Edukira joan

Goierriko gipuzkera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Goierriko gipuzkera
     Goierriko gipuzkeran mintzatzen diren udalerriak.     Goierriko gipuzkeraren eta Urolaldeko zein Beterrikoaren arteko lotura egiten duten udalerriak.
EuskalkiaGipuzkera
Hitz egiten den eremuaGoierriko udalerriak: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zerain
Urola Garaiko udalerriak: Ezkio-Itsaso eta Legazpi
Beste azpieuskalkiekiko lotura eremuaUrola Garaiko udalerriak: Urretxu eta Zumarraga
Tolosaldeko udalerriak: Abaltzisketa, Alegia, Altzo, Amezketa, Orendain eta Tolosako Bedaio eta Aldaba auzoak.

Goierriko gipuzkera[1] gipuzkeraren azpieuskalki bat da, Gipuzkoako hego-ekialdeko Goierri eskualdean (Urola Garaia ere barne dela) egiten dena. Goierri, tradizioz, oso gune euskalduna izan da, nahiz eta XX. mendearen bigarren erdian eskualdeko industriaguneek —batez ere Beasain, Ordizia, Lazkao, Legazpi eta Zumarraga udalerriek— erdaldun kopuru handia jaso izan. Migrazio hartan, kopuru txikiagoan bada ere, Goierri barruko eta beste euskalki edo azpieuskalki batzuetako euskaldunak ere bildu ziren industriagune horietara.

Erdialdeko euskararen barruan, Goierriko hizkera nortasun handikoa da. Hasteko, homogeneo samarra da Goierri osokoa. Mendebaleko euskararen ezaugarri zenbait iritsi dira bertara (batez ere sartaldeko ertzean dauden Zegama, Segura eta, bereziki, Legazpira), eta, ostera, Gipuzkoako gainerako hizkeretan zabaldu diren ezaugarrietako asko ez dira Goierrin hedatu. Azken gertakari bi hauek Urolaldeko hizkeretan ere nabari dira, baina Goierrin, gainera, Araban behiala mintzo zen euskararekiko lotura ere sumatzen da.[2]

Goierriko gipuzkera egiten den eremua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goierri osoko udalerrietan mintzatzen da, bai eta Urola Garaia eskualdeko Ezkio-Itsaso eta Legazpi udalerrietan ere. Urretxu eta Zumarragako euskara azpieuskalkien artekoa da, bai Goierriko hizkeraren eta bai Urolaldeko hizkeraren ezaugarriak ditu.[3]

  • Mendebaldean, Goierriko gipuzkera Legazpi udalerrian hasten da.
  • Ipar-ekialdean, Legorreta da Goierriko hizkera egiten den azken udalerria (ondoko Ikaztegietan, Beterrikoa egiten dute).
  • Ekialdean, Altzo eta Bedaio udalerriak ere barne hartzen dituela jo ohi da[4][5] (horretarako arrazoien adibide bat: herri horietako euskaran ere egia hitzaren ahoskera Goierriko hizkerako egie da zaharren artean, eta ez Beterriko hizkerako egija), baina Koldo Zuazok ekialdeko gaur egungo muga Abaltzisketan jartzen du.[3] (azken udalerri honetan Ikaztegieta udalerriko jendearekin dauden hartu-emanak eta senide arteko loturengatik Beterriko hizkeraz mintzatzen den jendea ere badagoelarik).
  • Iparraldean, Goierriko gipuzkera egiten den azken udalerriak Ezkio-Itsaso, Beasain eta Itsasondo udalerriak dira.
  • Eta hegoaldean, Ataun, Zegama eta Idiazabal udalerriek eratzen dute muga.

Goierriko azpieuskalkiko udalerrien zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zerain.

Beste azpieuskalkiekiko lotura egiten duten udalerriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerri hauetan egiten den euskarak baditu Goierriko hizkeraren ezaugarriak, eta beste azpieuskalkiren batenak ere.

Goierriko gipuzkeraren mugen auzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala, bada, bi mugatan ondoko azpieuskalkiekiko lotura eremuak ditu Goierriko hizkerak. Ipar-mendebaldean, Zumarraga eta Urretxu udalerrietako euskarak bai Goierriko hizkerakoak eta bai Urolaldekoak dira, bi azpieuskalkietako ezaugarriak dituztelako; horretan adostasun zabala dago euskalarien artean.

Beterriko azpieuskalkiarekiko mugak, berriz, ez daude oso argi. Gaur egun euskalkien azterketan itzal handiena duen Koldo Zuazo euskalariaren ustez, ekialdetik, Goierriko eta Tolosaldeko hizkeren arteko lotura Ikaztegieta eta Abaltzisketa udalerrietan dago:[3]

« [...] Dena dela, Goierri ere ez dago Gipuzkoako gainerako eskualdeetatik erabat bereizita. Gaur egun, behinik behin, Abaltzisketak eta Ikaztegietak egiten dute Goierri eta Tolosaldearen arteko lotura, eta Urretxuk eta Zumarragak, berriz, Goierri eta Urolaldearen artekoa. »

Halere, bertakoen euskararen ezagulea denarentzat badaude, jada Goierriko hizkera mintzatzen ez dutelako adierazgarriak. Adibidez, Abaltzisketa eta Ikaztegietan eta iparraldera jada Beterriko hizkeraren in du, dakat edo hemendikan bezalako aldaerak erabiltzen dira, Goierriko hizkerako in do, dauket edo hemendio ez bezala. Eta Zumarraga eta Urretxun Mendebaldeko euskaraz eta Azkoitia eta Azpeitian hain ohikoa den ipini aditza erabiltzen dute, Goierriko hizkeran batere erabiltzen ez dena, jarri baizik. Berez eskualde hauetakoak ez diren euskaldunentzat ia nabarmenkaitzak diren ezberdintasun txikiak izan arren, eskualde hauetako euskaldunek beren artean zein hizkera mintzatzen duten eta nongoak diren jakiteko adina adierazgarriak badira.

Hala ere, giputz euskarako azpieuskalkien banaketa iparralde/hegoalde artekoa ere badela adierazi du:[2]

« [...] banaketa bikoitza egin daiteke: Iparraldea/hegoaldea banaketa batetik, alegia, Goierri eta Toloserriko hegoaldeko hizkera batzuk Gipuzkoako gainontzekoetatik bereizten dituena; eta sartaldea/sortaldea banaketa bestetik, gutxi gorabehera Zumaia–Aizarnazabal–Zestoa–Errezil–Azpeiti eta Goierrin barrena datorren lerroaren arabera egin litekeena. »

Koldo Zuazok giputz euskararen hegoaldeko aldaeratzat izendatzen duen horri, hain zuzen ere, «Goierriko gipuzkera» esan izan diote Luis Luziano Bonaparteren sailkapenari jarraitu diotenek. Beraz, gaur egungo euskal dialektologiaren ikuspegitik ere, bada arrazoirik Goierriko gipuzkeraren ipar-ekialdeko mugak Pedro Irizarren mapan[4] dauden tokian jartzeko, hau da, Alegia, Altzo eta Bedaio ere barne hartuta.

Goierriko hizkeraren barnean ere azpitaldeak daude:

Tokian tokiko edo herri bakoitzeko hizkera bereziak ere badira: Zaldibiako hizkera, Ataungo hizkera, Idiazabalgo hizkera, Zegamako hizkera, eta abar.

Goierriko Beasain, Ordizia, Lazkao eta Legazpi udalerri jendetsuetan mintzatzen den euskarak, oro har, ez ditu Goierriko berezitasunak herri txikietan bezain ondo gorde, hasieran aipatu dugun migrazio horrek euskaldun berriak ugaritzea eta beste euskal hizkera batzuen ezaugarriak gehitzea ekarri baitu. Dena dela, udalerri jendetsu horietan ere, baserri giroko auzoetako hizkerek Goierriko berezitasunak izaten dituzte.

Berezitasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Legazpiko Antonio Agirre[6] (Ahotsak[7] proiekturako)

Gipuzkerako ezaugarriez gainera, Goierriko gipuzkerak baditu hainbat bereizgarri. Hego Euskal Herriko euskalkietan gertatu ohi denez, Goierriko zaharren artean edota herri hizkera lagunartekoan, gaztelaniatiko mailegu gordin samarrak erabili ohi dira: notizik ('albisteak'), binagrea ('ozpina'), barkue ('itsasontzia')... Gaztelania, hizkuntzen estatusaren hierarkian, euskararen oso gainetik zegoen garaiaren isla da. Gazteek, euskara batuan alfabetatuak baitira, ez dituzte hainbeste erabiltzen mailegu gordinok; ordainetan, zaharren etorria eta esamolde aberastasuna falta dituzte maiz.

Ezaugarri fonetiko eta morfologikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Bokal harmonia:[8] lekua > lekue, eskua > eskue, euria > ebie / eurie, mutila > mutile, hargina > hargine, polita > politte. Alde horretatik, Goierriko zenbait tokitan, pareta hitzak bilakaera berezia izan du: pareta > paite > paitte (Goierriko forma zabalduena paeta da).
  • Bokal elkarketak,[8] bokalez amaitzen den hitz bati mugatzailea eranstean:
    • a a: Goierriko mendebaldean (Zegama eta Legazpi inguruak), a a = ea: baba a = babea, aza a = azea. Goierriko ekialdean, berriz, a a = a egiten dute (euskara batuan bezala).
    • e a = ea, euskara batuan bezala. Konparazio baterako: etxe a = etxea, nere (nire) a = nerea.
    • i a = ie. Esaterako: txori a = txorie, zauri a = zaurie.
    • o a = oa, euskara batuan bezala. Hala nola: zozo a = zozoa, txoko a = txokoa.
    • u a = ue. Adibidez: buru a = burue, leku a = lekue.
  • Goierriko sartaldeko hizkeretan, inguru horretako a a = ea arau hori alderantzikatuta, ea - a = a egiten dute hitz bakan batzuetan. Kasurako: lorea > lora (lorea ekarri dizut baina lora bat ekarri dizut), emakumea > emakuma (atzoko emakumea etorri da baina emakuma bat etorri da), sugea > suga.
  • Ablatiboko «-tik» eta «-dik» amaierak «-tio» eta «-dio» egiten dira: etxetik > etxetio, Beasaindik > Beasaindio, Ordiziatik > Ordizitio, Iñakirengandik > Iñakingandio, alde hemendik! > alde hemendio!.
  • Bokal arteko «g», «r» eta «d» galdu egiten dira. Hala, bada, adlatiboko «-ra» amaiera goierritarrez «-aa» da (a luzatua): etxera > etxeaa, haiek Donostiara joan dira > haik Donostiaa jun die. Bokal arteko kontsonante galera horrek dakartzan laburketen beste adibide batzuk: ere > e/ee, egon > eon, etxearen > etxen, egiten du > it(t)e o, egiten dute > it(t)e ue, orain > oaiñ/oain edo uaiñ/uain, erakutsi > eakutsi, ederki > earki.
  • Partizipio burutuan «-atu» amaiera duten aditz formetan ere, bokal arteko «t» hori galtzen da: bukatu > bukau, zangotrabatuko duzu> zangotrabauko dezu, lardaskatuta > lardaskauta/lardaxkauta, zirikatutako > zirikautako.
  • Euskararen hizkera gehienetan bezala, Goierrikoan ere ez adberbioaren ondorengo b, d, g kontsonanteak (besteak beste, aditz formen hasieran agertzen direnak) ahoskabe ebakitzen dira: ez bada > ezpada, ez da > ezta, ez gara > ezkea. Euskaltzaindiak, euskara baturako, ahoskera hori onartua du; eta, ez d- > ezt- ahoskeraren kasuan, euskara baturako forma onartu bakarra da (ikus Euskaltzaindiak euskara baturako emandako 87. araua: Euskara batuaren ahoskera zaindua).
  • Goierritar hizkerako aditzen eta aditz sintagmen zenbait forma eta laburketa: egin > (e)iñ edo (e)in, adibidez: nik egin dut > nik in det, hark du > ha(r)rek do, banoa > banijo, bazoaz > bazijoz, ez zihoan > etzijon, banuen adituta (entzunda) > banon aittuta, gu gaude > gu gare, zu zaude > zu zare, haiek daude > hai(e)k dare, hala izaten da > hala izate a, zuk eman zenidan > zuk eman ziazun edo zuk eman zeniazun (nahiz eta azken bi kasu hauek euskara batuan gaizki egon, goerritarrez sarritan entzuten dira).
  • Izenordainak (gipuzkera osoan bezala, h letra ez da ahoskatzen, mutua da): hau > hau, honek > honek, hauek > hok, hori > hoi, horrek > horrek, horiek > hoik, hura > hua edo hue, haiek > haik, hark > har(r)ek, berak > beak (singularra, hau da, huraren forma indartuari ergatiboa erantsita) edo eak (plurala, hau da, haieken forma indartua; pluraleko eak hori, atzera euskara batura ekarrita, batzuetan 'eurak' —edo 'berak'— eta beste batzuetan 'eurek' —edo 'berek'— izango da), neroni > neoni.
  • Goierritar hizkeran hika egitea gaur egun arte eta batez ere udalerri txikietan oso ohikoa izan da, baina erabilera apaldu egin da gazteen artean. Noka (neskei egiten zaien hitanoa), bereziki, ia erabat galdu da gazteen artean, euskaldunenak diren herri txiki eta auzoetan izan ezik. Adizki alokutiboen Goierriko erabileraren zenbait adibide: eman iezadak/iezadan eskua > emaiak/emaian eskue, joan hadi popatik hartzera > junai popatio hartzeaa.
  • Beste euskara batzuetan bezala (eta Euskaltzaindiak euskara batuaren ahoskerarako forma egokitzat onartua), Goierriko euskaran ere aldaketa hauek egin ohi dira, hitz baten bukaerako kontsonantea eta hurrengoaren hasierako kontsonantea aintzat hartuta: zz > tz, nz > ntz, lz > ltz, rz > rtz, ns > nts, ls > lts, rs > rts. Adibidez: esan zuen > esantzon > mutur zikin > muturtzikin, eta abar.
  • Galderen amaieran ala hitza sarri gehitzea: "Etxe hoi txurie dek, ala?" edo "Tortilla horrek tipula re bazeukik, ala?".
  • Goierriko hizkeran norbaitek esandakoa entzun eta harridura adierazteko "Bai, ala?" esaldia maiz erabiltzen da: "Bizilagunek kotxe berrie eosi dik", "Bai, ala?". Baina harriduraz gain, ironiaz siniskortasuna adierazteko ere erabiltzen da, bai eta zerbait entzun eta entzuten ari denak mintzalariari modu finez bost axola zaiola edo iritzirik eman nahi ez duela jakinarazteko ere erabiltzen da: "Aurreko asteburun lau amurrai arrantzau nizkian", "Bai, ala?".

Hitzak eta esamoldeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • ala juntagailua maiz erabiltzen da galderen bukaeran, bigarren partea ezabatuta: Bai, ala?, Hoi etxea jun dek, ala?, Egunkarie erosi dezu, ala? Etxe hartako gizona zure osaba da, ala?. Erabilera hori bera dute bizkaieran ere.[9]
  • aittajaun (aitona):[10] Goierrin erabilera zabala izan du, eta zaharren artean badu oraindik. Deba ibarrean ere erabiltzen da, baina han ere gero eta gutxiago.[11]
  • amandre (amona):[10] Goierrin erabilera zabala izan du, nahiz eta gero eta gutxiago erabiltzen den. Bizkaieraz ere erabiltzen da.
  • amandre gonagorrie (amona mantangorri, Coccinella septempunctata): Beasainen erabilia. Hala ere, Beasainen bertan eta Goierri osoan, intsektu hori izendatzeko, amona mantangorri (edo amona mantalgorri) terminoa da erabiliena.[12]
  • andremari (amona mantangorri, Coccinella septempunctata): Ataunen erabilia.[12]
  • arkusin / arkuxin / arkuxun (usin, doministiku)[10]
    • arkusinka / arkuxinka / arkuxunka (usinka, doministikuka)
  • astapotro (zapaburu): Ataunen erabilia.[12]
  • atxurre (aitzurra): mozkorra. Adibidez: "A ze atxurre harrapau deken" = "A zer mozkorra harrapatu duan".
  • azti ibilli! (adi ibili!)
  • bultzie (bultzia): izena, Zaldibian euskaldun berriak izendatzeko erabilia.
  • jarein
  • merkexurren (merke zuhurrean): zerbait modu zeken, zuhur edo diruzalean egitea. Adibidez: Etxe hoi merkexurren inda zeok ("Etxe hori merke zuhurrean eginda zegok", ahal den diru gutxiena gastatuta).
  • mixirriká edo mitxirritá (tximeleta): Ataunen eta Ikaztegietan erabilitako hitza (Asteasun eta Elduainen ere erabilia).[12]
  • moxorroa (mozorroa): pertsonen adjektibotzat erabiltzen denean, hitz gutxiko pertsona, denen aurrean oharkabean edo isilean iragaten dena, baina azkenean bere helburua lortzen duena. Adibidez: Jon pertsona moxorro-moxorroa ek (Jon pertsona moxorro-moxorroa duk). Gutxi gorabehera gaztelaniazko A la chita callando, hots, Jon las mata callando esaldiaren sinonimo litzateke.
  • patxikusaltoa (matxinsaltoa, Tetrix subulata): Amezketan eta Orexan erabilia.[12]
  • patxisaltoa (matxinsaltoa, Tetrix subulata): Beasainen erabilia (Goierriz kanpo, Deban ere bai).[12]
  • pitxóleta (tximeleta): Legazpin erabilia.[12]
  • puntapaxa (iltzea): garai batean Goierrin erabilia, gaur egun zaharrek erabiltzen dute; gazteek, aldiz, iltzea, Beterriko hizkera eta Nafarreraz bezala. Goierriz kanpo, Azpeitia eta Azkoitian gaur egun zahar nahiz gazteek erabiltzen dute.
  • subera (sugea): Amezketa eta inguruetan erabilia.[12]
  • sugalinda (sugandila, Lacerta vivipara): Ataunen, Zegaman eta inguruetan erabilia.[12]
  • txipéletá (tximeleta): Beasainen eta Ezkio-Itsason erabilitako hitza (bigarren udalerri horretan, pitxéletá eta petxúletá ere bai).[12]
  • txipílotá (tximeleta): Zegaman erabilia.[12]
  • xapobixi (zapaburu): Zegaman eta inguruetan erabilia.[12]
  • sugalindarea (muskerra): Zegaman erabilia.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindiaren 57. arauko azalpenak: «Euskalkia gipuzkera  da. Bereizi behar denean erants daiteke Goierriko, Beterriko, etab.»
  2. a b Koldo Zuazo (1998): «Euskalkiak, gaur». Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, 78. zenbakia.
  3. a b c «[...] Dena dela, Goierri ere ez dago Gipuzkoako gainerako eskualdeetatik erabat bereizita. Gaur egun, behinik behin, Abaltzisketak eta Ikaztegietak egiten dute Goierri eta Tolosaldearen arteko lotura, eta Urretxuk eta Zumarragak, berriz, Goierri eta Urolaldearen artekoa».
    Koldo Zuazo (2003): Euskalkiak: herriaren lekukoak, Elkar. 138. orrialdea, Otamotz.com webgunean aipatua.
  4. a b Ikus Pedro Irizar euskalariak 1970ean eginiko Goierriko hizkeraren mapa (Pedro de Yrizar: Morfología del verbo auxiliar vasco, «Subdialecto meridional: variedad de Cegama» atala. Otamotz.com webgunean ikusgai). Gorriz, Goierriko gipuzkeraren aldaera bakoitzaren izenaren ondoan, 1970ean zituen hiztunen kopurua ageri da.
  5. Irene Hurtado euskalariak ere Pedro Irizarrek zehaztutako muga hori gaur egungotzat jotzen du: «Goierri eskualde zabala izanik, sartaldea eta sortaldea bereizi ditu filologo bizkaitarrak zenbait elementu aztertzeko. Aldaketa batzuk herriz herri ematen dira eta beste kasu batzuk Goierri osoan ematen dira eta baita Tolosaldean ere. Bi eskualde nagusi horien arteko hizkera-muga Alegia eta Legorreta artean kokatuko litzateke.» (Joxemi Saizar: «Goierri eta Tolosaldeko hizkeren azterketa, liburuan», Argia, 2001-06-24)
  6. «Gerra Legazpin - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
  7. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
  8. a b Txillardegi eta beste (1987): Euskal dialektologiaren hastapenak, Udako Euskal Unibertsitatea. ISBN 84-86644-00-3.
  9. «Bigarren aukeria ixiltzen dan galdera perpausetan erabiltzen da sarri ala mendebalian. Antzuolakua da adibidia (Larrañaga 1998: 157): soatu in ga, ala? 'zoratu egin gara, ala?'»
    Koldo Zuazo (1999): Deba ibarreko euskeria. Antzuolako, Aramaioko, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Eibarko, Elgoibarko, Eskoriatzako, Leintz-Gatzagako, Oñatiko eta Soraluzeko udalak.
  10. a b c Orotariko Euskal Hiztegia.
  11. Koldo Zuazo (1999): Deba ibarreko euskeria. Antzuolako, Aramaioko, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Eibarko, Elgoibarko, Eskoriatzako, Leintz-Gatzagako, Oñatiko eta Soraluzeko udalak.
  12. a b c d e f g h i j k l Euskaltzaindia (2008): Euskararen Herri Hizkeren Atlasa.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]