Edukira joan

Finlandiar mitologia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Illmarinen, finlandiar panteoiko liderra bere anaia Ukkoren igoera arte, eta ordutik aurrera artisauen liderra, sammoa landuz. Akseli Gallen-Kallela,Sammon tantoa, 1893.

Finlandiar mitologia finlandiar herriek kristautasunera bihurtu baino lehen zituzten sinesmenak biltzen dituen mitologia da. Erkide zituen ezaugarri ugari —etnia eta hizkuntza aldetik— bere hurbileneko herria zen estoniarrekin, baita bere inguruko herri ez uraldarrekin ere, hau da, herri baltikoekin eta eskandinaviarrekin. Mito horietako asko beste uraldar herri batzuei (hala nola samiak) estu lotuak zeuden.

Finlandiar mitologia abestutako olerki mitikoen ahoz ahoko tradizioen eta folklorearen bidez XIX. mendea ondo sartu arte mantendu zen.

Inguruko kulturen pixkanakako eraginaren ondorioz zeruko jainko baten igoera ekarri zuen arren, Ukko (finlandieraz Agurea) jainko aita naturako izpiritu bat baino ez zen, gainontzeko guztiak bezala. Animaliarik sakratuena, honen izena ozen sekula esaten ez zena, hartza zen. Hartza asaben berraragiztatze bezala ikusten zen, eta arrazoi honegatik zenbait eufemismoren bidez deitua zen: mesikämmen (eztizko hanka), otso (bekoki zabala), kontio (lurreko biztanlea).

Finlandiar mitologiaren azterketa eta historia erlijiosoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mikael Agricola, finlandiar gotzain, erreformari protestantea eta misiolaria, finlandiar mitologiari buruzko lehen adierazpenak idatzi zituena.

Finlandiar herriaren sinesmenei buruzko lehen aipamena Mikael Agricola gotzain eta erreformari luterandarrak egin zuen salmoen finlandierarako bere itzulpenean. Agricolak Häme (suedieraz Tevastia) eta Kareliako ustezko jainko zerrenda bat iruzurtu zuen, eskualde bakoitzetik hamabi, euren funtzioak laburki hitz neurtu eran kontatuak. Komentaristaren batzuek Hämerako soilik hamaika jainko zerrendaratu zirela diote, horien artean Agricolak Piru, Deabrua, aipatu ez zuelarik. Zerrenda hauei esker, Agricola Finlandiako historia erlijiosoaren eta bere mitologiaren aitatzat hartzen da. Ondorengo aditu eta ikasleek sarritan aipatuko zituzten Agricolaren zerrendak iturri historiko bezala. Soilik XIX. mendearen amaieran hasi ziren adituak Agricolaren zerrendako jainkoak eta hauei buruzko informazioa kritikoki aztertzen, ondorengo ikerketen bidez zerrenda horretan agertutako pertsonaia gehienak jainkoak ez zirela ebatziz, baizik eta tokiko izpiritu zaindariak, mitologia herrikoiko pertsonaiak edo elezahar esplanatorioak, heroi kulturalak, izen alternatiboa zuten santu kristauak, eta, kasu batean, uzta garaiko jaialdi bat.

Cristfried Gananderren Mythologia Fennica lana, 1789an argitaratu zena, finlandiar mitologian egin zen lehen barneratze aditu laikoa izan zen. XIX. mendean finlandiar folkloreari buruzko ikerketak bizitu egin ziren. Elias Lönnrot, J. F. Cajan, M. A. Castrén eta D. E. D. Europaues bezalako adituek Finlandian zehar bidaiatu zuten runo edo olerki eran kantatutako olerkaritza herrikoiak bilduz. Material guzti honetatik abiatuta Lönnrotek Kalevala eta Kanteletar argitaratu zituen. XIX. mendean bildutako olerkaritza herrikoi hau, nagusiki, finlandiar herria kristau bihurtu aurreko sinesmen jentilez osatua zegoen, eta adituei finlandiar mitologia xehetasun gehiagoz aztertzea ahalbidetu zien.

Munduaren jatorria eta egitura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Munduaren egitura finlandiar mitologiaren arabera.

A Zeru ganga
B Ipar Izarra
C Zutabea
D Kinahmi, zurrunbiloa
E Iparraldeko eskualdea, Pohjola
F Bizitzeko moduko eskualdeak.
G Lintukoto, txorien neguko etxea
H Hildakoen mundua : Tuonela, ziuraski lurrazpian

Mundua Aythya izeneko uretako hegaztiaren arraultza baten eztandaren ondorioz eratu zela uste zen. Zeruari dagokionez, arraultzaren goiko estalkia zela uste zen, eta alternatiboki karpa bat bezala ikusten zen, Ipar Poloan, Iparrizarraren azpitik zutabe batek eusten zuena.

Izarren mugimendua zeru gangak bere inguruan eta Ipar Izarraren inguruan zuen errotazioak eragindakoa bezala azaltzen zen. Mitologiaren arabera, zeruko zutabearen errotazioaren ondorioz Ipar Poloan zurrunbilo handi bat eratu zen. Zurrunbilo honen bidez, arimak munduaren kanpoaldera, hildakoen lurraldea zen Tuonelara joan zitezkeen.

Lurraren gainazala laua zela uste zen. Mugei lintukoto deitzen zitzaien, "hegaztien etxea"; neguan hegaztiak bizi ziren lurralde epelak omen ziren. Esne bideari linnunrata zeritzon, "hegaztien bidea", txori migrariek bertan zehar bidaiatzen zutelakoan.

Txoriek, gainera, bazuten beste funtzio sinbolikorik ere: beste batzuen artean, jaioberrien arimak ekartzen omen zituzten, eta hildakoenak eraman.

Sakontzeko, irakurri: «Tuonela»

Tuonela hildakoen herrialdea zen, lurpean kokatua segoen eta bertan inork ez omen zuen lorik egiten. xaman batek bere izpiritua Tuonelan sar zezakeen arbasoei aholkua eskatzeko, baina horretarako ibai ilun bat gurutzatu behar zuen, eta askotan zaindariei hildako arima bat zela sinestarazi. Tuoni eta Tuonetar ziren bertako nagusiak.

Pohjola iparraldeko lurralde mitologikoen izena da, lurrazalaren erdigunean kokatua (iparraldean, beraz). Elurrez estalitako lurralde hila zen, eta izozte eta eritasunak bertatik omen zetozen. Louhi sorgina zen bertako nagusi.

Kalevalan kontatzen den istoriaren zati garrantzitsu bat lurralde honetan gertatzen da.

Askotan nahasi egiten dira Pohjola eta Tuonela herrialdeen ezaugarriak.

Kalev edo Kalevaren lurraldea, edo honen ondorengoen lurraldea da. Gizakien lurraldea izan daiteke, edo finlandiarrena. Kalevala Elias Lonnrotek argitaraturiko elezahar bildumaren izena ere bada.

Finlandiar panteoia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ukko, jainko nagusia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Ukko»

Ukko ("agurea"), ortziaren, eguratsaren eta nekazaritzaren jainkoa zen. Panteoiko jainko garrantzitsuena zen. Baltiar mitologiako Perkūnas jainkoarekin (Thor-ekin ere lotua dena) edo aitzinako finlandiar panteoiko Ilmarinen, zeruaren jainkoarekin lotura duela uste da. Diotenez, Ukkok Ilmarinen jainkoaren tokia hartu zuen eta azken hau errementari edo hargin bihurtu zen.

Ukkok ba omen zuen tximistak jaurtitzen zituen arma bat, aizkora, mailua edo ezpata izan zitekeena. Litekeena da jatorriz harrizko aizkora bat izan izana.

Beste jainko nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Ahti (edo Ahto), sakontasuneko jainkoa, arrainen emalea.
  • Akka (“atsoa”), ugalkortasunaren jainkosa eta Ukkoren emaztea.
  • Äkräs, emankortasunaren jainkoa eta barazkien (eta bereziki arbien) babeslea.
  • Ilmatar edo Luonnotar, eguratsaren jainkosa, batzuetan munduaren sorkuntzari lotua. Väinämöinen hilkorraren ama zen, Kalevalan ageri denez.
  • Kuu, ilargiaren jainkosa (Kuu hitzak "ilargi" esan nahi du).
  • Mielikki, oihaneko jainkosa eta Tapioren emaztea.
  • Tapio, oihaneko jainkoa eta Mielikkiren senarra.
  • Tapio eta Mielikkiren seme-alabak:
  • Annikki, basoaren eta amesgaiztoen jainkosa.
  • Nyyrikki, ehizaren jainkoa.
  • Tellervo, oihaneko jainkosa.
  • Tuulikki, oihaneko animalien jainkosa.
  • Pekko (edo Pellon Pekko), zerealen jainkoa, garagarra eta garagardoaren babeslea.
  • Perkele, deabrua. Jatorriz trumoiarekin lotua zen, kristautasuna heldu arte. Perkunas eta Thorren baliokide zatekeen.
  • Pellervo (edo Sampsa Pellervoinen), uztaren jainkoa.
  • Päivätär, egunaren jainkoa, finlandierazko päivä (egun) hitzetik dator.
  • Rahko, denboraren jainkoa.
  • Surma, heriotza bortitzen pertsonifikatzea.
  • Saunatonttu, saunaren jainkoa edo babeslea.
  • Tuonetar, Tuoniren alaba eta emazteari ematen zaion izena.
  • Tuoni, heriotzaren jainkoa, Tuonelako jauna.
  • Tuoni eta Tuonetarren seme-alabak: minarekin, gaixotasunekin eta heriotzarekin lotzen dira. Hemen haietako batzuk:
  • Kipu-Tyttö: "minaren neskatxa" izenekoa, eritasun hilgarrien jainkosa da.
  • Kivutar, minduen jainkosa, sofrikarioaz errukitzen dena.
  • Loviatar, Tuonelako jaunen alaba itsua eta bederatzi izurrien ama.
  • Vammatar, sufrimentuaren eta eritasunaren jainkosa.
  • Turisas, gerraren jainkoa. Eskandinabiar mitologiako Tyr edo germaniarreko Tîwaz jainkoen parekide izan daiteke.
  • Vellamo, itsasoaren eta ekaitzen jainkosa eta Ahtiren emaztea.
  • Vendemo (“uren ama”), uraren jainkosa.

Izaki magikoak, iratxoak, izpirituak eta bestelakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Ajatar (edo Ajattara), basoko izpiritu gaiztoa.
  • Antero Vipunen, hildako erraldoia, jakituria sekretuen eta magiaren gordailua.
  • Hiisi, hasieran oihan sakratu bati egiten zion erreferentzia, eta gerora bertako iratxo edo deabru bati.
  • Iku-Turso, itsas piztia gaizto bat. Litekeena da Tursas jainkoaren aldaera bat izatea.
  • Jumala, jainko baten izen generikoa. Aitzina zeruari edo jainkorasunari erreferentzia egiten ziola uste da, gerora taivas eta Ukkok ("zeru" hitza eta jainko nagusiaren izena, urrenez urren) arkaiko bihurtu arte. Beranduago krisauen jainkoaz mintzatzeko erabili zuten.
  • Kotitonttu, etxearen babeslea.
  • Lempo, emankortasunarekin eta maitasunarekin lotzen zen, kristautasunak deabru bihurtu zuen arte.
  • Louhi, Phjola gobernatzen zuen sorgin boteretsua. Litekeena da Loviatarren aspektuetako bat izatea. Paper garrantzitsua du Kalevalan.
  • Menninkäinen, izaki magikoa, iratxo bat.
  • Näkki, aintzira, putzu eta zubietako izpiritu beldurgarria.
  • Otso, hartzaren izpiritua.
  • Pihatonttu, etxe-lurren babeslea.
  • Piru, iratxoa edo deabrua.
  • Tonttu, babeslea, jatorriz lur landuaren jagolea.

Gizakiak eta heroiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Ilmarinen, errementari handia, zerua eraiki zuena. Jatorriz eguratsaren jainkoa omen zen, gero hilkor bihurtua. Sampoa, ugaritasunaren errota, sortu zuena izan zen.
  • Joukahainen, Väinämöinen heroiaren arerioetako bat.
  • Kave edo Kaleva: gizakien lehen buruzagia eta heroien aitalehena. Kalevala izena, gizakien herrialdea izendatzeko erabiltzen dena, hortik dator. "Kalevaren lurraldea" edo "Kalevaren ondorengoak" esan nahi du. Hau ere zeruko jainkoetako omen zen, gerora ilargi zikloari lotu zitzaiona
  • Kalevanponka erraldoi bat, basoak erauzi eta larre ikaragarriak segaz berehala motz zitzakeena. Kalevipoeg estoniar heroiaren oso antzekoa da.
  • Kullervo, antiheroi tragikoa. Ezbehar asko pairatu eta mendeku goseak itsuturik min asko eragin ondoren, bere buruaz beste egin zuen.
  • Lemminkäinen (Ahti Saarelainen, Kaukomieli), ausarkeriak bultzaturik Tuonelara jaitsi eta bertan hil zen heroia. Amak, ordea, semeari bizia itzultzea lortu zuen.
  • Väinämöinen, agure zahar jakintsua, ahots sendo eta magiaz betea zuena. Istoria askotako protagonista da eta Kalevalako pertsonaia nagusia.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]