Edukira joan

Great Moon Hoax

Wikipedia, Entziklopedia askea
Great Moon Hoax "errubi anfiteatro"aren litografia The New York Sun egunkarian, 1835ko abuztuaren 28an (6tik 4. artikulua)

"The Great Moon Hoax" The New York Sun egunkarian agertu ziren sei artikuluren multzoa da, 1835eko abuztuan argitaratutakoak; Ilargian bizia aurkitu zela kontatuz.

1835eko abuztuaren 25an, New Yorken, The New York Sun egunkariak titular ikusgarria argitaratu zuen azalean: “Sir John Herschelek aurkikuntza astronomiko bikainak egin ditu”. Richard Adams Locke (1800-1871) egunkariko editoreak sinatutako artikuluaren arabera, teleskopio berri bati esker astronomo britainiarrak Ilargiaren azala xehetasun osoz ikusteko aukera izan zuen eta bertan izaki bizidunak zeudela deskubritu zuen[1].

Abuztuaren 26ko eta 27ko artikuluetan Lockek Ilargian aurkitutako bederatzi animalia espezie berriak deskribatu zituen, besteak beste, adarbakar urdinak eta oniszidea eta bola-zomorro handi modukoak, espezie lurtarrekoak ez bezala itzulika zebiltzanak. Baina aurkikuntza garrantzitsuena abuztuaren 28ko alerako utzi zuen: gizaki espezie bitxia ere agertu zen Herschelen teleskopioan. Lockek vespertilio-homo edo man-bat izendatu zuen artikuluan, gizaki-saguzarra, alegia. Saguzar hegoak eta hanka txikiak zituzten gizaki horiek zafiro urdinez egindako tenplu baten inguruan biltzen omen ziren[1].

Hurrengo egunean ez zen Ilargiko bizidunei buruzko artikulurik argitaratu. Horren ordez, teleskopioa matxuratu zela zioen oharra atera zuten. Herschelek kontu horiek guztiak gezurtatu arte, irakurle gehienek berri harrigarriak sinetsi zituzten. Eta batzuek egiatzat jo zituzten geroago ere. Esaterako Francisco de Carrionek artikulua gaztelerara itzuli eta Espainian argitaratu zuen 1936an[1].

Artikuluen helburua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herschel bere izena erabili zutelako kexatu zen arren, The New York Sun egunkariak ez zuen sekula onartu hura gezurra edo txantxa zela. Lockek ere ez zuen sekula azalpenik eman. Hiriko gainerako egunkarietako ordezkariek gaizki pentsatu zuten, hau da, Lockeren asmoa egunkari gehiago saltzea zela. Egun, ordea, beste iritzi bat da nagusi: Lockek lehenago ere New Yorkeko hiritarren fede itsua eta pentsamolde hertsia kritikatu izan zituen, eta horixe litzateke artikulu sortaren helburua. Hala izan bazen, irakurleek ez zioten Lockeren ironiari antzeman, beharbada editorea zuzen zegoelako, hau da, herritarrak itxiak ziren[1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d Irazustabarrena, Nagore. (2011-02-06). «Adarbakar urdinak Lockeren Ilargian» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]