Ezkutuko ehiza
Ezkutuko ehiza edo isileko ehiza legez kanpo egiten den ehiza da. Ehiza legez erregulaturiko egoeretan, ehiza mota hau legez kontrakoa da, ondorengo arrazoi hauetako batengatik edo gehiagorengatik:
- Legeak harrapakin horri esleituriko ehiza sasoitik kanpo egina delako.
- Ehiztariak harrapakina ehizatzeko baimenik ez duelako.
- Ehiza egiteko erabilitako arma baimenduta ez dagoelako harrapakinaren kasuan.
- Ehiza egiteko erabilitako metodoa legez kanpokoa delako (adib: tranpak, lehergailuak, pozoina...)
- Ehizatu nahi den animalia edo landarea murriztutako egoeran delako eta legez babestua dagoelako.
- Ehiza gertatu den gunea babesturiko eremu batean dagoelako.
- Animalia edo landarea ikertzaile batek markatua izan delako.
Ohar bedi ezkutuko ehiza animalia basatien kasuan soilik aplikatzen dela. Besteren animalia etxekotuak ehizatzea ere legez kanpokoa da, baina ez da ezkutuko ehizatzat jotzen, lapurretatzat baizik.
Alderdi historikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdi Aroan, ezkutuko ehiza txiroek bizirauteko era bakarra zen, bereziki ehiza nobleziari eta pertsona dirudunei gordetako pribilegioa zenean. XVI. mendean, adibidez, orein bat hilez gero (Europako zenbait lekutan erregetasun handiko animaliatzat hartua) heriotza-zigorra jaso zezakeen horretarako eskubiderik ez zuen ehiztariak.
Garai haietan txiroek ehizatutako animaliariarik ugarienak untxiak ziren, bereziki lakioak eta falkadak erabiliz ehizatuak. Benetako ehiza edo ehiza handia burutzeko armak, habilezia eta denbora librea eskatzen zituen eta hauek ez ziren txiroek zituzten baliabideak. Horregatik, baserritar arruntarentzat oso zaila zen jaunari omen zegokion oreina ehizatzea. Hala ere, goseteek eta miseriak isilpeko ehizara bultzatzen zuten jende ugari. Erdi Aroan animalia basatiak ziren gosea asetzeko baliabide bakarrak, janaria lortzeko beste iturri batzuk agortu egiten baitziren garai haietan hain ohikoak ziren goseteen ondorioz, eta honakoagatik egiten zuen ezkutuko ehizak gora. Lehen aipatu bezala, orein bat ehizatzea delitutzat hartzen zen, isileko edo ezkutuko ehizatzat hain zuzen ere.
Gaur egun, gehienetan isilpeko ehiza ez da nobleziaren pribilegioei lotua, batez ere ekosistema babesteko arau multzoen ondorio baizik.
Ezkutuko ehizaren ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ehiza erregulatzeko arrazoi nagusiak ekologiari lotuak dira, eta beraz, ezkutuko ehizaren ondorioak ekologikoak izaten dira nagusiki. Ondorio nagusiak hauek dira:
- Animalia populazioaren gutxitzea, desagerpen arriskua handituz. Neurriz kanpoko ehiza dakar ezkutuko ehizak, eta espezie bat guztiz desager daiteke zonalde batean.
- Ingurumen naturaletako aniztasun galera. Oihan baten orekan beharrezkoak diren animaliak desagertzeak ondorio kaltegarriak ditu ingurumenaren garapenean eta biotopo baten barne orekan. Adibidez, izurriteen kontrako babes naturalak desagertzen dira, zenbait landareren garapena oztopatua gerta daiteke...
- Legez kanpo ehizaturiko animaliak jateak, osasun kontroletatik kanpo, gaixotasunen agerpen eta hedatzea ekar dezake.
Ezkutuan ehizaturiko animaliarik ohikoenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pangolinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pangolinak bereziki Asia inguruan ehizaturiko animaliak dira Malasia, Indonesia, Thailandia, Laos, Vietnam, Nepal eta India herrialdeetan hain zuzen ere. Animalia honen salerosketa 2000. urteko Nazioarteko Arriskuan dauden Espezieen Salerosketa Hitzarmenak debekatu arren, txinatar askok haren haragia oraindik delicatessentzat hartzen dute. Haren ezkatak ere kutiziatuak dira, medikuntza munduan oso ospetsuak baitira bere propietate sendagarriengatik. Ezkatez gain pangolinaren gernua eta odola ere sendagarritzat erabiltzen dira, honako gaitzen kontra erabilgarriak direlakoan: artritisa, asma, sukarrak, alergiak, larruazaleko gaitzak eta baita ere prostata-minbizia, hemofilia edo sexu harremanen bidez jasotako gaixotasunak.
Pangolinak desagertzeko zorian dauden animaliak dira eta lehen aipatu bezala, hauen salerosketa guztiz debekatuta dago. Hala ere, merkatu beltzean animalia exotiko hauen eskaera oso handia da. 2008. urteko urtarrilean bi gizon txinatar heriotz-zigorraz zigortuak izan ziren animalia hauekin trafikatzeagatik, Pekinen delitu honen aurka gogor egiten dutelaren seinale. Bi gizon hauek harrapatuak izan aurretik 3,2 milioi Yen inguru irabazi zituzten ( 2,1 milioi euro gutxigorabehera) sei hilabetetan soilik.[1]
Tigreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Animalia hauek India, Nepal, Myanmar eta Errusiatik trafikatzen dira nagusiki. 90ko hamarkadaren hasieran, tigreen salerosketa debekatu zenean, hauen hezurrak sendagaiak, ardoa, igeltsua edo gel-a ekoizteko erabiltzen zituzten 200 enpresa txinatar baino gehiagok. Tigreen larrua ere oso estimatua da Asiako zenbait tradiziotan. Adibidez, Tibeten ugaztun hauen larruazalarekin egiten dituzte ausardia adierazten duten sei jatziak: goiko eta beheko jantziak, lepokoa, kapa, zela eta manta. Azken hau larru komunago batez ekoiz zitekeen, hala nola igaraba larruz, baina zonalde honek jasandako hazkunde demografikoak katuki hauen eskaera nabarmenki igotzea eragin du. Arlo honetan industria-teknikak izugarri garatu dira azken hamarkadetan eta honen ondorioz tigreen populazioak izugarri egin du behera. Munduan 2.500 tigre inguru daudela kalkulatzen da, desagertzeko arriskuan daudelarik. 2007. urteko abenduan isileko ehiztarien talde bat desegin zuen Indiar poliziak, zeintzuek tigreen larrual bakoitza 4.500 eurotan saltzen zuten eta txinatar merkatuan 50.000 eurotara igotzeko asmoa zuten. [1]
Hartzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bereziki Errusia, Ipar Amerika eta Hego Amerikan trafikatzen dute ugaztun hauekin. Erregositako hartz-hanka sukaldaritza txinatarraren berezitasun bat da, eta larrua, gantza, bizkarrezurra, garunak, hezurrak eta atzaparrak medikuntza tradizionalean erabiltzen dira. Halere, bere atalik preziatu edo estimatuena xixkua da, merkatu txinatarrean 40.000 dolarrengatik sal daitekeena. Behazuna 100 sendagai baino gehiagotan erabiltzen da heste, bihotz eta gibeleko gaitzak tratatzeko.
Hartzen salerosketa ilegalak animalia hau desagertzeko zorian egotea eragin du nahiz eta hartzen gatibu-hazkundea asko garatu den. [1]
Zibetak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asiako hego-ekialdean ehizaturiko ugaztunak dira zibetak. Osagai garrantzitsutzat dauzkate dragoi, tigre edo fenix delakoaren zopa prestatzeko (sugea, zibeta eta oilaskoz osaturiko platera). Plater hau Txinako jaki ospetsu bat ez ezik sendagaia ere bada, artritisa sendatu, odol fluxua hobetu edo libidoa handitzen duela uste baita.
Zibeten salerosketaren ondoriorik latzena, ironikoki, giza-osasunerako kaltegarria izan daitekeela da. Izan ere, zenbait ikerlanek abiar-gripearekin lotu dituzte animalia hauek, eta baita 2002ko SARS agerraldiarekin ere. Gertakari hauen ondorioz txinatar Gobernuak animalia hauen salerosketa debekatu zuen 2003. urtean, baina debeku hau lau hilabetetara baliogabetu zuen, saltzaileen presioak eraginda. 2004an berriz gaixotasun kasuak agertu zirenean, txinatar Gobernuak berriro animalia hauen salerosketa debekatu zuen eta 10.000 zibeta hiltzeko agindua eman zuen.[1]
Baleak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bereziki Antartikan, Norvegian eta Islandian egiten den legearen aurkako ehiza da baleena. Gaur egun baleak ehizatzearen arrazoi nagusia haragia lortzearena da, antzina beste arrazoi batzuk bazeuden ere, hala nola erregaia lortzea (koipeen bidez) edo produktu kosmetiko eta produktu farmazeutikoak egiteko lehengaiak lortzea.
Egun erabilitako tresna nagusiak baleak ehizatzeko arpoiak dira, arpoi leherkorrak bereziki, zeintzuek animaliaren larrua zeharkatu eta barruan eztanda egiten duten. Behin animalia geldiarazita, itsasontzi batera igotzen dute, han odolustu eta zatikatzeko.[2]
Konponbideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zenbait parkezain erakundeek "animalia robotikoak" erabiltzen ari dira ikuspen handiko zonaldetan ehiztariak kokatu eta atxilotu ahal izateko haiei tiro eginez gero.[3]