Henri-Pittier Parke Nazionala
Henri-Pittier Parke Nazionala | |
---|---|
II. maila: parke nazional | |
Datu orokorrak | |
Garaiera | 1.191 m |
Mota | Parke nazional |
Azalera | 1.074,41 km² |
Eponimoa | Henri François Pittier (en) |
Geografia | |
Koordenatuak | 10°22′48″N 67°37′08″W / 10.38°N 67.619°W |
Henri-Pittier Parke Nazionala (gaztelaniaz: Parque nacional Henri Pittier) Venezuelako parke nazionala da, Kostaldeko mendikatearen mazelan. Mendi horiek Karibe itsasotik Pico Cenizaraino iristen dira, eta goreneko garaiera 2.435 m-n dute. Parke Nazionala 1937an sortu zen, eta 107.800 ha hartzen ditu. Iparraldeko isurialdean ekosistema tropikaleko inguru aberatsa du. 400 m bitartean akazia- eta kaktus-sabanak daude; 800 metrora hosto galkorreko basoak (urtaro heze-lehor txandakatzera egokituak); 800-1.000 metro bitartean, baso euritsu tropikala eta ondoren, 2.000 metrora, baso tropikala, laino-basoa. Azkenik, baso subtropikala dago. Hegoaldeko isurialdean, 1.600 metro bitartean, iparraldekoaren banaketa berdina dago, eta hortik gora belardi handiak eta plantazio zabalak daude basoen ordez. Henri-Pittier Parke Nazionalak habitat-mota asko biltzen ditu, aipatutako baso tropikalez gainera, itsasbazterrak (mangladiez beteak), inguru epelak, eta Valencia aintzira. Laino-basoan garaiera handiko zuhaitzak dira nagusi (Gyranthera caribensis). Horrez gainera, iratzeak, orkideak eta bromeliazeoak ugariak dira. Animaliei dagokienez, era askotako animaliak daude. Ugaztunak ugari dira, gehienbat tximino oihularia, kaputxino marroiak eta hiru hatzeko nagiak. 530 hegazti-mota daude, 30 kolibri, 58 tiranido, tukanak, manakiak, eta abar. Henri-Pittier Parkea Hego Ameriketako zaharrenetakoa da, eta luberriko zenbait gune daude bertan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.