Felix Izagirre
Izagirre I | ||||
---|---|---|---|---|
Izen osoa: | Felix Izagirre Garate | |||
Jaiotza data: | 1903ko ekainaren 11 | |||
Jaioterria: | Ermua ( Bizkaia) | |||
Heriotza data: | 1975eko martxoaren 23a | |||
Heriotza herria: | Ermua ( Bizkaia) | |||
Pilotaria | ||||
Modalitatea: | esku huskako pilota | |||
Postua: | aurrelaria | |||
Debutatze data: | 1922ko otsaila | |||
Debutatze pilotalekua: | Euskel-Jai [Bilbo]] | |||
Erretiratze data: | 1950eko uztailaren 2a | |||
Erretiratze pilotalekua: | Euskalduna [Bilbo]] |
Felix Izagirre Garate (Ermua, Bizkaia, 1903ko ekainaren 11 – Ermua, Bizkaia, 1975eko martxoaren 23a) esku-huskako eta palazko pilotaria izan zen, bere garaiko distiratsuenetakoa eta kantxetan Izagirre I, Txekorra, Tarzán edo El Tigre de Ermua bezala ezagutua izan zena.[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ermuko plazako frontoira begira jaio zen, Erletaneko etxean, amaren izenetik ere ezagututakoa, Eskolanekua.[2] Eskolastika Garate Ariño[3] emakume ikasia zen, pianoa ere joten zekiena, ez oso ohikoa sasoiko gizon eta emakumeen artean. Bibolina ere bazen haien etxean eta egundoko liburutegia, gai bitxienez hornitua. Mozart eta Beethovenen musika artean hazi zen Felix.[4]
Aita, Francisco Izagirre Alberdi,[5] ama bezala ermuarra, gizon irakurria eta kultura handikoa zen, Ferrocarriles Vascongados konpainiako zerbitzu elektrikoen zuzendari eta gerora Ermuko alkate izango zena.[6] Ikasketak emanez formatu nahi zituzten seme-alabak, baina Felixek pilotari eta pilotari izan nahi zuela, etxekoen asmoei aurre eginez gogor: amarru eta debeku guztiek ez zuten lortu mutila bere hartatik ateratzea eta ez zuen amore eman bere burua profesional mailan jokatzen ikusi zuen arte.[7]
Felix Izagirre pentsamoldez errepublikazalea zen, Manuel Azañaren Acción Republicana alderdikoa eta hauteskunde guztietan bere izena Ermuko hautagaien zerrendan joaten zen. Gehienetan kanpotik izaten zen, Madrilen-eta, baina hauteskunde egun bezperan Ermuan azaltzen zen lagunen batek lagatako kotxe kabrioleten bat gidatuaz. Biharamon goizean botoa eman eta arratsalde iluntzean bueltan berriro Madrilera, egokituta zuen pilota partida jokatzera.[4]
Pilota ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esku-huskako modalitatean hasi zen, baina hain indar handiz ematen zion pilotari eskuak beti minduta zituela, zartaduraz beteta eta palan jokatzeari ekin zion, erremonteak tentatu bazuen ere. Bilboko Euskel-Jai pilotalekuan debutatu zuen, 1922ko otsailean. Handik aurrera eta 1930ra arte hainbat pilotalekutan jokatu zuen: Bilbon (Euskalduna eta Euskel-Jai) Madrilen (Retiro eta Jai-Alai) eta Donostian (Jai-Alai eta Moderno). Izagirre bezala jokatzen hasi zen, harik eta bikote izango zuen Jose Andres anaia Izagirre II bezala kantxaratu zen arte.[8]
1930eko irailaren 24an auzoko, pareko Herreroneko alaba zen Juanita Solozabal Arriagarekin ezkondu zen Urkiolako santutegian eta luze eman zuen sasoiko prentsak ospakizunaren berri.[9] Seme bi izan zituen bikoteak: Luis Mari, zartzueletako abeslaria eta aktorea izango zena eta Fernando, bere argazki zaletasunagatik nabarmendu zena.[4]
1931an Sevillan eta 1932an Mexiko frontoian jokatzen topatzen dugu Felix eta, handik itzulita, Bartzelonako Novedadesen.1936ko otsailean Madrilgo Rocoletosaren inaugurazioko partida jokatu zuen. Bartzelonara itzuliz, Espainiako Gerra Zibila Novedades pilotalekuari lotuta igaro zuen eta bertan garatu zuen bere jokorik bikainena. 1939ko abenduaren 8an, Bilboko bigarren Euskalduna pilotalekua inauguratu zuen.
Kirol Delegaritza Nazionalak antolatutako pala modalitateko lehia ofizialetan, txapelduna izan zen 1942, 1943 eta 1945ean, 40 urtetik gorako kirolaria izan arren, sasoi betean oraindik.[8]
Bere ibilbideko azken urteetan atzelari gisa aritu ostean, Bilbon 1950eko uztailaren 2an jokatu zuen profesionaletako azken partida, Euskalduna pilotalekuan Zarandona bikote zuela eta Begoñés eta Arrigorriaga I.aren aurka.[8]
Adiskide askoko gizona, hil zen eguneko eguerdian ere lagun arteko bere biratxoa egin ostean etxeratu zen, ondoezik sentidu eta “banajoiak, ez nagok ondo!” esanda. Iluntzera orduko zendu zen. 1975ko martxoaren 23a zen eta bere heriotza sentidua izan zen jaioterrian eta baita pilota munduan.[4]
1975 urteko Santixauetako jai egitarauan “Hijos ilustres de Ermua” izenburupean Jose Ramon Basterra, Aitona kazetariak sinatutako artikulua argitaratu zen, Izagirre I.aren figurari buruzkoa.[8]
Kirolari ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizon handia zen, indar ikaragarri eta jo geraezinekoa. Goitizen ugarirekin bataiatu zuten: Ermuko Txekorra, Tigrea, Felix Asto, Tarzan… gutxi lako gizaseme gihartsua izatearen erakusle ia denak. Sakea, tiro baten bestekoa zuela zioten eta metrailadore bat zirudiela ere. Indar izugarriarekin ematen zion pilotari, nahiz eta bera izan palarik astunenak erabiltzen zituena, kilo ingurukoak. Bere indarraren erakusle boxeoan Pisu Astunen kategorian hiru aldiz Europako txapelduna izandako Paulino Uzkuduni pultsuan irabazi izana, errexildarraren esanetan sekula irabazi dion pertsona bakarra.[4]
Sasoiko kronikek jasotzen duten bezala aurrelari zein atzelari moduan, ezkerrarekin nahiz eskumarekin, pilota guztiak harrapatzen zituen, frontoietako pilotaririk txalotu eta estimatuenetakoa izatera iritsiz. Bere sasoiko aurrelaririk onena kontsideratua dago eta, pilota kideen esanetan, egon denik eta hoberena, konpletuena. “Hurakan baten bestekoa da, zestalariak ere txarto ibiliko dira hari aurre egiteko!”, miresmen berbak zituzten berarentzat.[4]
Aitortzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1975an, Pilotaren Espainiako eta Bizkaiko Federazioen ekimenez eta Ermuko udalak bultzatuta Kirol Merituaren Domina ematea proposatu zitzaion Kirol Delegaritza Nazionalari
- 1976ko uztailaren 25ean, Ermuko udalak omenaldi bat egin zion eta, Kirol Merituaren Domina emateaz gain, plazako pilotalekuaren frontisean bere omenezko plaka bistaratu zen, Ricardo Iñurria eskultore santurtziarrak eginikoa[10][11]
- 1977an, Bilboko Club Deportiboak hiru pala partida jokatuz omendu zuen. Gainera, Iñurriaren plakaren erreplika bat Clubeko horma baten zintzilikatzeaz gain, egunaren gomutaz Felixen irudiaren giltzatakoak banatu ziren, bildumagileen pieza bihurtu direnak[10][12]
Ermuko Erdikokaletik plazara doan kale bitartea, hau da, Felix jaio eta gerora biziko zen etxe bien arteko kaletxoari Felix Izagirre zeharbidea jarri zitzaioan, Kantabria anaien omenezko zeharbidetik oso gertu.[13]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «IZAGUIRRE GARATE, Félix - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-18).
- ↑ Odriozola, Fernando Aranberri. (2001). «Ermua-Eitzaga: Leku-izenak» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-19).
- ↑ «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-08-19).
- ↑ a b c d e f «Ermuako Udala - Ermuko Udal Liburutegia - Bertako Bilduma» www.ermua.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-18).
- ↑ «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-08-19).
- ↑ «Aita Ermuko alkate - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-18).
- ↑ «Anaiari pilotaria izateko ideia uxatzeko, aitaren "trikimailuak" - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-18).
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Santixauak. Jai egitaraua.. Ermuko Udala.
- ↑ Elkartea, Euskal Birusa. «Drogetenitturri, 293 zenbakia (2020ko urria) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2022-08-18).
- ↑ a b Elkartea, Euskal Birusa. «Drogetenitturri, 297 zenbakia (2021eko otsaila) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2022-08-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) «RICARDO IÑURRIA, ESCULTOR Y PINTOR DESCONOCIDO EN SU PUEBLO» Santurtzi Historian zehar 2018-05-03 (Noiz kontsultatua: 2022-08-19).
- ↑ «memorial felix izaguirre garate - Comprar Llaveros antiguos y de colección en todocoleccion - 91263555» www.todocoleccion.net (Noiz kontsultatua: 2022-08-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) EU, Callejero. «Travesía de Felix Izaguirre» Callejero (Noiz kontsultatua: 2022-08-18).