Edukira joan

Igeldo

Koordenatuak: 43°18′33″N 2°02′10″W / 43.30919025°N 2.03611112°W / 43.30919025; -2.03611112
Wikipedia, Entziklopedia askea
Igeldo
 Euskal Herria
Igeldoko ipar isurialdeko lursailen ikuspegi orokorra mendebaldetik, baserri eta etxe sakabanatuekin.
  
Map
Kokapena
Herrialdea Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Posta kodea20008
Geografia
Koordenatuak43°18′33″N 2°02′10″W / 43.30919025°N 2.03611112°W / 43.30919025; -2.03611112
Garaiera413 m
Demografia
Biztanleria1.051

Igeldo Gipuzkoako iparraldean, itsasertzean dagoen Donostiako auzo bat da. Urte askoan, Donostiako auzorik mendebaldekoena eta hedaduraz handiena izan da, 11 km² baita luze-zabal. 1068 (2022) biztanle ditu.[1]

1845an udalerri izan zen; 6 urte geroago, aldiz, Donostiako auzo bilakatu zen berriz ere. 2013ko azaroaren 10ean eginiko herri-galdeketan, berriro udalerri izatearen aukerak irabazi zituen eta 2013ko abenduaren 17an Gipuzkoako Foru Aldundiak udalerri izendatu zuen; baina, EAEko Auzitegi Gorenak desanexio-prozesua kautelarki geldiarazi zuen.[2]

Ezaguna da izen bereko mendiaren Donostiako zatia, Kontxako badia mendebaldetik ixten duelako eta tontorrean jolas-parke bat eta dorre bat dituelako. Bertan dago meteorologia-zentroa ere.

Igeldo herria Donostiatik Zarautzera luzatzen den Eozenoko flyscheko mendilerroan dago. Ekialdean, Donostiako udalerrian eta Kontxako badiaren ertzetan Txubillo mendia (181 m) dago. Hortik, Igeldoko lurrak mendilerroko bi isurialdeetara zabaltzen dira, iparrerantz, Kantauri itsasoraino malda txikietan itsaslabar malkartsuetan bukatuaz, eta hegoaldera are aldapatsuago. Igeldoko gailur altuena Mendizorrotz (415 m) da, ekialdean dagoena, Orio herriarekiko mugan.

Igeldo herriaren aireko ikuspegia

Labar batean egoteak natura aberatsa eman dio Igeldori. Endemikoa den igel baten bizitokia ere bada, hegoaldeko zuhaitz-igelaren barietate batena, zehatzago esate aldera.[3] Gaur egun, espezie hura desagertzeko arriskuan dago.[4]

1180an herri-izendapena zuen, Donostia herribildua sortu zenean. Antso VI.a Nafarroakoak eman zuen hiri-gutunaren ondorioz Igeldo Donostiaren barruan geratu zen eta, beraz, udalerria sortu zenetik auzo izan da.

1379an Henrike II.a Gaztelakoak Igeldoko biztanleak Donostiako biztanle izan zitezen agindu zuen. Hala ere, beti mantendu izan du kontzeju propioa, parrokia independente bat, bere mendien erabilera eta mugarriak. Igeldok bere errenten kudeaketa ere Donostiatik aparte egiten zuen sasoi hartan. 1845eko udalerri-legearen arabera, Igeldok udalerria osatu eta udaletxea eta alkatea izan zituen, harik eta 1851. urtean atzera ere Donostiaren parte izatera bueltatu zen arte.

Donostiatik bananduta, udalerri bihurtzeko eskaria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, auzoan bada donostiar ez izatearen sentimendu sakona. 1991etik aurrera borroka piztu da berriro ere udalerri izateko gurariarekin. 1990eko hamarkadan Itxas Aurre izeneko elkarte desanexionista eratu zen. 1994an erreferendum bat egin zuten eta biztanleen % 62,5ek bereiztearen alde bozkatu zuen.

Igeldoko plaza.

Berez, desanexio bat egiteko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak baditu ere (aukera sozioekonomikoak, bereizitako herrigunea...), EAJ, PSE, PP eta EA aurka agertu ziren eta ezin izan zen aurrera eraman erreferendumean erabakitakoa. Alde EB eta HB baino ez ziren agertu. 1995ean udaletxean desanexioa eskatu zuen Itxas Aurrek, beste behin. Urte horretan bertan Gipuzkoako Foru Aldundiak udalerri berriak sortzeko araua aldatu zuen, eta 2.500 biztanlean jarri zuen udalerria osatzeko gutxieneko-kopurua. Hala, Debako Itziarren kasua eta Donostiako Igeldorena aldi berean itxi zituzten.

Donostiako Udalak, lege hori onartu ondoren, atzeraeraginez erabaki zuen Igeldori udalerri izatea ez ematea. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundia da erabaki hori hartu behar duena. 1998an Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eta 2003an Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zioten Itxas Aurreri, legeak ezin direlako atzeraeraginez ezarri. 2008an alkate-auzo bat osatzeko eskaera aztertu zuen Udalak, nahiz eta oraindik ere sortu gabea den. 2013ko uztailaren 15ean kontsulta egingo zela iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.[5]

2013ko azaroaren 10ean galdeketa egin zen, Carlos Urquijoren aldetik berau debekatzeko saiakerak egonagatik ere. Parte-hartzea % 72,1ekoa izan zen[6] eta emaitzak honako hauek izan ziren:[2]

  • Parte-hartzaileak: 637 (% 72,1)
    • baiezkoak: 391 (% 61,8)
    • ezezkoak: 234 (% 36,73)
    • zuriak: 10 (% 1,57)
    • baliogabeak: 2 (% 0,31)

2013ko abenduaren 18an Foru Aldundiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko 2013ko abenduaren 17ko 46/2013 Foru-Dekretuaren arabera, Igeldo Donostiatik banandu zen.[7] 2014ko abenduaren 1ean, ordea, udaleko oposizioari igeldotarren erabakia errespetatu eta helegitea ken zezan eskatu zion Martin Garitanok.[8] Desanexio-prozesua kautelarki geldiarazi zuen EAEko Auzitegi Gorenak.[2] Azkenean, 2016ko urtarilaren 27an, auzitegi honek desanexio-prozesua behin betiko bertan behera uztea deliberatu zuen.[9]

Igeldoko biztanleria
San Pedro Apostoluaren eliza.

Kaleak, plazak eta bideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Igeldoko itsasargia.
  • Agiti bidea
  • Aita Orkolaga pasealekua
  • Amezti kalea
  • Arritxulo bidea
  • Buztinzuri bidea
  • Etumeko bidea
  • Gudamendiko bidea
  • Igara bidea
  • Igeldoko plaza
  • Itsasalde kalea
  • Pillotegi bidea
  • Pokopandegi bidea
  • Txalin bidea
  • Tximistarri bidea
Igeldoko Roxita Azurza[11] (Ahotsak[12] proiekturako)

Igeldoko jaiak, sanpedroak, ekainaren 29aren inguruan ospatzen dira. Ttonttorro astoa da jaietako panpina-maskota. Jaietako ekitaldi nagusienak San Pedro egunean jokatzen den idi-dema erakustaldia, herri-kirol erakustaldia, Santa Ixabel egunean jokatzen den zaldi-dema erakustaldia, patata-tortilla lehiaketa, pilota-partidak eta bertso-saioa dira.

Beterriko euskaran hitz egiten da Igeldon, erdialdeko euskalkiaren aldaeretariko batean, hain zuzen ere.

Igeldotar ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa