Edukira joan

Gene-adierazpen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Geneen adierazpenean ADNa ARNra transkribatzen da, eta transkripzio horren itzulpena egitean proteina sortzen da.

Gene-adierazpena gene batek gordetzen duen informazioa hainbat produktu funtzionalen sintesian erabiltzen deneko prozesua da. Produkutu horiek sarritan proteinak dira, baina proteinak kodetzen ez dituzten geneetan, esaterako ARN erribosomikoan (rRNA), produktua ARN funtzionala da. Gene-adierazpena bizi-mota ezagun guztietan erabiltzen da bizitzarako makineria makromolekularra sortzeko.

Organismo guztietan zelula somatikoetan dagoen DNA berdin-berdina da zelula guztietan. DNA horretan proteinak sortzeko informazio guztia dago. Baina gene guztiak ez dira aldi berean aktibatzen, ezta zelula guztietan ere.

Badaude gene batzuk beti zelula guztietan adierazten direnak. Gene horiek organismoarentzat funsezkoak diren proteinak kodetzen dituzte (entzima batzuk, esaterako). Baina gene gehienak adierazten dira ala ez zelulak ehun zehatz batean egiten duen funtzioaren arabera. Esaterako, neurona baten geneak nerbio-bulkadaren transmisioan parte hartzen duten neurotransmisoreak sortzeko aktibatuko dira, baina gene horiek ez dira aktibatuko immunitate-sistemaren zeluletan (linfozitoetan, esaterako). Era berean, azken hauetan adierazten diren geneak, zitokinak sortzeko, adibidez (zitokinak erantzun immunean funtsezko zeregina betetzen duten proteinak dira) ez dira adieraziko neurona batean edo hepatozito batean. Funtsean, tipo zelular bakoitzean proteina desberdinak sintetizatzen direlako [1].

Horretaz gain, denbora-espezifikotasuna ere badago; horrek esan nahi du zelula bateko geneak organismo baten bizitzaren une desberdinetan piztu ala itzal daitezkeela.

Gene-adierazpenaren mekanismoek ere azaltzen dituzte biki monozigotoetan agertzen diren hainbat aldaketa fenotipikoak: batzuetan, biki horiek, nahiz eta DNA bera eduki, desberdintasunak dituzte altueran, pisuan, adimen-kozientean, nortasunean, gaixotasunak garatzeko probabilitatean, etab. Gene-adierazpenen prozesu ezberdinak daude aldaketa horien atzean.

Jakina denez, proteinen sintesia bi fasetan gertatzen den prozesua da. Lehenengo fasean, ADNn dagoen informazio genetikoa ARN-m-ra pasatzen da (transkripzioa); bigarren fasean, ARN-m horrek dituen baseak "irakurrita" izaten dira erribosometan, aminoazidoen sekuentzia batzuk agertuz (itzulpena).

ADN → ARN (Transkripzioa)

ARN → PROTEINA (Itzulpena)

Gene-adierazpenaren prozesuko urrats guztiak erregulatu daitezke: transkripzioa, RNAren ebaketa eta lotura, itzulpena eta proteina baten itzulpen ondoko aldaketa ere. Gene-adierazpenaren erregulazioa edozein organismoren zelula-bereizketarako, garapenerako, morfogenesirako eta aldakortasunerako eta moldagarritasunerako oinarria da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Aldaba, J., Lopez, P., Pascual M.M., Urzelai, A.: Biologia 2 Batxillergoa Elkar ISBN: 84-9783-222-1

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]