Edukira joan

Galia Narbonensis

Wikipedia, Entziklopedia askea
Galia Narbonensis probintzia

Galia Narbonensis (latinez: Gallia Narbonensis) erromatar inperioaren garaiko probintzia izan zen, probintzia inperiala lehenengo eta senatuarena gero (K.a. 22). Egungo Frantziako Languedoc eta Proventzan zegoena. Hiriburua Narbo Martius (egungo Narbona) zuen, erromatarrek k. a. 118an sortu zutena[1] kolonia estatusarekin eta Mediterraneoko portu garrantzitsuenetakoa izan zena.

Nimeseko Maison Carre izenaz ezagutzen den erromatar tenplua, hoberen kontserbatu denetako bat.
Pont du Gard, Gard departamentuan, Nimeseko hiriaren akueduktu sistemaren zati bat da.

Errepublikako kolonia izaten hasi zen k.a. 123. urtean, lehenago Galia transalpina izenaz ezagutzen zena.

Probintzia honek izen hauek izan zituen:

  • «Galia Transalpinoa» Erromak konkistatu aurretik.
  • «Galia erromatarra» Julio Zesarrek Galiak konkistatu ondoren, erromatartua ez zeuden galiarrengandik bereizteko. Dena den, Galia Transalpinoa erabiltzen jarraitu zuten erromatarrek.
  • «Narbonensis» izena eman zion Augusto enperadoreak Galiak berrantolatu zituenean.
  • Erromatarrek Provincia Nostra ("gure probintzia") edo, besterik gabe, Provincia ("probintzia") deitzen zioten ere.[2] Terminoa Proventza izen modernoan biziraun du eremuaren ekialdeko zatirako (Provence frantsesa, Provença okzitaniarra), gaur egun Frantziako eskualde bat dena.

Galiaren hego-ekialdea hartzen zuen, egungo Frantzia, Pirinioen eta Massaliaren artean, Erromaren aliatu zen hiri greziarra. Galiaren erromatar okupazioa probintzia honetatik hasi zen, Aquae Sextiae Salluviorum (gaur egun, Aix-en Provence) 122an eta Narbo Martius (gaur egun, Narbona) 118an sortu zirelarik. Probintzia horren helburua Hispaniara lehorreko bidetik igarotzea zen. Gaio Mariok teutoiak garaitu zituen (Aquae Sextiaeko gudua, K. a. 102an). Julio Zesarri Erromako Senatuak esleitu zion, Galia Zisalpinoa eta Iliriarekin batera eta Galiako gainerako lurraldea konkistatzeko oinarria izan zen (K.a. 59-51). Massaliak erromatar gerra zibiletan Ponpeioren alde egin zuenean eta Julio Zesarren tropek eraso ziotenean, bere lurraldeak Narbonar probintzian sartu zituen.

Augustoren garaian, K.a. 27 inguruan, senatu-probintziatzat hartua izan zen, eta kuestore batek lagundutako prokontsul batek gobernatu zuen Errepublikaren usadio tradizionalen arabera. Probintzia hau Erromatar Inperioko erromanizatuenetako bat izan zen, eta bai Julio Zesarrek baita Augustok ere, hiritar izaera emateko lan handia egin zuten bertan, hainbat kolonia eta udalerri sortuz, hala nola hiriburu probintziala bera, edo Forum Iulium (gaur egungo Fréjus), Municipium Arelate (gaur egun, Arles), Colonia Nemaussus (gaurgo Nîmes), Municipium Arausio (gaur egungo Orange), eta, garrantzitsuenetariko batzuk aipatzearren, Municipium Tolosa (egungo Okzitaniako Tolosa).

Probintzia Via Domitiak egituratzen zuen, Italiako iparraldea Tarraconensis probintziarekin lotzen zuen galtzada garrantzitsua, eta handik abiatzen zen, iparralderantz, beste bide bat Lugdunumerantz (gaur egun, Lyon) eta Rineko limeserantz. I. mendean zehar, Misenoko flotak[oh 1] (Classis Misenensis) Forum Iuliumen itsas destakamendu iraunkor bat mantendu zuen Erroma hiriko portua zen Ostiatik, Tarrakcora (egun tarragona) eta Germaniako limesera (lurrez) zihoan itsas trafikoa zaintzeko, Alpeetako pasabideak elurragatik itxita zeuden hilabeteetan. Tolosarekin eta Burdigalako (egungo Bordele) Atlantikoko portu handiarekin Via Aquitaniaren bidez konektatzen zen.

Zazpi probintzietako (Septem Provinciae) diozesiaren mapa. Behe inperioa.

I. mendearen erdialdean, zeramika tailer garrantzitsuak garatu ziren probintzian, Arretiumeko (gaur egun, Rimini, Italia) luxuzko baxerako zeramika-formak kopiatzen espezializatuak. Beratako tailerretan egin zen zeramikari Galia Hegoaldeko Terra sigillata esaten zaio gaur egun eta II. mendearen hasiera arte Inperioaren mendebalde osoan merkaturatu zen.

Azkenik, Diokleziano enperadoreak K.o. 300. urte inguruan probintziak berriz antolatu zituen eta Narbonensis I, Narbonensis II eta Viennensis probintzia txikiagoak sortu zituen.Ondoren, Galietako Pretorioko prefektuari esleitu zitzaizkion.

Bisigodoen garaian, probintzia horri Galia Narbonense edo Septimania esaten zaio. Bere populazioa, greko-erromatarra, Austrasia, Neustria eta Borgoinakoa ez bezalakoa da, non frankoak finkatu ziren, baina Hispaniako bisigodoen probintziarekin alderatuta ere ezberdina zen. Bisigodoek eskualde hau hartua zuten Inperioaren aliatu bezala bertan finkatzeko, eta bertatik Iberiar penintsulan esku hartu ahal izateko. Eskualdea bere esku egon zen 711ko musulmanen inbasioa gertatu arte.[1]

  1. Augustok sortutako inperioaren ontziteria, Italiako Campaniako Misenon bere operazi-basea zuena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Galia Narbonensis - Inicio - Diccionario Tesauro de Historia Antigua y Mitología» www.tesaurohistoriaymitologia.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  2. (Ingelesez) Riggsby, Andrew M.. (2006). Caesar in Gaul and Rome: War in Words. University of Texas Press.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


120ko Erromatar Inperioko probintziak
Akaia | Afrika Prokontsularra | Alpe Cottiae | Alpe Maritimoak | Alpe Poenninae | Arabia Petraea | Armenia | Asia | Asiria | Bitinia | Britania | Dalmazia | Dazia | Egipto | Epiro | Galazia | Galia Akitania | Galia Belgika | Lugdunensis | Narbonensis | Germania Beherea | Germania Garaia | Balear Hispania | Hispania Betika | Hispania Lusitania | Hispania Tarraconensis | Italia | Judea | Kapadozia | Komagene | Korsika eta Sardinia | Kreta eta Zirenaika | Likaonia | Lizia | Mauretania | Mazedonia | Mesia | Norika | Numidia | Osroene | Panfilia | Panonia | Pisidia | Ponto | Rhetia | Sizilia | Siria | Sofene | Trazia | Zilizia | Zipre