Edukira joan

Ikurrin

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ikurrina
Euskal Herri osoko eta haren parte den Euskal Autonomia Erkidegoko bandera
Euskal Herri osoko eta haren parte den Euskal Autonomia Erkidegoko bandera
Erabilera
Proportzioa 14:25
Erabakia Sorrera: 1894
Sortzaileak:
Luis Arana Goiri
Sabin Arana Goiri
Legeztatzea: 1977ko urtarrilaren 19a
Ofizialtasuna: 1936-1937
1978tik gaur egun arte
Koloreak
Gorria
Berdea
Zuria

Ikurrina Euskal Herriko bandera eta ikur nagusia da.[1] Oinarri gorriaren gainean, gurutze zuri zuzen batez eta gurutze berde zeihar batez osatuta dago. Sabin Aranaren anaia Luis Aranak marraztu zuen 1894. urtean. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko bandera ofiziala da, bai eta Ipar Euskal Herrian nahiz Hego Euskal Herrian, Europar Batasuneko banderarekin batera, Bidasoa eta Pirinioetako estatu mugaren bi aldetara agertzen den bandera bakarra ere.

Bere sorrera unetik bertantxe jazarpen politiko latza jasan duen bandera da, lehen ikurrina urte baten buruan espainiar agintaritzak errekisatu baitzuen. Jazarpen hori Primo de Riveraren diktaduran jasandako debekua eta bereziki Francoren diktaduran asko areagotu zen. Hain zuzen ere, agintari frankistek legez kanpo jarri eta 1936-1977 artean erabateko eta etengabeko jazarpena pairatu zuen: ikurrin bat zeraman oro isuna ordaintzera edo espetxera zigortua zen, eta hein handi batean, jazarpen, eta debeku horren ondorioz, jende askoren iritziz, abertzale nahiz abertzale ez izanik ere, haren hasierako jatorrizko esanahitik askoz harago, klandestinitateko bandera bihurtu zen, hots, askatasunaren, errebeldiaren, antifrankismoaren eta demokraziaren ikur. Maiz Hego Euskal Herrian diktadura garaian ikurrina jendaurrean erakustea norberaren pentsamolde politiko edo nazio nortasunetik harago, injustiziaren aurkako berezko agintaritza ofizialarekiko errebeldia jarrera edo erantzuna izan zen.

1977ko urtarrilaren 19an ofizialki legeztatu zen arren, 2017 arte, Nafarroako Foru Erkidegoan ikurrinaren aurka espresuki sortu zen Nafarroako Ikurren Legearen bidez jazarpen politiko eta administratiboa jasan izan zuen, bera udaletxeetan zintzilikatzen duten udalak isun, salaketa eta auzien mehatxupean izanik. Aldiz, Ipar Euskal Herriko (Nafarroa Beherea barne) herriko etxeetako aurrealde eta balkoietan egunerokotasunean ikurrina Frantziako banderarekin batera normaltasun osoz zintzilikatua agertzen da.

Ikurrina airean, Donostiako Urgull mendian.

Arana anaiek ikurrin izena bi hitzen elkarketatik sortu zuten:

  • ikur egina, alegia, ikur (eg)ina = ikur ina = ikurrina[2]

Bandera batean egin, irudikatu edo gauzatutako ikurra, alegia.

Erdal hizkuntzetan eta giro abertzaleetatik kanpo, 1894tik, banderaren sorreratik urtetik 1936ko Gerrara arteko denboraldian zehar nagusiki Euskal Herriko bandera izenez deitua izan zen (gaztelaniaz bandera vasca, frantsesez drapeau basque eta ingelesez Basque flag). Francoren diktadura eta bandera horren klandestinitate garaian zehar ikurrin izendapenaren erabilera erdal hizkuntzetan ohikoa izaten hasi zen. Gaur egun, gaztelaniaz behinik behin, izendapen erabiliena euskarazko ikurrin da (ikuŕiña sabindar grafiaz, eta erdaraz ikurriña idatzita).

XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasierako Euskal Abertzaletasunaren lehen garaietan Bizkaitarra, Bandera Bizkaitarra edota Bizkaitar Bandera izena ere jaso zuen.

Egun, hiru koloreduna eta bi gurutzeduna izendapenak ere jasotzen ditu.

Ezaugarri teknikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikurrin bat

Gaur egungo estandar teknikoetara egokitzen diren koloreak ahalik eta hoberen identifikatzeko, eta banderen neurrien erreferentzia argiagoak ezartzeko, bidezkoa da ikurrinari buruz atal berezi bat irekitzea Erakunde-Nortasunaren Eskuliburu honetan, beti ere hasieratik onartutako ezaugarriak funtsean errespetatuz. Horrela, koloreak honela erabiliko dira: gorrirako Pantone 485 C (% 100 magenta eta % 100 horia) eta berderako Pantone 347C (% 100 horia).[3]

Neurriei dagokienez, hasierakoei eusten zaie. Ikurrina laukizuzen bat da, eta bere garaiera oinarriaren luzeraren % 56koa da; aspa eta gurutzea osatzen duten zerrendek zabalera bera dute, alegia, oinarriaren zabalera osoaren % 8,6.

Kolorea Izendapena Pantone Kuatrikomia Kodea
     Gorria Gorrimina 485 C % 100a magenta
% 100a horia
#D52B1E
     Berdea Berde bizia 347 C % 100a magenta
% 100a horia
#009B48


1936ko urriaren 28an, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Herriko Egutegi Ofizialearen 24. Dekretuan proportzio aldaketak egin zitzaion ikurrinaren irudia eta honako azalpena argitaratu ziren:[4]

« Euzkadiko banderak hondo gorria, ikoroski berde bizia eta gurutze zuri gainjarria eramango ditu, ikorozkiaren zerrendak banderaren angeluetatik irten eta sartuko dira eta gurutze zuriarenak alde bakoitzaren erditik. Gurutze-ikoroskien zerrenda bakoitzaren zabalera 0,43 metrokoa izango da, eta banderak horizontalki 5 metro eta bertikalki 2,60 metro izango ditu. »
Ikurrinaren deskribapena, Euskal Herriko Egutegi Ofiziala, Eusko Jaurlaritza, 1936ko urriaren 28a

Definizio ofizial hori gaur egun arte mantentzen da, izan ere, 1977ko urtarrilaren 19an ikurrina legeztatu ondoren, 1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuan berretsi baitzen.

Sakontzeko, irakurri: «Sabin Arana Goiri» eta «Luis Arana Goiri»

Ikurrinaren sortzaileen arabera, haren esanahia honakoa da:

Arana anaien interpretazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sabin Arana Goiriren estatua Bilboko Albia lorategietan, atzealdean Sabin Etxea egoitzako ikurrina duela.

Ikurrina Bizkaia burujabearen ikur izateko sortu zuten Arana Goiri anaiek, nazio modernoen bandera eredu hartuz, baina XIX. mendearen azken urteetan eta XX. mendearen hasieran jada, Bizkaitik kanporako haren hedapen azkarrarekin batera, jendearen gustukoa zenez, herriak Euskal Herriaren banderatzat hartu zuen.

Arana anaiek ikurrinean beren Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa[5] (siglatara ekarrita, JEL: hortxetik dator EAJko alderdikideei jeltzale deitzea) goiburua laburbildu nahi izan zuten, alegia, Jainkoa (kristautasuna) eta Lagi-zaŕa (Lege zaharra, Euskal Foruak, Gernikako Arbolan ordezkatuak). Sabin Aranaren iritziz, kolore bakoitzat esanahi berezia du:[6]

  1. Gorria, Bizkaitar Nazioaren Independentziaren sinboloa (ondoren Euskal Nazioaren Independentzia).
  2. Berdeak, Gernikako Arbola eta harekin Bizkaiko foru erakundeak irudikatzen ditu; eta San Andresen gurutzeak, kondairaren arabera San Andres egun batez Arrigorriagako gudua jazo zela.
  3. Zuria, kristau gurutzea edo sinboloa, Jainkoa guztiaren gainetik dagoen ikurra.

1895eko uztailaren 28an, Bizkaitarra aldizkariaren 31. alean, Sabin Aranak berak bere hitzez Feniziar bandera idazlaneko laugarren ekitaldian honela deskribatzen du:[7]

« Geure banderaren hondoa gorria da, (Bizkaiko) Armarria bezala...

Banderaren Gurutze Zuria Armarriko Gurutzea Zuria eta Jangoikoaren lema da...
San Andres Gurutze Berdeak bere koloreaz une berean Armarriko Haritza eta Lege Abertzaleak irudikatzen ditu...
Gurutzea eta Haritza eta hitzez baturik daude, Jangoikoa eta Lege Zaharra; eta hortaz, banderaren erdigunean bi Gurutze zuri eta berdea bateginik daude. Eta Armarrian Gurutzea eta Haritza bateginik dauden modu berean, Jangoikoa eta Lege Zaharrak leloaren bategunean ere leku nagusia du: leloak leku garrantzitsuena du: Banderan ere Gurutze Zuria San Andres gurutze Berdearen gain dago.

»
IV. ekitaldia, Feniziar bandera, Sabin Arana Goiri.
1895eko uztailaren 28a, Bizkaitarra (31. zenbakia).

Zabalago azalduta, ikurrinak hiru osagai nagusi ditu:

Oinarri gorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bizkaiko banderaren hondo gorrimina; ikurrinaren hondo gorriaren oinarria litzateke.

Bizkaitarrak irudikatzen ditu, historian zehar Bizkaiko banderaren hondoa gorria izan baita. Hala ere, batzuek jatorri mitikoaren zantzua hartzen diote, Padura edo Arrigorriagako guduari lotuta. 870 urte inguruan, bizkaitarren buru Jaun Zuriak Leongo armada garaitu omen zuen Paduran: etsaien odola lekuan barreiatu zuen eta bertako harriak gorritu. Geroztik, Arrigorriaga deitzen zaio leku horri. Oinarri gorri horrek Bizkaiaren independentzia irudikatzen bide du.

Gurutze zeihar berdea edo San Andresen gurutzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lege zaharrak eta Bizkaiko independentzia irudikatzen ditu, Gernikako Arbolaren kolore eta itxura estilizatua baita. Batzuen ustez, beste harreman bat ikusten dute Padurako borrokarekin, gurutze mota horrek San Andresen gurutzea izena baitu eta borroka San Andres egunez izan baitzen.

San Andres gurutzea Eskoziako banderan ere kolore zuriz eta hondo urdinean agertzen da, San Andres herrialde hartako santu zaindaria baita. Horra San Andresen gurutzearen agerpen batzuk, ezkutu eta banderetan:

Gurutze zuria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jainkoa beste edozeren gainetik irudikatzen du, horregatik gurutze zuria gurutze berdea eta hondo gorriaren gainetik egotearen arrazoia, Aranak kristautasunean oinarritutako Bizkaia burujabea sortu nahi baitzuen. Bizkaiko armarrian, Gernikako Arbolaren atzean ere gurutze zuri bat ageri da.

Kristautasunaren gurutzea garai hartako Europako erlijio nagusia izanik, banderetan oso ohikoa zen elementua da; adibidez, egungo herrialde hauetako banderek ere, ikurrinaren antzera, kristautasunaren gurutzea daramate: Danimarkakoak, Suediakoak, Norvegiakoak, Islandiakoak, Finlandiakoak, Faroe uharteetakoak, Ingalaterrakoak, Suitzakoak eta abar.

Ironikoki, Eskandinaviako herrialdeak Europan jentiltasun edo paganotasuna baztertu eta kristautu ziren azken herrialde edo lurraldeak izan arren, estatu bilakaera prozesuan, gurutze kristauak jarri zituzten euren banderetan horiek sortzeko unean, beren kristautasun fede berriarekiko leialtasunari buruzko zalantzak uxatzeko.

Bestelako interpretazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikurrinaren itxura orokorrak Erresuma Batuko bandera (Union Jack) gogoratzen du. Ezaguna da Aranak Ingalaterrarekiko zuen miresmena. Hala ere, Bizkaiaren ikurtzat marraztua zela jakinik, Bizkaiko armarriaren estilizazioa dela esan daiteke, banderaren oinarri gorria, Gernikako Arbolaren gurutze berdea eta Jainkoaren gurutze zuria. Bi gurutze horiek goiburu jeltzalearekin (Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa) ados daude Gernikako Arbolak lege-zarra edo foruen esanahia baitu.

Hala ere, ikurrinaren bestelako interpretazioak ere egin izan dira:

Euskal jentiltasun edo paganotasunaren ikur

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Jentil» eta «Paganismo»

Bitxia badirudi ere, jada ikurrina sortu zen lehen urteetan haren zerrenden itxura eta Euskal Herriko Historiaurreko sinboloen arteko lotura eginez, euskal jentiltasun edo paganotasunaren ikurtzat jo izan zuen jendea ere agertu zen.

Horretaz, 1901ean Sabin Aranak Euzkadi aldizkarian honakoa idatzi zuen:[8]

« Gaur egungo bizkaitar nazionalistek osatutako bandera eta euskal jentilek gurtu zituzten bi ikurren arteko kointzidentzia singularra da: gurutze bertikala eta gurutze zeiharra. Lehenak eguzkia esanahi zuen, gaur egungo nazionalistentzat Jainkoa; bigarrenak haintzat ilargia irudikatzen zuen, eta bigarrenentzat Bizkaiko lege zaharreko Konstituzioa. »
Sabin Arana, Euzkadi, 1901

Espainiar nazionalista batzuen arabera: Union Jack

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiar nazionalismoak, aldiz, XX. mendearen erdialdera, ikurrina gutxieste aldera, Arana anaiek ikurrina eta Union Jack banderen antzekotasunean bakarrik oinarrituz, Britainia Handiko bandera "kopiatu" zutelako inongo oinarri historikorik gabeko esamesa edo hiri kondaira asmatu zuen. Hala ere, aurreko bertsioa bezala, bi bandera horien arteko inongo loturarik dagoenik ez da inoiz frogatu izan.

Gainera, gaur egungo Erresuma Batuaren banderaren sorrera, ikurrinarena ez bezala, ez zen bat-bateko nazio edo estatu bandera baten sorrera izan, aldika gauzatutako zenbait erresuma edo herrialderen arteko batasun prozesu historiko eta politiko luzearen ondorioa baizik:

  1. 1707ko Batasun Agiria: Ingalaterrako Erresuma eta Eskoziako Erresumaren batasunak Britainia Handiko Erresuma sortu zuenez, Ingalaterrako bandera (San Jurgiren gurutzea) eta Eskoziako banderaren (San Andresen gurutzea) elkarketatik bandera berria sortu zen.
  2. 1800eko Batasun Agiria: Britainia Handiko Erresuma eta Irlandako Erresumaren batasunak Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua ekarri zuenez, Britainia Handiko Erresumaren eta Irlandako Erresumaren banderaren (San Patrizioren bandera) elkarketatik bandera berria sortu zen.
  3. 1922ko Irlandako Estatu Askearen independentzia jazo arren, Ipar Irlandako lurraldea Britainia Handia eta Ipar Irlandako Erresuma Batuan segitzen duenez, San Patrizioren bandera gaur egungo Erresuma Batuko edo Union Jack banderan dago oraindik, Ipar Irlanda ordezkatuz.

Union Jackarekin dagoen antzekotasuna bi gurutze elkarlotzean sortzen da, azken batean.

Sakontzeko, irakurri: «Sabin Arana Goiri», «Luis Arana Goiri» eta «Euzkeldun Batzokija»

Euskal Herriko banderen lehen diseinu saiakerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kantauriar-Nafarren bandera (1838)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Agosti Xaho»

1838an Agosti Xaho zuberotarrak, euskal abertzaletasunaren aitzindarietako bat zenak, Euskal Herrirako sortu zuen bandera izan zen. Haren iritziz, euskaldunak antzinako kantauriarren ondorengoak ziren. Bandera hori marra diagonal batek bi hirukitan banatzen zuen, hiruki bat gorri kolorekoa eta bestea beltza.[9]

Hirurak Bat bandera (1859)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Hirurak Bat» eta «Euskalerriaren Adiskideen Elkartea»
1859an Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak sortutako Irurac Bat (Hirurak Bat) banderak hondo gorria eta honako zigiluz osatua zegoen.

1859an Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Hiru Probintzia Ahizpen bandera sortu zuen,[9] Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ordezkatzeko asmoz, garaiko grafian Irurac Bat (Hirurak Bat) idatzita. Banderak Euskal Herriko mendebaldeko hiru probintzien (gaztelaniaz: Provincias Vascongadas) batasuna irudikatzen du.

XVIII. mendearen azken herenetik aurrera hiru probintzia horietako Foru Ahaldunak batzar politikoetan biltzen hasi ziren. Batzar horiek Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia ziren.

Berez, bandera hondo gorriko Irurac Bat zigiluduna zen, zigilu historiko hori jada 1816-1876 artean hiru Foru Aldundiek eginiko Batzar Politikoetako agiriak sinatzeko erabiltzen zen.

Laurak Bat bandera (1881)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Laurak Bat (goiburua)»

1881eko otsailaren 27an, Parisen Victor Hugo idazlearen omenez egindako manifestaldian Hego Euskal Herriko lau herrialdeak ordezkatzeko[10][9], Pedro Soraluze Zubizarreta donostiarrak diseinatu zuen.[11]

Bi erditan banatutako hondoa zuen, bata gorria eta bestea zuria. Izkin banatan lau izar zituen, erdi bakoitzean binaka, lau izar hauek Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa irudikatzen zituzten. Banderaren erdian lau burudun armarria zuen. Azken horren aldaera batzuk daude: lau buru arrunt, mairuen lau buru, koroadun aldaera monarkikoa, koroaren ordez Gernikako Arbola duen aldaera errepublikarra. Armarriak azpialdean Laurac Bat (Laurak Bat) leloa zuen, eta horrek ere zenbait aldaera ditu: batzuek Espainiako banderaren hondoa dute; beste batzuek, hondo gris soila. Azkenik, aldaera foruzale batzuek horri guztiari Jaingoikoa eta Lege Zaharrak goiburua gehitzen diote.[9]

Gamazada: Arana anaiak eta bizkaitarrak Nafarroan (1894)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Gamazada»

Arana anaiek Gamazadaren matxinadan zehar Nafarroara egindako bizkaitarren ordezkaritzaren bisitaldi batean zehar lehenbiziko ikurrin baten ustezko bozeto edo eredu baten erakustaldian egin zutela uste duen euskal abertzaleen korronte txiki bat dago.

Gamazada 1890eko hamarkadan Nafarroa Garaian piztu zen matxinada bat izan zen. Aurrez, Sagastaren Espainiako Gobernuaren Ogasun Ministroak, German Gamazo liberalak, 1841eko Lege Hitzartuak ezarritako zerga-araubide forala ezereztatzea saiatu eta nafarren artean sumindura eragin zuenean piztu zen. 1893 eta 1894 urteetan Nafarroa Garaian, bai herriaren, bai erakundeen mobilizazio orokorrak manifestazioak eta sinadura bilketak eragin zituen.

1894ko otsailaren 18an, Nafarroako Castejón udalerrian lorpen hura ospatzeko ekitaldi edo manifestazio erraldoi bat antolatu zen.[12] Hori zela eta, Arana Goiri anaiak eta abertzale talde bat zekartzan tren berezi bat Bilbotik Iruñera iritsi zen.[12] Arana anaien talde abertzale hori manifestazio hartara batu eta bizkaitarrek nafarrenganako elkartasuna adierazten zuen honako esaldia zeraman pankarta hondo zuri eta hizki gorriduna erakutsi zuten:

« Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra. - Bizkaitarrak agur eiten deutse Naparrei.
Dios y Ley Vieja. - Vizcaya saluda a los Navarros.[12]
»
1894ko otsailaren 18an, Gamazada matxinadan, Nafarroako Castejón udalerrian Sabin eta Luis Arana Goiri anaiek erabilitako bandera eta lema: Jaun-Goikoa eta Lagizarra - Bizkaitarrak Agur Eiten Deutse Naparrei

Pankarta hura aurretik eta gau batez Iruñeko Cafe Iruñan diseinatu eta Estanislao Aranzadi nafar diputatuaren Juana Irujo emazteak josi zuen.[13][14] Manifestazio hartara bertaratu zen bizkaitar abertzaleen ordezkaritzako kideek haritz hosto berde eta lokarri zuri-gorriz osatutako ikurrak zeramatzaten.[13] Halaber, Euskal-Erria elkartea eta Bilboko Zirkulu Integrista elkartea bertaratu ziren. Nafarroako Aldundiak Sabin Aranari gonbidapena luzatu eta hark nafar aldundiei aurrean honako hitzaldi hau zuzendu zien:[12][15]

« Hemen dauden bizkaitarren izenean, eta bizkaitar guztienean ere esango nuke, denak Nafarroan baitaude, bai eta Bizkaitarra egunkariaren izenean ere, haren zuzendaria naizenez, Nafarroako Foru Aldundia begirunez agurtu eta gogoz eskertzen dut, Espainiar Gobernuaren egitasmo injustuen aurrean izandako jarrera abertzale eta heroi kanpainarengatik, eta gure aldetik, otoi, gure herriaren anaia den, gure bihotzeko herri maitea den, nafar herriari besarkada indartsu bat eman bezaiola. »
Sabin Arana Goirik Nafarroako Foru Aldundian emandako hitzaldia.

Iruñetik Bilbora itzultzean, Sabin Aranak zorion mezu bat idatzi eta bere amaieran honako hitz hauek jarri zituen:[12]

« Gora Nafarroa! Gora Euskeria! »
Sabin Arana Goiri.

Hala ere, handik urte batzuetara Luis Aranak berak Castejongo manifestaldi hartan erakutsi zuten bandera ikurrina ez zela baieztatu zuen:

« Nafarroara Gamazada ospetsura joan ginenean bandera hura [ikurrina] edo antzekorik erakutsi genuenaren uste okerra argitzera noa... gurutze bikoa [ikurrina] oraindik sortzeke zegoen... [Gamazadan erakutsitako bandera] hondo zuriko San Andres gurutze gorriduna zen, alde batetik, euskaraz eta gaztelaniaz ekitaldi hari buruzko esaldia idatzia zuela. »
Luis Arana Gori

Alegia, Luis Aranaren hitzek bertan erakutsi zen bandera euskal foruzale edo bizkaitarra zela, baina ikurrina, euskal bandera edo bandera abertzalea, ez, bizkaitarrek nafarrei beren foruen aldeko defentsa elkartasuna agertzen zuen bandera baitzen, besterik ez. Hala ere, Gamazadako bandera hori ongi aztertuz gero, jada Arana Goiri anaiek buruan zituzten asmoen eta urte hartan bertan ikurrinean irudikatuko zituzten bi osagai zituen:

  1. San Andresen gurutze gorria ikurrinean berdea izango da, Lagi-Zarra edo Euskal Foruen irudikapena.
  2. Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra lema, gerora JEL laburduraz ezaguna, jeltzale izendapenaren jatorria. Lema hori ikurrinean bi osagaiek irudikatzen dute: Jaungoikoa (gurutze zuria) eta Lege Zaharra, alegia, Euskal Foruak eta Gernikako Arbola (San Andresen gurutze berdea).

Izan ere, ez da harritzekoa Arana anaiek bandera hura erabili izana, abertzaleak izan aurretik karlistak izanak baitziren, eta hondo zuriko San Andres gurutze gorriaren bandera karlismoak maiz Karlistaldian erabili zuen gerra bandera izan baitzen. Gehienera, ikurrinak Gamazadan erakutsitako bandera horren San Andres gurutzearen osagai berbera du, baina gorriaren ordez, berdea jarrita (Gernikako Arbolaren omenez). Bestalde, ziurrenik Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa lema abertzalea ere karlisten Jaungoikoa, aberria, erregea lema eredutzat hartuz sortua izan bide zen.

Ikurrinaren sorrera (1894)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Euzkeldun Batzokija», «Bizkai Buru Batzar» eta «Bizkaitarra (aldizkaria)»
Euzkeldun Batzokijaren egoitza, 1894-1895 artean, Bilboko Zazpikaleetako Posta kalearen 22. zenbakian. Bertan, 1894ko uztailaren 14ean, larunbatez, arratsaldeko seietan, lehen ikurrina zintzilikatu zen.

Nafarroako Castejongo manifestalditik Bizkaira itzuli eta gero, Sabin eta Luis Arana Goiri anaiek elkarlanean Bizkaiko ikur izateko bandera diseinatzeari ekin zioten: hortaz, Arana anaiek ikurrina 1894ko otsailaren 18a (Aranatarrek Gamazadan parte hartu zuten data) eta uztailaren 14a (Ikurrina Euzkeldun Batzokijan eseki zen data) arteko bost hilabeteko epearen barnean diseinatu eta sortu zutela zehaztu liteke.

Sabinok jada hasieratik ikurrina Bizkaiko bandera izango zela bere idatzi eta esanetan oso garbi utzi zuen, baita alderdi abertzale berria ere Bizkaiarentzat bakarrik izango zela ere (hortik Bizkaia bere independentziaren alde izenburuko liburua idatzi eta alderdi politikoak sorreran Bizkai Buru Batzarra izena izatea, eta ondoren Eusko Alderdi Jeltzalea). Gero, denborarekin, gainontzeko euskal herrialdeetako banderen diseinua egitea gogoan zuten; hartarako, beren ohiko lema politikoan oinarritu ziren: gurutze zuriak Jainkoari erreferentzia egiten zion, gurutze berdeak Lege Zaharrari eta Gernikako Arbolari, eta hondo gorria Bizkaiko armarritik hartu omen zuten. Handik ia 40 urtera, Luis Aranak berak kontatu zuenez:[16]

« Letrak, armarria eta bestetalo sinbolo batzuk aukeratzen ari zirela, elkarte hartako fatxadan jartzeko [Euzkeldun Batzokija], anaia [Luis Arana] hurbildu zitzaion eta galdetu zion [Sabin Aranari]:

"Zer iruditzen zaizu Bizkaiarentzat egin dudan diseinu hau?".

Sabin Aranak koloreak adierazi zizkion, eta Luis Aranak markatu egin zituen.
»
Luis Arana

Lehen ikurrin hark 2,80 x 5 metroko neurriak zituen eta Gumersindo Bilbao Goioagaren ehundegian artilez egin zen. Jatorrizko ikurrin haren tamaina ezohikoak helburu hau zuen: orduko Bilbon zintzilik zeuden gainontzeko banderak baino handiagoa izatekoa.[17]

1894ko uztailaren 14an, larunbata, arratsaldeko seietan, Bilboko Zazpikaleetako Posta kaleko 22. zenbakian, Ziriako Iturri karlista ofizial ohiak, Euzkeldun Batzokija elkarteko bazkiderik zaharrenak, hiru koloredun lehenbiziko ikurrina elkarte formalki inauguratu berriko balkoian zintzilikatu eta goratu zuen.[18] Ikurrina Euskal Herriko kaleetan azaldu zen, lehen aldiz: 5 metro luze eta 2,80 metro zabal zen. Bi gurutzeen zabalera, Aranatarrek jasotakoaren arabera, 20 cm-koa zen.[19]

Ikurrinaz gain, Euzkeldun Batzokijaren balkoietarako zabalerako hiru koloreko zerrendez osatutako diseinua ere egin zuten: 40 cm zabalerako bi kanpo zerrenda gorri, barnealdeko beste 10 cm-ko bi zerrenda berde, eta erdialdeko 20 cm-ko zerrenda zuri bakarra.[19] Azken diseinu horrek ikurrinaren koloreak dituenez, gaur egun kolore proportzio berak, baina zerrenda neurri ezberdinekin batzoki eta udaletxeetan usu erabiltzen da:

Ikurrinaren zintzilikatzearen ekitaldiaren ondoren, egoitzaren barnealdean festari ekin zitzaion, alokatutako egoitza zen, ez erosia. Albokari eta txistulariek arratsaldea alaitu zuten, eta gela apaintzen zuen piano zaharra jotzera animatu zenik ere egon zen. Hurrengo eguneko goizeko bederatzi eta erdietan, eta oraindik pasa zen gaueko ajearekin, bazkide sortzaileak Begoñako basilikan mezatara joan ziren. Han, Galo Arteta bazkideak tenore ahotsaz Sabin Aranaren hitzak zituen Ave María abestia abestu zuen, Ledesma maisua organoan lagun zuela. Meza amaitu ondoren egoitzara itzuli eta Zuzendaritza Batzordeko kideak izendatu zituzten, horrekin inaugurazio ekitaldiak amaitutzat emanez.

1895eko lehenbiziko Bizkai Buru Batzar alderdiko Zuzendaritza Batzordeko kideak (EAJren aitzindaria). Ezkerretik eskuinera, eta goitik behera: Juan Aranburuzabala, Elias Lekue, Sabin Arana Goiri, Luis Arana Goiri, Ziriako Llodio, Salbador Etxeita eta Fabian Izpitzua.

Hori da zuzendaritzak azaldu zuen bertsioa, baina ez da erabat egia, inaugurazio ekitaldiek beste ezusteko gertaera bat ere izan baitzuten: dirudienez, nonbait egoitzan bazkideek dantzak dantzatuz eta abestiaz abestuz sortutako soinuak ez ziren eraikineko laugarren solairuko bizilagunaren gustukoak izan, Filomeno Solturak, igande horretantxe gobernu agintariei Euzko Batzokijaren salaketa aurkeztu baitzien. Filomeno hiriko zuhaitz hostotsuenak moztea agintzeagatik hiritarren haserrearen ondorioz bere postua utzi beharra izan zuen zinegotzi ohi bat zen. Euzkeldun Batzokijaren aurkako bere salaketari dagokionez, abuztuaren 1.a arte ez zen berririk egon, hain zuzen ere, bezperan, uztailaren 31n, Bizkaiko santu zaindari San Inazio egunez bazkideek ospatutako festaren ondorioz, Bizkaiko Gobernadoreak elkarteko lehendakaria izateagatik, Sabin Aranari 500 pezetako isuna ezarri zionean. Isun horren atzean Solturaren beste salaketa bat zegoen, Goldarazena bere abokatuaren bitartez bezperako festako abertzaleen soinu eta abestiek haren etxebizitan zegoen emakume gaixo baten atsedena eten zutela argudiatu zuen. Isunean "abestea, danborra jotzea eta lurzoruan zapata soinuak egitea" aipatu zen.

Sabin Arana ez zen kikildu eta Bizkaitarra aldizkarian idatzitako artikulu batean Filomeno Soltura bizilagunari fino maketófilo deitu zion (maketozale fina): adierazpen hori ez zen zinegotzi ohiaren gustukoa izan eta berriz ere beste salaketa bat jarri zion. Epaiketa handik urte batera egin eta Sabino Arana hilabete bat eta hamaika eguneko espetxea eta 125 pezetako isunaz zigortu zuten. Sabino Arana Larrinagako espetxean sartu zuten eta urriaren 8an irten zen.

1895eko irailaren 13an, ostegunez, San Leoncio gobernu agintariak Euzkeldun Batzokija behin betiko itxiaraztea agindu zuen, orduko 100 bazkideak epaitzea eta zuzendaritza batzordekideak espetxeratzea. Laisterrera aske gelditu ziren, aurrez epailearen aurrean deklaratuta. Handik bi urtera, 1897ko abuztuaren 3an, auzitegiak Euzkeldun Batzokijaren itxiera zigiluak kentzea agindu zuen, baina ez hura irekitzeko asmoz, Sabino Aranaren izenpeko alokairuan zegoenez, hark egoitza hustutzeari ekin ziezaion baizik. Espainiako Gobernuaren husketa gobernu horrekin bertan zeuden gauza guztien desjabetzea eta konfiskazioa gauzatu zen, bertan gorderik zegoen eta auzitegiko biltegian egotera igaro zen, lehen ikurrina barne.

Esamesen arabera, lehen ikurrina hura 1932 arte Bilboko Auzitegian gorderik egon zen,[20] bertako barnealdeko gelak margotzeko eta altzariak babesteko margolariek babes-ehun gisa ere erabili omen zuten.[17] Hortik aurrera, lehen ikurrin haren berri edo albisterik ez dago eta desagertutzat ematen da.

1897ko irailaren 13ko arratsalde horretan, Euzkeldun Batzokija elkarteko bazkideak Bilboko Iturribide kaleko Martin Aurrekoetxearen etxean bildu eta elkartea desegin zuten. Sabinok Baserritarra aldizkarian honako epitafioa idatzi zuen:

« Euzkeldun Batzokija hil da. Geure bizkaitar zorion beroena bere amaiera arte duintasunez berau mantendu izan duten euskeriarrei. »
Sabin Arana, Bizkaitarra, 1897

Urte bereko abuztuan, Cánovas del Castillo espainiar politikaria —Euskal Foruen desegitea eta euskal gazteak soldadutza derrigortua egitearen arduradun izan zen—, Arrasateko Sana Ageda bainutegian Michele Angiolillo italiar anarkistaren tiroen ondorioz hil zen. Bere bizialdian, Cánovas del Castillok Sabino Aranaren espetxeratzeak gai pertsonal gisa eraman omen zituen, "Espainiako batasuna" eta espainiar nazionalismoarentzat mehatxu larritzat jotzen baitzuen. Diotenez, Bilbon aldun kontserbadore batzuekin bilera batean zegoela, haietako batzuek Sabin Arana ero bat besterik ez zela esan omen zioten. Cánovas del Castilloren erantzuna laburra eta ikurrina nahiz euskal abertzaletasunaren etorkizunarekiko iragarlea izan zen:

« Hori ez da eroa; horrek asko eta urrutira ikusten du. »
Canovas del Castillo, Sabino Aranari buruz

Hedapen azkarra (1894-1931)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen erakustaldiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euzkeldun Batzokijan ikurrina lehenbizikoz zintzilikatu eta gutxira, Ortube deiturako bermeotar arrantzaleak bere Aketxe izeneko balandroaren popan ipini zuen.[21] Hura izan zen, Arana anaien ekimenetatik eta Euzkeldun Batzokijaren egoitzatik kanpo jendaurrean jarri eta erakutsi zen lehenbiziko aldia eta tokia.

Ikurrinaren bigarren zintzilikatzea Busturia udalerrian izan zen, Bilboko Euzkeldun Batzokijaren itxieraren ondoren ireki zen bigarren Batzokian.[21] Baina garaiak ez zeuden txantxetarako, eta Arana anaiek Busturiako Batzokia itxi ez zezaten egoitza hura erdi klandestinitate egoeran mantendu eta bigarren ikurrin hura mendian ezkutatzea erabaki zuten, sasiez estaliriko zulo antzeko batean.[21] Ondoren, Sukarrieta eta Mundaka eta inguruko beste zenbait lekutan ere zintzilikatu zen.[21] Azken unean, Aranatarrek mendian gorderik zuten ikurrina atera eta Kafranga baserriaren pareko plazatxo batean jarri zuten, bertako jaiak zirela eta. Baina abertzaleak bertatik alde egitean, Goardia Zibila agertu, ikurrina bereganatu eta inguruan zegoen emakume bat atxilotuta eraman zuten, Manuela Alegria ostalaria eta alarguna, Kafranga baserriko arduraduna.[21]

Bizkaitar bandera izatetik euskal bandera izatera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorriz, 1894an Arana anaiek Euzko Batzokijan zintzilikatua eta Bizkai Buru Batzar alderdiaren nahiz Bizkaiaren bandera izateko diseinatu zutena, baina Bizkai Buru Batzarra alderdia Bizkaitik kanpo hedatu, Euzko Alderdi Jeltzalea bilakatu, EAJk ikurrina bere egin eta Bizkaiko bandera izatetik euskal nazioaren bandera izatera igaro zen. Aranatarrek ez zuten inoiz buruan Euskal Herriko edo Euskadiko bandera izango zenik, Bizkaia ordezkatzeko bakarrik diseinatu baitzuten: hortaz, zer gertatu ote zen ikurrina Bizkaiko bandera izatetik Euskal Herriaren edo Euskadiren bandera izatera igarotzeko?

Argi dago, sortzaileen borondatearen aurka izan bazen ere, jada XIX. mendearen azken urteetatik XX. mendearen lehen herenerako, eta jada 1936ko Gerra hasi aurretik, ikurrina euskal herritarren gehiengoaren bandera gogokoena bilakatzeko, eta batez ere abertzaleena, hedapen eta onarpen prozesu azkar bat izan zela: ez zen bozketa edota galdeketarik egon, jendeari "gustatu" egin zitzaion, eta beste bandera batzuen aurkako prozesuari jarraituz, jendearen gogokoa izatea lortu ondoren lortu zuela bere ofizialtasuna; beste bandera ugarik aurrena ofizialtasuna lortzen dute eta gero jendearen gustuko bilakatu, ikurrinari kontrakoa gertatu zaio: lehenik jendearen gogokoa izatea lortu zuen, eta ondoren, ofizialtasuna.

Laburbilduz, ikurrina Bizkaiko bandera izatetik Euskal Herriko bandera izaterainoko prozesuan, lehenik Aranatarren borondatearen gutizia eta lehen belaunaldi abertzale aitzindarien gehiengoaren arteko talka jazo zen, eta ondoren gainontzeko euskal gizartearekin.

Ikurrina euskal bandera bilakatzeko prozesu horretan nahiz Euskadi edota Bizkai Buru Batzarra EAJ alderdian bilakatzeko prozesuan ere lehen belaunaldi abertzaleen arteko barne borroken eragina ere badago: behin, 1903an Sabino Arana hilda alderdi abertzalearen buru nor izango zen, Ramon de la Sota enpresaburu aberatsa eta Euskal-Erria elkarteko kideak alderdian sartzea, idenpendentisten eta autonomisten arteko eztabaidak, Aberri (EAJ) eta Euzko JEL-Batza (EJB) arteko zatiketa, eta abar.

Luis Aranak, abertzaletasunaren sektorerik ortodoxo eta independentistenaren buruetako bat zenak, behinik behin ikurrina bizkaitar bandera zela beti defendatu zuen. Barne borroka horietan Aranatarren kontzeptuak beste abertzale buruzagiek ikurrina Euskal Herriko bandera zelako kontzeptuaren aurka galtzaile atera zen. Galtzaile bai, baina Luis Aranak gai horrekin bere bizialdi osoan ahal zuen gerra gehiena eman zuen.

1922an Engrazio Aranzadi "Kizkitza" buruzagi abertzaleak ironikoki honakoa aipatu zuen:[22]

« Batzoki horietan bandera ugari daude, geure sorkuntza gaitasunaren eta bandera oparotasunaren lekuko. »
Engrazio Aranzadi "Kizkitza
Euzko Gaztedi (1904)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1904an Sabino Arana hil eta berehala Euzko Gaztedi gazte abertzale erakundea sortu zen: iurrinaren lehen hedatzaile grinatsuenetakoa izan zen. Halere, eta salbuespenak salbuespen, 1910eko hamarkada arte ez zen ikurrina ekitaldi abertzale guztietan ikusgai jartzeko ekimen zehatzik izan, are gutxiago, euskaldun guztion berezko bandera gisa aurkezteko mugimendu orokorrik ere.

Euskal zentroak eta Batzokiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen hasieratik aurrera hedapen azkar eta etengabea izan zuen, bai Euskal Herrian nahiz Euskal diasporan, eta bandera ofiziala ez izan arren, euskal herritarren artean eta bereziki abertzaleen artean ohiko ikur bilakatuz, jaietan, ekitaldi politikoetan, eraikinetan, kultur eta folklore ospakizunetan, baita elizkizun eta hileta ospakizunetan ere.

Udalerriz udalerri EAJren egoitza berriak ireki ziren, euskal zentroak, asko izen ezberdinekin, Euskal Abertzaletasuna eta bereziki EAJ indartzen zihoan heinean izendapen bakar eta orokortu bat izatera pasa ziren: Batzokiak. 1936-1937 frankistek artean Araba, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiako batzoki guztiak itxi edota desjabetuz joan ziren, Francoren diktadura ondoren eta 1977tik aurrera haietako gehienak negoziaketen ondoren jeltzaleei itzuliak izan ziren.

1907ko Luis Aranaren diseinuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaia irudikatzeko sortua, laster alboratu zen hasierako esanahi hura, Euskadi (Euzkadi) edo Euskal Herri osoaren ikurtzat hartzen hasi baitzen. Luis Arana Goiri ez zegoen bilakaera horrekin batere ados. Horregatik, 1907. urtean Luis Aranak zazpi bandera berri marraztera ekin zion: Euskal Herriarentzat orokor bat (Euskadiko Konfederazioaren Bandera) eta sei lurraldeentzat bana (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa). Luisen hitzetan jada 1900en Sabino anaiari aurkeztu omen zion proiektuaren osaketa zen. 1912an proiektua eta marrazkiak amaitu eta EAJko Euskara Batzordearen euskal egutegiko kartel batean irudikatua aurkeztu zituen. Bertan, Euzkadiko Konfederazioa ordezkatuko zuen hondo gorriko zerrenda berdez osatutako bandera ikusten zen, guztiaren gainean gurutze zuria zuela. Gainera, Luis Aranaren iritziz, Euzkadiko Konfederazioa osatuko luketen Gipuzkoako Estatua, Arabako Estatua, Nafarroako Estatua, Lapurdiko Estatua eta Zuberoako Estatua ordezkatzeko "fantasia" ere aurkeztu zuen.

Bandera multzo honek ez zuen inoiz jendearen inolako estimurik izan, eta paperetik ohialerako bidea oso gutxitan egin zuen, nahiz eta oraindik 1932an ere Luis Aranak proiektu hau sutsuki defendazen zuen. Izan ere, urte hartako abenduan EAJ alderdiak gehiengo zabalez "ikurrina Konfederazioaren bandera ofiziala izatea" onartu zuenean, ordurarte Euskadi Buru Batzarreko lehendakaria zen Luis Aranak bere postutik dimititu zuen:[23]

Euzkadiko Konfederazioaren bandera (1907)
Arabako Estatuaren bandera (1907)
Bizkaiko Estatuaren bandera (1907)
Gipuzkoako Estatuaren bandera (1907)
Lapurdiko Estatuaren bandera (1907)
Nafarroako Estatuaren bandera (1907)
Zuberoako Estatuaren bandera (1907)

Luis Arana berak Euskal Konfederazioaren bandera honela deskribatu zuen:[23]

« Euskal arraza irudikatzen duen hondo gorriaren gainean, euskal estatu historikoak edo eskualde autonomo parekideak ordezkatzen dituzten sei zerrenda berde […] bata bestaren nortasun berberaz Euskal Konfederazioaren barnean. Eta sei Eskualde horien gainean […] denekiko amankomuna den kristau erlijioaren gurutze zuria. »
Luis Arana Goiri

Euskadiko Konfederazioaren bandera hori oinarritzat hartuz euskal lurralde bakoitzeko beste sei bandera diseinatu zituen, seiek ere Euskal Konfederazioko banderaren antzera hondo gorri eta sei zerrenda berdeen eredua jarraituz. Eta berak eta bere anaiak Bizkaiko banderarekin egin zuten bezala, sei bandera horien koloreak lurralde bakoitzeko biztanleek aukeratu beharra zutela uste izan arren, honakoa aholkatu zien:[24]

« Honela, nafarrei gaur egun banaturik dagoen beren Nafarroan pentsatuz, hondo gorrian sei izar berde jar ditzaten gonbidatuko nieke, bakoitzak merindade bana ordezkatuz […] gauza bera Gipuzkoarekin, adibidez, hiru zerrendez bere armarriko hiru zuhaitzak oroituz. Eta Arabak, zeharkako zerrenda berde batez bere Arriagako zinlekua den zelaia oroituz. »
Luis Arana Goiri

Beste aldi batean, Ipar Euskal Herriko Lapurdi eta Zuberoa lurraldeen banderen "fantasiak" zeritzaienak "bi koloreez erabat zehaztugabeak" geratu zirela aipatu zuen.[23]

Noski, Bizkaiko bandera gisa jada 1894ean bere anaiarekin batera diseinatu zuen ikurrina aurkeztu zuen.

Ipar Euskal Herria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikurrina Itsasu udalerriko armarrian, Lapurdi, Ipar Euskal Herria.

Ipar Euskal Herrian ikurrinaren hedapenak Hego Euskal Herrikoaren antzeko joera izan zuen, garai horretan EAJren bandera zen, hortaz oraindik ez zuen gaur egungo euskal izaeraren ezaugarri integratzailea, alderdikoiagoa baizik. Halere, Ipar Euskal Herriko giro abertzaleko talde oso aktiboen ekimen eta griñari esker jende arruntak ikurrina Euskal Herriaren bandera gisa bereganatzen hasi zen.

Ipar Euskal Herrian ikurrinaren jendaurreko erabileraren lehen albiste erregistratuak Jean-Claude Larronde historialariaren eskutik datoz. Hainbat ekitaldi bananduetatik kanpo, bere esanetan Ipar Euskal Herriko jendeak ikurrina jendaurreko ekitaldi batean erabili izanaren lehen albistea paradojikoki Euskal Herriko mugetatik kanpo izan omen zen. Hain zuzen ere, 1927ko azaroan, English Folk Dance Society ingeles folk elkarteak baxenabar, zuberotar eta gipuzkoar dantzari talde bat Londres hirian dantza erakustaldi bat burutu zezaten gonbidatu zituenean. Ekitaldia eta dantza erakustaldia Londres hiriko Royal Albert Hall aretoan ospatu zen, eta ziurrenik ere, eraikin hori bera ere lehenbiziko aldiz ikurrinaren lekuko izan zen.[25]

Hurrengo urteetan, Ipar Euskal Herrian ikurrinaren hedapena Hego Euskal Herrikoaren hedapenarekin batera burutu zen. Hegoaldean nagusiki EAJ alderdiaren eskutik burutu zen hedapena, Iparraldean ekitaldi nazionalista ugari burutzen aintzindaria izan zen Aintzina talde abertzalearen eskutik gauzatu zen. Gainera, garai honetan Gure Herria eta Euskaltzaleen Biltzarra aldizkariek ere ikurrinaren ezagutza eta hedapenean lan handia egin zuten.

1931n jada, Larronderen esanetan, Sara udalerrian ikurrina ikusgai zegoen, eta 1932an Baiona hirian ospatutako Txistularien Biltzarran. Hark aipatutakoaren arabera, 1933an Euzko Gaztedi talde abertzaleak Iparraldera burututako bidaian taldekideek Ustaritze udalerrira iritsi eta bertako pilotalekuan ikurrin bat zintzilik zegoela ikusteak guztiz txunditu zituen.[26]

Iparraldean Euskal Abertzaletasunaren Berpizkundea ikurrinaren hedapenarekin batera gauzatu zen. 1930eko hamarkadan jada, egunkari, aldizkari eta baita jantzietan eramaten ziren ikurrek ere kolore gorri, berde eta zuriak zeuzkaten.

Halere, Hegoaldean bezala, Iparraldean ikurrinaren aurkariak ere agertu ziren, Frantziaren handitasunean oinarrituz taldeetan biltzen ziren, Lehen Mundu Gerrako frantziar "balentriak" oroitu eta separatismoaren arriskua aipatuz. 1933ko otsailaren 25ean Ipar Euskal Herria eta Landen mugan saltzen zen Les Landes egunkarian frantziarrak ez ziren ikurrei buruzko artikulu baten zatiak ikurrinari buruz honakoa zioen:[26]

« Bandera gorri, berde eta zuria espainiar autonomismoaren bandera da. Geure mugakideen artean bere lekua badu, eta honetaz, heurak dira erantzule bakar. Baina geure artean ez du lekurik, nahiz berari aldaketa ugari egin. Gu euskal bandera baten izateak inongo arrazoirik ez duenaren ustekoak gara; horretan benetazko arriskua dagoela argi eta garbi dugu: desbideraketa erregionalista baten aukera. »
1933ko otsailaren 25a, Les Landes

1932ko Aberri Eguna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «1932ko Aberri Eguna»

1932ko Aberri Eguna Berpizkunde Igandez, Bilbon lehenbiziko Aberri Eguna ospatu zen, egun hori bi arrazoia honakoa: usadio abertzaleraren arabera eta betiere Sabin Aranak Larrazabalgo hitzaldian aipatutakoan oinarrituz, 1882. urtean ordurarte karlista zen Sabin Aranak jada bizkaitarra zen [bizkaitarra, ez esanahi geografikoan, abertzalea esanahi politiko parekidearekin baizik] Luis anaiarekin eztabaidatu eta hark esan zionaz gogoeta egin ondoren, Sabinok Euskal Aberria topatu izanaren 50. urteurrena izatea:[27]

« Laurogeita bigarren urtea (Nire Aberria ezagutu eta atzerritar ilunpeetatik atera nintzen eguna bedeinkatua izan dadila!), nire anaia Luis eta ni gure lorategian pasioan genbiltzan goiza batean, eztabaida politiko bat izan genuen. Nire anaia jada bizkaitar nazionalista bat zen; nik nire per accidens karlismoa defendatu nuen. Azkenean, eztabaida luze baten ondoren, egia bilatzeko helburuaz batak bestea erasotu eta bata bestearengandik defendatzen ibili ostean, berak Bizkaia Espainia ez zela frogatzeko hainbeste froga historiko eta politiko aurkeztuz, eta karlismoa jada, ez Espainiarengandik isolamendu edota haustura osoa, baita jaurgoaren usadio soilak ere lortzeko desegokia eta txarra zela erakusten horrenbeste ahalegindu zenez, nire anaiak historiaz ni baino gehiago zekiela eta neu engainatzeko gai ez zela jakinik, nire burua zalantza fasean sartu eta Bizkaiko historia gogo barez ikertu eta egiari irmoki atxikitzeko zina burutu nuen. »
Sabin Arana Goiri. 1882an anaiarekin izandako solasaldiari buruz Sabin Aranak 1893ko Larrazabalgo hitzaldian eginiko aipamena.
Ikurrina Donostiako udaletxean, 1932an.

Honela, lehen Aberri Egunaren ospakizunean Bilboko kaleetan burutu ziren manifestaldietan ikurrinaren gorazarrea erraldoia egin zen, ikurrin ugari nonahi erakutsiz, eta Euskal Herriko bandera gisa aldarrikatuz. Lehenbiziko Aberri Egun honek eta Donostia, Iruñea eta Gasteizen hurrengo urteetan ospatutakoek ere, Primo de Riveraren diktadura amaitu ondoren eta Bigarren Errepublikan zehar jada Hego Euskal Herrian izugarri hedatua zegoen ikurrina oraindik eta gehiago herrikoitzen lagundu zuten.

1932ko abenduan jada EAJ alderdiaren barnean ikurrina Euskal Herriaren banderatzat onartua zegoen. Urte honetako irailean, Durangoko Udalak Eusko Ikaskuntzari Euskal Herria zein banderak ordezkatu zezakeen aholku eske galdekatzean, kultur erakundeak ikurrinari buruz honela erantzun zion: "mesfidantza guztietatiez gain dagoen duen euskalherritar guztien batasun izpiritualaren adierazpena da".[28]

Lehen ofizialtasuna (1936-1937)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikurrinaren ofizialtasuna ez zen Bigarren Errepublikaren ailegatzea eta 1936ko urrian Euska Estatutua eta Eusko Jaurlaritzaren sorrera arte gauzatu ahal izan. Ordura arte, Eusko Jaurlaritza osatzen zuten alderdi politikoen arteko eztabaidak okertu egin ziren, Euskadiko bandera ofiziala zein izan beharko zuen erabakitzeko.

Azkenik, 1936ko urriaren 19an,[29] Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Santiago Aznar Industria sailburu sozialistaren proposamenez,[30] [31] ikurrina Euskadiko bandera ofizialtzat hartu zuen. Une hartatik aurrera, zuela 40 urte Arana anaiek diseinatutako bandera eraikin ofizialak janzten hasiko da, aldaketa bakar batekin: gurutzeak jatorrizko diseinuak baina zabalagoak izango dira.

Proportzioen aldaketa (1936)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1936ko urriaren 28an Eusko Jaurlaritzak onartutako zerrenda neurri berrien araberako ikurrina (gaur egungoa).

Hala ere, ikurrina Euskadiko bandera ofiziala izendatu eta aste gutxira, Eusko Jaurlaritzak Aranatarrek hasierako ikurrinari emandako neurriak egokitu beharra zeudela ikusi zuen: Victor Bilbao Goioagak Aldasoro sailburuari ikurrinaren zerrendak urrutitik hobekiago ikus zitzezen zabalagoak izatea komeni zela aipatu zion, eta horrela gainera banderaren koloreen banaketa orekatuagoa ere lortuko zela.[32]

Eusko Jaurlaritzak Goioagaren arrazoiketa onartu eta Bilbao Goiaga ehungintza enpresari ikurrinak ekoizteko eskaera egin zion. Izan ere, jatorrizko neurriei eutsiz gero, ikurrina nekez ikusiko zen urrunetik, batez ere gurutze berdea oinarri gorriaren gainean. Hortaz, 1936ko Gerra Zibil garaian itsas gudalekuan ontzietan zintzilikatutako ikurrinen gurutzeak urrutitik nabarmen ikus zitezen, bandera osoaren luze-zabalera mantenduta (500 x 280), jatorrizko gurutzeen zabalera 43 cm-ra neurri berrira handitu zuten.

Honela bada, 1936ko urriaren 28an, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Herriko Egutegi Ofizialean proportzio aldaketak egin zitzaion ikurrinaren irudia eta honako azalpena argitaratu ziren:[4]

« Euzkadiko banderak hondo gorria, ikoroski berde bizia eta gurutze zuri gainjarria eramango ditu, ikorozkiaren zerrendak banderaren angeluetatik irten eta sartuko dira eta gurutze zuriarenak alde bakoitzaren erditik. Gurutze-ikoroskien zerrenda bakoitzaren zabalera 0,43 metrokoa izango da, eta banderak horizontalki 5 metro eta bertikalki 2,60 metro izango ditu. »
Ikurrinaren deskribapena, Euskal Herriko Egutegi Ofiziala, Eusko Jaurlaritza, 1936ko urriaren 28a
Eusko Gudarosteko 19. Amaiur Batailoiko gudari talde bat. Bizkaia, 1937.
Sakontzeko, irakurri: «Eusko Gudarostea»
« Mendi eze, ikurrin eder, aske nahi zaitut axian.
Amar gazteren lerdena, makila luzez bidian

Mendi-bitxidor berdiok, arin or duaz kantari:
Dana emon biyar yako, maite den askatasunari.

»
Estepan Urkiaga "Lauaxeta" (1905-1937)

1936ko Gerran, Tropa Kolpista eta Faxisten aurka borrokatu ziren Eusko Gudarostearen batailoi abertzaleen ikur ere bilakatuko da,[33] ikurrina haietako askok euren jabetzakoak izan ziren batailoi eta konpainien izenak brodatuak zeramatzaten, horietako asko Kolpistek gerra trofeo moduan errekisatuak izan ziren, beste batzuk aldiz gaur egun arte iritsi zaizkigu: adibidez, 53. Saseta Batailoiaren Beti Aurrera konpainiaren ikurrina,[34] azkenean ikurrin hori ez zen kolpisten esku erori eta ezkutuan gordea izan ondoren gaur egun arte iritsi da.

Bigarren Mundu Gerra: Gernika batailoiaren ikurrina eta Charles de Gaullen agurra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Gernika Batailoia»

1941ean Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen euskal herritarren batailoi baten buruan ikurrina egoteko lehen saiakera Manuel Irujo nafar politikari abertzaleak egin zuen. Garai hartan, jada Londres hiriko Euskal Etxean egoitza zuen Atzerriko Euskal Jaurlaritzak Hego Euskal Herria munduan zehar ordezkatzeari ekin zion, Britainiar Gobernuarekin gauzatutako akordio baten bidez euskal ekintzaileek indar aliatuen alde elkarlanean aritzea ahalbideratu zuen. Frantziari dagokionez, 1941eko maiatzean Irujok eta Frantziar Kontseilu Nagusiaren ordezkari gorenena zen Charles de Gaulle frantziar jeneralak euskaldunez bakarrik osatutako bataloi bat osatzea adostu zuten: III. Itsas Infanteria Batailoia, Nafarroako kateen barnean zegoen Gernikako Arbola ikur zuela. Aldiz, Winston Churchill buru zuen Britainiar Gobernuak batailoi hark gerran parte hartzeari uko egin, eta azkenik, 1942ko maiatzean gerran partu hartu gabe desegin egin zen.[35]

2014ko Gernika Batailoiaren errekreazioa.

Hurrengo ekimena jada arrakastatsuagoa izan zen: Gernika Batailoia. 1944an Atzerriko Euskal Jaurlaritzaren aginduz sortutako batailoiak Kepa Ordoki irundarra, Eusko Abertzale Ekintzako kide eta igeltseroa lanbidez, buru izan zuen eta ikurrina bere banderatzat erabili zuen. 1945eko apirilaren 14tik 20rarte Pointe de Grave (Gironde) eremuko alemaniar kokalekuen aurka borrokatu zen. Ondoren, batailoi horretako gudariek Bordelen burututako desfilea ikurrinarekin egin zuten, ikurrin hark esanahi eta sinbolismo handia zuen, 1936ko Gerran Kandido Saseta hondarrabiar ofizial karismatikoaren gudarosteak erabili zuena izan baitzen.[36]

Borrokaldien ostean, ikurrinak Frantziako Gerra Gurutzearen domina jaso eta Charles de Gaulle jeneralak Montalivet udalerriko airedromoan tropei errebista pasatzerako unean Ordokiri honakoa aipatu zion: "Nire Komandantea, Frantziak ez du inoiz ahaztuko euskaldunok geure lurraldea askatzeko egin dituzuen agaleginak". Gernika Batailoiko hamar hamalau gudari Gerra Gurutzearen dominarekin sarituak izan ziren, nahiz eta haietako hamar bakarrik jasotzera joan izan. Haietako bat, Antonio Lizarraldek, hil ondoren jaso zuen. Besteak, Ordoki berak, ez zion De Gaulleri domina bere bularrean jartzen utzi, eta batailoiaren ikurrinean jarri zuen.[37]

Ikurrinaren azken agerraldia Bigarren Mundu Gerran haren amaieraldera eman zen. AEBetako Washington Hirian EAJak Aliatuekin gerran zehar izandako elkarlanaren une batean, eta Juan Ajuriagerra eta Jesus Solaun jeltzaleek estatubatuarrekin egindako negoziazioen bitartez, lehenak bigarrenei jarraieko elkarlan hori mantentzearen trukean Ameriketako Estatu Batuetako Armadak entrenatutako euskaldunez osatutako talde militar bat osatzea. Horrela bada, AEBetako Armadako ofizialek eta Shangaiko Poliziako buruzagia izan zen britainiar kolonel batek Primitivo Abad buru zuen 114 gizonez osatutako taldea Cernay-la-Ville udalerriko gazteluan, Paristik hogeitamar bat kilometrora, entrenatu zituzten, gehienak Gernika Bataloitik berreskuratutako gudariak ziren. Lehenbizi, beren helburua nazien gotorleku bat erasotzea izango zela adierazi zitzaien, ondoren Hego Euskal Herrian barneratu eta Franco diktadorea irauli behar zuten hainbat abangoardiako taldeetako bat izango zirela, baina asmoak asmo, ez zen halako kasurik egon. Hori bai, talde hura osatu zuten gazteek "Euzkadi" hitza ikurrinaren ondoan zeraman Ameriketako Estatu Batuetako uniforme bana jantzi zuten.[38]

Francoren diktadurako debekualdia (1937-1977)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
« Egon dira, noski egon direla! irabazleak eta galtzaileak. Espainia, bakar eta askeak irabazi du; alegia, Falange Tradizionalistaren Espainia. Garaitua erori da, betiko suntsitua, Euzkadi deitzen zen amesgaizto ilun eta jasanezina, alde batetik, sozialismo prietista, eta bestetik, bizkaitar ergelkeriaren ondorioa zena. »
Jose Maria Areiltza, Diktadura Frankistako Bilboko lehen alkatea eta Mutrikuko kondea.[39]

Frankisten garaipenak euskal nortasunarekin eta Euskal Herriarekin zerikusia zuen edozein adierazpenaren aurkako berehalako jazarpen eta errepresioa ekarri zuen, bereziki eusko abertzaletasunaren aurkakoa, horren barnean ikurrina zegoen. Ondorioz, Franco espainiar diktadoreak 1939an Euskal Bandera legez kanpo utzi zuen, eta diktadura osoan ikurrina debekatuta egon zen Hegoaldean, baina Ipar Euskal Herrian arazorik gabe erabili zen.

Ikurrina Donostiako San Inazio elizaren kanpandorrean zintzilikatzen.

Halere, aipagarria da, Francoren diktaduraren helburua ikurrina behin betiko debekatzea izan arren, aurkako erreakzioa sortarazi zuela, eta ziurrenik, 40 urte luze horiei esker ikurrinak inoizko ospe eta hedapen handiena bereganatu zuela, ordura arte bandera abertzalea bakarrik zena abertzaleak ez ziren euskalherritar ugarik ere bereganatuz, bandera abertzalea izatetik frankismoaren aurkako erresistentzia, demokrazia eta askatasunaren bandera izatera igaro baitzen, euskal gizartean eta herri kulturan betiko sendo errotuz.

1946ko uztailaren 18an, Donostiako Artzain Onaren katedralean, Joseba Elosegi eta beste bi adiskide abertzaleek 75 metroko garaiera zuen dorre nagusira igo eta bertako tximistorratzean ikurrin handi bat zintzilikatu agurtu zuen. Goizeko hiruetan ekintza hori egin eta hiruak katedraletik atera bezain azkar, beren jarduera zelatatu zuen gauzain batek salatuta, Polizia Armatuak atxilotu eta Ondarretako espetxean preso sartu zituzten.[40] Handik 30 urtera, Elosegik diktadura garai haietan jada ikurrina Euskal Herriko gizartean bereganatzen ari zen rol nabarmenari buruz hau esan zuen:[41]

« Franco Donostian ikurrinarekin sartu izan balitz, Ikurrinak huts egingo luke. Orduan erreakzioa bestelakoa litzateke: berak badakar, ez dugu nahi. Orduan, herrialde honetako jende askok, batez ere gazteek, beste bandera bat asmatuko lukete; borrokarena, matxinadarena. Francok, bere gobernu eta indar armatuek bandera honi jazarpena egin dioten bitartean, Ikurrina erakunde batean bilakatu da. Hau ez du inork aldatzerik. »
Joseba Elosegi

1959an EGI gazte erakundeak ikurrina handi xamar bat bota zuen airetik Donostiako Atotxa futbol zelaira. Momentu horretan milaka lagun ari ziren partida ikusten.[42]

1960ko hamarkadaren hasieratik aurrera, Hegoaldean EGI eta ETAk eta Iparraldean Enbata erakundeek, egun eta leku nabarmenetan ikurrinaren aldeko aldarrikapen eta ekintzak burutzen hasiko dira, ekintzak areagotu egiten dira.[43]

1963ko Aberri Egunez, Oiartzungo kaleak ikurrin txikiz bete zituzten eta Guardia Zibila egun osoz haiek kentzen jardun beharra izan zuen. 1963ko udako gau batez, Andoaingo Guardia Zibilaren kuartela ikurrinez estali zuten.[44]

1963ko irailaren 2an, Andoingo Guardia Zibilaren kuartela ikurrinez papereztatuta agertu zen goizaldean.

1963ko irailean, Ernio mendian ospatutako erromeria batean, ikurrinak jarri zituzten. Urbasa, Bi Ahizpak, Gorbeia, Euskal Herriko mendi tontor guztiak ikurrinarentzat babesleku bilakatu ziren, eta polizia frankista eta guardia zibila hura paretik kentzeko agindua bete ezinik ibili ziren.[45]

Garaiko ETAren ohiko jarduera bat ikurrina arraun txapelketetan jartzea izan zen, bai Bilboko itsasadarrean nahiz Donostiako Urumearen ibilbidean zehar. Honela bada, 1964ko urriaren 18an, Urumean arraunketa txapelketa bat ospatzen ari zela, ikurrina zuten kartelak agertu ziren.[46]

1966ko apirilean, Arantzazuko santutegian espainiar militar estamentuko bi kideen ezkontza baten ospakizuna aprobetxatuz, ETAk inguruetan ikurrin handi bat zintzilikatu zuen. Bertaratutako militarren familiek ospakizuna ikurrina han zela burutu beharra izan zuten.[44]

1965ean, Bergaran,[47] ikurrin bat goi-tentsioko kableetan zintzilik agertuko da, helburua, handik kentzeko ahalik eta oztopo gehien izatea, eta hurrengo urteetan metodo hori erabiliz 300dik gora ikurrin gora zintzilikatuko ziren,[48] besteak beste Galdakaon, Zornotzan eta Arrasaten.[49]

1966. urtearen hasieran, Mutrikun goi-tentsioko kable batean ikurrin bat agertu zen. 1966ko maiatzaren 1ean, ETAko zuzendaritzak adar militarreko kideei Erandio ikurrinez betetzea agindu zien bitartean, erakunde honetako hamar kide Xabier Zumalde El Kabraren gidaritzapean Garai herrira iritsi eta elizaren dorrean ikurrina zintzilikatu zuten. Handik sei ordutara Guardia Zibila iritsi zenerako joanak ziren.[50]

1966ko urriaren 12an, Hispanitatea eta Guardia Zibilaren egunean, hogeita hamar urte atzera Gernikako bonbardaketa jazo zela ezkutatzeko asmoz edo, espainiar agintari frankistek Gernikan ospatzea erabaki zuten. Ospakizuna, orduko Diktadurako Kanpo Ministroa zen Fernando María Castiella bilbotar politikari frankistaren lehendakaritzapean burutu zen, Portugal, Filipinak, AEBak eta beste zenbait herrialdeetako enbaxadoreak bertaratu zirelarik. Inguruetan ikurrinak agertu ziren.[51]

1967ko apirilaren 16ean, Ondarroan, goi tentsioko kableetan ikurrin bat zintzilikatu zuten. Hura kentzeko Guardia Zibilak, gauzainak eta suhiltzaileek gau osoa behar izan zuten.[52]

Aurretik, Beasain udalerrian ospatu zen Munduko Ziklokros Txapelketan, ETAk bi ikurrin handi goi tentsioko kableetan zintzilikatu eta zirkuituan zeuden espainiar bandera guztiak ostu zituen. Hala, bada, ikurrinak kentzeko denborarik ez zegoenez, kirol proba haien itzalpean burutu zuten. Porrot hau nolabait ekidin asmoz edo, espainiar agintariek goiz guztian bozgorailuetan espainiar ereserkia jarri zuten.[53]

1967ko Aberri Egunean, Irurtzungo Bi Ahizpetan ikurrin erraldoi bat zintzilikatu zuten. Ekintza honen egileak EGI gazte erakundetik banadutako EGI Batasuna taldea eta Juan Mari Feliú nafar mendizalea izan ziren.[54] Guardia Zibilak ikurrina ikusi eta «gipuzkoarrek» jarri zutela aipatu zuten.[55]

1967ko urriaren 12an, Hispanitatea eta Guardia Zibilaren egunean, goizean-goiz, Burgosko katedralaren kanpandorrean ikurrin bat zintzilikaturik agertu zen. Ekintza honen egileak Iñaki Mujika eta Santiago Arrospide izan ziren.[56]

Garai hartan, ikurrin bat mendi batean ipintzeagatik, Guardia Zibilak Jose Antonio Idoate, Fausto Ruiz eta Elias Anton iruindarrak atxilotu zituen. 1968ko abuztuan, ikurrina Urbasan jartzeagatik, Idoate eta Ruiz berriz ere atxilotuak izan ziren.[57]

1968ko urtarrilaren 1eko egunsentian, Lazkao udalerriko Beneditarren monasterioaren elizako kanpandorrean ikurrin bat zintzilikatua agertu zen. Ekintza honen egileak bertako fraide beneditarrak izan ziren, gainera teilatu osoa koipeztatu zuten, ondorioz Guardia Zibilak ikurrina kentzeko ahaleginean egun osoz aritu behar izan zuen, teilatua irristakor zegoela eta.[58]

1975eko Aberri Egunean ere ikurrina ospakizunaren ikur nagusia izan zen. Pazko Igandez Gernikan ospatu zen. Espainiar poliziak 50 lagun atxilotu zituen, tartean Flandriatik etorritako Willy Kuijpers eta Walter Luyten diputatuak, azken hauek Andramazi elizako mezatik ikurrina eskuetan zutela ateratzeagatik, bai eta The Guardian ingeles egunkarirako erreportajea egiten ari zen Stephen Elliot Wilmer estatubatuar kazetaria ere.[59]

Protesta eta manifestazio horietan sortutako aldarriak atzerrian euskal diasporaren laguntzarekin zabaldu ziren.

Iparraldean normaltasunez erabilia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldean eta Hegoaldean ikurrinak zuen egoera guztiz desberdina da: Hegoaldean ikurrinak debekualdi luzea izan zuen, eta Iparraldean, ordea, normaltasun osoz, inongo arazorik gabe eta beste edozein sinbolo bezala egunero erabiltzen da. Horren ondorioz, garai horretan fenomeno bitxi bat izan zen: Iparraldera "turismoa" egitera joaten zen Hegoaldeko jendeak han ikurrinak erosita, ezkutuan zituztela muga igaro eta Hegoaldera eramatzen zituzten. Iparraldera joan eta ikurrina atzean edo alboan zutela argazkia ateratzen zuten Hegoaldeko bisitariak ere bazeuden, eszena hori Hegoaldean bizi zen askatasun eta demokrazia ezaren ondorioz guztiz pentsaezina baitzen. Ikurrina inoiz ikusi ez eta Francoren diktaduraren pean jaiotako Hegoaldeko gazteek Iparraldean lehenbiziko aldiz ikusi edo ezagutu zutenen kasuak ere jazo ziren.

« Ni gogoratzen naiz, nola 1960ko hamarkadan, askotan joaten ginen Iparraldera, Frantziara esaten genuen orduan, eta han ikusten zen erabateko askatasun giroa. Zeren, han ikurrina ikusten zen leku guztietan, eta Hegoaldean hori ezinezkoa zen, debekatua baitzegoen. Orduan, ni oso txikia nintzen, baina kuriosoa zen, hemen, alde guztietan ikurrina, souvenir guztietan, eta Hegoaldean berriz ez. Orduan diskoak erosten genituen, single disko txiki horiek, eta gero beti ikurrina portadan. Eta gero hona ekartzeko beti beldurrez, muga pasatzeko. Eta horiek dira nire lehenengo oroimenak ikurrinari buruz. »
Ana Azua[60]

Jose Antonio Agirre lehendakariaren hileta horren adibide garbia da. 1960an Parisen zendu zen eta gero, Ipar Euskal Herrian ohore eta omenaldi guztiekin hartu zuten; Hego Euskal Herrian, aldiz, hedabide ofizialek ez zuten haren heriotzari buruzko inongo albisterik eman, ezta Biarritzen egin zen haren ehorzketaren berri eman ere. Hilkutxak ikurrina zeraman. Sinbolo bakar batek adierazi zuen harenganako zorra eta maitasuna, haren ehorzketa egin bitartean, Donostiako Urgull mendian agertu zen dolumin xingola beltza zeraman ikurrin bat.[61].

1967an, Andeetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1967ko udan, zortzi mendizalez osatutako euskal espedizio batek Peruko Andeetako hainbat tontorretan ikurrinak jarri zituzten[62] (horietako asko lehendik inork zapaldu gabeak ziren). Euskal herritarren espedizioa Madrilera iristean, espainiar agintari frankistek, ikurrinari buruz jakitun ez zirenez, espainiar heroien ongietorria egin zieten: kirol agintariek kemenaren dominekin ere saritu zituzten "Espainia paraje haietan bandera gorri-horia ikusteaz oso pozik baitzegoen". Espainiar hedabideek balentria horri buruzko jarraipen zabala egin eta albiste ugari eman zituen".

Handik egun gutxira, egia osoa jakin zen, alegia, Andeetako gailurretan ikurrinak bakarrik jarri zituztela. Hortaz, berehala isilpeko polizia operazioa martxan jarri eta zortzi mendizaleen atxiloketa, galdeketa eta epaiketak egin ziren: Juan Mari Feliú, Ignacio Llorente, Miguel Alexandre, Vallejo Durán, Luis Sáez, Angel Landa, Rodolfo Kirch eta Patxi Lusarreta. Espainiako Mendi Federazioak eman behar zien Kirol Merituaren Domina berehalakoan ukatu zien. Madrilen zortzi mendizaleak heroiak izatetik infernuko deabruak igaro ziren.[63]

Halere, Espainiatik kanpo euskal espedizioaren balentriari buruzko albisteak ere iritsi zirenez eta gainontzeko herrialdeetan zuela gutxi heroiak bezala hartuak eta orain ikurrina jartzeagatik bakarrik atxilotuak izatea inork ez ulertzeaz gain sekulako harridura eta sinistuezina sortarazi zuenez, eta batez ere nazioarteko presioaren ondorioz, agintari frankistek zortzi euskal mendizaleak aske utzi zituen.[62]

1974 eta 1980: Munduaren gailurrean, Everest

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1974ko maiatzaren 12an Tximist Espedizioko kideak Everest gailurretik 350 metro eskasera geratu ziren.[64] Gailurretik hain metro gutxira gelditzeak Gasteizko Cegasa enpresak finantzatutako espedizioko kideei zapore gazi-gozoa utzi zien, baina 1980an Everestera egindako euskal herritar espedizioan parte hartu zutenentzako eskarmentu oso baliagarria izan zen halaber, lehen espedizioan aritu ziren alpinista batzuek bigarrenean ere parte hartu baitzuten.

1980ko maiatzaren 14an, arratsaldeko 15:30etan, Martin Zabaleta hernaniarrak eta Pasang Temba nepaldar xerpak Everest mendiaren gailurrera igotzeak lortu eta Zabaletak tontorrean ikurrina jartzean Euskal Bandera itsas mailatik 8.848 metroan eta munduko gailurrik garaienean ezarritako banderen sailera igaro zen.[65] Gertakari hau ordurarte euskal mendizaletasunaren kirol balentria handiena izan zen eta Euskal Herria Everest gailurrera iristea lortu zuen munduko hamalaugarren herrialdea bilakatu zen.[66] Lehen albiste eta berrien arabera nahiz Euskal Herriko nahiz Espainiako hedabideetan ikurrinaz gain, bandera antinuklearra ezarri zutela zabaldu zen.[67]

1980ko Euskal Espedizioak, Zabaletaz gain, honako taldekideak ere izan zituen: Juan Ignacio Lorente (espedizio-burua eta medikua) eta Luis María Sáez de Olazagoitia arabarrak, Juan Ramón Arrue, Joxe Urbieta, Felipe Uriarte eta Ricardo Gallardo gipuzkoarrak, Javier Garaioa eta Xabier Erro nafarrak, eta Kike de Pablo eta Emilio Hernando bizkaitarrak, eta Angel Rosel biarriztar industria teknikaria.[68]

Handik gutxira, Everesteko gailurrera iritsi ziren poloniar alpinista batzuk bi bandera horiez gain ETAren ikurra zeraman banderatxo bat ere topatu zutela jakin zen.[68] Albistea Espainiako Erresumako agintarien batere gogokoa ez zenez, espainiar hedabideetan kasik oharkabean pasarazi zuten.[69]

1976, Atotxa: ikurrina Kortabarria eta Iribarren eskutik

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai honetarako jada ikurrina, klandestinoki bada ere, etxe askotan jarria zegoen. Baita giltzatakoetan, boligrafoetan edota su-pizgailuetan ere, edo poltsikoren batean ezkutaturik. Bilboko Goioaga dendan zetorrena aurreikusirik, ikurrinak handizka ekoizteari ekin zion. Polizia ikurrinak errekisatzeko asmoz bere biltegira aurkeztean, jada aste bat lehenagotik ekoiztutako bost mila banderetatik sei besterik ez ziren gelditzen.

1976ko abenduaren 5eko Euskal Derbia: Errealeko Kortabarria eta Athletic Clubeko Iribar atezaina bere oraindik legez kanpo zegoela Atotxa zelaira ikurrina zeramatela atera ziren.

Testuinguru hartan, eta ikurrina legeztatzeko hilabete batzuk falta zirela, 1976ko abenduaren 5ean, Donostiako Atotxa zelaian jokatutako euskal derbian, Erreala eta Athletic Club taldeetako jokalariak zelairatu zirenean, bi taldeetako kapitainak ziren Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar futbolariak ikurrin bat eskuetan zutela atera ziren, ikurrin haren atzean eta bi futbolariei lagunduz, bandera berak estaltzen ziolako argazkietan aurpegirik ikusten ez zaion Jose Antonio Uranga futbolari txuri-urdina ere bazihoan, Errealaren partidurako hasierako hamaikakoaren deialdiaren barnean ez zegoen defentsa, hortik kale jantziz joatea.[70]

Bi taldeak zelaiaren erdian eta ikurrinak elkarturik lerrokatu zirenean, bertaratutako ikusleen txalo eta babes oihuak jaso zituzten. Ikurrina oraindik legez kanpo zegoen, baina jakina zen espainiar poliziak hura kentzeko aginduak jaso arren Gipuzkoa eta Bizkaiko talde nagusien aurka egiten ez zela ausartuko, are eta gutxiago jokalariak babesten zituen zaletuez lepo beteriko Atotxa bezalako futbol zelai itxi batean. Kirol ikuspuntutik dagokionez, gipuzkoarrentzat jaia borobila izan zen, Errealak 5-0ko emaitzaz irabazi baitzuen.

Hurrengo igandean, abenduaren 12an, San Mames zelaian ere, Athletic Club eta Espanyol taldeen arteko partidan ikurrinaren erakustaldia egon, eta Atotxan bizitako jai giroa errepikatu zen.[71]

1977, legeztatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikurrina Donostiako Udaletxe Zaharrean, 1977ko urtarrilean, San Sebastian egunaren bezperan

1977ko urtarrilaren 18an, Alkateen Mugimenduak orduko Espainiako Gobernazio Ministroa zen Rodolfo Martín Villaren ahotik udal eta aldundietan jarriko ziren ikurrinekiko tolerantzia izateko hitzematea jaso zuen.

Hortaz, urtarrilaren 19an[72] Donostiako Udaletxe Zaharrean ikurrina zintzilikatu eta Espainiako legedian berriz ere legeztatu zen. Espainiako Bigarren Errepublikatik Donostiako udaletxean ikurrina zintzilikatu zen lehenbiziko aldia izan zen, azkena, 1936ko irailaren 13an hiria bereganatu berria zuten frankistek kendu baizuten.[73]

Ikurrinaren zintzilikatzea Andoaingo udaletxean, 1977ko urtarrila.

Urtarrilaren 19ko arratsaldean, Donostiako Udaletxean berehalako udal batzarra ospatu eta bertaratutako 12 zinegotziek eta alkateak Donostiako danborradaren gauerdiko hastapen ospakizunean ikurrina zintzilikatzeko erabakia aho batez onartu zuten. Erabaki honekin ados ez zeuden 3 zinegotziak etxean gelditu eta jendaurreko udal batzar horretara ez ziren bertaratu ere egin. Aldiz, bertaratutako jende askok udal batzarra amaitzean Eusko Gudariak ereserkia abestu eta donostiar askok udal erabaki ofizialari itxaron gabe ikurrinak eskuetan zituztela kaleetara ospatzera atera ziren.[73]

Urtarrilaren 20ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian Gernikako Arbola jotzen zuten txistularien doinuaz zintzilikatu zuten. Bestalde, elkarte, kultur erakunde, ikastetxe, ikastola eta abarretan ere agertu zen.

Halere, tolerantzia giroa ez zen erabatekoa izan, handik hiru egunetara espainiar poliziak Donostian euskararen koofizialtasuna eskatzen zuen manifestazio bat gogorki desegin baitzuen. Bestalde, Martín Villak ez zuen inoiz ikurrina bakarrik agertzea onartu, eta harekin batera espainiar bandera ere ager zedin agindu zuen. Horregatik, urtarrilaren 20rako ikurrina bakarrik zintzilikatu zuten hainbat donostiar elkarteek espainiar bandera ere jartzeko agintzen zieten polizien bizitak jaso zituzten.[74]

Donostiarekin ia batera, Irun, Azkoitia eta Hondarribiako udaletxeetan ere ikurrina ofizialki zintzilikatu zen. Bestalde, orduko José Manuel Menéndez Gipuzkoako gobernadore zibilak ikurrina legeztatzearen aurka azaldu eta bere dimisioa aurkeztu zuen.

Bizkaian ikurrina legeztatu zenetik zintzilikatu zen lehenbiziko Euskal Banderetako bat Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean izan zen. Ikurrina bakarrik zintzilikatua izatea espainiar polizia agertu eta berau kentzeko nahiko aitzakia izan zen.[74]

Ikurrina zintzilikatu zuen lehenbiziko udalerria Garai izan zen. Mungia eta Bermeok jarraitu zioten, eta handik hiru astera Bizkaiko 93 udalerrietatik jada 69k ikurrina ofizialki udaletxeetan zintzilikatua zuten. Adibidez, Berangon, oraindik 1976ko urrian elizako kanpandorrean zintzilikatutako eta guardia zibilak kendu ezin izan zuen "legez kanpoko" ikurrin bat mantentzen zen.[75]

Bizkaiko Probintzia Agintari frankistek ikurrina jartzeari uko egitea garaiko haserrealdi hutsal eta deigarrienetako bat izan zen. Bilbon, Donostian ez bezala, udal agintariak ikurrina legeztatzearen aurka agertu ziren. Urtarrilaren 20ean Augusto Unceta-Barrenechea buru zuen Bizkaiko Aldundiak bere egoitza guztietan "alderdikoiak ez beste, ikur nazionala (espainiarra) eta jaurerriaren bandera" jartzea agindu zuen. Unceta gertakizunekin haserre agertu eta maukapetik honako ediktua atera zuen: "Lur hau maite dugu eta oinarri ukiezinak diren maitasun, leialtasun eta fideltasunarengatik, ahots ozenez, sistematikoki engainatuak izaten ari garela esan beharrean gaude. Espainiarrak eta bizkaitarrak gara". 1977ko urriaren 8an ETAk Unceta hil zuen.[76]

Ikurrinaren aurkako joera honen adierazgarri nagusienetakoa orduko Bizkaiko José Antonio Zarzalejos gobernadore zibilaren, ―José Antonio Zarzalejos kazetariaren aitaren―, dimisioa izan zen.[76]

1977ko uztailaren 10an, Bilboko udaletxean ikurrina zintzilikatu zen.[77]

Araban gainontzeko udal erakundeei edo aldundiari ikurrina zintzilikatzen aurre hartu zion udalerri bakarra Aramaio izan zen.[75]

Urtarrilaren amaieran Gasteizen bertako udal agintari frankistak ikurrina udaletxean zintzilikatzearen aurka agertu ziren. Halere, azkenean, 1977ko uztailaren 25an, Gasteizko udaletxean ikurrina zintzilikatu zen.[77]

Nafarroa Garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1977ko urtarrilaren 16an, Alkateen Mugimenduak Bergaran egindako deiari helduz, Etxarri-Aranatzeko udal taldeak manifestua onartu zuen. Poliziaren eta guardia zibilen kontrolei muzin eginez hamarnaka lagun elkartu ziren udaletxean eta ikurrina lehen aldiz ezarri zen ofizialki.[78] Ikurrinaren zintzilikatzea txistularien eta Nafarroako Gorteen Ereserkiaren doinuez lagundurik burutu zen.

Urtarrilaren 22an, Lizarran, bertako zinegotzien zalantzen aurrean, gazte talde batek ikurrina Lizarrako udaletxeko balkoian zintzilikatu zuen. Ikurrin hura zintzilikatu zuena Fortunato Agirre izan zen, Lizarrako azken alkate demokrata eta frankistek fusilatu zuten Fortunato Agirre zenaren seme zaharrena.[75]

Urtarrilaren amaieran Iruñeko udal batzarrean gehiengoz ikurrina zintzilikatzea erabaki zen, Bilbo eta Gasteizi aurre hartuz. Akordioaren aurka hiru zinegotzi bakarrik agertu ziren, batek aurka bozkatu eta beste biak ez ziren batzarrera bertaratu. Iruñeko udal plaza jendez lepo zegoen, eta gazte batek unean prestatutako eskalatzaile baten bidez jada bozketa ospatu aurretik ikurrina udaletxearen balkoian jarria zuen. Orduko behin-behineko Tomás Caballero alkateak, Javier Erice alkatea kargugabetua izan baitzen, udaletxetik irten eta akordioa iragartzean, kalean zegoen jendetza Eusko Gudariak ereserkia abesten hasi zen. Handik minutu gutxira Polizia Armatuaren furgoiak agertu eta bertaratu zen jendea astintzeari ekin zion. Etorkizunean Nafarroa Garaian espainiar eskuinak ikurrinarekin izango zuen joeraren iragarpena izan zen.[79]

Urte hartako apirilaren 27an, berriz, ehun karlista baino gehiagok ausardiarekin ipini zuten ikurriña Diputazioaren balkoian, alderdi politiko guztiak legeztatzearen aldeko bi pankartekin batera. Lehendabiziko aldia zen euskal ikur hau ikusten zela instituzio horretan.[80]

Agoitzen herri galdeketa bat burutu ostean ikurrina zintzilikatzea adostu zen. Tafalla bezalako udalerrietan biztanleen milaka sinadura jaso ondoren gehiengo frankista zuten udalek ikurrina onartzea behartuarazi zituen. Udako jaietarako Nafarroa Garaiko udaletxe gehienetan ikurrin bat zegoen.[76]

Nafarroa: Debekua eta jazarpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikurrinak eta Nafarroako bandera, nafar udalerri bateko karrikan ikusgai.
Ikurrina Atarrabiako udaletxearen parean, 2007, Nafarroako Foru Erkidegoa.

1977ko urtarrilaren 19an ikurrina legeztatu zenenetik 1980. urtera arte Nafarroa Garaiko hainbat udaletxek, Iruñeko udaletxea barne, Euskal Bandera beren udal balkoietan zintzilikatu zuten. Baina azken urte horretan egoera gaiztotu eta ikurrinaren aurkako jazarpena areagotu eta debekuari ekin zitzaion.

1980ko urriaren 4ean nafar eskuin espainolistak Nafarroako Foru Aldundiak alderdi espainolisten botoei esker nafar udaletxeetan ikurrina jartzea debekatzea lortu zuen.[81] Abenduaren 2an Nafarroako Parlamentuak neurri hori berretsi zuen, honen arabera Nafarroako Foru Erkidegoko udal guztietan "ofizialki bandera gorri-horia eta udalerrikoa" bakarrik ipini ahal zitezkeen.

1981eko abenduaren 10ean, Iruñeko Udalak, UCD, UPN eta PSOEren aldeko botoekin, Iruñeko udaletxeko balkoitik ikurrina kentzea erabaki zuen. Sozialisten artean, erabaki horren aurka azaldu zen salbuespen bat egon zen, Juan Manuel Pérez Balda zinegotzia. Bere botoarekin ikurrina kentzeko erabakia ez babesteagatik bere alderdi politikotik kanporatua izan zen.[82]

Azaroaren 30ean, alegi, hamar egunera, Iruñeko udaletxetik ikurrina kentzeko erabakiaren aurrean, PSOEk bere gobernupean zeuden edota beren zinegotziek eta eskuineko zinegotziekin batera gehiengoa zuten udaletxe guztietatik ikurrina kenduko zuela iragarri zuen. Beste hainbat alditan bezala, erabaki honen atzean aurretik nafar sozialistek jasandako Madrilgo sozialisten zenbait sektoreen presioak ere egon ziren.[82] PSOEk Iruñean kikildu eta eskuinari men egin izana nabarmena izan zen eta denen aurrean oso leku txarrean utzi zuen, 1979an PSOEko Julian Balduz hautagaiak Herri Batasuna eta EAJko zinegotzien botoei esker Iruñeko alkatea bilakatzea lortu baitzuen, abertzaleek alkate eskuindar españolista bat egon ez zedin sozialisten hautagaiari babes ematea nahiago izan baizuten.[82]

Orain PSOEk desagertzear zegoen UCDek aurkeztutako ikurrinaren aurkako mozioari babes eman zion. Esan beharrik ere ez dago UPNek ere mozio horri gogo biziz babes eman ziola, eta 1981eko urriaren 26ean Nafarroako armarritik Franco diktadoreak sari gisa emandako San Fernandoren Ereñotz Gurutzea kendu izanaren erabakiarekiko errebantxa edota mendeku modura hartu zuen, bide batez Nafarroa Garaian ofizialki egoteko bi bandera bakar zeudela oroitaraziz, Nafarroakoa eta Espainiarra, eta honela ikurrinari ofizialtasun bidea oztopatuz.[83]

Iruñean ikurrinaren debekuaren ondorioz udaletxearen inguruko kaleetan protestak piztu ziren, eta betiko moduan, Espainiako Polizia Nazionalak indarra erabiliz erreprimitu zituen. Abenduaren 10eko gaua bereziki luze eta istiluz betea izan zen, egunsentian Iruñean bart gaueko istiluen ondorioak begi bistakoak ziren.[82]

Iruñeko udaletxetik ikurrina kendu zenetik aurrera, Nafarroa Garaian Euskal Banderaren aurkako jazarpen espainolista areagotuz joan zen. Otsailaren 11n, istiluez beteriko udal batzarraren ondoren, Tafallan ere ikurrina udal balkoitik kendu zuten. Urte honetako udan PSOEk ikurrinaren gaiarekin muturreraino iritsiko zela frogatu zuen: Foru Aldundiak ikurrina erabiltzen zuten nafar dantza talde guztiei diru laguntzak kenduko zizkiela mehatxatu zuen, eta dantza taldeek Aldundiaren ekinbide hau "txantaia" zela esan zuten.[84]

Abuztuaren 22an Goardia Zibila Lakuntzako udaletxean agertu eta ikurrinaz gain udalerriko bandera ere bereganatu zuen. Aldiz, Lakuntza osoko kaleak ikurrinez lepo bete ziren.[85] Handik bi egunera, Goardia Zibila Gorritin agertu eta pilotalekuan zegoen ikurrina kendu zuen, oraingoan bertako Udalak ez zuen ikurrin hura jarri izanaren inongo ardurarik ez baitzegoen ez udaletxe batean ezta eraikin ofizial batean ere, baina hale eta guztiz ere Guardia Zibilak nahi zuena egin zuen. Protesta moduan Gorritiko etxeetako balkoiak ere ikurrinaz bete ziren.[86]

Ikurrinaren aurkako jazarpena Nafarroa Garaian gero eta handiagoa zen, neurri berri eta debekatzaileagoekin. Irunberrin karlistak lehenbiziko aldiz ikurrina debekatzearen aldeko erabakiari batu zitzaizkion. Azaroan berriz ere Iruñeari txanda iritsi zitzaion, udal dantzariek ikurrina erabiltzen jarraitu eta PSOEren nahiei men ez egiteagatik diru laguntza kendu zieten. 1988ko urriaren 14ean UPN eta PSOE oraindik urrutirago joan eta Iruñeko udal dantza taldeak ikurrina erabiltzen jarraitzen zuenez dantza taldea desegin zuten.[85]

1982ko amaieraldera, Tuterako Udalean ordezkaritza zuen Nafarroako Mugimendu Komunistak ikurrina jendaurrean erabili izanagatik isuna jaso zuen.[85]

Nafarroa Garaian ikurrinaren aurkako jazarpena areagotuz zihoan eran, intelektual espainolista integristek, gaiari garrantzia kendu edota desdramatizatzeko asmoz eta euren buruak progresista izendatuta, adierazi zuten banderak —eta bereziki ikurrina— oihal ziztrinak besterik ez direla; Espainiako bandera, ordea, ez zuten oihal ziztrintzat aipatzen.[87]

Nafarroan ikurrinaren aurkako jazarpena bertan behera geratu zen Nafarroako 2015eko hauteskundeak eta gero atera zen gobernuarekin. Hala eta guztiz oposizioko alderdi nagusienak, UPNk boterea hartu eta berehala ikurrina kentzearen aldeko jarrera hartuko zuela iragarri zuen. UPNko José Javier Esparzak behin eta berriz esan du proposamena "agenda nazionalistaren parte" dela, eta Nafarroa "Euskal Herri irudikatu horren barruan" izatea nahi zuela. "Esaten duzue ikurrina Nafarroako bandera bezain nafarra dela: hori gezurra da. Ni ez nator bat horrekin, baina zu bai". Haren ustez, ikurrina jartzea "ETAren jarduera zuritu", euskara inposatu eta Nafarroara erregeak ez etortzeko estrategiaren parte zen.[88].

Ikurrinarekiko joerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bilboko konpartsek Aste Nagusian urtero egiten diote omenaldia Ikurriñari.
Gatikako udaletxean eskegitako Euskal Herria nazioa eta bere bandera ikurriña dela aldarritzatzen duen pankarta.

Euskal abertzaleak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Eusko abertzaletasun»

Euskal abertzaleentzat Euskal Herriaren bandera da. Egiari zor, abertzaleak ez diren euskalherritar ugarik ere bere sentitzen duten bandera ere bada, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan eta Iparraldean.

Espainiar nazionalistak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Ikurren Legea», «Nabarrismo» eta «Espainiar nazionalismo»

Espainiar nazionalistek ikurrinarenganako duten jarrera nahiko kontrajarria da, eta nagusiki lurraldearen araberakoa, abertzaleen arabera joera hipokrita dela ere esan ohi da:

  1. Euskal Autonomi Erkidegoan bizi direnen ia espainiar nazionalista denentzat euren bandera ere bada, edota gutxienez Autonomi Erkidegoko bandera ofiziala dela onartzen dute, horren adibide, PSE eta PP alderdiek euren egoitzetan espainiar banderarekin batera zintzilikat ohi dutela.
  2. Nafarroa Garaian eta batez ere UPN eta espainiar nabarrismoaren ingurukoek Euskal Autonomi Erkidegoaren bandera bakarrik dela eta Nafarroako Ikurren Legeaz baliatuz ikurrina zintzilikatzen duten nafar udaletxeei isun eta jazarpen administratiboa burutu eta bere banderatzat duten nafarrei euren bandera izateko ukazio politikoa egiten diete, ekitaldi ofizialetan nahi duen nafar orok hura erabiltzea debekatuz, adibidez Sanferminetako txupinazo egunean Iruñeko udal plazan ikurrinarekin sartu nahi duten nafarrei udaltzaingoen bidez sarrera galaraziz.
  3. Espainiar eskuin muturra: ikurrina inolaz ere inon nahi ez duten eta legez kanpo jar dezaten eskatzen dutenak, ez Nafarroa Garaian, ez eta Euskal Autonomi Erkidegoan ere. Gutxiengo honentzat ikurrina bandera alderdikoia besterik ez omen da, alegia EAJrena bakarrik, eta Sabin Aranak sortu zuenez bandera independentista eta "antiespainiarra" dela diote.

Espainiar nazionalismoak, bereziki eskuin muturrekoak, ikurrinarekiko izan duen ezinikusia historian zehar agerikoa izan da, baten batzuk harekiko gorrotoaren muga ere igaroz, bere sorreratik hasi eta denbora pasa ahala murriztu beharrean zenbait sektoretan areagotu ere egin zen, bereziki Sabin Aranak asmatu eta independentismoaren ikurtzat dutelako, bai eta ikurrinak izan duen hedapen azkarraren eta jendearen onarpenaren ondorioz.

Fragaren haserrea ikurrinaren legeztatzearekin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1976an jada Francoren diktadura amaitua eta erregimena desegiten ari zen garai nahasian. Manuel Fraga ministro frankista ohi eta eskuin muturreko espainiar nazionalistak Venezuelara bidaia egin eta bertan elkarriketatzaile ospetsuak ziren Imger eta Carlos Ramgel senar-emazteek ikurrinari buruz eta Euskal Bandera inongo zigor edo jazarpenik jasan gabe erakutsi eta zintzilikatzeko aukerari buruz galdekatu zuten. Fragak hitzez-hitz honakoa erantzun zien:[89]

« Ikurrina, modu okerrean euskal bandera deitua, pasa den mendean Sabino Aranak helburu separatistekin marraztu zuen, lehenbizi Bizkairako eta ondoren Euskal Herria osorako, ingeles banderaren kopia txar bat da. Izatez, euskal herritar askorentzat irain bat da, eta noski, espainiar guztientzat. Hortaz, bandera militante baten eta kataluniar eta valentziar banderak bezalako bandera erregionalisten artean ezberdintasuna dago, azken hauek guztiz onargarriak dira. »
Manuel Fraga, 1976

Eta amaitzeko bere izaera ezaugarri nagusia zen harropuzkeriaz esaldi ospetsu eta apokaliptiko baina gaur egungo ikuspegitik irakurrita nahiko barregarri eta patetikoa dena bota zuen:[90]

« Hortaz, bandera hori goratzeko edozein kasutan ere, nire gorpuaren gainetik pasa beharko dute! »
Manuel Fraga, 1976

Hark nahi ez bezala eta berak aipatutako muturreraino iritsi gabe, bere bizialdian euskal herritarrek ikurrina goratzeaz gain, Euskal Bandera nola legeztatu eta Euskal Autonomi Erkidegoko bandera ofiziala izendatzen zuten ere nahi ala nahi ez lekuko gisa ikustea beste biderik ez zitzaion geratu.

Frantziar nazionalistak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herrian udaletxe guztietan ikurrina eta Frantziako Errepublikaren bandera inongo arazorik gabe zintzilikatzen dira. Gainera, abertzaleak ez diren eta frantziar nahiz euskal herritar sentitzen direnek ere naturaltasun osoz bere egiten duten bandera da, horren adibide onena Aviron Bayonnais edota Biarritz Olympique errugbi taldeetan erakusten diren ikurrinak dira.

Euskal Diaspora

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Euskal diaspora» eta «Euskal etxeak»

Ikurrina sortu eta berehala, XIX. mendearen azken urteetan eta XX. mendearen lehen hamarkadetan ikurrina pentsaera abertzalea zuten euskal etorkinen eskutik Euskal diasporara berehala hedatu zen, maiz Euskal diasporako ekitaldi eta ikuskizunetan Euskal Herrian bertan baina oraindik eta erabiliagoa den bandera da, batez ere atzerrian euskalduntasuna azpimarratzeko dagoen desio edo nahiaren ondorioz. Horren adibide, Euskal Etxe guztietan zintzilikatzen dela da.

Euskaldunentzat, ikurrina Euskal Herri osoaren ikurra da, eta halakotzat ageri da euskal hiztegietan.[1] Horrenbestez, balio handia du kulturaren eta politikaren aldetik, eta aldarrikatzeko asmoarekin erabiltzen dute sarri, Euskal Herriko edozein tokitan, euskal abertzaleek batez ere. Euskal kulturaren ikur ere bada, Euskal Herrian nahiz kanpoan (adibidez, Estatu Batuetako euskal jaietan eta mundu osoko eusko etxeetan).

Horrez gain, hainbat eratara erabili eta sentitzen da, norberaren iritzi politikoen eta lurraldearen arabera:

Euskal Autonomia Erkidegoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
EAEko lehendakariaren egoitzako sarrerako banderak

Euskal Autonomia Erkidegoaren bandera ofiziala ere badenez, nagusiki autonomia erkidego horren ikurtzat hartzen du hainbatek, batez ere Espainian. Adibidez, Espainiako Errege Akademiaren hiztegian, «Bandera oficial del País Vasco» ('Euskal Autonomia Erkidegoko bandera ofiziala') da gaztelaniaz ikurriña hitzaren definizioa.[91]

Ipar Euskal Herria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herrian, euskal kulturaren adierazpide da ikurrina. Haren erabilera ez dago legez araututa, eta ez du inolako balio ofizialik. Hainbat erakunde ofizialetan ageri da —hala nola, herriko etxeetan[92]—, bai eta jaietan nahiz kultura eta kirol ospakizunetan ere. Euskal Herriko gainerako tokietan bezala, errebindikazio helburua ere badu, euskal abertzaleen aldetik batez ere.

Nafarroako Foru Erkidegoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Ikurren Legea»
Ikurrina 2013ko Iruñeko San Ferminetako txupinazoan. Arrantzale Bizardunek jarria izan zen.

Nafarroako Foru Erkidegoan izaera politiko argia du, euskal kultura eta abertzaletasunari oso lotua baitago. Nafarroako eremu euskaldunenean naturaltasunez agertu izan da tokiko erakundeetan, batez ere udaletxeetan. Leitzan, esaterako, Espainiako legeak ikurrina 1977an legeztatu baino urtebete lehenagotik agertu zen udaletxearen aurrealdean. Urte hartan bertan, Barañaingo udalerrian, ikurrina udaletxeko balkoian paratzea erabaki zuen udalbatzarrak. Alabaina, ikuspegi kulturalaz gain, ikuspegi politikoa ere baduenez, Nafarroan ikurrina erabiltzea Nafarroako kultura eta historiari eginiko erasotzat jotzen dute UPN eta PSN alderdietako hainbat nafarrek (batez ere UPNkoek), ikurrina Euskal Autonomia Erkidegoarena —eta ez beste inorena— den ikurtzat hartzen baitute; EAEko ikur politikoa dela diote, eta kultura arloko ikurra denik ukatzen.[93][94][95]

Hori dela eta, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Ikurren Legea[96] onartu zuen 2003an, UPN, PSN eta CDN alderdiek horren alde bozkatuta. Lege horrek berariaz debekatzen du ikurrina erakunde publikoetan agertzea (Iñigo Zabalza Landa abokatuaren ustez, ad hoc lege bat da, nabarrismo ofizialak onartzen ez dituen ikurrei atxikipena agertzearen aurkakoa[97]), erakunde horiek Euskal Autonomia Erkidegokoak ez baizik Nafarroakoak direla argudiatuz. Horrek protesta ugari eragin du Nafarroan.

NaBairen esku dauden udal batzuetan, udaletxeko balkoian ezin delarik, ikurrina beste toki nabarmenen batean esekitzea erabaki zuten, foru gobernuaren isunak eta mehatxuak saihesteko. UPNko karguek ahaleginak egiten dituzte Nafarroan udaletxeetatik ikurrina kentzearren, eta jendaurreko edozein ekintzatan ikurrina agertzea eragoztearren.[98][99][100][101][102][103]

Ikurrina jada bere sorreratik jazarpena jasan duen bandera izan da, baita bi debelkualdi ere (1923-1931 eta 1937-1976). Honakoa, ikurrinak bere historian jasan izan dituen jazarpen gertakari nabarmenen zerrenda da, ez dira guztiak, zerrenda amaigabea izango litzatekeelako, baina bai ezagunenetakoak:

Zerikusia edo antza duten banderak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurutze zeiharra eta zuzena batzen duten banderetan ikusten da Ikurrinarekin antzekotasuna, Union Jack delakoan batez ere. Itsasoko bandera batzuetan ikusten da hau bereziki.

Antza duten beste bandera batzuk. Orozko herrikoak euskal inspirazio argia du, baina aldi berean herriko ezkutuaren forma eta koloreetan oinarritzen da: 2008ko erabaki batean onartu zen bandera diseinu hori[107].

Antza dutenen ikurrinen artean, ikurrin okerrak ere badira. Zenbait herritako jaietan eta produktu merkeen dendetan ikusi izan dira Euskal Herrian gorria eta berdea alderantziz erakusten zituzten ikurrinak[108].

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Gaztelaniaz) Ikurriña. Cien años de historia, 1994, Iñaki Egaña. Txalaparta argitaletxea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Euskaltzaindiak araututako Hiztegi Batuan, ikurrin izenak esanahi hau du: «bandera, bereziki Euskal Herrikoa».
  2. Ikurrina. Zer adierazten dute euskal sinbolok? Nortasuna. Euskadi zain duzu. Bizkaiatalent.eus
  3. Ezaugarri teknikoak. Ikurrina. Hiru.eus
  4. a b (Gaztelaniaz) Cambio de proporciones, 26. orr. Evolución y cambios. La Ikurriña y otras banderas vascas. Carlos Aitor Yuste
  5. 6:30 minutu. Ikurrinak 120 urte dokumentala ikusgai. Eitb.eus
  6. 6:00 minutua. Ikurrinak 120 urte dokumentala ikusgai. Eitb.eus
  7. IV. ekitaldia. Feniziar bandera. Sabinetxea.org
  8. (Gaztelaniaz) Evolución y cambios. Contexto histórico y político, 23. orr. La Ikurriña y "otras" banderas vascas. Aitor Yuste
  9. a b c d Aurrekariak. Bandera nazionalak. Euskal ikurrak
  10. (Gaztelaniaz) Antes de la ikurriña: la primera bandera vasca en América (1880-1900). Álvarez Gila, Oscar. Euskal Herriko Unibertsitatea, 2012 (Gaztelaniaz)
  11. (Gaztelaniaz) "Esta bandera había sido diseñada por Pedro de Soraluce-Zubizarreta y se puede describir como: formada por dos franjas verticales, roja al asta y blanca al vuelo, y en cada ángulo un estrella dorada; en el centro el escudo del Laurak-Bat (de oro, cuatro manos de guerreros formando cruz y en cada cuartel una cabeza de reyes árabes o moros, o sea el lauburu)". Las banderas ‘olvidadas’ de los vascos. 2015eko maiatzaren 19a. Deia.com
  12. a b c d e (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. .
  13. a b (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. .
  14. (Ingelesez) Olle, Jaume. «Basque Flags of National Type» Electronical Bulletin of Vexillology from Cataloniasque Flags of National Type.
  15. (Gaztelaniaz) «Gamazada», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  16. 6:40 minutua. Ikurrinak 120 urte dokumentala ikusgai. Eitb.eus
  17. a b (Gaztelaniaz) El nacimiento de la Ikurriña, 17. orr. La Ikurriña y "otras" banderas vascas. Aitor Yuste
  18. 3:50 minutua. Ikurrinak 120 urte dokumentala. Eitb.eus
  19. a b (Gaztelaniaz) Egaña, Iñaki: «En el Euskeldun Batzokia», in Ikurriña. cien años de historia, Txalaparta, 1995 (ikus 44. orr.)
  20. https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/espainiako-agintariek-euzkeldun-batzokija-itxi-eta-ikurrina-konfiskatu-zuten
  21. a b c d e (Gaztelaniaz) Egaña, Iñaki: «La Ikurriña no gusta a los españoles», in Ikurriña. cien años de historia, Txalaparta, 1995 (ikus 53. orr.)
  22. (Gaztelaniaz) Las otras "Ikuriñas" de Luis Arana, 24. orr. Evolución y cambios. La Ikurriña y otras banderas vascas. Carlos Aitor Yuste
  23. a b c (Gaztelaniaz) Las otras "Ikuriñas" de Luis Arana, 25. orr. Evolución y cambios. La Ikurriña y otras banderas vascas. Carlos Aitor Yuste
  24. Las otras "Ikuriñas" de Luis Arana, 25. orr. Evolución y cambios. La Ikurriña y otras banderas vascas. Carlos Aitor Yuste
  25. (Gaztelaniaz) La llegada a Iparralde, 61. orr. Ikurriña, cien años de historia. 1994, Txalaparta
  26. a b (Gaztelaniaz) La llegada a Iparralde, 62. orr. Ikurriña, cien años de historia. 1994, Txalaparta
  27. Sabino Arana Goiri. Euzkadiren aita (1865-1903), Ikas ameslaria, 31. orr. Kintana Goiriena, Jurgi. Elkar
  28. (Gaztelaniaz) Las "otras" Ikurriñas de Luis Arana. La Ikurriña y las "otras" banderas vascas. Aitor Yuste
  29. 8:10 minutua. Ikurrinak 120 urte dokumentala ikusgai. Eitb.eus
  30. 8:15 minutu. Ikurrinak 120 urte dokumentala ikusgai. Eitb.eus
  31. Eusko Jaurlaritza. Oroagindua.-Euzkadi'ko ikur eta ikurriñatzaz. .[Betiko hautsitako esteka]
  32. Cambio de proporciones, 26. orr. Evolución y cambios. La Ikurriña y otras banderas vascas. Carlos Aitor Yuste (Gaztelaniaz)
  33. 9:10 minutua. Ikurrinak 120 urte dokumentala ikusgai. Eitb.eus
  34. 11:00 minutua. Ikurrinak 120 urte dokumentala ikusgai. Eitb.eus
  35. (Gaztelaniaz) En la Segunda Guerra Mundial, 101-102. orr. Ikurriña, cien años de historia.Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994
  36. (Gaztelaniaz) En la Segunda Guerra Mundial, 104. orr. Ikurriña, cien años de historia.Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994
  37. En la Segunda Guerra Mundial, 104. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994
  38. (Gaztelaniaz) En la Segunda Guerra Mundial, 105-106. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994
  39. (Gaztelaniaz) Viajando de Perpignan a Gurs. 89. orr. Ikurriña, Cien Años. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  40. (Gaztelaniaz) Ikurriña en el mundo. Española en la ONU, 110-111. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994
  41. (Gaztelaniaz) Ikurriña en el mundo, Española en la ONU. 111. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  42. EGIk futbol partidara ikurrina bota zuenekoa. Ikurrinaren historian hamalau irudi. Urko Apaolaza, Argia.eus
  43. Ikurrinak 120 urte, 30:45 minutua. Eitb.eus
  44. a b (Gaztelaniaz) Inventiva popular: Ikurriñas de alta tensión. 122. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  45. Ikurrinak 120 urte, 33:30 minutua. Eitb.eus
  46. (Gaztelaniaz) "Cuando la Ikurriña llegó a los Andes". 130. orr. Ikurriña, cien años. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994 (Gaztelaniaz)
  47. (Gaztelaniaz) Inventiva popular: Ikurriñas de alta tensión. 124. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  48. Ikurrinak 120 urte, 31:05 minutua. Eitb.eus
  49. (Gaztelaniaz) Inventiva popular: Ikurriñas de alta tensión. 126. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.}
  50. (Gaztelaniaz) Inventiva popular: Ikurriñas de alta tensión. 126. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  51. (Gaztelaniaz) Inventiva popular: Ikurriñas de alta tensión. 133. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  52. (Gaztelaniaz) Inventiva popular: Ikurriñas de alta tensión. 127. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  53. (Gaztelaniaz) Cuando la Ikurrina llegó a los Andes. 126. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  54. "En la primera etapa desarrollábamos las típicas pintadas con brea, colocábamos ikurriñas en sitios difíciles de quitarlas, como en las peñas Dos Hermanas, por ejemplo, que estuvo en el Aberri Eguna de 1967". «La mejor forma de conocer un país es caminando», Juan Mari Feliú. 2011ko irailaren 18a. Gara.net (Gaztelaniaz)
  55. Ikurrinak 120 urte, 27:17 minutua. Eitb.eus
  56. (Gaztelaniaz) Inventiva popular: Ikurriñas de alta tensión. 128. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  57. (Gaztelaniaz) Cuando la Ikurrina llegó a los Andes. 130. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  58. Cuando la Ikurriña llegó a los Andes. 131. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  59. (Gaztelaniaz) Campaña armada: Ikurriña es democracia. 150. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  60. Ikurrinak 120 Urte, Eitb, 2014. Ikus 31:50 minutua.
  61. Ikurrinak 120 urte, 32:52 minutua. Eitb.eus
  62. a b Ikurrinak 120 urte, 34:40 minutua. Eitb.eus
  63. (Gaztelaniaz) Cuando la Ikurrina llegó a los Andes. 135. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  64. (Gaztelaniaz) «Espedición Tximist, 1974», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  65. (Gaztelaniaz) «1980: La conquista vasca del Everest», 2010-10-11.
  66. (Gaztelaniaz) «Euskal Herria se convirtió en el decimocuarto país que alcanzaba el techo del mundo. En lo más alto del mundo»
    Iturria: 186. orr. Ikurriña, cien años de historia. Txalaparta, 1984.
  67. (Gaztelaniaz) «Martín Zabaleta, héroe de la gesta, brinda el triunfo a la Euskadi "abertzale"», El País, 1980-06-13.
  68. a b (Gaztelaniaz) «La expedición vasca que coronó el Everest colocó una "ikurriña" con el emblema de ETA en la cumbre», El País, 1980-08-13.
  69. (Gaztelaniaz) «La presencia de la gesta pasó casi inadvertida en los medios de comunicación españoles que, por una vez, actuaron como si el País Vasco no fuese con . Sin duda, el hecho de que los colores rojo, verde y blanco, ondearan en sustitución del colorado y amarillo, fue una poderosa razón. Cuando un grupo de espedicionarios polacos afirmó haber retirado la ikurriña de la cima y apuntó que ésta llevaba un par de símbolos nada ortodoxos para la oficialidad madrileña, los medios siguieron ignorando la noticia. Por una vez les pudo el pudor.»
    Iturria: En lo más alto del mundo, 186. orr. Ikurriña, cien años de historia. Txalaparta, 1984.
  70. (Gaztelaniaz) En Atotxa de la mano de Iribar y Kortabarria, 163-164. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994]
  71. (Gaztelaniaz) En Atotxa de la mano de Iribar y Kortabarria, 163-164. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994 (Gaztelaniaz)
  72. «Ikurriñaren legalizazioa» Euskaldunon Egunkaria 1997-01-19.
  73. a b (Gaztelaniaz) Martín Villa, Sí a la Ikurriña pero con matices. 171. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  74. a b (Gaztelaniaz) Martín Villa, Sí a la Ikurriña pero con matices. 172. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  75. a b c (Gaztelaniaz) Martín Villa, Sí a la Ikurriña pero con matices. 174. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  76. a b c (Gaztelaniaz) Martín Villa, Sí a la Ikurriña pero con matices. 175. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  77. a b (Gaztelaniaz) Martín Villa, Sí a la Ikurriña pero con matices. 176. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  78. Etxarri-Aranatz, berriz erakundeetan, 1977. Ikurrinaren historian hamalau irudi. Argia.eus
  79. (Gaztelaniaz) Martín Villa, Sí a la Ikurriña pero con matices. 174-175. orr. Ikurriña, cien año. Egaña, Iñaki. Txalaparta argitaletxea, 1994.
  80. "La primera ikurriña en la diputación navarra fue colocada por carlistas" (Gara).
  81. (Gaztelaniaz) Nafarroa: Ikurriña prohibida, 192. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994
  82. a b c d e (Gaztelaniaz) Nafarroa: Ikurriña prohibida, 192. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994.
  83. (Gaztelaniaz) Nafarroa: Ikurriña prohibida, 192. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1993.
  84. (Gaztelaniaz) Nafarroa: Ikurriña prohibida, 195-196. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994.
  85. a b c (Gaztelaniaz) Nafarroa: Ikurriña prohibida, 196. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994.
  86. (Gaztelaniaz) Nafarroa: Ikurriña prohibida, 192. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1996.
  87. (Gaztelaniaz) Nafarroa: Ikurriña prohibida, 196-197. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994.
  88. https://web.archive.org/web/20170313124145/http://www.berria.eus/albisteak/132104/esparza_gobernura_heltzen_garenean_ikurrinak_kenduko_ditugu.htm
  89. (Gaztelaniaz) Introducción, 16. orr. La Ikurriña y las "otras" banderas vascas. Aitor Yuste.
  90. (Gaztelaniaz) Introducción, 16. orr. La Ikurriña y las "otras" banderas vascas. Aitor Yuste
  91. Real Academia Española (2001): «ikurriña», Diccionario de la Lengua Española, 22. argitaraldia, online kontsultagarri. 2010-10-04an eskuratua.
  92. (Gaztelaniaz) Ikurrina, Ipar Euskal Herriko hainbat herriko etxetako fatxadan.
  93. Victor Alexandre: «Leitzako ikurrina», Victor Alexandre kataluniar abertzalearen webgunea, 2005-05-17.
  94. «UPN denuncia que el PSN permite que la ikurriña ondee en el Ayuntamiento de Ansoáin», UPNren webgunea, 2009-09-18. Eskuratze data: 2010-11-12.
  95. «JJNN llevará a cabo una campaña para normalizar el uso de las banderas navarra y española», UPNren webgunea, 2009-07-24. Eskuratze data: 2010-11-12.
  96. Nafarroako 24/2003 foru legea, 2003ko apirilaren 4koa, Nafarroako sinboloei buruzkoa. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 45. zenbakian argitaratua, 2003ko apirilaren 11n (ikus 3507-3509. orrialdeak).
  97. Iñigo Zabalza Landa: «Símbolos en Navarra. Derecho y política identitaria», Hermes: pentsamendu eta historia aldizkaria, ISSN 1578-0058, 31. zenbakia, 2009, 48-52. orrialdeak.
  98. «Guerra de banderas en Villava, Navarra», Antena 3, 2008-11-19.
  99. Josune Alzelai Iriarte (Etorkizuna Euskal Dantza Eskola): «Vetados por llevar la ikurriña», Noticias de Navarra, 2010-07-20.
  100. Elena Urabayen: «El Gobierno acude a los tribunales para exigir a Etxauri que retire la ikurriña del frontón», Noticias de Navarra, 2010-06-02.
  101. Joseba Asiron Saez: «¿Hacia una "Pax Barcina"?», Noticias de Navarra, 2010-07-23.
  102. Fernando Mikelarena: «Los cien años de una bandera», Noticias de Navarra, 2010-07-17.
  103. «UPN de Zizur denuncia la estrategia de Nabai para colocar la ikurriña durante el chupinazo», UPNren webgunea, 2009-09-10.
  104. (Gaztelaniaz) En Atotxa de la mano de Iribar y Kortabarria, 165. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994.
  105. Bost hilabeteko zigorra iazko txupinazoan ikurrina jartzeagatik. 2014ko urriaren 28a. Berria.info
  106. Euriovisionen lorpena: denak ados jartzea. Eurovisionek ikurrina sartu du «espresuki» debekatutako banderen artean, Estatu Islamikoarenarekin batera. Antolatzaileek barkamena eskatu dute, baina ikurrina ezingo da erakutsi jaialdian. 2015eko apirilaren 30a. Berria.info
  107. «Orozkoko Udala - Bandera eta armarria» www.orozkoudala.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-02).[Betiko hautsitako esteka]
  108. «Ikurrina 'daltonikoak' Euskal Herriko kaleetan» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-02).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]