Edukira joan

Francisco Iturrino

Wikipedia, Entziklopedia askea
Francisco Iturrino

Bizitza
JaiotzaSantander1864ko irailaren 9a
Herrialdea Espainia
HeriotzaCagnes-sur-Mer1924ko ekainaren 20a (59 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
Lan nabarmenak
MugimenduaOrientalismoa
Genero artistikoaerretratua
Francisco Iturrinoren bi koadro. Ezkerrean: Xalak. Behean: Biluziak
Francisco Iturrinoren bi koadro. Goian: Xalak, behean: Biluziak
Emakumeak, biluzten, Francisco Iturrinorena

Francisco Iturrino González (Santander, Espainia, 1864ko irailaren 9aCagnes-sur-Mer, Frantzia, 1924ko ekainaren 20a) margolaria izan zen, euskal herritar jatorrikoa.

Euskal herritar jatorriko familia batean jaio zen Francisco Iturrino. Gazte zelarik, 1878. urtean, familia osoarekin Bilbora joan zen, eta han hasi zituen marrazketa-ikasketak, osaba Elviro Gonzálezek bultzatuta. Erdi mailako ikasketak bukatzean, ingeniaritza ikastera joan zen Bruselara. Han agertu zitzaion pinturarako grina, eta ikasten hastea erabaki zuen.

Pintura-maisuari entzungor egin, eta Iturrinok berehala jo zuen margotzera, lehenbizi marrazketa landu behar zelako arau aldaezinari muzin eginez. Handik gutxira, Bruselatik Parisa joan zen, ingeniaritza ikasketak bertan behera utzita. Berehala nabarmendu zen Iturrinoren antzea eta izaera indartsua Parisen, eta 1901ean, Vollard Galeria ospetsuan erakutsi zuen bere lana, artean ezezaguna zen Pablo Ruiz Picasso gaztearekin batera. Euskal Herrira itzuli zen gero, eta Espainian zehar ibili zen bidaian. Salamancan egonaldi luze bat egin ondoren, Andaluzian izan zen, eta Sevillan jarri zuen bere lantegia.

Harrezkero Andaluzia-Euskal Herria-Frantzia (Sevilla-Bilbo-Paris, zehatzagoak izateko) izan zuen bere bizitzaren ardatz. Izugarri erakarri zuen Andaluziako giroak, argiak eta paisaiak, ondo adosten zelako bere helburu nagusietako batekin, kolorearen garbitasuna eta bizitasuna azaldu nahiarekin. Hala, Iturrinok Gaztelako eta Andaluziako ibilerak islatu zituen gehienbat bere koadroetan: paisaiak, zezenak, toreatzaileak, feriak, erromeriak… eta batez ere emakumeak, emakumea dantzan eta festan, arropa koloretsuz jantzia edo biluzik. Argiaren aurkikuntzak estilo aldaketa nabarmena eragin zuen haren obran, eta hasierako koadroetako belztasuna alde batera utzita, askoz koadro argi, alai eta atseginagoak egin zituen aurrerantzean, kolorea –gero eta zuri gehiago– ausarki erabiliz.

1911n Tangerra joan zen, Matisserekin, lagunak ziren Iturrino eta Matisse; elkarrekin bizi ziren, eta elkarrekin margotu zuten. 1922an zenbait ebakuntza egin zioten, eta zango bat moztu behar izan zioten.

Aurrerantzean akuafortea landu zuen batez ere. Diru-premia larrian zegoenez, haren lagunek –Picasso, Bonnard, Matisse…– diru-bilketa bat bultzatu zuten, etxea erosi eta pintatzen jarrai zezan. Hala, Cagnes-sur-Mer hirira joan zen bizitzera. Iturrinoren obra museo askotan (Bilbokoan esate baterako) eta bilduma partikularretan banatua dago. Ambroise Vollard arte merkatari ospetsua izan zuen Iturrinok erosle nagusia.

Iturrino nortasun handiko margolaria zen, jenioz bizia. Kolorea zen gehien maite duena; kolorea bizi zuen, eta kolorean jartzen zuen arreta osoa. Marrazkian, berriz, gorabeherak ditu. Zabarra da batzuentzat, eta gaizki marrazten duela ere esan izan du zenbaitek. Beste batzuentzat, berriz, «zoragarri gaizki» marrazten zuen.

Kontua da Iturrinok, bere garaian sortu zen fauvismoari jarraituz, koloreari eman ziola lehentasuna; izan ere, fauvismoaren sorrerak konfiantza handia eman zion Iturrinori berak gogoko zuen margolaritza mota egiteko, kolore garbi biziak erabiliz kontraste nabarmenak eragiteko. Iturrino ez zen –itxuraz, behintzat- marrazkiaz gehiegi kezkatu, nahiz eta badituen marrazki fin zehatzeko lan aipagarriak ere. Gainera, lehen ukituan margotzen zuen, pintzelkada zabal bizkorrez, oso azkar, «bat-batean» ia esateko, margoa ahalik eta gardenen eta garbien zabalduz oihalean.

Iturrinok, beraz, postinpresionismoaren eta fauvismoaren eragina izan zuela esan daiteke, bere-berea duen estiloa landu zuela kontuan harturik, betiere. Inpresionista da pintura higikunde horren ekarpenen oinordeko den neurrian, eta bere koadroen argitasunagatik eta pigmentuen garbitasunagatik, eta fauvista, berriz, kolorearen bizitasunari eman zion garrantziagatik.

Francisco Iturrino (1919an edo)

Obra nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Bainua
  • Laurak,
  • Zezenen itxitura,
  • Salamancako feria,
  • Sevillarrak,
  • Erretratua,
  • Femmes à cheval,
  • Andaluziako eszenak,
  • Salamancarrak,
  • Andaluziako erromeria,
  • Salamancako emakumeak,
  • Festa flamenkoa,
  • Emakumeak zaldi gainean,
  • Zezen taldea,
  • Ikatza,
  • Emakumeak,
  • Manuel Losadaren erretratua,
  • Zezenkoak saiatzeko lekua
  • Xalak,
  • Biluziak,
  • Emakumeak, biluzten eta
  • Askaria.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francisco Iturrino Aldatu lotura Wikidatan