Edukira joan

Faroeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Faroeak
Føroyar
Færøerne
Ereserkia: Tú alfagra land mítt (en) Itzuli

Faroeetako bandera

Faroeetako armarria
LocationFaroeIslands.png
Geografia
Hiriburua
eta hiri handiena
Tórshavn
62°0′0″N 6°46′48″W
Azalera1.399 (180.)
Punturik altuenaSlættaratindur
KontinenteaEuropa
MugakideakIslandia
Administrazioa
Gobernu-sistemaDanimarkako autonomiadun probintzia
ErreginaFrederik X.a Danimarkakoa
LegebiltzarraLøgting
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria54.149
Dentsitatea38,71 bizt/km² (171.)
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Emankortasun-tasa2,6 (2014)
Bizi-itxaropena82,24146 (2016)
Ekonomia
Inflazioa1,3 % (2019)
Historia
Sorrera data: 1948ko apirilaren 1a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia 298
ISO 3166-1 alpha-2FO
ISO 3166-1 alpha-3FRO
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.europar loki, Schuko, Type E (en) Itzuli eta Type K (en) Itzuli
Internet domeinua.fo

Faroeak edo Faroe uharteak[1] (faroeraz: Føroyar, eta danieraz: Færøerne, «arkumeen uharteak») Ipar Atlantikoko uhartedi bat dira, Erresuma Batua eta Islandia artean kokatua. Uharteok Danimarkako estatuaren zati dira. 1948tik, eskuduntza osoak dituen gobernu autonomoa dute, babesa eta kanpo harremanen arloetan izan ezik. Dibisa ofiziala Faroetar koroa da. Uharteetako hiriburua Tórshavn da.

Geografia eta klima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Faroeetako uharteen zerrenda»

Faroeak uhartedi bat dira, 18 uhartez osatua. Iparraldetik hegoaldera 113 kilometro hartzen dituzte; eta ekialdetik mendebaldera, 75 kilometro. Uhartedi malkartsua da, mendi altuak ditu (Slættaratindur, 882 m), eta fiordo sakonak. Uharterik handienak Streymoy (bertan dago Tórshavn hiriburua), Eysturoy, Vágar eta Suðuroy dira.

Latitudea kontuan izanik, klima leuna da, Golkoko itsaslasterraren eraginpean baitago: tenperatura neguan -3 °C eta udan 11 °C artekoa da, eta urteko batezbestekoa 6,7 °C-koa da. Behelainoa ohikoa da, baita haize indartsua ere.

Ez da ezaguna Faroe uharteen antzinako historia, baina uste da VI. mendearen inguruan monje irlandar eta eskoziar batzuk bertara iritsi zirela. San Brandan monje nabigatzaile irlandarrak bisitatu omen zituen eta "arkumeen uhartea" izena jarri. 650. urtearen inguruan normandiarrak joan ziren, Shetland, Orkada eta Hebrida uhartedietatik. Haien hizkuntza gaelikoarekin nahastuta sortu zen faroera.

XI. mendean, iparraldeko uharteetako klanek hegoaldekoak garaitu zituzten, eta azken horiek Norvegiara ihes egin behar izan zuten. Norvegiako Olaf I.a erregearen laguntzarekin berriz Faroeetara itzuli, uhartedi osoaz jabetu eta kristautasuna eraman zuten. Uharteak Norvegiaren esku zeuden, baina 1387an Kalmarko Batasuna egitearekin batera, daniar koroaren eragina nagusitzen joan zen, eta 1814ko Kielgo Itunak uharteak Danimarkari eman zizkion.

XIX. mendearen bukaeran abertzaletasuna garatzen hasi zen, 1888an faroera defendatzeko lanarekin eta 1906an sortu ziren alderdi abertzaleekin. Bigarren Mundu Gerran nazi alemanek uharteak hartu zituzten, baina Erresuma Batuak uharteak askatzearekin batera abertzaletasunak indarra hartu zuen, eta 1948an autogobernua eskuratu zuten. Horren adibide da Danimarka 1973an Europar Batasunean sartu arren, Faroeek Batasunetik kanpo geratzea erabaki izana.

Uharteetan bizi diren 48.703 biztanleetatik % 91,7 faroetarrak dira, % 5,7 daniarrak, eta % 0,3 groenlandiarrak. Horiez gain 77 nazionalitatetako jendea dago, gehienbat islandiarrak (populazioaren % 0,4), norvegiarrak (% 0,2) eta poloniarrak (% 0,2). Faroeraz hitz egiten dute eta kristauak dira, zehazki luteranoak.

Faroeetako udalerri handienak honako hauek dira:

Udalerria Biztanleak (2009) Uhartea
Tórshavn 19.339 Streymoy
Klaksvík 4.938 Borðoy
Runavík 3.753 Eysturoy
Eystur 1.939 Eysturoy
Vágar 1.987 Vágar
Tvøroyri 1.819 Suðuroy
Fuglafjørður 1.584 Eysturoy

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faroeak sei eskualdetan banaturik daude: guztira, zazpi barruti eta 30 udalerritan.

Faroeak, arkumeen uharteak

1990eko hamarkadan arrantzaren krisi latza iritsi zen eta langabezia tasa % 15eraino igo zen, baina egoera konpondu zutenez, 1998an % 6koa eta 2008an % 1,1eko langabezia tasa zeukan. Ekonomia arrantzan oinarritzeak etorkizuna zaildu egiten du. Hala ere, Danimarkak laguntza ematen dio, Faroe uharteen barne produktuaren % 11,7 osatzeraino.

Arrantza eta abeltzaintza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia arrantzan oinarritzen da, sardinzar eta bakailao arrantzan batez ere. Bereziki aipagarria da balearen ehiza, feroeraz grindadráp. 1584. urtetik datorkio balearen ehizaren tradizioa uhartediari baina gaur egun desadostasun handiak ditu Nazioarteko Balea Batzordearekin. Urtero 627 pilotu-balea (Globicephala melas) harrapatu izan ditu batez beste, baina 2010ean, 1.115 balea ehizatu zituzten.

Ardi eta arkumeen hazkuntza ere garrantzitsua da.

Industria handirik ez dago baina 2000 urtetik aurrera informazio eta teknologiaren inguruko enpresak iritsi dira. Petrolioa aurkitu berri dute uharteen inguruan, eta horrek agian ekonomia bultza lezake.

Uharteko aireportu bakarra Vágar uhartean dago. Tórshavn hiriburuak heliportua dauka. Uharte harritsuak izanik, ez da erraza azpiegitura-sare zabala eraikitzea eta errepide nagusiek tunel bidez zeharkatzen dituzte uharteak eta batetik bestera pasatzeko zubi ugari ere badaude.

Smyril Line konpainiak ferry bidez lotzen du Tórshavn Islandia eta Danimarkarekin. Ferryak uharteen artean ere aritzen dira.

Biztanleen jatorria dela eta, Faroeetan iparraldeko Europako kultura antzematen da. Hain isolaturik egoteak ohitura zaharrak mantentzeko aukera eman die, bestetik.

Hizkuntza faroera da, iparraldeko germaniar hizkuntzen taldekoa. Mendeetan zehar ahoz aho igaro izan dira poesia, kantu eta istorioak, harik eta XIX mendean literatura idatzia sortu zen arte. 1983an Iparraldeko Etxea (faroeraz Norðurlandahúsið) sortu zen Tórshavnen, Faroeetako eta Iparraldeko kultura bultzatzeko helburuaz. Zortzi pertsonak osatutako batzordeak gidatzen du: hiru faroetarrak dira eta gainontzeko bostak, Europa iparraldeko herrialdetakoak.

Jaialdi nazionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faroeetako egun nazionala Ólavsøka da eta uztailaren 29an ospatzen da. San Olafen heriotza gogoratzen da. Ospakizunak parlamentuan hasten dira (duela 900 urte sortua da) eta, ondoren, Tórshavneko katedralean elizkizuna izaten da. Egunean zehar dantzak, musika eta batez ere kirol lehiaketak izaten dira. Arrakastarik handiena arraun estropadek izaten dute.

Musika garaturik daukan herrialdea da. Klasikoari dagokionez, orkestra sinfonikoa eta hainbat abesbatza daude. Gazteek, ordea, kantautoreak nahiago dituzte (adibidez, Eivør) edo musika taldeak (adibidez, Týr heavy metala jotzen duen talde bat). Urtero udan, Summartónar musika klasiko eta garaikidearen festibala antolatzen da.

Bi urtetik behin, Uharteetako Jokoetan parte hartzen du. 1989. urtean, Faroeetan antolatu zen Uharteetako III. Txapelketa. 2007an, 27 taldetatik hirugarren geratu ziren; eta 2009an, bosgarren.

Futbola da kirol nagusi Faroeetan. Hamar taldek osatzen dute Faroeetako liga eta HB Tórshavn (22 liga) eta KÍ Klaksvík (17) dira garaipen gehien dituzten taldeak. UEFA zein FIFAko kide denez, futbol selekzio nazionala ere badu.

Fauna eta flora

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BirdLife International erakundeak Faroeetako uharte gehienak "Hegaztientzako Eremu Garrantzitsua" (IBA, Important Bird Area) izendatu ditu. Itsasoko hegazti aipagarriak dira: eiderra, martin arrunta eta hegalzuria, ipar fulmarra, lanperna-musua, antxeta hankabeltza, ekaitz-txori txikia...

Ugaztunen artean, hiru espezie bizi dira bertako uharteetan aske: elur erbia, arratoi arrunta eta sagu arrunta. Bestalde, itsas txakur grisa eta pilotu-izurde hegaluzea sarri hurbiltzen dira kostaldera. Orkak ere agertzen dira noizbehinka. Abereen bertako arrazak ere daude, hala nola, Faroeetako ponia, behia, ardia, antzara eta ahatea.

Florari dagokionez, belardiak eta txilardiak dira nagusi. Alpeetako loreak, goroldioak eta likenak ere ugariak dira.

Ondasun nabariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Tinganes penintsula: Tórshavneko alde zaharra da. Bertan dago Faroeetako gobernuaren egoitza.
  • Tórshavneko katedrala: XVIII mendean eraikia.
  • Skansin gotorlekua: Tórshavnen, XVI mendean eraikia.
  • Listasavn Føroya arte museoa: Tórshavnen 1989. urtean irekitako museo honek Faroeetako arte modernoa erakusten du.
  • Iparraldeko Etxea (faroeraz Norðurlandahúsið): Tórshavnen Faroeetako eta Iparraldeko kultura bultzatzeko helburuaz 1983an eraikitako etxea.
  • Sørvágsvatn aintzira.
  • Bøsdalafossur urjauzia.
  • Suðuroy uharteko itsaslabarrak.

Faroetar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 159. araua. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-10-12).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]