Edukira joan

Hegoafrikako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Boskimano edo San herriko lagun batzuk.

Hegoafrikako historia askotarikoa eta aberatsa da, Historiaurretik herri, kultura eta etnia anitz bildu eta nahastu baitira. Boskimanoen kultura gutxienenez duela 25 000 urtetik dago Hegoafrikan, eta bantuena duela 2 500etik. Idatzitako historia europaak etortzean hasi zen. Portugaldarrak joaten lehenengoak izan baziren ere, lurraldea ez zuten kolonizatu. Lehen kolonizatzaileak herbeheretarrak izan ziren, XVIII. mende bukaeratik aurrera britaniarrekin lehian. Azken urteotako historia apartheid izeneko erregimen baztertzaileak eta honen amaierak markatu dute.[1]

Historiaurrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoafrikako eremuan bizi izan den lehendabiziko gizatalde ezaguna boskimanoak edo san herria izan dira. Ehiztari-biltzaileak ziren, eta aztarna arkeologikoen arabarera azkenengo 25 000 urteetan egon dira han. San kopuru txiki batek oraindik ere bizirik dirau Hegoafrikan.

Duela 2500 urte, san batzuk aberezain bilakatu ziren. Khoikhoi izenarekin, iparraldera jo zuten hasieran, baina geroago hegoaldera itzuli eta hor, sanekin nahastu ziren. Hori dela eta, zaila da bien artean bereiztea, baina horretarako, san eta khoisan izenak ematen zaizkie.[2]

Bantuen etorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Khoikhoi agertzearekin batera, bantuak ipar-mendebaldetik etorri ziren, Niger ibaiaren deltatik hain zuzen ere. Burdin Aroko herri nekazal eta aberezain hori K. a. 1000 inguruan hasi zen migratzen. Egungo KwaZulu-Natal probintzia K. o. 500 inguru iritsi ziren. Mugimendu hori ez zen batera egin, olatu txikiren modura baizik. Haien aurrean, herri ehiztari-biltzaileak mugiarazten zituzten.

Aberezainak eta nekazariak izateaz gain, burdina ere lantzen zuten, eta herrietan bizi ziren. Banturen ondorengoak gaur egun nguni hizkuntzatik eratorri ziren hizkuntzetan (xhosa edo zulu besteak beste) mintzatzen dira.

Ikerketa arkeologikoen arabera, bantuak eta san/khoisan bakean bizi ziren elkarrekin. Egun ere khoisan eta bantuen kulturen arteko integrazioa ikus daiteke.

Lehenengo europarren etorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugaldarrak hara iritsitako lehen europarrak izan ziren. XVI. mendean kostaldea euren mapetan marraztu zuten. 1498rako, esaterako, Natalera heldu ziren.

Ingelesek 1620an lehenengo bizitoki europarra ezarri zuten, arrakastarik gabe, baina lehen kokapen iraunkorra herbeheretarrek paratu zuten. 1652an Herbehereetako Ekialdeko Indien Konpainiaren babespean eraiki zuten, Indiarako bidean oso kokagune estrategikoa ez bazen ere. Lurmutur Hiria 1657an fundatu zuten. Hiri hori garrantzitsuagoa izanda, lehendabiziko esklaboak iristen hasi ziren.

Frantziako higanotak 1707ko kanporatzearen ondoren bertaratu ziren. Orduko, koloniek 2000 biztanle eta 1000 esklabo inguru baino ez zituen. XVIII. mendearen hasieran, barnealdera sartzeko lehen saioak egin ziren eta, beraz, bantuen aurkako gatazkak hasi ziren.

Britaniarren etorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Britainiarrek 1795ean Lurmutur Hiria hartu zuten lehen aldiz. Nahiz eta 1803an husteko beharra izan, 1806an berriro eta behin betiko konkistatu zuten. Populazio britainiar iritsi berriaren eta boer aurreko populazio europarren artean ere liskarrak gertatzen hasi ziren horrez geroztik.

1814tik aurrera, britainiarren etorrera areagotu zen. Desoreka horrek eraginda, boerrek barnealdera jo zuten. 1837 eta 1854 bitartean "Trek Handiak" izeneko migrazioetan komunitate osoak mugitzen ziren. Boerrek britainiarren menpetik kanpoko errepublikak osatu zituzten: Natal (1843an Erresuma Batuak bereganatua), Transvaal (1852an Erresuma Batuak onartua) eta Orange (1854an onartua). Egonkortasunak Transvaalen diamanten meatokiak aurkitu ziren arte iraun zuen. Aldi berean, britainiar populazioak ere barnealdera jo zuen. Boerrek etorri berri horiei eskubide politikorik aitortu ezean, bi komunitateen arteko liskarrak sortu ziren.

Natal, ordea, zuluen lurraldea zen. Boerrek 1838ko abenduan Ibai Odoltsuaren Borrokan (Ncome ibaian) garaitu zituzten zuluak. Britainiarrek, behin zonaldea bereganatuta, azukre sail handiak ezarri zituzten, aldameneko lurraldetako zuluek landuko zituztelakoan. Aitzitik, zuluek gerran tradizio handia zuten eta matxinatu egin ziren. Anglo-Zulu gerretan, 1879ko Isandlwanako borrokan zuluek britainiarrak umildu zituzten, 1400 bat soldadu britainiarrak hil baitzituzten. Hala ere, azkenean Britainiar Inperioaren menpe geratzekoa zen garai horretan Zululandia izena jaso zuen lurralde hori, egungo Natal, hain zuzen ere.

Boerren Gerrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Boerren Gerrak»

Boerren eskualdeetan meategietan lan egiten zuten britaniarrek eta errepublika horietako afrikanerrek liskarrak sortzen zituzten haien artean. Eskubide zibilak zuri guztiei ematea eskatu zuen Erresuma Batuak eta horren alde sortu ziren matxinadak bortizki itzali zituzten boerrek, nolabait Alemaniaren babespean.

Boerren bigarren gerrako operazioak.

Azkenean, 1899 eta 1902 bitartean iraun zuen gerrak. Oso krudela izan zen, nekazarien armada garaitzea espero baino zailagoa suertatu baitzitzaion Erresuma Batuari. Kontzentrazio-esparruak eta aurkarien ondasunen suntsiketak ohikoak izan ziren.

Bakeaz, ordea, bi komunitate horien arteko oreka bilatu zen. Gerra irabazita, Britainiar Inperioaren subiranotasuna nagusitu zen. Nolanahi ere, boerrek autonomia eskuratu zuten, zuri guztien lege-berdintasunpean.

Apartheidaren garai luzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bantustanak, Apartheidak sortutako lurralde ustez independenteak, etnia beltz desberdinen banaketa eta burujabetza justifikatzeko.

Apartheidaren garai ilunak 1948tik 1990 arte luzatu zen, 42 urte haietan herritar gehienen eskubideak zapalduz, errepresio bortitzaren bidez. Townships eraiki zituzten ghetto moduan hegoafrikar beltzentzat: guztietatik ezagunena Soweto ("South Western Township") izan zen, Johannesburgon. Bertan, 1976an, ia 600 ikasle hil zituen poliziak, apartheidaren historia osoko sarraski handienetako batean. 1964an, Nelson Mandela kartzelaratu zuten; bi urte geroago, Hendrik F. Verwoerd presidente zuria hil zuten eta 1977an, Steve Biko ekintzaile beltza torturatu eta hil zuten.

1984an Desmond Tutu apezpikuari Bakearen Nobel Saria eman zioten, baina ondorengo urteak latzak izan ziren hegoafrikarrentzat. Izan ere, 1985 eta 1988 artean, Pieter Botharen agindu zorigaiztokoan, herrialdeak garairik bortitzena nozitu zuen. Azkenik, Frederik de Klerken agintaldian, Nelson Mandela 1990ean askatu eta erregimenaren amaiera iritsi zen zen. Hiru urte geroago, de Klerkek eta Mandelak Bakearen Nobel Saria jaso zuten.

Apartheidaren ostean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994ko maiatzaren 9an, Nelson Mandela presidente bihurtu zen Afrikako Kongresu Nazionala haren alderdiaren eskutik: herrialdeko postu politiko gorena lortu zuen lehen beltza izan zen. Jarraian, Thabo Mbeki (1999-2008), Kgalema Motlanthe (2008-2009) eta Jacob Zuma (2009-2018) izan ziren; 2018ko otsailean, Cyril Ramaphosak hartu zuen kargua[3].

2010eko ekain eta uztailaren artean, Munduko Futbol Txapelketa antolatu zuten bertan, estraineko aldiz Afrikan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Hegoafrika» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  2. «Hegoafrikako historiaurrea: gizakiaren sehaska eta giza bilakaera - Yoair Bloga» Yoair Blog 2021-10-22 (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  3. "Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidente izendatu dute".

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]