Igor Sikorski
Igor Ivan Sikorski (Kiev, Ukraina, 1889ko maiatzaren 25a - Easton, Ameriketako Estatu Batuak, 1972ko urriaren 26a) estatubatuar ingeniaria izan zen, Ukrainan sortua.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]San Petersburgoko Itsas Akademian eta Kieveko Teknologia Institutuan ikasi zuen. 1913an urrats handia egin zuen aeronautikaren historian, lau motorreko lehen hegazkina asmatu eta pilotatu baitzuen; hegazkin hura bonbak botatzeko erabili zuen Errusiako armadak Lehen Mundu Gerran.
1917ko Iraultza hastean, Sikorskik sorterritik alde egin zuen Frantziara, Ingalaterrara eta, azkenik, Estatu Batuetara (1919). 1923an hegazkin-ingeniaritzako enpresa bat sortu zuen (Sikorsky Aero Engineering Corporation). 1929an Estatu Batuetako herritar egin zen. Urte hartan bertan United Aircraft Corporation konpainiarekin batu zuen bere enpresa.
1935ean Pan-Americaneko lehen clipperra (ozeanoarteko garraio-hegazkina) egin zuen. Gero, hegazkin handiak egin zituen, eta 1939an lehen helikoptero erabilgarria. Bereziki salbamendu lanetan eta, bigarren mailan, industrian eta garraioan erabiltzeko asmatua zen hegazkin mota hura, baina handik gutxira gerrarako erabili zen. Sikorski aeronautikaren historiako ingeniari handietakoa da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Igor Sikorski |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.