Edukira joan

Giza Eskubideen Europako Auzitegia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Giza Eskubideen Europako Epaitegia» orritik birbideratua)
Giza Eskubideen Europako Auzitegia
Datuak
Izen laburraCEDH, ECHR, CEDH, TEDH eta EGMR
Motainternational court (en) Itzuli
HerrialdeaFrantzia
Agintea
LehendakariaSíofra O'Leary
Egoitza nagusi
JabeaEuropako Kontseilua
Historia
Sorrera1959ko apirilaren 20a
Sortzailea
Jasotako sariak
webgune ofiziala
Twitter: ECHR_CEDH Edit the value on Wikidata
Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren egoitza, Estrasburgon

Giza Eskubideen Europako Auzitegia[1] (frantsesez Cour européenne des droits de l’homme), Estrasburgoko Auzitegia ere deitua, giza eskubideak babesteko erakunde bat da, Europako Kontseiluak 1959an sortua. 1998ko azaroaren 1etik, Estrasburgon (Frantzia) du egoitza, Richard Rogers arkitektoak diseinatutako eraikin batean.

Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren bidez ezarria da Giza Eskubideen Europako Auzitegia. Hitzarmenak Europar Batasunak baino kide gehiago ditu, eta Batasuneko kide guztiek izenpetu dute. Auzitegia herrialde izenpetzaile bakoitzeko epaile banaz osatuta dago. Hitzarmenak oinarrizko eskubideak babesten ditu, hala nola adierazpen eskubidea, bilera eskubidea, pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasunak, etxearen eta familiaren bortxaezintasuna, eta zuzentasunez epaitua izateko eskubidea. Eskubide bakoitza termino orokorretan adierazita dago, eta salbuespen batzuk ditu: adibidez, gobernuek adierazpen eskubidea murriztea onartzen da, gizabanakoen entzutea edo ohiturak babesteko.

Haren eginkizuna da zaintzea Giza Eskubideen Europako Hitzarmena bete dadin. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eskumena du Europako Kontseiluko estatu kide baten aurka aurkeztutako errekurtsoak ebazteko, baldin eta estatu horrek aipatutako hitzarmena eta haren protokolo osagarriak berretsi ondoren haietan aitortzen diren eskubideak eta askatasunak errespetatzen ez baditu.

Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren estatu sinatzaileak

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak adierazitako doktrinaren arabera, gobernu nazional bakoitzak "irizpen-tarte" bat du oinarrizko eskubideak defendatzeko, hartu beharreko neurriak zehazteko eta salbuespenak erabakitzeko. Gobernuek lege-kontu bakoitzari dagozkion interesak orekatzeko betebeharra dute: adierazpen-eskubidea eta adierazpen eskubidea erabiltzen ari direnek inoren izena ez zikintzeko eskubidea berriro ere. Izan ere, auzitegian plazaratzen diren gai askok konplexutasun handiko gai moralak dakartzate berekin, eta auzitegiaren iritzian hobe da erabaki horiek gobernu demokratikoen esku uztea. Hala, estatuek legez dagozkien funtzioak gainditzen dituztenean edo eskubide horiek behar bezala babesteko gai ez direnean bakarrik hartzen du parte auzitegiak.

Organismo horren lanaren parte handi bat auzi jakin baten aurrean gobernuak duen jarrera "irizpen-tarte" horretan sartzen den ala ez erabakitzea da. Neurritasun-politika hori gorabehera, auzitegia gai eztabaidagarrietan nahasten da sarritan, gobernu baten kontra jotzen duenean batez ere. 1995ean, adibidez, auzitegiak erabaki zuen Erresuma Batuko gobernuak bere irizpen-tartea gainditu zuela eta arriskuan jarri zuela terrorismoaren aurka jotzeko dagoen legezko auzibidea, Gibraltarren IRAko hiru kide atxilotzeko agindu eta hirurak hil zirenean.

Auzitegiak Giza Eskubideen Europako Batzordearen laguntza jasotzen du; auziek auzitegiraino iritsi beharko luketen erabakitzen du batzorde horrek, adibidez. Izan ere, askotan, herrialdeetako auzitegiek auzilarien kontrako erabakia hartzen dutenean, auzilariek oinarrizko eskubideak urratu direla argudiatzen dute, beren herrialdeko auzitegien erabakia deuseztatzeko asmo hutsez, baina hori ez da Europako Auzitegiaren zeregina.

1950ean Giza Eskubideen Europako Hitzarmena izenpetu zuten Europako hainbat herrialdek, gobernuen zapalketa-ekintzak eragozteko sortutako auzitegia. Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan, Alemaniako erregimen nazionalsozialistak egindako sarraskien ondoren batez ere, Europako agintari gehienak bat etorri ziren nazioarteko erakunderen bat antolatu beharraz, herritarrek beren estatuetan hartzen zuten tratua gainbegiratzeko. Gerra-krimenengatik Nürenbergen egin ziren epaiketetan argi geratu zen nazioarteko auzitegiaren ideia egingarria zela. Hala, estatuek herritarren izenean beste nazio batzuk salatu ahal izango zituzten organismo bat eratzea erabaki zen. Egun, hitzarmen hura izenpetu zuten ia herrialde guztiek auzitara zuzenean jotzeko eskubidea utzi diete herritarrei, eta epaitzen diren auzi gehienak herritarrek beren gobernuen kontra jarritakoak dira.

Amerikarteko Giza Eskubideen Auzitegia

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskalterm

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]