Edukira joan

Igor Stravinski

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Igor Stravinski

Bizitza
JaiotzaLomonosov (en) Itzuli eta San Petersburgo1882ko ekainaren 5a (juliotar egutegia)
Herrialdea Suitza
 Errusiar Inperioa
 Frantzia  (1934ko maiatzaren 30a -
 Ameriketako Estatu Batuak  (1945 -
BizilekuaParis
Paris
Biarritz
Niza
New York
New York
Voreppe
West Hollywood
San Petersburgo
Morges barrutia
Suitza
Erroma
HeriotzaNew York1971ko apirilaren 6a (88 urte)
Hobiratze lekuaVeneziako San Michele hilerria
Heriotza moduaberezko heriotza: bihotz-gutxiegitasuna
Familia
AitaFyodor Stravinsky
Ezkontidea(k)Yekaterina Nosenko (en) Itzuli  (1906ko urtarrilaren 11 (juliotar egutegia) -  1939ko martxoaren 2a)
Vera de Bosset (en) Itzuli  (1940ko martxoaren 9a -  1971ko apirilaren 6a)
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaQ63440281 Itzuli
Hezkuntza
HeziketaThe Second Saint Petersburg Gymnasium (en) Itzuli
San Petersburgoko Estatu-Unibertsitatea
(1901 - : zuzenbide
Hizkuntzakerrusiera
frantsesa
ingelesa
Irakaslea(k)Nikolai Rimski-Korsakov
Wassili Kalafati (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea, orkestra zuzendaria, piano-jotzailea eta libretista
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaAmeriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
Bavariako Arte Ederren Akademka
Royal Swedish Academy of Music (en) Itzuli
Genero artistikoaopera
sinfonia
ganbera-musika
XX. mendeko musika klasikoa
Musika instrumentuapianoa
DiskoetxeaRCA Victor
Columbia Records
CBS
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristautasun ortodoxoa

IMDB: nm0006311 IBDB: 12461
Facebook: igorstravinsky MySpace: igorstravinsky Spotify: 7ie36YytMoKtPiL7tUvmoE iTunes: 239538 Last fm: Игорь Фёдорович Стравинский Musicbrainz: c278de2c-9696-4fdf-a919-0781cd945e2c Songkick: 52234 Discogs: 115469 IMSLP: Category:Stravinsky,_Igor Allmusic: mn0000364751 Find a Grave: 995 Edit the value on Wikidata

Igor Fiodorovitx Stravinski[1]errusieraz: Игорь Фёдорович Стравинский— (San Petersburgo, Errusiar Inperioa, 1882ko ekainaren 17aNew York, Ameriketako Estatu Batuak, 1971ko apirilaren 6a) musikagilea, piano-jotzailea eta orkestra zuzendaria handia eta polemikoa izan zen. Errusiaz gain, Suitza, Frantzia eta Ameriketako Estatu Batuak izan zituen bizileku. Herritartasunez errusiar jaioa, frantses eta estatubatuar herritartasunak hartu zituen gerora.[2]

Stravinski XX. mendeko musikagile eta artista garrantzitsuenetako bat izan zen, bai mendebaldean, bai bere jaioterrian. Time aldizkariak XX. mendeko pertsonarik garrantzitsuenetakotzat jo zuen.

Bizitza goiztiarra, 1882–1901

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stravinski 1882ko ekainaren 17an jaio zen Finlandiako golkoko hegoaldeko kostaldean, Oranienbaum herrian (gaur egungo Lomonosov), San Petersburgokotik 40 bat kilometro mendebaldera dagoena. Bere aita, Fiodor Ignatievich Stravinski (1843–1902), opera kantaria (baxua) izan zen Kyiveko Operan eta San Petersburgoko Mariinski Antzokian. Ama, Anna Kirillovna Stravinskaia (née Kholodovskaia; 1854-1939), Kieven jaioa, Kieveko Estatuko Ministerioko goi mailako funtzionario baten lau alabetako bat zen. Stravinski lau semeetatik hirugarrena izan zen; bere anaiak Roman, Juri eta Guri zirelarik. Stravinski familiak Polonian eta Errusian zituen erroak; Poloniako senatarien eta lur-jabeen lerro luze baten ondorengoak ziren. Familiaren jatorrizko abizena Soulima-Stravinski zen; "Stravinski" izenak "Strava" hitzean du jatorria, Lituaniako Streva ibaiaren aldaeretako bat dena.

1882ko abuztuaren 10ean, Stravinski San Petersburgoko Nikolskyko katedralean bataiatua izan zen. 1914ra arte, uda gehienak gaur egungo Ukrainako Ustilug hirian igaro zituen, bere aitaginarrak finka bat baitzuen bertan. Stravinskiren lehen eskola San Petersburgoko Bigarren Lizeoa izan zen, eta han ikasi zuen bere nerabezarora arte. Ondoren, Gurevitx Lizeora joan zen, eskola pribatua zena, eta han historia, matematika eta sei hizkuntza ikasi zituen. Stravinskik eskolarekiko zuen atsekabe orokorra adierazi eta ikasle bakartia izandakoa zela gogorazi ohi zuen: "Ez nuen sekula nireganako erakarpenik izan zuen inorekin topo egin".

Stravinski gazte zela sartu zen musikaren munduan. Bederatzi urte zituela hasi zen pianoa ikasten, eta ondoren musikaren teorian eta konposizioan matrikulatu zien. Zortzi urte inguru zituela, Mariinski Antzokian izandako Txaikovskiren Loti Ederra-ren emanaldi batera joan zen, eta horrek konpositorearengan balletarekiko interesa piztu zuen. Hamabost urte zituela, Stravinski Mendelssohnen 1. Pianorako kontzertua jotzeko gai zen eta Aleksandr Glazunoven soka kuarteto baten piano-murrizketa amaitu zuen. Glazunovek berak, aldiz, Stravinskik musikarako gaitasun handirik ez zuela zeritzon.

Rimski-Korsakoven ikasle garaia eta lehen konposizioak, 1901–1909

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Stravinski[Betiko hautsitako esteka] 1903an

Stravinskik musikarako zuen zaletasuna eta gaitasuna izanda ere, haren gurasoek zuzenbidea ikas zezan nahi zuten, eta hala egin zuen azkenik. 1901. urtean, San Petersburgoko Unibertsitatean matrikulatu zen zuzenbide penala eta filosofia juridikoa ikasteko, baina eskoletara joatea hautazkoa zen, eta bere ikasketen lau urteetan zehar berrogeita hamar eskola baino gutxiagotara joan zela kalkulatu zen. 1902ko udan, Stravinski Nikolai Rimski-Korsakov konpositore eta orkestratzailearekin eta haren familiarekin egon zen Heidelbergen (Alemanian); izan ere, Rimski-Korsakoven seme gazteena zen Vladimir ikaskide zuen San Petersburgoko Unibertsitatean, eta hark bere aita ezagutu zedin nahi izan zuen, bere asmo musikalen inguruan hitz egin zezaten. Garai hartan Errusiako konpositore nagusia zen Rimski-Korsakovek, San Petersburgoko kontserbatorioan sartu beharrean teoriako ikasgai pribatuak jarraitu zitzan gomendatu zion Stravinskiri.

1902an minbiziaren ondorioz aita hil zitzaionerako, Stravinskik denbora gehiago igarotzen zuen musika ikasten zuzenbidea ikasten baino. 1905eko Igande Odoltsua izan zela eta, unibertsitatea bi hilabetez itxi zuten, eta ondorioz zuzenbideko azterketa finalak bertan behera gelditu ziren: gertakizun horrek Stravinski musika ikasketak jarraitzera gehiago bultzatu zuen. 1906ko apirilean, Stravinskik kurtso erdiko diploma jaso zuen eta hortik aurrera musikan ardaztu zen. 1905ean Rimski-Korsakovek astero bitan ematen zion klase, eta Stravinskik bigarren aitatzat hartu egin zuen. Ikasgai hauek Rimski-Korsakov 1908an hil zen arte iraun zuten. Stravinskik bere lehen konposizioa osatu zuen garai hartan, Sinfonia mi bemolean, Opus 1 katalogatua dagoena. Rimski-Korsakoven heriotzaren harira, Stravinskik Hileta-abestia, Op. 5, konposatu zuen. Pieza hori behin jo eta gero urtetan galdu egin zen, 2015ean berriro aurkitua izan arte.

1905eko abuztuan, Stravinskik eta haren lehengusu zen Katherine Gavrilivna Nosenkok ezkontzeko hitz eman zuten. Eliza Ortodoxoa lehengusu-lehengusinen arteko ezkontzaren aurka egon arren, bikotea 1906ko urtarrilaren 23an ezkondu zen. San Petersburgon bizi izan ziren Stravinskik diseinatu eta eraikitako Ustilugeko etxebizitza berrira joan aurretik. Bere "zeruko lekua" zela esan ohi zuen, eta haren lehen konposizio asko bertan idatzi zituen. Gaur egun dokumentu, gutun eta argazki ugari erakusten dituen museoa da etxe horretan, eta urtero ospatzen den Stravinski Jaialdia ondoan dagoen Lutsk herrian burutzen da. Stravinski eta Nosenkok bi seme izan zituzten, Fiodor (Theodore) eta Ludmila, 1907an eta 1908an jaio zirenak hurrenez hurren.

Diagileven balletak eta nazioarteko ospea, 1909–1920

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sergei Diagilev

1909 alderako, Stravinskik beste bi pieza idatzi zituen, Scherzo fantastique, Op. 3 eta Feu d'artifice ("Su artifizialak"), Op. 4. Urte hartako otsailean, biak jo ziren San Petersburgon Stravinskiren ibilbidean inflexio-puntu garrantzitsu bat izango zen kontzertu batean. Publikoaren artean Sergei Diagilev zegoen, Errusiar Balleten jabe zen enpresaria, eta hau harri eta zur geratu zen Stravinskiren lanekin. Errusiar operaren eta balletaren nahasketa bat burutu nahi zuen 1910eko Parisko denboraldirako, horien artean Suzko txoriaren ipuin errusiarrean oinarritutako ballet bat egongo zena. Anatoly Liadovek, partitura idazteko eginkizuna zuenak, lana burutzeko urtebete inguru beharko zuela Diagilevi jakinarazi zionean, honek 28 urte zituen Stravinskiri galdetu zion, aurreko denboraldietan orkestrazio pozgarriak denbora laburrean burutu izan zituela jakinik (Les Sylphides balleterako Chopinek konposaturiko zenbait obra orkestratu zituen, adibidez), eta Stravinskik baiezkoa eman zion. 50 bat minutuko luzera izanik, Suzko txoria Stravinskik berrikusia izan zen 1911, 1919 eta 1945 urteetan, honela kontzertu formaturako suite-ak osatuz.

Suzko txoria Parisko Operan estreinatu zen 1910eko ekainaren 25ean, eta egun batetik bestera izugarrizko arrakasta lortu zuen Stravinskik. Bere emazteak hirugarren umea espero zuenez, Stravinskitarrek uda Frantzia mendebaldeko La Baulen igaro zuten. Irailean, Clarensera (Suitza) joan ziren bizitzera, eta bere bigarren semea, Sviatoslav (Soulima), jaio zen bertan. Familiak udak Errusian eta neguak Suitzan igaro zituzten 1914. urtera arte. Diagilevek 1911ko Parisko denboraldirako beste ballet bat enkargatu zion Stravinskiri, eta emaitza Petruxka izan zen. Beste behin, errusiar elezahar batean oinarrituta zegoen balleta; pertsonaia nagusia den txotxongiloa dantzari batez maitemintzen den ipuin batean zehazki. 1911ko ekainean Théâtre du Châteleten izandako estreinaldiak Suzko txoriak izandako berehalako arrakasta lortu ez zuen arren, Stravinskiren entzutea mantentzea lortu zuen.

Hala ere, Diagilevek enkargatu zion hirugarren balleta, Udaberriaren sagaratzea, izan zen benetan arrakastatsuena bai kritikoengan, bai Stravinskiren beraren kide konpositoreengan eta baita entzuleengan ere. Ideia original batean oinarriturik, balletak udaberriaren etorrera ospatzen duten zenbait erritu primitibo aurkezten ditu, eta amaieran neska gazte bat biktima aukeratua da sakrifizio baterako eta heriotzara arte dantza egiten du. Stravinskiren partiturak berrikuntza ugari zekartzan garai hartarako; haien artean, hainbat esperimentu tonalitatearekin, erritmoarekin, pultsuekin eta disonantziekin. Stravinskiren musikaren eta Nijinskiren koreografiaren izaera erradikalak istilu itzela eragin zuen Théâtre des Champs-Élyséesen 1913ko maiatzaren 29an balleta estreinatu zenean.

Estreinatu eta gutxira, Stravinskik sukar tifoidea harrapatu zuen txarrak zeuden ostra batzuk jatearen ondorioz eta Parisko erietxe batean konfinatu zen. 1913ko uztailean irten eta Ustilugera itzuli zen. Udan 1908n hasia zuen bere lehen operan, Urretxindorra-n (Le Rossignol), ezarri zuen arreta, Hans Christian Andersenen izen bereko istorioan oinarritua zegoena. 1914ko urtarrilaren 15ean Stravinski eta Nosenkok haien laugarren umea izan zuten, Marie Milène (edo Maria Milena). Haren jaiotzaren ondoren, Nosenkori tuberkulosia diagnostikatu zioten, eta Alpeetako Leysingo erietxe batera konfinatu zuten. Stravinski bertatik gertura joan zen bizitzera eta han Urretxindorra opera amaitu zuen, Parisen estreinatu zena 1914ko maiatzean. Moskuko Antzoki Libreak zuen lana 10.000 errubloren truke enkargatua, baina porrot egin zuen, eta Diagilevek lana Errusiar Balletekin eszenaratzea adostu zuen. Operak ez zuen arrakasta handirik lortu, ez publikoaren ezta kritikarien aldetik ere, itxuraz ez baitzen Udaberriaren sagaratzea-k eragindako inpaktu mailara iristen. Hala ere, zenbait konpositorek, Maurice Ravelek, Béla Bartókek eta Reynaldo Hahnek esate baterako, konpositorearen trebezia asko miretsi zuten, lanean Arnold Schoenberg konpositorearen eragina antzeman zutela esateraino.

Errusiar Balleten kide eta jarraitzaileen talde bat 1911n, tartean Stravinski

1914ko apirilean, Stravinski eta bere familia Clarensera itzuli ziren. Urte hartan Lehen Mundu Gerra hasi zen, eta osasun arazoak zirela eta Stravinskik zerbitzu militarrean parte hartu behar izatea saihestu zuen. Nazioarteko mugak itxi aurretik Stravinskik Ustilugera joatea lortu zuen, haren gauza pertsonalak hartu ahal izateko. 1915eko ekainean, hura eta haren familia Clarensetik Morgesera joan ziren bizitzera, Léman edo Geneva lakuaren ertzean Lausanatik hamar bat kilometrotara dagoen herri batera. Familia 1920. urtera arte bizi izan zen bertan, hiru helbide ezberdinetan. 1915eko abenduan Stravinskik zuzendaritzan debuta egin zuen Gurutze Gorriaren alde antolatutako bi kontzertuetan, haren Suzko txoria zuzenduz. Gudak eta 1917ko Errusiako Iraultzak haren aberrira itzultzea galarazi zion Stravinskiri.

1910eko hamarkadaren bukaeran, Stravinskiren egoera ekonomikoa ez zen batere oparoa, Errusia (eta ondoren SESBa) ez baitzen Bernako Hitzarmeneko kide egin, eta ondorioz Stravinskik arazoak izan zituen Errusiar Balleten bere piezen emanaldietako egile-eskubideak kobratu ahal izateko. Diagilevi leporatu zizkion bere arazo ekonomikoak, hau haien hitzarmena ez jarraitzeaz salatuz. L'Histoire du soldat (Soldaduaren istorioa) antzerti-obra idazten ari zela, Stravinski suitzar filantropo Werner Reinhartengana gerturatu zen laguntza ekonomikoa eskatzera, eta honek baiezkoa eman zion, baita 1918ko irailean Lausanan lanaren estreinaldia ziurtatu ere. Eskerrak emateko, Stravinskik lana Reinharti eskaini eta eskuizkribua eman zion. 1919an Stravinskik Reinharten aldeko laguntza gehiago jaso zuen oraindik, hark bertan Stravinskiren zenbait obra joko ziren ganbera musikako emanaldi bat diruztatu baitzuen. Honi eskerrak emateko, Stravinskik Klarineterako hiru piezak ere eskaini zizkion Reinharti, klarinete-jole amateurra zena.

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1920ko maiatzaren 15ean Parisen Errusiar Balletekin Pulcinella estreinatu ostean, Stravinski Suitzara itzuli zen. 1921eko maiatzean, Stravinski eta bere familia Angelura aldatu ziren.[3] Ez zuten asko iraun, izan ere, udazkenean Biarritzen baitzeuden eta Stravinskik bertan Trois mouvements de Petrouchka amaitu zuten, Artur Rubinsteinentzat Petruxkaren piano transkripzioa.

Estatu Batuetan, 1939-1971

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Igor Stravinski 1961ean.

Italian, Alemanian eta Errusian barrena ibili zen Diaghilevekin. Lehen Mundu Gerran Suitzan bizi izan zen, 1920-1939. urteetan Parisen, eta azkenik, 1939. urtetik aurrera, Estatu Batuetan, Hollywooden batez ere. Stravinskik estilo eta teknika ugari landu zituen bere musikan: errusiar artean eta kulturan oinarritutako musika, doinu, lerro eta erritmo errepikatuak eta musika tresnen moldaketa guztiz berria, jazzaren elementuak, neoklasizismoa, disonantzia eta serieko musika. Amerikara joan zenean, 58 urterekin, oso bestelako egoera aurkitu zuen. Garai batean errusiar lagunak eta kontaktuak erakartzen saiatu zen, baina handik gutxira ulertu zuen horrek ez ziola eutsiko AEBetako bizitza intelektual eta profesionalari. Urte horietan, Robert Craft zuzendari eta musikologoa ezagutu zuen eta horrek asko lagundu zion. Craft Stravinskirekin bizi izan zen hil zen arte, interprete, kronista, zuzendari laguntzaile eta factotum gisa, hamaika musika eta gizarte zereginetarako.

New Yorken hil zen 1971ko apirilaren 6an, 88 urte zituela, eta Venezian lurperatu zuten, San Michele uharteko hilerrian. Stravinskiren bizitzak XX. mendearen zatirik handiena hartu zuen, musika klasiko modernoko estilo asko barne, eta bere obrak konpositore askori eragin zien bere bizitzan eta hil ondoren. Hollywoodeko Ospearen Pasealekuko izar bat, Hollywood Boulevard 6340, bere izenean dago.

Stravinskiren hilobia Venezian, San Michele uhartean.

Aldi estilistikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stravinskiren ibilbide profesional eta musikala hiru aldi estilistiko handitan banatu ohi da eskuarki, bere lan gehienak hiru hauetako baten baitan koka daitezkelarik.[4]

Aldi errusiarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stravinskiren lehen aldi estilistiko nagusia Rimski-Korsakov konpositorearen ikasle zela hasi zen. Urte haietan orkestrarako idazketan zeharo trebatu zen, Scherzo fantastique (1907–08) eta Feu d'artifice (1908) antzeko lan goiztiarretan argi ikus daitekeen moduan. Hala ere, aldi honen garaia Diagilevek enkargatuta konposatu zituen hiru balletei esker jo zuen: Suzko txoria-k, Petruxka-k eta Udaberriaren sagaratzea-k zehazki. Ballet horiek hainbat ezaugarri komun dituzte: orkestra izugarri handientzat idatzita daude; bai argumentu-gaiak bai motibo musikalak errusiar folklorean oinarrituta daude; eta instrumentazioan bere maisu izandako Rimski-Korsakoven arrastoa nabari da.

Lehen bi balletek, Suzko txoriak (1910) eta Petruxkak (1911), arrakasta itzelaz gozatu izan zuten arren, Stravinskiren hirugarren balleta, Udaberriaren sagaratzea (1913), hartzen da bere aldi errusiarraren une gorenatzat. Parisko Eliseo Zelaien Antzerkian izandako estreinaldian izugarrizko iskanbila eragin zuen, bai Stravinskiren musikak baita Nijinski dantzariak haren gainean burutu zituen koreografiak ere. Lan honetan, konpositorea Errusia paganoaren basakeriaz baliatzen da, obran zehar sentimendu hauek interpretazio oldarkorretan, harmonia politonaletan eta erritmo bortitzetan islatuz. Lan honetan hainbat pasarte ospetsu daude, baina bi dira benetan azpimarratzekoak: lehena obraren sarrerako fagotaren soloa, haren erregistrotik at daudela diruditen notekin hasten dena; eta bigarrena sarreraren ondoren datorren "Nerabeen dantza", non sokek akorde politonal bat (gainjarritako fa bemol maior eta mi bemol dominante zazpidun akordeek osatua) irregularki erasotzen duten (ikus Udaberriaren sagaratzea artikulua informazio gehiago lortu ahal izateko).

Garai honetako beste lan esanguratsuen artean Renard (1916), Soldadu baten istorioa (Histoire du soldat) (1918), eta Ezteiak (Les Noces) (1914–17) nabarmendu daitezke.

Aldi neoklasikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stravinskiren hurrengo garai estilistikoa Pulcinella (1920) balletaren eskutik hasi zen. Lan honek garai neoklasiko honetako bereizgarri izango zen ezaugarri nagusia eskaintzen du; Stravinskiren itzulera Mozarten, Bachen eta haien garaikideen musika klasikora, hain zuzen ere. Erromantizismo eta espresionismo alemaniarraren subjektibismoari aurre egiteko jaio zen estilo honek balletek eskatzen zuten orkestra erraldoien beharrari uko egitea ekarri zuen. Gutxi gora behera 1920 eta 1951 bitartean idatzitako lan berri hauetan Stravinskik haizezko instrumentuetarako, pianorako, korurako eta ganbarara musikarako idatzi zuen batez ere. Haizezko instrumentuen sinfoniak (1920) eta Oktetoa haizezko instrumentuetarako (1923) haizeei zuzendutako obrarik onenen artean daude.

Joera hau jarraitzen dute Oedipus Rex (1927), Apolo (Apollon Musagète) (1928) eta Dumbarton Oaks (1938) lanek. Aldi berean, Apolo (1927–28), Persefono (1934) eta Orfeo (1948) antzeko lanek Stravinskik gai klasikoen inguruan zuen interesa argi erakusten dute, greziar mitologiaren inguruan zehazki.

Garai honetan nabarmendu beharreko lan nagusiak Stravinskiren hiru sinfoniak dira: Salmoen sinfonia (Symphonie des Psaumes) (1930), Sinfonia don (1940) eta Sinfonia hiru mugimendutan (1945). Bai sinfoniekin, bai sonatekin (Pianorako Sonata, 1924; Bi pianotarako Sonata, 1944) eta baita kontzertuekin (Biolin kontzertua, 1931; Bi pianotarako kontzertua, 1935) ere aldi neoklasikoaren beste ezaugarri garrantzitsuenetako bat nabari da; musika forma klasikoetara itzulera alegia.

Aldi neoklasiko honetako puntu gorena The Rake's Progress opera da, 1951an burutua. W. H. Audenek idatzi zuen, eta William Hogarthen margolan eta grabatuetan oinarritzen da. Opera honek Stravinskik bere aldi neoklasiko honetako 30 urteetan zehar perfekzionatu zuen guztia biltzen du: musika zuzena eta ondo egituratua da, baina arraroa; harmonia tonal klasikoetan oinarritzen da, baina disonantzia harrigarriak ere tartekatzen ditu; hain Stravinskiarrak diren desplazatutako zelula eta motibo erritmikoak ditu; eta Monteverdi, Gluck eta Mozarten operen kutsua du.

Opera hau amaitu ondoren, Stravinski bide berri batean murgiltzen hasi zen, pixkanaka haren musikan teknika berriak aplikatzen hasirik azkenean bere estilo orokorra hirugarren aldiz guztiz aldatuko zuelarik.

Aldi dodekafonikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Stravinsky 1962an.

Dodekafonismoaren aitzindari zen Arnold Schönberg 1951. urtean hil ostean soilik hasi zen Stravinski teknika hau bere lanetan erabiltzen, bere lagun zen Robert Craft orkestra zuzendari amerikarraren laguntzaz. Ondorengo hamabost urteak, ia haren heriotzara arte, estilo honetako lanak idazten igaro zituen.

Stravinski hamabi tonuko teknika honetan pixkanaka hasi zen murgiltzen Cantata (1952), Shakespeareren Hiru Abesti (1953) eta In Memoriam Dylan Thomas (1954) bezalako lan bokal laburren bitartez, metodoa probatzen arituko balitz bezala. Ondoren, teknikaren erabilera zabaltzen hasi zen, haren fede kristau sakonak bultzatuta Bibliako testuetan oinarritutako lanetan: Canticum sacrum (1955), Threni (1958), A Sermon, a Narrative and a Prayer (1961) eta The Flood (1962). Gainera, etapa honetan Orkestra eta pianorako mugimenduak (1959), Monumentum pro Gesualdo (1960) eta Requiem canticles (1966) antzeko izenburuak nabarmentzen dira, nahiz eta lan hauetako batek ere ez duen aurreko bi aldietako lanen onarpen maila lortu.

Garai honetan aipagarria da Agon, Stravinskiren itzulera balletera, trantsizio-lantzat hartzen dena. 1954 eta 1957 artean hamabi dantzarirentzako idatzitako lana da, non argi nabari daitekeen Stravinskiren bilakaera musikala. Agon-eko zenbait atalek garai neoklasikoaren adierazle zen "nota zurien" tonalitatea gogoratzen dute (sarrerako "Pas de quatre"-ak, adibidez); beste batzuek, aldiz, teknika serialak bere musikan aplikatzeko Stravinskiren lehenetariko saiakerak erakusten dituzte ("Bransle" dantzek, esate baterako). "Bransle Simple" eta "Bransle Gay" dantzetan konpositoreak hexakordo serial bana erabiltzen du, eta ondoren "Bransle Double" dantzean biak batzen ditu, honela serie dodekafoniko osoa eratuz. Ballet hau, beraz, Stravinskiren entziklopedia txikitzat har daiteke, haren bizitzan esploratutako estilo ezberdinak biltzen dituelarik; neoklasizismoa, dodekafonismoa eta baita aldi errusiarreko primitibismo apur bat ere.

Stravinskiren lanak konposizio-estilo ugari bildu zituen, orkestrazioa irauliz eta hainbat genero erabiliz; balleta bere forman ia berrasmatu zuen, kultura, hizkuntza eta literatura ugari gehituz. Ondorioz, beste konpositoreengan izan zuen eragina handia izan zen bere bizitzan zehar, eta hala izaten jarraitzen du musikagilea hil ondoren ere.

Stravinski Errusiako Eliza Ortodoxoko kide elizkoia izan zen ia bere bizitza osoan zehar. Honakoa esan zuen behin: "Musikak Jainkoa goraipatzen du, elizek eta haien dekorazio guztiek bezain beste edo gehiago ere; Elizaren apaingarririk bikainena da musika".[5]

Txikitan, gurasoengandik Errusiako Eliza Ortodoxoan hezia izan zen Stravinski. Jaiotzean bataiatua izan zen arren, Elizaren aurka matxinatu eta alde batera utzi zuen hau hamalau edo hamabost urte zituela. Bere ibilbide musikalaren gorakadan zehar kristautasunetik bereizia egon zen, berrogeitaka urte zituela krisi espiritual bat jasan zuen arte. 1924an Nizara bizitzera joan ostean Aita Nikolas Errusiar apaiz ortodoxoarekin adiskidetu eta honela bere fedea berreskuratu zuen. Errusiako eliza ortodoxoan sartu zen berriro eta ordutik aurrera hil zen arte kristau konprometitu jarraitu zuen. Robert Craftek adierazi zuen Stravinskik egunero egiten zuela otoitz, konposatu aurretik eta ondoren, eta baita zailtasunen batekin topatuz gero.

Hona hemen Stravinskyren lan nagusiak:

Operak:

  • Erresinula (1909-14)
  • Mavra (1922)
  • Oedipus Rex (1927)
  • The Rakes´s Progress (1951)

Balletak:

Sinfoniak:

  • Sinfonia mi bemol maiorrean, Op. 1 (1907)
  • Salmoen sinfonia (1930)
  • Sinfonia don (1940)
  • Sinfonia hiru mugimendutan (1945)

Kontzertanteak:

  • Pianorako eta haizezko instrumentuetarako kontzertua (1923–24)
  • Pianorako eta orkestrarako kapritxoa (1929/1949)
  • Biolin kontzertua ren (1931)
  • Pianorako eta orkestrarako mugimenduak (1958/1959)

Musika tresnetarako:

  • Ragtime (1918), 11 musika tresnentzat
  • Ebony Concert (1945), jazz bandarako
  • Hileta eresia J.F. Kennedyrentzat (1964)
Musikagilearen sinadura.

Stravinskyk hainbat liburu idatzi zituen bere ibilbidean zehar, ia beti egiaztatutako laguntzaileen laguntzarekin. Lehena, Chroniques de ma vie, 1936an argitaratua, Walter Nouvelen laguntzarekin idatzitako autobiografia da. Ondoren, 1962an berrargitaratu zen, eta aldian-aldian argitaratu da ordutik. Bigarren lana, Poétique musicale, 1942an frantsesez lehen aldiz argitaratua, musikari buruzko saiakera bat da. Roland-Manuel eta Pierre Souvtchinskyren laguntzaz idatzia, 1939-1940an "Musika hutsaren aldeko fede-lanbidea" izenburuko Harvarden emandako hitzaldietako testuak biltzen ditu, .

  • Chroniques de ma vie, éditions Denoël, 1935 (2001ean berrargitaratuta). ISBN|2-207-25177-2.
  • Poétique musicale, 1939, éditions Flammarionen berrargitaratuta, 2000.
  • Igor Stravinsky et Robert Craft, Souvenirs et commentaires, éditions Gallimard, 1964 (Faber & Faber, 1960). ISBN|2-070-26102-6.
  • Confidences sur la musique, Valérie Dufour-ek prestatutako edizioa, Arles, Actes Sud, 2013. ISBN|978-2-330-01620-3.
  • Maurice Ravel, L'intégrale : Correspondance (1895-1937), écrits et entretiens : édition établie, présentée et annotée par Manuel Cornejo, Paris, Le Passeur Éditeur, 2018, 1769 p. (ISBN 978-2-36890-577-7 et 2-36890-577-4, BNF 45607052). Liburu honek Ravel eta Stravinskyren arteko korrespondentzia bildu zuen.

Stravinski zineman

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Endre Rozsdaren Hommage à Stravinsky (1976) margolana.

Stravinsky izena toki eta elementu batzuei eman zaie omenaldi gisa:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]