Edukira joan

Francesca Bonnemaison i Farriols

Wikipedia, Entziklopedia askea
Francesca Bonnemaison i Farriols

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFrancesca Bonnemaison i Farriols
JaiotzaBartzelona1872ko apirilaren 12a
Herrialdea Katalunia
BizilekuaBartzelona
Territet (en) Itzuli
HeriotzaBartzelona1949ko urriaren 13a (77 urte)
Hobiratze lekuaMontjuïceko hilerria
Familia
Ezkontidea(k)Narcís Verdaguer i Callís (mul) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakkatalana
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpedagogoa, politikaria eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Alderdi politikoaLliga Regionalista

Francesca Bonnemaison (Bartzelona, 1872ko apirilaren 12a1949ko urriaren 13a[1]) Kataluniako pedagogo, idazle eta emakumeen hezkuntza herrikoiaren sustatzailea izan zen.[2]

1909an Bibliotec Popular de la Dona (Emakumearen Herri Liburutegia) sortu zuen Bartzelonako Sant Pere auzoan eta haren mezenas izan zen. Liburutegiak, geroago, Institut de Cultura i Biblioteca Popular de la Dona izena hartuko zuen, La Cultura, kaleko hizkeran.[3]

Francescaren aita Gil Bonnemaison, Kataluniako iparraldeko San Pedro de los Forcats herrian jaioa, izan zen, eta ama, Agustina Farriols eta Ràfols,[4] Bartzelonako negozio oparoenetako baten jabeen alaba, Kataluniako Ramblako (Rambla de Catalunya) etorbideko arropa-denda bat.[5] Erlijio-heziketa sakona izan zuen eta hizkuntzak, marrazketa, pintura eta musika ikasi zituen.

1893ko urriaren 29an Narcis Verdaguer i Callis politikari katalanistarekin ezkondu zen. Hari esker Francesc Cambó ezagutu zuen, zeinekin bizitza osoan adiskidetasun sakona eta harreman epistolarra izan zituen.[6]

1894 eta 1898 bitartean, senar-emazteek La Veu de Catalunya-n (Kataluniako Ahotsa), Narcisek sortutako astekari katalanistan, jatorri desberdineko ehun bat errondaila, kondaira eta herri-ipuin baino gehiago argitaratu zuten Franar izengoitiarekin ("Fra" Francescarena eta "nar" Narcisena).

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1909an, Ildefonso Gatell Santa Anna parrokiako erretorearen eskariz, Francesca parrokiako Obra de Buenas Lecturas (Irakurketa Egokien Obra) izeneko karitatezko liburutegia zuzentzen hasi zen. Horrez gain, 100 liburu eta 500 pezetako dohaintza egin zuen biblioteka martxan jartzeko. Liburutegia 1909ko martxoaren 28an inauguratu zen. Iragarkietan bereziki azpimarratzen zen "sarrera libreko liburutegi bat zela, emakume guztientzat", eta oso argi uzten zen emakumeentzat pentsatuta zegoela, gizarte-egoera edozein zutela ere.[5]

Hasiera batean, liburutegiak oso ordutegi murritza zuen. Bi ordu eta erdiz baino ez zen zabaltzen, bakarrik igande eta jaiegunetan. Bazkideek 0,10 pezetako kuota ordaindu behar zuten hilean edo pezeta bat urtean. Gizarte-baldintza desberdinetako hainbat emakumek, beraz, meza irteeran, aukera izaten zuten espazio hartan elkarrekin berriketan egoteko, senarraren kontroletik libre. Laster, liburutegiak ustekabeko arrakasta izan zuen, eta horregatik, Francescak Institut de Cultura i Biblioteca Popular de la Dona (Emakumearen Kultura Institutua eta Herri Liburutegia) bihurtzea erabaki zuen, katalanismoaren eta gizarte-katolizismoaren ikuspegitik emakumearen heziketa eta sustapena bideratzeko xedeaz. Liburutegi berriaren kokapena Santa Anna parrokiatik Elisabets kaleko 12. zenbakira aldatu zen.[6] Hasiera-hasieratik bere dinamismoagatik nabarmendu zen, eta halako ezaugarriak zituen Europako lehena izan zen: hogei urte pasatuko ziren, hain zuzen, Londresko Fawcett Library (1926) eta Parisko Biblioteque Marguerite Durand (1931) sortu arte.[5]

Liburutegiaren funtsa etengabe hazi zen dohaintza, diru-laguntza eta bestelako laguntzei esker; horrela bada, 1911n 5.000 liburuki zituen. Bolumen eta bazkide kopurua handitzen zen era berean, zentroaren eskaintza ere etengabe emendatzen zen, gizarte-maila guztietako emakumeek eleberriak, entseguak edo liburu espezializatuak irakurtzeko, aditu onenen eskutik ikasteko, hitzaldietara joateko edota hizkuntzak edo gai tekniko eta zientifikoak ikasteko aukera zabala zutelarik. Kontuan hartu behar da hori guztia gertatzen zela emakumeek artean ere unibertsitatean sarbide errazik ez zutenean. Erakundeak taberna eta jatetxea ere izan zituen, eta emakumeei garai hartan pentsaezina zen askatasun bereziaz gozatzeko aukera eman zien.[5]

1918an, bere senarra, Narcis Verdaguer, hil zenean, bere proiektuan buru-belarri aritzea erabaki zuen. 1922an, Josep Puig i Cadafalch Kataluniako Mankomunitateko lehendakariak, Institutuaren eraikin berria inauguratu zuen. Eraikin berria Sant Pere Más Bajo kalean zegoen, Bielsa familiarena zen Erdi Aroko etxe batean. Francescak, baina, proiektu berriak zituen, eta lursail batzuk erosi zituen Badalonan, itsasoaren ertzean, emakumeek igeriketa-eskolak har zitzaten, eta horrela, kirola beren bizitzan sartu. Gainera, Institutuak lan-poltsa bat zuen, enpresa asko biltzen zituena, eta urtean, batez beste, 1.600 neskarentzako lana lortzen zuena. Erakundearen berri emateko eta antolatzen zituen ekintzak azaltzeko, Bonnemaisonek bi aldizkari zuzendu zituen, Claror (Argitasuna) eta Vida Social Femenina (Emakumearen Bizitza Soziala), eta baita irrati-programa bat ere, Radio Asociación de Catalunyak hamabostean behin ematen zuena.[5]

Bigarren Errepublika eta engaiamendu politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublika aldarrikatzearekin batera hasi zen Francesca Bonnemaisonen engaiamendua politika arloan. 1931n emakumeen botoaren aldeko kanpainetan parte hartu zuen. 1932an, Francesc Cambók eskatuta, Liga Erregionalistako emakumeen antolamenduaz arduratu zen.[7] Hauteskundeetan hautagai gisa aurkeztu zen lehen emakumeetako bat izan zen, 1934ko udal-hauteskundeetan, nahiz eta ez zen hautatua izan. 1935eko maiatzetik 1936ko ekainera bitartean, Claror (Argitasuna) aldizkaria argitaratu zuen, Kultura Institutuak eta Emakumearen Herri Liburutegiak aldarrikatzen zuen feminismo erreformistaren bozeramailea. Bertan, ospe handiko emakumeek sinatzen zuten, hala nola, Rosa Sensat i Villak, Lola Anglada Sarrierak, Aurora Bertrana Salazarrek edo Francesca Bonnemaisonek berak.[8] Gerra Zibilaren aurretik, 23.000 bolumenek osatzen zuten Institutuaren funtsa, eta, haren ikasgeletatik, Concha Espina, Maria Domènech de Cañellas edo Maria Montessori bezalako ikasle nabarmenak pasatu ziren. 1934-35 ikasturtean 6.200 ikasle baino gehiago zituen.[5]

Gerra garaia eta diktadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra Zibila hastean, Territret-en (Montreux, Suitza), Françesc Cambórengandik gertu, hartu zuen babesa. Han egon zen gerra amaitu arte, eta ez zen Bartzelonara bueltatu 1941era arte. Suitzan Cambórentzako idazkari lanak egin zituen.[6]

1941ean Bartzelonara itzuli zenean, berak sortutako Kultura Institutua, bere ekarpen kultural eta sozialik handiena, Institución de Cultura para la Mujer de la Sección Femenina de FET y de las JONS (FET eta JONSen Emakumeentzako Kultura Erakundea) erakunde berria zen; eta Biblioteca Popular de la Dona zena, gerran garaile atera ziren falangisten esku zegoen Bartzelonako Diputazio Probintzialari eman zitzaion. Atsekabetuta, edozein jarduera publikori uko egin zion, Bartzelonako bere etxean giltzapetu zen eta bere fede katoliko ukigabe hartan babestu zen, harik eta heriotzak laurogei urte betetzear zegoenean eraman zuen arte.[9]

Funts pertsonala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Narcís Verdaguer Callís - Francesca Bonnemaison funtsa Kataluniako Artxibo Nazionalean gordetzen da. Hasiera batean, Verdaguer eta Bonnemaisonen etxean bertan gorde zen, gerra zibila hasi zen arte. Gerra garaian, familiako hainbat kidek funtsaren arpilatzea eragotzi zuten, eta, azkenik, Ramon Rucabadok eta Comermak, Narcísen iloba zen Clara Verdaguerren senarrak, erreskatatu zuen. Roser, Montserrat eta Mariàngela Rucabado i Verdaguer ahizpek, Ramon Rucabado eta Clara Verdaguer gurasoen ondarearen oinordeko eta jabeak, dokumentazioa gorde zuten ANCren esku utzi arte.

Narcís Verdaguer i Callísen materialen artean hainbat motatako dokumentuak aurki daitezke: dokumentazio pertsonala eta familiarra; sormen-lana (bereziki, Danteren Jainkotiar komedia lanaren katalanezko itzulpenarekin zerikusia duen dokumentazioa); garaiko politika- eta kultura-arloko pertsona ospetsu askorekin izandako korrespondentzia; izaera politiko eta sozialeko dokumentazioa —manifestuak, hitzaldiak, proiektuak, gutuneria eta abar—, hainbat erakunderekin erlazionatuak, hala nola, Centre Escolar Catalanista (Eskola Gune Katalanista), Lliga de Catalunya (Kataluniako Liga), Bartzelonako Udala, Bartzelonako Diputazioa, Foment del Treball Nacional (Lanaren Sustapen Nazionala), eta abar.

Francesca Bonnemaisonen materialen artean, ondokoak topa daitezke: dokumentazio akademikoa eta bestelako dokumentu pertsonalak; sormen-lana (olerkiak); liburutegia eta hemeroteka, kultura-gai orokorrei buruzko monografiak eta aldizkako argitalpenak biltzen dituena. Baina atal honetan bereziki nabarmentzen da Kultura Institutuak eta Emakumearen Herri Liburutegiak sortu eta jasotako dokumentazioa, besteak beste, estatutuak, memoriak, batzar eta kontseiluen aktak, programak eta argitalpenak.[10]

2010eko martxoan, Palafrugellen kale bat merezi duten emakumeak aukeratzeko egindako parte-hartze prozesuan Francesca Bonnemaison bozkatu zuten.[11]

Gaur egun, Bartzelonan, bere izena duen kultura-zentro bat dago, Sant Pere auzuneko Centre de Cultura de Dones Francesca Bonnemaison, "La Bonne", eta baita liburutegi bat ere.[12]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Edición del martes, 14 octubre 1952, página 16 - Hemeroteca - Lavanguardia.es» hemeroteca.lavanguardia.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-18).
  2. «Francesca Bonnemaison i Farriols | enciclopèdia.cat» www.enciclopedia.cat (Noiz kontsultatua: 2021-11-18).
  3. (Katalanez) Marimon, Sílvia. (2017-01-08). «Diners per a la cultura catalana a contracorrent i de resistència» Ara.cat (Noiz kontsultatua: 2021-11-18).
  4. Registre de Naixements de l'Ajuntament de Barcelona, any 1872, número de registre 1950.
  5. a b c d e f Riera, Ana. (2014). Dones amb empenta. , 35-40 or. ISBN 978-84-941131-8-5. PMC 890368396. (Noiz kontsultatua: 2021-11-18).
  6. a b c Pessarrodona, Marta. (2006). Donasses : primera sèrie. (1. edició. argitaraldia) Edicions Destino, 44-54 or. ISBN 84-9710-085-9. PMC 68087923. (Noiz kontsultatua: 2021-11-18).
  7. Gil Tort, Rosa Maria. Elles també hi eren. Història de les dones de la Casa Masó (1830-2015). Girona: Curbet Edicions Fundació Valvi, 2019, 209-217. or.
  8. «Claror :publicació de l'Institut de Cultura i Biblioteca Popular de la Dona». Claror :publicació de l'Institut de Cultura i Biblioteca Popular de la Dona.
  9. Fernández de Cano, J.R. «Bonnemaison Farriols, Francesca (1872-1949). » MCNBiografias.com» www.mcnbiografias.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-17).
  10. «Fons Verdaguer Bonnemaison» arxiusenlinia.cultura.gencat.cat (Noiz kontsultatua: 2021-11-18).
  11. Puig, Evarist «Les dones esperantistas de la Vila». Revista de Palafrugell [Palafrugell], 208 zb., 2011ko otsaila, 23. or.
  12. «Biblioteca Francesca Bonnemaison | Ajuntament de Barcelona» ajuntament.barcelona.cat (Noiz kontsultatua: 2021-11-18).
  • Bacardí, Montserrat eta Godayol, Pilar. Traductores: de les disculpes a les afirmacions. Literaturas aldizkaria, 6, 2. aldia. ISSN 2013-6862 (sarean)
  • Marin Silvestre, Dolors.Francesca Bonnemaison. Educadora de ciutadanes. Bartzelonako Diputazioa, 2004. ISBN 9788498030099
  • Riera, Ana. Catalanes universals. Bartzelona: El arca, 2018. ISBN 9788494836442

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]