Ezkutaketa (jolasa)
Ezkutaketa, baita ere kuku-mikuka edo buleetan[1], haur jolas herrikoi bat da.
Arauak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezkutaketan jolastu behar duten haurren artetik eta lehenengo txandan bilatzailea zotz eginez aukeratu eta gero, etxea izeneko pareta edo zuhaitz bati begira eta begiak itxita aurrez erabakitako zenbaki kopuru bat kontatu behar du ozenki (bat, bi, hiru, ...), beste guztiak inguruan ezkutatzen diren bitartean. Kontaketa bukatzen denean, bilatzailea ezkutatu diren jolaskide guztiak aurkitu behar ditu. Bilatzailea ezkutatutakoren bat ikusten duenean, etxera joan behar du ikusi duen haurraren izena eta ezkutalekua ozenki esanez edo oihukatuz. Ohitura zera izaten zen, Bule aurkitutako umearen izena oihukatzea, honelaxe: Bule Maria! Bule Inasi! Bule Pantxika![2] Aurkitutako haurra bilatzailea baino lehenago iristen bada etxera, etxea ukitu eta nigatik! esanez[3] libre geratzen da eta hurrengo txandan berriz ere ezkutatu ahal izango du. Etxe gisa pilota bat edo joz gero apurtuko ez den pote bat erabil daiteke eta orduan libre geratzeko pilota edo potea jo egin behar da. Bilatzailea lehenago iristen bada, hautemandako haurra harrapaturik geratzen da. Harrapatutako lehenengo haurrak jolastuko du hurrengo txandarako bilatzaile gisa. Jolasa gehiegi ez luzatzeagatik komeni da aurrez ezkutalekuen eremua eta ezkutatutakoak hautemateko gehienezko epe bat finkatzea.
Jolasak badu zenbait aldaera. Esaterako, libre geratzen direnek aurrez hautemandako beste jolaskide bat edo guztiak libra ditzakete etxera iristean izena edo nigatik eta denengatik! edo "tximilikorte!" oihukatuz edota bilatzaileak hautemandako haurra ikusteaz gainera, harrapatu edo ukitu behar duela ere ezar daiteke.
Ezkutatzeko denboraren formula
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zenbatu beharrean zenbait tokitan formula bat esan behar zuen bilatzailea, besteei ezkutatzeko denbora emateko. Esaterako Juan Garmendia Larrañaga etnografoak hau jaso zuen Aian (Gipuzkoa): "Kuku-miku, kuskunde, zahagia bete domina. Purgatorio salbatorio, gorde zarete. Bule!". Aian ere, libre zegoen batek aurretik harrapatutako guztiak libratzeko hau esaten zuen: "tximilikorte".[4]
Aldaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kukuta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Garmendia Larrañaga etnografoak Kukuta izeneko aldaera hau jaso zuen Leizan: Joko honetan paretari begira nor geratu erabakitzeko korroan jartzen ziren, eta kantariak banan-banan seinalatuz hau esaten zuen: "Gaztaina-gora-behera-txipitin-txapatan-fuera". "Fuera" egokitzen zitzaiona korrotik kanpora ateratzen zen, eta eragiketa hori behar adina aldiz errepikatzen zen, harik eta neska edo mutil bakarra geratu arte. Halakoa "kukutan betetzen" geratzen zen eta paretari begira zenbatzen hasten zen, aldez aurretik erabakitako zenbakiraino, jolastokiari bizkarra emanez. Behin zenbatu eta gero, lagunak bilatzen ahalegintzen zen eta bat ikusi bezain laster horma, zuhaitza, harria eta abar ukitzen zituen aurkitutakoaren izenarekin batera "sapo" esanez. Adibidez, Mikel ikusten bazuen, "Mikel sapo". Gordeta zegoenen bat atera eta toki jakin hori ukitzen bazuen, "kukutan betetzen" ari zenaren izena eta ondoren "sapo" esanez, jokoari hasiera ematen zitzaion berriz, eta horrela "kukutan betetzen" ari zenak bertan jarraitu behar zuen.[5]
Kuriketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garmendiak berak ere beste aldaera hau Udaben jaso zuen: Joko honetan zeinek bete behar zuen jakiteko, jokalariak bi taldetan banatu eta elkarren artean tarte jakina utzita, taldeetako parte-hartzaile banak "hanketan" egiten zuten; aurkakoa zapaltzen zuena kanpoan geratzen zen eta zapalduak, aldiz, berriro egiten zuen "hanketan" egokitzen zitzaionarekin. Azkena zapaldutakoa geratzen zen "betetzen" eta horrek gainerakoen bila abiatu behar izaten zuen. Aurkitutako lehena "betetzen" jartzen zen eta horretarako horma ukitu eta "korte" esan behar izaten zuen. Neska-mutilak aritzen ziren kuriketan eta neguko jolasa eta etxe barrukoa izaten zen eskuarki. Garmendiaren hitzetan zenbait aldaketarekin jolas hau Igoa, Ihaben, Albiasu eta Allin ere egiten zen.[6]
Labi-labi
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aramaio Garmendiak beste aldaera hau jaso zuen. Bost eta hamar urte bitarteko haurren joko hau korroa eratu eta hogei zenbatzetik hasten zen. Zenbakia egokitzen zitzaiona zigortuta hormari begira jartzen zen, jolaskideei bizkarra emanez. Aldez aurretik erabakitako zenbakira arte zenbatzen hasten zen postura horretan eta bukatzean, bira eman eta oihu egiten zuen: labi-labi eta lagunek beren gordelekuetatik txakurrak buztan bi erantzuten zioten. Ondoren bila hasten zen eta norbait begiz jo bezain laster horma ukitzen zuen labi-labi esanez, ikusiaren izena ere esanez; horrela aritzen zen guztiak aurkitu arte. Aurkitutako lehena pasatzen zen hormara zigorturik egoteko. Baina jolaskideren bat gordelekutik atera eta zigortuak baino lehen horma ukitu eta labi-labi esanez gero, berriro errepikatzen zen jokoa eta zigortuak berriro lan berean jarraitu behar izaten zuen.[7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Orotariko Euskal Hiztegia: bule» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-11).
- ↑ «Orotariko Euskal Hitegia - Bilaketa - bule» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-11).
- ↑ Atxi! formula ere jaso da: ikus hemen.
- ↑ https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/fr/kukumikuka/ar-151089/
- ↑ https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/fr/kukuta/ar-151092/
- ↑ https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/fr/kuriketa/ar-151097/
- ↑ https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/fr/labi-labi/ar-151111/