baxua du, 327.5 °C); bestetik, aise banatzen ahal da hodiek junturaren inguruan; eta, azkenik. karbonato basikoa aplikatuz, agente atmosferikoei (aireari eta urari) oso erresistente bihurtzen da. Berunezko lotuneak erabili izan ziren denbora luzez, 1970eko hamarkadaren bukaera arte.[3]

Gaur egun, mendebaldeko herrialde gehienetan debekatuta daude burdinurtuz eta berunez eratutako hoditeriak, baia edateko ura garraiatzeko, bai saneamendu sistemak egiteko. Izan ere, urak hodi barruan eragiten duen marruskadura indarraren ondorioz berun zati txikiak uretan nahasten dira, eta jakina da beruna oso kaltegarria dela bizidunen osasunerako.[4] Horrez gain, gaur egun eskuragarri dauden beste materialen aldean ―hala nola, kobrea, PVC edo polietilenoa― lan denbora luzeago eskatzen du sistema zaharrak. Berunaren ordez, beste gai edo sistemak erabiltzen dira hodien junturak lotzeko, hodiaren materialaren arabera: altzairuzko soldadura, altzairuzko hodietan; eztainuzko soldadura, kobrezko hodietan; lekeda disolbagarria, PVCko hodietan; termofusioa, polipropilenoko hodietan; edo zementuzko morteroa, porlanezko hodietan. Baita ere, maiz erabiltzen dira lotura mekanikoak, hodi zatiak elkartzeko, konpresioa, bridak edo haria erabiliz.[5]

Iturgintzako tresnen drainatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturngintza, gailu baten zirkulazioan eraginkortasun egokia lortzeko, haizebideak behar dira aireari pasatzen uzteko. Metalezko lata batetik abiatuta, ibilgailu baten motorrean olioa jartzen dugunean, ontziaren goiko aldea zulatu egiten da estalkiaren bi muturretan, zulo batetik olioa erortzen den bitartean, beste zulotik airea sartuz fluxu erregularra lortzen baita. Printzipio bera aplikatzen zaio hodiari, zikloaren amaieran gailuak errazago hustu daitezen, sifoi hidraulikoa ito gabe.[6]

Arauak Ipar Amerikan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Amerikan, iturgintzako instalazioak kode zorrotzak ditu, arauei eta errendimenduari dagokionez.[7]

Arauen aldetik, kodeak instalatzailea behartzen du, gauzak era jakin batean egitera. Errendimenduaren aldetik, berriz, instalazioak bete behar duen gutxieneko eraginkortasuna zehazten du.

Iturgintzaren espezialitatean lan egin ahal izateko, iturginak gaitasun txartela eskuratu behar du, ikastaro luze samar bat egin ondoren, espezialitate zehatzaren araberako iraupena izan ohi duena. Horrez gain, trebakuntza ikastaroak ere egin behar izaten dira 2009an, iturginak bere gaitasun txartela izan behar du gas naturalerako, lurrunerako, ihinztagailuetara, hodi soldadurarako eta abarrerako, bakoitzak bere espezialitatearen arabera.[8]

Uraren banaketa (Hunter kurba)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetako National Institute of Standards and Technology (Estandarren eta Teknologiaren Institutu Nazionala) erakundeak iturgintzako aparatuen eskariaren kargak zehazteko taulak garatu zituen, 1940an.[9] Gailuak aldi berean erabiltzeko probabilitatean oinarritutako kurba horiei esker, eskariari buruzko grafiko bat egin ahal izan zen, hodiaren gain edo azpidimentsionamendua saihesteko. Erabiltzen den grafiko sinple hori fidagarritzat jotzen da diseinatzaileen eta ingeniarien artean.

Hunter kurba eraiki zen iturgintzako gailu txikienekoaren ur fluxuan oinarritzen da, gailu unitariotzat hartuta konketa baten txorrota gailu unitarioa.

Jakina, sarearen diseinatzaileak bere ikuspegia erantsi behar dio tresnari, kurba hori ezin baita erabili udal sare baterako edo etxebizitza eraikin multzo handi baterako. Estandar horretatik kanpo gelditzen dira, besteak beste, antzokiak, kiroldegiak edo azoka nahiz bilgune publiko handiak; izan ere, esate baterako, kirol ikuskizun handi batean, atsedenaldian ikusle asko aldi berean joan ohi dira komunera, eta horrek eskari kurba hori desitxuratzen du.[10]

Hoditerian material hauek erabiltzen dira:

Ur hornidura sistematan erabili ohi diren PVCko hodiak.
Ur hodien loturak egiteko kobrezko piezak.

Material horien artean, eraikuntzaren mekanika aplikatuari dagozkionak erabili ohi dira, bereziki komunei dagozkienak. Euri hodiak (drainatzea eta abar) eraikinetik kanpo metro bat baino gehiagora daudenean, ingeniaritza zibilaren ardura dira.[11]

Hodien arteko loturak honela egin daitezke:

Txorrota bat, bainugelako konketan.

Txorrotak edo iturriak ―forma, diseinu eta funtzionalitatearen aldetik begiratuta― ongi hautatzea garrantzizkoa da, hoditerian garraiatzen den produktuaren eta aplikazioaren arabera. Ponpak erabili behar direnean, arreta berezia jarri behar zaio aplikazio edo egoera jakin batzuetan gerta daitekeen kabitazioari. Beraz, gasak kontrolatzeko, orratz txorrota bat edo bola txorrota bat erabiltzea komeni da, balbula txorrota baten ordez.[12]

Diametro txikietarako, aldiz, bola txorrota bat hobea izan daiteke balbula txorrota bat baino. Balbula edo gona txorrotak egokiagoak dira fluxua kontrolatzeko. Balbula txorrotak fluidoaren igarotzea geldiarazteko balio du,ez hainbeste haren fluxua kontrolatzeko. Tximeleta balbula batek balbularen antzeko zerbitzua eskainiko du diametro handietarako (64 mm edo gehiago), eta fluxua eraginkortasunez kontrolatzeko ere balio dezake.[12]

Kobrea eta altzairua elkartzen diren lotuneak saihestu behar dira. Halakoetan, brontzezko konektorea edo juntura dielektrikoa erabiltzea gomendatzen da, korrosio galvanikoa saihesten baitu.[13]

Hodi zurrunak tarteka euskarri puntuak behar dituen bezala, hodi malguak, berriz, luzera osoan behar ditu. Garrantzitsua da adieraztea eraikin garaietan eta jende asko dagoen eraikinetan ainguraketa antisismikoak gehitu behar direla, hala nola ospitaleetan, kiroldegietan eta leku publikoetan.[14]

Askotariko materialak daudenez, eta material horiek eskura daudenez, azken hautapenaren erantzukizuna instalatzailearen eta, hala, ingeniariaren bizkar gelditzen da.

Proiektu handietan, eraikinari aplikatutako mekanikan aditua den ingeniari batek zehaztu ohi ditu erabili beharreko materialak, planoak eta aurrekontuak prestatzen ditu, lanen exekuzioa gainbegiratzen du eta instalazioaren erantzukizuna bere gain hartzen du, iturgintzako kontratistak esparru honetako arau guztiak errespetatu ditzan.[15]

Aplikazio geografikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturginaren lana eta erantzukizuna eraikinaren kanpoko hormatik metro batera amaitzen da. Handik estolderia publikora edo hobi septikora, eraikuntzaren estolderiak egin behar du bidea. Eraikinen estolderia lanak kontratista orokorrak egiten ditu, baita lur mugimenduak, zoladura eta abar ere.

Iturgintza terminoak zenbait langintza zehatz hartzen ditu bere barnean. Langintza horien guztien helburua da printzipio zientifikoak (ingeniaritza) praktikara eramatea, hala nola termodinamika, grabitazioa, fluidoen mekanika, instalazioen erosotasuna eta osasungarritasuna bermatzeko. Horren harira, gogoan izan behar da zientzia biologiko eta medikoek lotura estua dute erosotasunaren kontzeptuarekin. Izan ere, erosotasuna giza gorputza homeotermoa izatearekin lotuta dago; hau da, gorputzaren barruko tenperaturak konstantea izan behar du. Erosotasuna lortzeko, beraz, gutxiegizko edo gehiegizko beroa sortzen den abiadura berean orekatu behar da.[16]

Suteen aurkako ur hartune baten balbula.

Printzipio zientifikoak aplikatzen ahal dira:

Gaur egun, iturgintzak batez ere uraren garraioa hartzen du bere gain, zenbait erabileratarako, besteak beste, etxeko aplikazioetarako.

Estolderia hiru eratakoa izan daiteke::

Aplikazio berriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturgintza askoz eskuragarriagoa bihurtu da brikolaje zaleentzat, jada ez baita beharrezkoa tresna eta ezagutza guztiak izatea, soldadurarako batez ere. Gaur egun, erabiltzen diren osagai arruntak dira lotura sinple bidez mihiztatzen diren plastikozko osagaiak (polibinil kloruroz egindakoak) edo torlojuz lotzeko osagarriak (txorrotak eta abar), aise estekatu daitezkeenak kobrezko instalazio zahar batera. Hodi malguak ere badaude, hala nola dentsitate handiko polietileno erretikulatua barnealderako (etxebizitzetako hoditeria) eta dentsitate txikiko polietilenoa kanpoalderako (ureztaketa, iturriak, urmaelak...).

Errazago izanagatik ere, dena dela, instalazioaren eskema egin behar da beti. Ildo horretan dago Duratec Airline System hodi sistema,[17] aire konprimatua eta gasa banatzeko xedea duena. Aluminiozko hodi mota hori plastikoz estalita dago eta barruan plastikoz indartuta. Osagarriek juntura torikoak dituzte.

Etxebizitza baten ur beroko hoditeriaren balbula bat.

Sistema hau oso erabilia da ur banaketa egiteko familia bakarreko etxebizitza batean, duplex erako batean, aurrefabrikatuko edo gurpildun etxebizitza batean ur hornidura egiteko erabiltzen baita; gainera, sistema merkea da, oro har. Tresna berezi bat erabili behar da konexio eta juntura egokiak egiteko. Alabaina, 6 etxebizitza eta gehiagoko eraikin kolektiboetarako eta eraikin publikoetarako, kobrea erabiltzea gomendatzen da, metal horren propietate bakteriostatikoak direla eta.[18]

Nolanahi den ere, etxebizitza askoko instalazioetan, hodiari diametro egoki bat kalkulatu behar zaio, junturek eta lotuneek diametro txikiagoa behar baitute hodiek baino. Murrizketa horrek turbulentzia sortzen duenez fluidoaren fluxuan, presioa galtzen da; horregatik handitu behar da hodiaren diametroa. Hodi malgu mota horrek, ordea, lotune eta juntura gutxiago behar duenez ―hala nola 90 edo 45 graduko ukondoak―, norabide aldaketak erradio handien bidez egiteko aukera ematen du, eta horrek erraztu egiten du fluxu lineala, turbulentziarik gabe.[19]

Ur zikinen hustuketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur zikinek kutsadura erreka, laku eta itsasoetara iritsi ez dadin, neurriak hartu behar dira arazketa tratamendu merkeen eta eraginkorrenak egiteko, ahal delarik ur zikinak sortzen diren lekuan bertan.[20]

Uraren ekonomia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kutsadura saihesteko, edateko uraren ekonomia printzipioa ezarri behar da. Besteak beste, euri urak berrerabil daitezke, biltegiratu eta belardiak edo lorategiak ureztatzeko erabili, edo komunetako ur ontziak hornitzeko.

Ur kutsatu motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxean erabilitako urak edo ur grisak dira harraska, konketa, dutxa edo bainuontzietatik hustutakoak. Ur grisak berrerabil daitezke lurrak, belardiak eta lorategiak ureztatzeko. Baita ere, energia aurrezteko aukera ematen dute, ur grisen beroa ―etxean erabiltzen den ur gehiena aurrez berotuta dago―[21] berreskuratuz, etxeko ur beroaren aurreberoketan aplikatzeko. Horrelako proiektuak, jakina, kasu bakoitzeko azterketa ekonomiko xehatuan oinarritu behar dira.[22]

Ur beltzak komunetatik (WC) eta pixatokietatik hustutakoak dira. Oro har, Escherichia coli bezalako bakterio fekalak eduki ohi dituzte. Estolderia publikoko zerbitzuek ebakuatu behar dituzte, edo, zerbitzu publikorik ez dagoenean, hobi septikoetatik eta iragazkietatik igaro behar dute, naturara itzuli aurretik.

Hondakin ur teknikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondakin ur teknikoak dira laborategien produktu toxikoak isurtzen dituzten industrietatik hustutakoak. Ur horiek industria egituraren barruan tratatu behar dira, hondakin uren sarera isuri aurretik. Tratamendu egoki baten ondoren, pixatokiak edo komunak urez hornitzeko berrerabil daitezke, edo industriaren katera itzul daitezke. Hozte sistemetako ur dorreetatik datorren ura izan daiteke era honetako adibide on bat.[23]

Euri urak husteko hoditeria, etxebizitzaren kanpotik egina.

Oro har, euri-urak eta lur gaineko beste urak hobietatik edo estoldetatik ateratzen dira nagusiki. Gehienetan, ez da beharrezkoa izaten ur horiek araztegietan tratatzea, naturara itzuli aurretik. Tratamendu erraz baten bidez, ur horiek dutxak, komunak eta pixatokiak hornitzeko berreskura daitezke. Argitatik babestutako plastikozko biltegi ilunetan gorde behar dira, algak ugal ez daitezen. Banaketa hodiak ere plastikozkoa izan behar dira, azidotasuna dela eta: pH-a 4 eta 5 bitartekoa da, eta horrek kobreari eta altzairuari erasotzen die.[24]

Hori hala izanik ere, hirietan, ekaitz baten lehen 15 minutuetan ur beltzak sortzen dira, eraikinen teilatu eta kale gainetan pilatutako zikinkeria eramaten baitu euriak. Ur horiek tratatu egin beharko lirateke, baina, sarritan, ibaietara doaz zuzenean, arazketa sistemek tratatu dezaketen gehienezko edukiera gainditzen baitute, euri bolumen handiak gertatzen direnean.[25]

Erabiltzaile asko dituzten eraikinen kasuan, arazketa instalazio txiki bat eska daiteke estolderia zerbitzuak eskas direnean (ikus hondakin uren arazketa).

Oro har, beti da hobea eta errazagoa substantzia kutsatzaileak sortzen diren puntutik ahalik eta hurbilen araztea. Adibidez, ospitalean produktu erradioaktiboak erabiltzen direnean, produktu hori kendu gabe husten bada hodietatik, araztegiko lohiak kutsatuko ditu. Kutsatu ondoren, erabilgaitz bihurtzen dira. Arrazoibide bera aplikatzen zaie sendagaiei, gai kimikoei, pestizidei eta biodegradagarriak ez diren etxeko produktu batzuei, hala nola fosfatoari.

Iturgintza eta gizartea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010ean, World Plumbing Council nazioarteko iturgintza erakundearen[26] ahaleginei esker, martxoaren 11 Iturgintzaren Nazioarteko Eguna izendatua izan zen.[27] Egun horren helburua da hobeto ezagutaraztea iturgintzaren garrantzia edateko ura eskuratzeari dagokionez.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Euskaltzaindiaren Hiztegia > iturri, 3. adiera.» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-16).
  2. (Ingelesez) Michael Price. (2017-08-28). «Origins of ancient Rome's famed pipe plumbing system revealed in soil samples | Science | AAAS» Scienceshots (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-02-22).
  3. (Ingelesez) «History of Pipes Across The Ages - Emergency Plumber» web.archive.org 2022-10-06 (Noiz kontsultatua: 2023-02-22).
  4. «Urari buruzko lege berriak berunezko hodiak kendu beharko ditu, osasunerako arriskutsuak direlako» Consumer (web.archive.org) 2023-02-22 (Noiz kontsultatua: 2023-02-22).
  5. (Gaztelaniaz) «Uniones en fontanería. Tipos de uniones, racores, accesorios y roscas» web.archive.org 2021-04-21 (Noiz kontsultatua: 2023-02-22).
  6. (Frantsesez) Yves Perrier. (2015-11-11). «Drains et évents de la plomberie résidentielle - Guide Perrier» Guideperrier.ca (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-02-16).
  7. (Frantsesez) «Plomberie» NSF (web.archive.org) 2022-06-29 (Noiz kontsultatua: 2023-02-16).
  8. (Frantsesez) Gouvernement du Canada, Statistique Canada. (2005-02-15). «SCIAN 1997 - 23252 - Plomberie, chauffage et climatisation» www23.statcan.gc.ca (Noiz kontsultatua: 2023-02-16).
  9. (Ingelesez) Roy B. Hunter. (1940-12-16). Methods of Estimating Loads in Plumbing Systems. NIST.
  10. (Frantsesez) Outil de conception efficace. ENERGIR.
  11. Arturo Trapote Jaume eta Héctor Fernández Rodríguez. (2022-05-05). «Técnicas de Drenaje Urbano Sostenible» Instituto Universitario del Agua y de las Ciencias Ambientales - Universidad de Alicante (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-02-16).
  12. a b (Frantsesez) «Quelles sont les parties d'un robinet ?» web.archive.org 2023-02-17 (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  13. (Frantsesez) «Métaux compatibles: corrosion galvanique · Laiton et Cuivre · Blog · RMMCIA» web.archive.org 2022-05-28 (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  14. (Frantsesez) «Supports parasismiques exigés aux installations de tuyauterie, de conduits et aux équipements mécaniques» web.archive.org 2023-02-17 (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  15. (Frantsesez) «Quelles sont les compétences d'un plombier ? - Vidrio» web.archive.org 2022-10-05 (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
  16. (Frantsesez) «Confort thermique en chauffage,climatisation» web.archive.org 2016-12-18 (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
  17. (Ingelesez) «Airline Piping Systems | Compressed Air & Inert Gas Piping» web.archive.org 2022-09-24 (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
  18. (Ingelesez) «Helium and Duratec® Airline System: The Only Way Is Up» web.archive.org (The Industrial Pipeline) 2021-10-29 (Noiz kontsultatua: 2023-02-19).
  19. (Gaztelaniaz) «Cómo calcular el caudal simultáneo de agua en un edificio de viviendas - IngenierosIndustriales.com» Ingenierosindustriales.com (web.archive.org) 2019-06-07 (Noiz kontsultatua: 2023-02-19).
  20. (Frantsesez) «Introduction à la pollution par les eaux usées | Résilience des récifs» web.archive.org 2022-12-03 (Noiz kontsultatua: 2023-02-19).
  21. (Gaztelaniaz) «Consumo medio de agua en los hogares españoles - Fundación Aquae» web.archive.org 2022-11-28 (Noiz kontsultatua: 2023-02-19).
  22. (Frantsesez) Roger Cadiergues. (2011-03-01). «La réglementation « eaux potables »» Xpair (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-02-19).
  23. (Frantsesez) «Les principes du traitement des eaux usées» Meuse Grand Sud (web.archive.org) 2022-11-26 (Noiz kontsultatua: 2023-02-21).
  24. (Gaztelaniaz) Jochen Scheerer. (2011-06-15). «Wayback Machine» Diputació de Barcelona (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-02-21).
  25. (Gaztelaniaz) Sebastián Serrano. (2022-06-29). «¡Que no se vaya al caño!» Revista Cambio (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2017-07-24).
  26. (Frantsesez) «World Plumbing Council» web.archive.org 2022-03-16 (Noiz kontsultatua: 2023-02-21).
  27. (Frantsesez) Canadian Institute of Plumbing & Heating. (2021-02-01). La Journée mondiale de la plomberie aura lieu le 11 mars. .

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]