Edukira joan

Gizakiaren ekintza geologikoa

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Gallartako Concha II meategia.

Gizakiaren ekintza geologikoak, beste izaki bizidunenak bezala, geologian ematen diren prozesuetan eragina izan du. Baina beste izakiek ez bezala, gizakiak teknologia ere erabili du bere ingurua eraldatzeko eta bere onurarako erabiltzeko. Horregatik, gizakiak dira ingurunea gehien aldatu duten izaki bizidunak. Teknologia batzuek, bereziki nekazaritzaren sorrerak, hasieratik aldatu dute naturaren ziklo geologikoa[1]. Zientzialari batzuek gizakiaren ekintzaren ondorioz sortutako mundu berriari antropozeno izena eman diote[2][3][4].

Ekosistemen aldaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Gizakiaren inpaktua ekosistemetan»
Nekazaritza lurrak Al Jawf eskualdean, Saudi Arabia.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Ze ondorio ditu larreetako abeltzaintzak gure lurretan?

Gizakiek ekosistemak aldatu dituzte, batez ere nekazaritzaren ondorioz. Iraultza neolitikoz geroztik, gizakiak eremu erraldoiak aldatu ditu, basoak moztu eta erre eta eremu asko berdindu ditu nekazal-lurrak lortzeko. Sustrairik gabeko lurretan higadura askoz handiagoa da.[5]

Lal eta Stewartek kalkulatu dute lurraren degradazioaren eta uztearen ondorioz 12 milioi hektarea galtzen direla urtero.[6] Scherren arabera, 6 milioi nekazaritza hektarea lur galtzen dira urtero degradazioaren ondorioz 1940eko hamarkadatik, aurretik Dudal eta Rozanovek egindako kalkuluaren antzeko emaitza.[7] Galera horiek ez dira bakarrik higaduraren ondorio, baita ere gazitasuna handitzeagatik, lurzoruaren nutrienteak galtzeagatik, azidifikazioagatik, konpaktazioagatik eta subsidentziagatik[8].

Lurzoruaren higadura erritmoa oraindik handiagoa dela uste da, eta ereindako lurren higadura erritmoa handiagoa da lurzoru berriaren sorrera erritmoa baino, normalki magnitude ordena bateko aldearekin.[9] Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa baten arabera, ereindako lurretan 10,7 tona galtzen ziren hektareako urtean, eta 1,9 tona hektareako belardietan. Lur galera hau gutxitzen joan da denboran zehar, hala ere[10].

Elikagaien industriako enpresa gehienek ongarriak eta pestizidak erabiltzen dituzte elikagaien produkzioa areagotzeko. Ongarri horiek nitrogeno oxidoak dira. Karbono dioxidoak baino kaltegarriagoak dira, eta kalte gehigarriak sortzen dituzte laborantza eremuetan.[11] Aldi berean, nekazaritzak eta abeltzaintzak, gas naturalak eta arroz soroek 250 milioi tona metano ekoizten dute.[12] Kliman efektua du nekazaritzaren praktika honek.

Arroken erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ur azidoa, Rio Tinto meatzean.

Gizakia da arroketan suntsipenik handiena eragiten duen izakia, etxeak, errepideak, trenbideak, zubiak... eraikitzeko erabiltzen baititu. Arroken erabilera horretarako, gainera, erliebea bera aldatzen du, tunelak eraikitzen ditu edo lurrak berdindu. Gainera, arrokak zein mineralak ateratzeko lur masa handiak mugitzen dira, lurrazpiko galeriak sortzen dira meatzaritzaren bidez, eta ateratako arrokekin hondakindegiak eratzen dira. Batzuetan mendi osoak deusezten dira, bertan dagoen landaretza eta ekosistema suntsituz[13] eta uraren ibilguak aldatuz.

Ekologiaren aldetik, metal astunak isurtzen dira uretara, eta ibaien azidifikazioa ohikoa da meatzeen inguruan[14].

Aldaketak ur-ingurunetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nasser aintzira, 5.250 km² eta 60.000 pertsona mugiarazi zituena[15]. Nilo ibaiak izaten zituen uholde ziklikoak gelditu zituen, ibaian beherako ekosistema eta dinamika guztiz aldatuz.

Urtegien eraikuntzak ibaien dinamika aldatzen du, sedimentuak urtegietan bilduz itsasora iritsi gabe[16]. Erreken ibilbideak ere aldatzen dira, urmael txikiak sortuz, eta lehenago lur lehorrak zirenak ur azpian utziz. Urtegien ondorioz atzerakadak daude ibai delta[17], alubioi-konoak, ibai anastomosatuak, laku meandriformeak eta kostaldeak guztiz aldatu dira. Sedimentua urtegian metatzen denez, higadura handitzen da ibaian behera, eta denborarekin urtegia ere kolmatatzen doa[18]. Urtegien kapazitatea jaisten denez, energia hidroelektrikoa eta ureztatzea egiteko gaitasuna jaisten dira denborarekin, urtegia guztiz antzua bilakatu arte[19].

Ibaien kanalizazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaietan kanalizazioak egin ditu gizakiak, ibilbideak zuzenduz. Zuzenketa hauek eragin geologiko nabarmena dute: alde batetik ibaien sedimentazio eta higadura prozesuak eteten ditu, normalki sortzen diren meandroak desagertzen dira, eta eragina du ibai-ertzeko bizitzan. Kanal hauek garrantzitsuak dira nabigazioa emateko; askotan zementuzko bideak egiten zaizkie ibaiei, guztiz desnaturalizatuz[20].

Kostan aldaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen aipatu diren ibaien ekintza geologikoaz gain, gizakiak kostak ere aldatu ditu, eremuak zuzenduz, zementatuz, portuak eta dikeak eraikiz... kostako formak aldatu dira, tartean estuario, duna eta hainbat ekosistema[21][22].

Kostaldean eraikitzeak ur-gezaren beharra areagotzen du. Gizakiek putzuak eraiki dituzte ur behar hori asetzeko, eta ura akuiferoetatik ateratzerakoan itsasoko ura sartzen da bertan, gazitasuna handituz eta ura erabilezina bilakatuz[23].

Akuiferoak eta itsasoak lehortzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aral itsasoa 1989 eta 2014an.

Gizakiak inoiz egindako aldaketarik nabarmenena Aral itsasoa lehortzea izan da, mundu mailan ekosistema baten kolapsoaren adibidetzat hartzen da[24]. 1960. urtean, SESBak Amu Daria eta Sir Daria ibaietako ura desbideratzea erabaki zuen, Asia Erdialdeko basamortuko eremuak ureztatzeko. Horrela, sobietar Asia erdialdean arroza, meloiak, zerealak eta, batez ere, kotoia ekoizten hasi zen. Izan ere, Sobietar Batasunak munduko kotoi ekoizle handiena bihurtu nahi zuen, eta lortu egin zuen; gaur egun Uzbekistan munduko kotoi esportatzaile handienetariko bat da. Ureztatze-ubideak, eskala handian, 1930eko hamarkadan eraikitzen hasi ziren. Ubide horiek, eraikuntzari dagokionez, oso kalitate apalekoak zirenez, bidean ur asko galdu edo lurrundu egiten zen. Kara Kum ubidean (erdialdeko Asiako ubide handiena), adibidez, % 70a galtzen zen. Gaur egun ere, Uzbekistango ureztatze-ubideen luzera osoaren % 12a baino ez dago irazgaiztuta.1960 baino lehen, urtero 20-60 kilometro kubiko ur isuraldatzen ziren. Horrek esan nahi du Aral itsasoa urez hornitzen zuen emari gehiena desbideratuta zegoela. Beraz, 60ko hamarkadan itsasoa murrizten hasi zen. 1961 eta 1970 artean itsasoaren mailak, batez beste, urtean 20 cm egin zuen behera[25]. 70ko hamarkadan, beheratzea biziagotu zen, urtean 50-60 cm galtzera iristen baitzen. 1980ko hamarkadan, itsasoaren mailak urtean, 80-90 cm egiten zuen behera. Hala ere, nekazaritza lurrak ureztatzeko gero eta ur gehiago erabiltzen zen: 1960 eta 1980 artean, ibaietatik isuraldatutako ura bikoiztu egin zen eta kotoi ekoizpena ia bikoiztu.

Munduko leku askotan, uraren beharrak maila freatikoa jaistea eragin du. Gainera, basogabetzearen ondorioz ur gehiago doa ibaietara, eta gutxiago geratzen da akuiferoetan. Hala ere, hirietan ur gehiena estoldetan zehar doa, eta horregatik zona urbanizatuetan askoz ur gehiago doa lur azpira landa guneetan baino[26].

Hondakinen kudeaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Hondakinen kudeaketa»

Hondakinen kudeaketan ohikoa da zabortegiak egitea, ingurunea aldatzeaz gain geomorfologia ere aldatzen dutenak. Zabor erradiaktiboa botatzeko ere instalazio handiak egiten dira. Azken hauek geologikoki oso egonkorrak diren eremuak zulatzen egiten dira, eta arrisku minimoa izaten dute, baina eraikitzeko behar diren lur mugimenduak oso handiak dira[27].

Klima aldaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Klima aldaketa» eta «Berotze globala»
Nola aldatu diren tenperaturak 1880tik 2017ra bitartean, 1951-1980ko batez bestekoarekin alderatuta. Kolore urdinak freskoagoak dira eta gorriak beroagoak.

Gizakiak klima alda dezake, lokalki zein globalki[28]. Honek lurrazala eta behe atmosfera berotzea eragiten du, eta berotegi-efektua handitzen du. Bereziki, eta beste ondorio batzuen artean, gizakiak igortzen dituen berotegi-efektuko gasen (karbono dioxidoa (CO2), metanoa (CH4), oxido nitrosoa (N2O) eta klorofluorokarbonoak (CFC)) ondorioz, Lurra berotu da 1830tik hona, iparburutik hegobururaino, batez ere poloetan, sentsibilitate termino altua duten lurraldeak direlako.[29].  Honen ondorioz, itsas maila igotzen ari da, glaziarrak urtzen ari dira eta animalien kopurua murrizten ari da[30].

Planeta guztian, euri eta elurteak esponentzialki igo dira. Klima aldaketa bortitzak jasan behar dira. 1970tik aurrera, urakanen indarra handitzen joan da.[31]


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Crew, Bec. «The Earliest Evidence of Human Impact on Earth's Geology Has Been Found in The Dead Sea» ScienceAlert (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  2. (Ingelesez) Wolfe, Alexander P.; Oreskes, Naomi; Odada, Eric; Grinevald, Jacques; Zhisheng, An; Williams, Mark; Wagreich, Michael; Vidas, Davor et al.. (2016-01-08). «The Anthropocene is functionally and stratigraphically distinct from the Holocene» Science 351 (6269): aad2622.  doi:10.1126/science.aad2622. ISSN 0036-8075. PMID 26744408. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  3. (Ingelesez) «What Is the Anthropocene?» Eos  doi:10.1029/2015eo040297. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  4. (Ingelesez) Ellis, Erle C.. Anthropocene: A Very Short Introduction. Oxford University Press  doi:10.1093/actrade/9780198792987.001.0001. ISBN 9780191834738. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  5. (Ingelesez) Gyssels, G.; Poesen, J.; Bochet, E.; Li, Y.. (2005-06). «Impact of plant roots on the resistance of soils to erosion by water: a review» Progress in Physical Geography: Earth and Environment 29 (2): 189–217.  doi:10.1191/0309133305pp443ra. ISSN 0309-1333. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  6. Lal, R., ed. (1990). «Advances in Soil Science» Advances in Soil Science  doi:10.1007/978-1-4612-3322-0. ISSN 0176-9340. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  7. Narwal, R; B.R.Singh; Antil, R. (2002-07-29). «Soil Degradation as a Threat to Food Security» Food Security and Environmental Quality in the Developing World (CRC Press) ISBN 9781566708633. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  8. Thomasson, A.J.. (1992-03). «World map of the status of human-induced soil degradation» Geoderma 52 (3-4): 367–368.  doi:10.1016/0016-7061(92)90047-b. ISSN 0016-7061. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  9. (Ingelesez) Montgomery, David R.. (2007-08-14). «Soil erosion and agricultural sustainability» Proceedings of the National Academy of Sciences 104 (33): 13268–13272.  doi:10.1073/pnas.0611508104. ISSN 0027-8424. PMID 17686990. PMC PMC1948917. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  10. National Resources Inventory. USDA.
  11. (Gaztelaniaz) «¿Cuáles son las causas del calentamiento global?» ACNUR 2016-02-28 (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
  12. Tian, Xiaohui; Sohngen, Brent; Kim, John B; Ohrel, Sara; Cole, Jefferson. (2016-03-01). «Global climate change impacts on forests and markets» Environmental Research Letters 11 (3): 035011.  doi:10.1088/1748-9326/11/3/035011. ISSN 1748-9326. (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
  13. Sonter Laura J.; Ali Saleem H.; Watson James E. M.. (2018-12-05). «Mining and biodiversity: key issues and research needs in conservation science» Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 285 (1892): 20181926.  doi:10.1098/rspb.2018.1926. PMID 30518573. PMC PMC6283941. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  14. «GARDGuide» www.gardguide.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  15. (Ingelesez) Sofer, Arnon. (1999). Rivers of Fire: The Conflict Over Water in the Middle East. Rowman & Littlefield ISBN 9780847685110. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  16. (Ingelesez) Walling, D.E.. (2006-9). «Human impact on land–ocean sediment transfer by the world's rivers» Geomorphology 79 (3-4): 192–216.  doi:10.1016/j.geomorph.2006.06.019. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  17. Fanos, Alfy Morcos. (1995). «The Impact of Human Activities on the Erosion and Accretion of the Nile Delta Coast» Journal of Coastal Research 11 (3): 821–833. ISSN 0749-0208. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  18. McCully, Patrick.. (2001). Silenced rivers : the ecology and politics of large dams. (Enl. & updated ed. argitaraldia) Zed Books ISBN 1856499014. PMC 45757778. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  19. «Reservoir sedimentation» Reservoir Sedimentation (CRC Press): 1–1. 2014-08-12 ISBN 9781138026759. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  20. Habersack, Helmut; Hein, Thomas; Stanica, Adrian; Liska, Igor; Mair, Raimund; Jäger, Elisabeth; Hauer, Christoph; Bradley, Chris. (2016-02-01). «Challenges of river basin management: Current status of, and prospects for, the River Danube from a river engineering perspective» Science of The Total Environment 543: 828–845.  doi:10.1016/j.scitotenv.2015.10.123. ISSN 0048-9697. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  21. (Ingelesez) Nordstrom, Karl F.. (1994-12). «Beaches and dunes of human-altered coasts» Progress in Physical Geography: Earth and Environment 18 (4): 497–516.  doi:10.1177/030913339401800402. ISSN 0309-1333. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  22. Viles, Heather A.. Coastal problems : geomorphology, ecology, and society at the coast. ISBN 9781317859307. PMC 871257453. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  23. (Ingelesez) Calvache, M. L.; Pulido-Bosch, A.. (1997-04-01). «Effects of geology and human activity on the dynamics of salt-water intrusion in three coastal aquifers in southern Spain» Environmental Geology 30 (3): 215–223.  doi:10.1007/s002540050149. ISSN 1432-0495. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  24. (Ingelesez) Zambrano-Martínez, Sergio; Spalding, Mark D.; Riecken, Uwe; Regan, Tracey J.; Poulin, Brigitte; Pisanu, Phil; Oliveira-Miranda, María A.; Moat, Justin et al.. (2013-05-08). «Scientific Foundations for an IUCN Red List of Ecosystems» PLOS ONE 8 (5): e62111.  doi:10.1371/journal.pone.0062111. ISSN 1932-6203. PMID 23667454. PMC PMC3648534. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  25. (Ingelesez) Micklin, Philip. (2010). «The past, present, and future Aral Sea» Lakes & Reservoirs: Science, Policy and Management for Sustainable Use 15 (3): 193–213.  doi:10.1111/j.1440-1770.2010.00437.x. ISSN 1440-1770. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  26. (Ingelesez) «Groundwater Decline and Depletion» water.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  27. «Radioactive Waste: An International Concern» web.archive.org 2006-09-24 (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  28. AR5 Climate Change 2013: The Physical Science Basis — IPCC. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  29. «Global Warming Effects» National Geographic 2019-01-14 (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  30. «What Is Global Warming?» National Geographic 2019-01-22 (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  31. (Gaztelaniaz) @NatGeoES. (2017-11-09). «Efectos del calentamiento global» Efectos del calentamiento global | National Geographic (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]