Galaxia nano
Galaxia nano bat galaxia txiki bat da, hainbat milioitik mila milioi gutxi batzuetarako izar kopurua duena. Esne Bideak, alderatuz, 200 eta 400 mila milioi izar ditu. Tamainari dagokionez, galaxia nanoak parsec gutxi batzuetatik 10.000raino iritsi daitezke, galaxia handiagoek 100.000 parsec baino gehiago izan ohi dituztenean. Magallaesen Hodei Handia, Esne Bidea orbitatzen duena eta 30 mila milioi izar baino gehiago dituena, batzuetan galaxia nanotzat sailkatzen da. Galaxia nanoen eraketa eta aktibitatean galaxia handiagoekiko elkarrekintzek eragin handia dutela uste da. Astronomoek galaxia nano mota asko identifikatzen dituzte, euren forma eta konposizioaren arabera.
Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Teoria batek dioenez, galaxia gehienak, galaxia nanoak barne, materia ilunarekin edo metalak dituzten gasetatik eratzen dira. Hala ere, NASAren Galaxy Evolution Explorer espazio zundak nano galaxia berriak identifikatu zituen, metaltasun baxuko gasetatik sortzen ari zirenak. Galaxia hauek Leo Eraztunean daude, Leo konstelazioko bi galaxia masiboen inguruan dagoen hidrogeno eta helio laino batean.[1]
Euren tamaina txikia dela eta, galaxia nano batzuk alboko galaxia espiralek erakarri eta urratu egin dituztela ikusi da, galaxia elkarketak eraginez[2].
Talde lokaleko galaxia nanoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Galaxia nano asko daude Talde Lokalean, galaxia txiki hauek sarri galaxia handiagoak orbitatzen dituzte, hala nola, Esne Bidea, Andromeda edo Triangeluko galaxiak. 2007ko ikerketa baten arabera, galaxia nano asko Esne Bidearen eta Andromedaren sorrera garaietako marea galaktikoen eraginez sortu ziren[3]. Mareako galaxia nanoak galaxiek talka egiten dutenean eta euren masa grabitatorioek elkarreragiten dutenean sortzen dira. Material galaktikoko korronteak, euren inguruko galaxia eta materia iluneko haloetatik aldentzen dira[4]. 2018ko ikerketa batek, tokiko galaxia nano batzuk oso goiz eratu zirela iradokitzen du, Ilun Aroan zehar, Big Bangaren ondorengo lehen mila milioi urteetan[5].
20 galaxia nanok baino gehiagok Esne Bidea orbitatzen dute, eta, berriki eginiko behaketek, Esne Bideko multzo globular handiena, Omega Centauri, galaxia nano baten nukleoa dela pentsarazten dute, noizbait Esne Bideak xurgatua izan zena[6].
Sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Galaxia nanoen sailkapena galaxia orokorrean oinarritua dago.
- Galaxia eliptikoak: galaxia nano eliptikoak
- Galaxia irregularrak: galaxia nano irregularrak
- Galaxia espiralak: galaxia nano espiralak
Hauetaz gain, beste galaxia nano mota batzuk ere badaude.
- Galaxia nano esferoidalak
- Magallaes motako galaxia nanoak
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «New Recipe For Dwarf Galaxies: Start With Leftover Gas» ScienceDaily (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
- ↑ (Ingelesez) «Pictures: New Proof Spiral Galaxies Eat, Digest Dwarfs» National Geographic News 2010-09-09 (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
- ↑ (Ingelesez) Metz, Manuel; Kroupa, Pavel. (2007-03). «Dwarf spheroidal satellites: are they of tidal origin?» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society 376 (1): 387–392. doi: . ISSN 0035-8711. (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
- ↑ (Ingelesez) «New Recipe for Dwarf Galaxies: Start with Leftover Gas» www.newswise.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
- ↑ (Ingelesez) «Earliest galaxies found 'on our cosmic doorstep'» BBC News 2018-08-16 (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
- ↑ Noyola, Eva; Gebhardt, Karl; Bergmann, Marcel. (2008-04). «Gemini and Hubble Space Telescope Evidence for an Intermediate Mass Black Hole in omega Centauri» The Astrophysical Journal 676 (2): 1008–1015. doi: . ISSN 0004-637X. (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).