Edukira joan

Fenizia Berria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Fenizia Berria[1] deritzona, 1803 eta 1811 urteetan zehar Garat anai gazteenak (Joseph Garat) euskal estatu nazionala lortzeko helburuz aurkeztutako proiektu bat izan zen, zeinak 7 probintziak batuko zituen Napoleonen babespean.

Dominique Joseph Garat

Proiektu hau bi egoera edo testuinguru ezberdin nagusietan garatzen da: batetik, lurralde euskaldunen artean konbergentzia ideologiko-insituzional bat zegoen eta orduko borboien zentralismoak lurralde horien gaineko presioa areagotzen zuen heinean, bateratze hori ere handitzen zen. Bestetik, Frantziako Iraultzaren ondorioz Europan zehar garatutako baldintza ezezagun edo bereziak eta Napoleon Bonaparteren enpresa beliko-administratiboak izango genituzke. Testuinguru honetan Gipuzkoak, legezko agintarien bidez, independizatzea lortu nahi izan zuen 1794an tropa konbentzionalen eskutik inbaditua izan ondoren. Horrez gain, agintari okupatzaileek, Moncey (Coneglianoko dukea zena, frantziar militar eta politikaria) buru zela, euskal lurraldeekin Frantziak babestutako errepublika bat eratzea mahaigaineratu zuten. Honek guztiak eta Basileako bakearen ondorengo Madrilen errepresaliak, Godoyk foru erakundeei honek beregain hartzen duen oinarri ideologikoei deklaratutako etsaitasunak euskaldunen eta euskal lurraldeen ezinegona areagotu baino ez zuen egin. Honen aurrean, Garatek alternatiba bat proposatu eta garatu zuen.[2]

Garatek proiektuari “Nueva Fenicia” edo “Fenizia Berria” izena ipini zion euskaldunen jatorriari dagokionez zegoen mito baten ondorioz: euskaldunak erromatar garaiko kantabriar zaharren ondorengotzat jotzen ziren garai hartan eta kantabriarrak feniziar kolonia baten oinordeko identifikatzen zituen; ondorioz, hori oinarri hartuta “Fenizia Berria” izena ipini zion lanari.[2]

Proiektuaren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proiektu honen garapenak hiru etapa izan zituen:

Lehenengo etapa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1803. urtean hasi zen, 1789an eman zen Iparraldeko foru galeraren ondoren eta Ipar Euskal Herriak frantses nazionalismo jakobinoa zela eta jasan zuen errepresio gogorraren ondoren, zehazki. Garai honetan, Garat senatari zen, eta Uztaritzen oporretan zegoen bitartean Napoleoni gutun bat idatzi zion Euskal Herrian aurkitu zuen egoeraren berri emanez: "Frantziako Iraultza ia ulertu ez duten fenomeno handi bat izan da, eta lehen ziren bezala utzi ditu"[1]. Horrez gain, testuinguru hartan Pirinioen berrantolaketan zebilen Frantziar kontsulatua eta honek ere Iparraldeko egoera aztertu ondoren, honakoa jakinarazi zion Napoleon Enperadoreari: "Hainbeste ondasun erakartzea guregana, espainiarrek euren artean galtzen uzten baitute".

Bigarren etapa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoleonek teorian Portugal okupatu behar zuen garaian garatu zen, Independentzia garaian alegia. 1808an Garatek, Tropa Frantsesen komandante zen Saveryri informe bat idatzi zion izenburu honen izenpean: “Espainia eta Frantziako zenbait kantonamenduren bilera-proiektu baten azalpen laburra, Espainiaren mendetasuna eta potentzia maximo baten sorrera errazteko”. Honela zioen informeak[1]:

Pirinioetako mazeletan eta haranetan, bai Frantzia aldean, bai Espainia aldean, badira lurralde batzuk euskal-frantses eta euskal-espainiar deritzenak, eta euren artean, gizakiak berekiko eduki ditzakeen harreman guztiak dituzte, zeinak ez dituzten ez espainiarrekin elkarturik daudenek ezta frantsesen aliatu direnek ere. Euskal-frantsesen eta euskal-espainiarren arteko bereizketa hori Frantziako erregeen lehen arraza agortu zenetik dator, eta beharbada lehenagotik. Hala ere, nahiz eta mende hauetan zehar potentzia ezberdinei eta gainera elkarren etsai direnei men egin dieten, nahiz eta hizkuntza eta ohitura desberdinak (eta aurkakoak) dituzten herrietako kide izan diren, euskal-frantsesek ez dituzte Frantziako ohiturak eta hizkuntza hartu, ezta euskal-espainiarrek Espainiako ohiturak eta hizkuntza ere, eurena kontserbatzea lortu baitute, batzuek zein besteek euskaldun izaten jarraitu dute. Euskal lurraldeek Espainian eta Frantzian zituzten legeak (Espainian foruak, Frantzian ohiturak deiturikoak) oso antzekoak ziren euren artean, eta oso ezberdinak egokitzen zitzaizkien lurraldeen legeekiko, hau da, Espainia eta Frantziarekiko.

Horrez gain, txostenak ere aipatzen ditu euskaldunen antolaketa eta euskal-foru legedia, Iparralde zein Hegoaldean komuna dena, berdintasunean eta lanean, noblezia unibertsalean, soldadutzarekiko estimazio urrian eta honek ondorioztatzen duen desertzioetan oinarritua zegoena. Lurraldeak duen itsas sena ere goraipatzen du, zeina identifikatzen duen Frantziaren etsai amorratua zen Ingalaterrari aurre egiteko erabil zezaketen estrategia gisa. Bestalde, azpimarratzen du proposamenaren muina edo erdigunea euskal probintzia guztiak estatu batean biltzea litzatekeela, Frantzia eta Espainiaren arteko estatu neutrala izango zena, Napoleonen babespean:

Beharrezkoa da potentzia bakar baten pean bilduta egotea, eta potentzia hori ezin da enperadorea ez den beste inor izan (...) lau kantonamendu euskal-espainolek eta hiru kantonamendu euskal-frantsesek Inperioko bi edo hiru departamentu berri osatu beharko lituzkete. Bi besterik sortuko ez balira, indartsuenak direnak, eskuairak eta flotak hartu eta zaintzeko porturik egokienak dituenak, Fenizia Berria izena eramango luke, eta bigarrenak Tiro Berria. Mendiek, komunikatzeko gaitasunak zailagoak izatea eragiten dutenak izaki, departamentu berri bat sortzea eskatuko balute, Sidon Berria deituko litzaioke ".

Eskariak, aitzitik, beste hiru proposamen zerrendatzen zituen: batetik, gaztelaniaren eraginaren deuseztatzean jardutea, bigarrenik, itsas soldaduska bakarrik erabiltzea eta amaitzeko, euskara hizkuntza ofizial bakar gisa ezartzea, hezkuntzan barne. Hezkuntzaren haritik jarraituz, honetarako erabiliko liratekeen testuak Larramendirenak, Oihenarterenak eta Garatenak izango lirateke. Fenizia Berria Ingalaterrako itsas armada estutuko zukeen itsas potentzia izango zatekeela nabarmentzen du.

Guzti honen aurrean Napoleonen erantzuna informazio gehiago eskatzea izan zen, Albert Darricauek 1906ean idatzitako bere obran ("France et Labourd") adierazten duenaren arabera: "Enperadoreak txosten honen berri izan ondoren Garati lurralde honi buruzko ikerketekin aurrera jarraitzeko agindu zion eta ondoren, gai konplexu honi buruzko lan handi eta osatuago bat aurkezteko".

Hirugarren etapa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken fasea, 1811an leku-hartu zuena, oso bestelako egoera batean garatu zen, izan ere, penintsula gerran zegoen jada eta nahiz eta orduko agintari Josef I. izan, bere anaia zen Napoleonek erregeak berak baino kontrol edo botere gehiago zuen Penintsulako lurraldeetan: Katalunia, Aragoi eta Euskal Nafarroako probintzietan, besteak beste. Urte berean, Garatek Recherches sur le peuple primitif de l 'Espagne, sur les revolutions de cette péninsule, sur les Basques espagnoles et la volreel España sobre las volreitivo de España ("Espainiako jatorrizko herriari buruzko ikerketak, penintsula honetako iraultzei buruzkoak, espainiar eta frantziar euskaldunei buruzkoak") deituriko obraren sintesi bat bidali zuen Bassanoko dukearen bitartez, orduko atzerriko ministroa zenaren bitartez, alegia.

Azken faseko txosten honek[1], aurrez azaldutako argumentuak garatu eta zabaltzen ditu. Bestalde, proiektuaren funtsa den bateratzea "Espainiaren borondatezko mendetasuna" eta "Ingalaterraren hurbileko umiliazioa" bermatzeko planteatzen du. Proiektuaren azken planteamenduaren xehetasunak honakoak dira:

  1. "Espainiar eta frantziar euskaldunak egungo banaketan uzten badituzue, euskaldunak bakarrik izango dira; batzen badituzue, une horretan bertan denak batera kantabriar bihurtuko dira"[3]
  2. Euskaldunak oso egokiak dira itsas zerbitzu baterako, ez lehorreko armada baterako, zeren eta:
    • Euskaldun kopurua 600.000 - 700.000 artean dago eta hori oso eskasa da Inperioko lehorreko zerbitzu militarrerako.
    • Euskal soldaduak balio pertsonal ikaragarria dute ofizio horretarako, baina jakintza militar falta dute.
    • Mendian eta haitzuloetan ezkuta daitezke eta euren guraso zein familiarrak soilik zigortu ahalko ditugu, askotan errurik ez dutenak izaki.
    • Soldadu gisa, kantabro zaharrek hobekien egiten zutena hiltzea zen, baina guk ez ditugu heriotza heroikoak behar, garaipenak baizik.

Dokumentua sarrera batean eta hiru zatitan banatua dago: Lehenengo zatiak euskaldun frantses eta espainiarren arteko hizkuntza komunaren dialekoez dihardu, baita bertako legeez, ohiturez eta jokoez ere. Bigarren zatiak aldiz beste egitura bat du, Euskal lurraldeek penintsula osoan urte luzeetan izan ziren iraultza edo matxinada ezberdinen aurrean hartutako zenbait jarrera edo posizio islatzen ditu, hau da, lurraldeak historikoki izan duen jarduna, irudi edo koadro historiko baten bitartez. Azken zatian, aitzitik, euskaldun guztien bateratze instituzional bat proposatzen du, bi edo hiru sailetan banatua egongo dena eta itsas zerbitzura bideratuak, betiere euren hizkuntzaren babespean. Bertsio berritu honetan aipaturiko sail horiek Nueva trio eta Nova Sidón eta guzti hauen bateraketak, azkenik, "Nueva Fenizia" izena hartuko luke. Bestalde, bandera eta armarriari dagokionez, Nafarroakoak izango lirateke:

Espainiar eta frantziar euskaldunak itsas zerbitzuan bakarrik jarriz eta guztiak Inperioko bi edo hiru departamentutan bilduz, departamentu horietako bati Nuevo Tiro izena eman geniezaioke, eta besteari Nueva Sidon eta guztien batasunari Fenizia Berria. Zirkunstantzia berezi eta paregabe batengatik, arrazoi sendoak daude uste izateko bere itsasontzietako banderen Feniziako armarria guregana igaro dela mendeetan zehar, oraindik ere Nafarroako armarrian dagoena.

Proiektuaren amaiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenean, ordea, Fenizia Berriaren proiektua ezin izan zen azkenetaraino eraman, batetik Napoleonek penintsulan izan zuen ahultzeagatik, Errusiari aurka egiteko bertako armada indartu beharra zegoen eta beraz, Espainiatik eraman behar izan zituzten, Espainiako armada ahuldu zelarik. Bestetik, Napoleonek, orokorrean honen ondoren izan zuen erorketagatik eta botere galeragatik.

Hala ere, proiektu honen ezagutzak goi maila politiko eta intelektualetik haratago hedatuko zitekeenaren ziurtasunik ez dago, baina garbia dena da garaiko egoera edo testuinguruari erantzuten diola bai Europari eta baita Euskal Herriari dagokionez ere[4]. Europako hainbat lurraldetako gertaera historiko eta politikoek mendeetan indarrean egon zen identitate sentimendu sendo bat berpiztu zuen lurraldean, zeinaren ardatza ziren foruak. Sentimendu hau oinarri, Garatek proposamen moderno eta aurreratu bat egin zuen estatu bateratu baten antzeko zerbaiten planteamendua egin zuelarik. Garai hartan ezezaguntzat jotzen zen ideia berri baten garapenari ekin zion, lurraldearen bateratzean jardun zuelarik; nolabait, iraultzaren filosofia edo ideia ardatz izan zuela esan daiteke, gerora Larramendik edo Aranak[4]garatuko zuten planteamenduaren guztiz ezberdina zena.

Dena dela, argi dago proiektu honek bere aztarnak utzi zituela, beste behin ere, Pirinioetako bi aldeetako kultura eta ohitura komunak deskribatzen zituen testigantzak; bi menderen ondoren, oraindik euskaldunek borrokan jarraitzen dute euren lurraldearen izaera berreskuratzearren.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d (Gaztelaniaz) «Nueva Fenicia, el proyecto de Estado Vasco de Garat» Aberriberri bloga 2009-08-22 (Noiz kontsultatua: 2021-04-29).
  2. a b «NUEVA FENICIA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-29).
  3. (Frantsesez) Casenave, Jean. (2006-11-01). «Dominique-Joseph Garat - Recherches sur le peuple primitif de l’Espagne ; sur les révolutions de cette péninsule ; sur les Basques espagnols et françois. Rapport établi en 1811 pour Napoléon Ier» Lapurdum. Euskal ikerketen aldizkaria | Revue d'études basques | Revista de estudios vascos | Basque studies review (11): 69–135.  doi:10.4000/lapurdum.309. ISSN 1273-3830. (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  4. a b (Gaztelaniaz) «Nueva Fenicia, un proyecto de Estado Vasco en el XVIII» El Diario Vasco 2012-10-11 (Noiz kontsultatua: 2021-04-30).