Edukira joan

Filemoni Gutuna

Wikipedia, Entziklopedia askea


Filemoni Gutuna edo, labur, Filemoni (Flm) Bibliako Itun Berriko hamazortzigarren liburua da. Paulok Filemoni idatzitako gutuna da. Gutunak hogeita bost txataleko kapitulu bakarra dauka, Paulok egindako laburrena eta Itun Berriko libururik laburrenetako bat, eta koinez idatzita dago.

Kolosarra zen Filemon, aberatsa, Paulok kristau egina (Flm 19). Pauloren lankide izan zen eta kristau-elkartearekiko eskuzabala (Flm 5-7).

Ordurako zahartua eta preso zegoelarik idatzi zion gutuna Paulok, Kolosarrei Gutuna idatzi zuen egoera eta garai bertsuetan.[1]

Onesimo esklaboak ihes egina zion Filemoni, beronekin gorabeheraren bat izan ondoren (Flm 18). Nola ez dela jakin, Onesimok Paulorekin topo egin zuen, eta hark kristau bihurtzen (Flm 10). Paulok berekin eduki nahi zuen, baina ez zuen erabakirik hartu nahi nagusiaren baimenik gabe (Flm 13-14); horregatik, Filemoni bidali zion Onesimo, gutuntxo honekin batera, esklaboa "anaia maite" bezala ez ezik (Flm 16), Paulo bera bezala hartzeko erregutuz (Flm 17). Ez zion ageri-agerian esklaboari askatasuna emateko eskatzen, baina ez zuen ezbairik eskatutakoa baino gehiago egingo zuela Filemonek (Flm 21).

Pauloren asmoa gutunean ez zen esklabotzari buruzko irakaspena bere zabalean ematea, kasu berezi bat konpontzea baizik. Baina ikusmolde guztiz berria azaldu zuen gai hartan, azkenean esklabotzaren gaitzespena ekarriko zuen ikusmoldea:

« ez da jadanik bereizketarik juduaren eta judu ez denaren artean, esklaboaren eta librearen artean, gizonezkoaren eta emakumezkoaren artean, zuek guztiok bat baitzarete Kristo Jesusengan »
Ga 3:28

Beraz, gizaki guztiak berdinak lirateke Jainkoaren aurrean.[1]

  • Agurra (1:1-3).
  • Filemonen maitasuna eta sinesmena (1:4-7).
  • Paulo, Onesimo esklaboaren alde mesede eske (1:8-22).
  • Azken agurra (1:23-25).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Flm 0 - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]